Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-01-28 -- 2073.zenb

artikulu nagusira itzuli
Lege salikoak eta erdi salikoak

Oraindik orain aldatu da Espainian noblezia tituluen oinordetza arautzen duen legea. Hala, aurrerantzean seme edo alaba nagusia izango da titulua jasoko duena; orain arte, seme nagusiak baino ez zeukan eskubide hori. «Kontu hau aspalditik dator», dio Jose Luis Sampedrok: «80ko hamarkadan Luis Maria Ansonek, artean ABCko zuzendaria zela, askotan erabiltzen den amarrua erabili zuen; esan zuen ehunka dei jasotzen zituztela egunkariko erredakzioan, galdetzen ea ez ote zen Konstituzioaren aurkakoa emakumeak baztertuta egotea oinordetzan, euren neba gazteen mesedetan».



Ansonek oso arrazoi zehatzak zituen hartarako, Sampedroren esanetan: konde baten alaba nagusiarekin ezkonduta zegoen. Gaia epaitegietara eraman zuen, eta epai guztiek, bata bestearen ondotik, arrazoia eman zioten, Auzitegi Konstituzionalera iritsi arte. Hango epaileek ebatzi zutenez, oinordetza titulua ez da oinarrizko eskubidea (bozka, etxebizitza, hezkuntza... diren bezala), eta beraz ezin da bazterkeriaz berba egin.



Baina orduan beste kazetari batek sartu zuen muturra auzian: Pedro J. Ramirezek. Hura ere markes baten alaba nagusiarekin ezkondua. «Ramirezek mirari handia lortu zuen: PP eta PSOE ados jartzea. Eta hala onartu da testu berria». Sampedrok dio Ramirezentzat egindakoa dirudiela lege aldaketak: «Uztailaren 27an ebazteke dauden auziei ezarriko zaie, eta Ramirezen emaztearena da bakarra». Zenbaitek ohartarazi duenez, arau berriak ez du bazterkeria erabat desagerrarazten. Lehen, adinagatik eta sexuagatik; orain, adinagatik baino ez.



Neurriak nobleei eragingo die, baina ez erret familiari. Hark, momentuz, lehengo arauekin jarraituko dio oinordetzari. Kasu honetan, lege erdi salikoa da indarrean dagoena: seme nagusiak dauka lehentasuna, baina semerik ezean, alaba nagusiak hartzen du titulua. «Noblezia dagoen herrialde gehienetan indarrean dago lege salikoa edo erdi salikoa. Ingalaterran esaterako, erabat salikoa da. Gizonezkoek baino ezin ditzakete tituluak jaso, erreginak aurkakorik erabakitzen ez badu -eta oso gutxitan egiten du-. Hala, semerik ez dagoen kasuetan titulua desagertu egin ohi da».


Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan