Onintza Irureta
Korrika Kulturala abian
Ohiko Kultur Ekitaldiez gain berrikuntza garrantzitsua dakar aurten Korrika Kulturalak: Kulturbira, herri eta auzoetan izango diren hainbat kultur ekitaldiri lagunduko dien egitasmoa. Euskal Herriko edozein txokotan dauden, baina plazaratzeko aukerarik ez duten emanaldi kulturalak burutzea izango da Kulturbiraren helburua. Otsailaren 10ean Karrantzan abiatuko da Kulturbiraren ibilbidea. Korrika Kulturalaren egitaraua berriz, otsailaren 1ean hasia da Bilbon Gu ta Gutarrak proiektuarekin. Aurten zortzi obra estreinatuko dituzte Korrika Kulturalaren barruan.
Hizkuntz eredu bakarra eta malgua
Horixe proposatu du Euskadiko Eskola Kontseiluak EAEko hezkuntza sistemak gizarte elebiduna lortzeko helburua bete dezan. Ikastetxe bakoitzak eredu bakarra eskainiko luke, eta era berean malgua.
Ibaizabal Mendebal Elkartea eta Hamaika Telebista
Lehena bigarrenarekin elkartuko da. Bilbo aldean euskarazko telebista sortzeko ahaleginean, Hamaika Telebistak kapitalaren %80 jarriko du eta gainerakoa Ibaizabal Mendebal Elkarteak. Asmoa telebista «euskara hutsekoa, hiritarra, nazio ikuspegiduna, duina, kalitatezkoa eta kalea islatuko duena» izatea da.
Gasteizko Udalak euskaldunei gaztelania maila neurtuko die
Gasteizko Udalak lan eskaintza publikoa onartu zuen urtarrilaren 5ean. Deialdi horretan euskara eskakizuna duten lanpostuetara aurkezten direnei proba egingo die gaztelania maila neurtzeko asmoz. Gasteizko Udaleko EAJk proba hori kentzeko eta euskara eskakizuna lanpostu gehiagotan ezartzeko eskatu du.
Eguna, Ibaizabal eta Euskalzale agerkariak sarean
Euskarazko lehenengo prentsako ale horiek sarean jarri dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak eta Susa argitaletxeak.
Eguna egunkariaren eta
Ibaizabal eta
Euskalzale aldizkarien ale guztiak digitalizatu eta pdf formatuan jarri dituzte Interneten, Azkue proiektuaren eta Armiarma gordailuaren elkarlanari esker. Dokumentuak
www.armiarma.com eta
www.bizkaia.net web guneetan kontsulta daitezke.
Xabier Letona
Auzitegien erabakien menpe jarraitzen du euskal politikak eta, seguruenik, ez kasualitatez. Barajaseko atentatuaren ondorengo egunetan, PPk PSOEren Gobernuaren aurkako bere erasoaldi politiko gogorrenari ekin zion eta orain bere frente judiziala da mugitzen ari dena; Ińaki de Juanari buruz Auzitegi Nazionalak emandako ebazpena edo Ibarretxe lehendakaria auziperatzeko EAEko Auzitegi Gorenak emandako urratsa horren lekuko. Haika-Segi epaian Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia ere, bestalde, norabide berean dago.
De Juanaren kasua, beretzat propio -ad oc zigor zuzenbidea- eraikitako auziaren ondorio logikoa da. Logikoa, mendekuaren eta zigorraren ikuspegitik aztertua, jakina. Alvaro Reizabal abokatuak hori bera salatu zuen bere defendatuari 12 urteko espetxe zigorra ekarri zion epaiketan. Ez da bakarra, Euskal Herrian oso hedatua dagoen ikuspegia dela badakigu, baina Espainian ere hedatzen ari dela adierazten digu Javier Praderak El Pais-en idatzitako artikuluak. Egunkari honen lerro editorialean eragina duen horietakoa ei da Pradera eta, besteak beste, «La ley del talión» izenburuko artikuluan halakoa zioen Auzitegi Nazionaleko osoko bilkurak De Juanaren auzian hartutako azken ebazpenaz: «ETAko buruzagiaren exekutoriak eta bere krimenak kartzela zigor gutxiegirekin ordaindu izanak ez luke mendeku gosea askatu behar, eta ez luke ezta ere pertsonari lotutako zuzenbidera itzultzeko bidea agindu behar».
Otsailaren 12an aztertuko du Espainiako Auzitegi Gorenak De Juanaren 12 urteko zigorra ekarri dion epaia eta berau izan liteke euskal presoaren bizirik ateratzeko azken aukeretakoa. Orain artekoa ikusita, dena den, ezkortasuna da nagusi. Gorrotoa eta mendekuaren justiziaz gain, Espainiako eskuina kemenez ari da erabiltzen botere judizialean mugi ditzakeen hariak, «gogorra, luzea eta zaila» «gogorra, luzea eta ezinezko» bihurtzeko.
Ibarretxe eta Batasuna auzian ere berdintsu gertatzen da. Batasunarekiko elkarrizketa saioak kriminalizatzean, elkarrizketa bidezko irtenbidea oztopatu nahi da. Alderdien Legearen bidea da. Baina kasu honetan, gainera, Eusko Jaurlaritzaren -eta Atutxa auziarekin Eusko Legebiltzarraren- menpekotasuna islatu gura da; EAEko burujabetzaren isla diren aginte organu gorenen menpekotasuna hain zuzen.
