artikulu nagusira itzuli
Pedro Sancristoval, Islako kondea eta Riscoko markesa: «Gezurra da gaur 'noblea naiz' esatea»
Pedro Sancristoval Usurbilen jaio zen, eta Zaragoza eta Gasteiz artean bizi da gaur egun. Usurbilen Periko «markesenekoa» da, amonaren tituluaren kariaz jasotako ezizena: «Hura Muruako markesa zen». Pedrok berriz, titulu bi jaso zituen aitarengandik: Islako kondea eta Riscoko markesa, Gaztela-Aragoikoak. Hori ere, jende gutxik omen daki haren jaioterrian.
Ondorengotzaz jaso dituzu zure tituluak, aitarengandik.
Bai, noski.
Ez dakit horrek zuri zer ekarri dizun.
Pribilejiorik ez behintzat, batere, zorionez gainera. XIX. mendera arte baziren nobleak, baina hori agortu egin zen, hil egin zen, Konstituzioagatik. Orduan beste ideia bat sortu zen, beste legedia bat. Eta horrela sortu zen hititarra. Denak ziren hiritarrak, norbere eskubideekin. Eta ordutik nobletasun hori zeharo hil da. Garai hartan noblea izena zen, substantiboa, orain adjektiboa da.
Tituluekin batera zer edo zer gehiago jaso zenuen, ondasunik edo?
Bat ere ez. Erdi Aroan-eta, nobleak lur jabeak izaten ziren, baina geroago, XVI. eta XVII. mendeetan, gauzak aldatu egin ziren, tituluak ohorezkoak ziren, lurrik gabekoak. Aitortza bat zen, domina baten modukoa. Eta segitzen da ematen. Baina gaur egun ez dago pribilejiorik. Aramaioko kondeak bazuen hango neskatxekin, ezkondu baino lehen, oheratzeko eskubidea. Zorionez, hori aspaldi galdu zen. Gezurra da gaur egun «noblea naiz» esatea. Ez, zu noble familia batetik zatoz, zure familiakoak nobleak ziren XVIII. mendera arte, baina zu besteak bezalakoa zara, hiritar bat, boto-emaile bat, eta kito. Zergak pagatzen dituzu besteek bezala. XVIII. mendera arte, nobleek ez zuten zerga asko pagatu behar, baina orain besteek bezala egiten dute.
Erabili izan duzu zeure titulua? Alegia, inoiz esan duzu: «Aizu, ni ez dakit nongo markesa edo kondea naiz», zerbait lortzearren?
Behin ere ez. Batzuetan esan didate: «Hi, emadak hire titulua nire upategiko ardo bati izena emateko, eta dirua emango diat». Baina ez dut onartu hori, ez dut gustuko.
Nahiago, orduan, tituluduna zarela jakiten ez bada?
Tituluek ez dute pribilejio izan behar, eta ez dira saltzekoak. Familiako kontu hutsa dira. Beste kontu bat da herri askotan, eta hiri handietan -Madril, Bartzelona...- titulu bat edukitzea zerbait dela. Eta ikusten ditugu pertsona batzuk Hola! aldizkarian eta halakoetan. Baina Usurbilgo semeok ez daukagu horren beharrik. Isil-isilik gabiltza, eta askoz hobe.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.