Espainiako Auzitegi Gorena argi mintzatu zen PSE-EE eta Batasunakoen arteko bileraz, eta delitu zantzurik ez zegoela ebatzi ere bai. Hori jakinik, EAEko Auzitegi Gorenak badaki bere akusazioek ez dutela bide juridikorik, eta hala ere berearekin jarraitzen dute. Ibarretxe lehendakaria epaitegietan izan ondoren, hurrengo prozedura judizialak ez du biderik eta auzia bertan behera geratuko da, hori bai, Espainiako eskuinaren helburu politikoak lortuta.
Baina ezin da erru eta inpultso politiko osoa PPren esku utzi, PSOEk ere badu bere erantzukizuna eta: lehena, Alderdien Legea bultzatu eta onartu izana; bigarrena, Gobernura iritsi zenetik berau ezabatu edo arintzeko inongo lege keinurik egin ez izana. Eta, jakina, T-4koaren ondoren, ez da halakoetarako sasoirik. Azenarioarena baino, makilaren garaia da, baina Garzonek ezker abertzalearen jarduerari buruz ekarritako azken autoak badu azenario itxurarik.
Irlandako ispiluan begiratu behar ei da noizean behin eta hango gertakariek ematen dute horretarako aukerarik. Sinn Feinek Ipar Irlandako polizi eta judizial egiturak onartzea erabaki berri du, bere enegarren pausoan. Eskatzen zaizkion guztiak onartzen ari da aspalditik bata bestearen atzean, baina bere izaera makurtu barik.
Azken finean, arrakastaz egindako bake prozesu baten ondorioak dira, eta horietako bat da bertako egitura autonomikoan gaur egun Irlandako iparraldean dituzten baldintza politikoekin parte hartzea onartzea. Bake prozesuan adostutakoaren arabera, egun britainiar soberaniapean diren lau konterri irlandarrek beren estatus juridiko-politikoa aldatu ahal izango dute, herritarren gehiengoak hala erabakitzen badu.
Une honetan boluntarismoa izan liteke Euskal Herriko bake prozesua bizirik dagoela pentsatu nahi izatea, baina aurrera begira Irlandako ispiluak argi dio non den gako nagusia.
Juan Mari Arregi
Aurreko astean mundu mailako bi Foro bildu ziren. Munduko Gizarte Foroa (MGF) Nairobin (Kenyan) bildu zen eta Munduko Ekonomia Foroa (MEF) Davosen (Suitzan). Bi foro hauek gizarteko bi ereduen ispilu dira: MEF, globalizazio neoliberal kapitalistarena; eta MGF, kapitalismoaren baloreetatik at, globalizazio solidarioarena. MEFak buruzagi politikoak, enpresaburuak eta kazetari pribilegiatu eta adituak biltzen ditu. Poliziak ondo babestuta eta isolatuta bildu ziren hotel ederretan, Davoseko elurrak inguratuta. MGFak munduko gizarte mugimenduen milaka ordezkari biltzen ditu. Baita euskaldunak ere. Euren motxila eta kanpin-dendekin Afrikara joan ziren, globalizazio neoliberal eta kapitalistaren eraginak larrien sufritzen dituen kontinentea baita. Davosekoak euren azalpenak edertzen saiatzen dira, bihozberagoak azaltzeko. Munduko gaitzez kezkatzen omen dira, baina energia-seguritateaz, dolarraren erortzeaz eta petrolioaz ere kezkatzen dira. Nairobikoak hiesaren aurkako borrokaz arduratzen dira, kanpo zorraz, elikagai-subiranotasunaz, bidezko salerosketaz edo lanpostu duinak sortzeaz, herrien autodeterminazio eskubidea ahaztu gabe. Nairobi eta Davoseko Foroak ez dira berdinak. Bateraezinak dira. Oso bestelakoak diren bi gizarte ereduren ispilu dira.
Turkiaren menpe dagoen Kurdistango Diyarbakirreko Sur barrutian, Udalean, herritarrei ahozko zerbitzua kurdueraz eskaintzen hasi dira. Ahdullah Demirbas alkateak honakoak esan ditu Berrian: «Egun leku turistiko askotan, bulegoetan, ingelesez, alemanez eta atzerriko hizkuntzatan lan egiten dute... eta inork ez du ezertxo ere esaten. Turkiako Aire Lineak ere Estatuaren erakundea da, eta hainbat hizkuntzatan egiten du lan, turkieraz eta ingelesez eskaintzen ditu zerbitzuak. Horretarako bertako langileei ingelesa eta beste hainbat hizkuntza jakitea eskatzen zaie, eta inori ez zaio burutik pasa ere egiten hor berdintasun printzipioa apurtzen denik. Kurdueraren kasuan orduan, ordea, eskubideen urratzeei buruz hitz egiten da. Baina guk ez dugu ezinbesteko baldintza gisa jartzen ere, soilik lehentasunaz hitz egiten dugu. Eta, gure erabiltzaileen %72k kurdueraz hitz egiten badute, hizkuntza horretan zerbitzua ez emateak ez du ezer esan nahi? Hor ez da inolako eskubiderik apurtzen. Baina beren Udalean harremana errazten zaienean bai?».