Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Makina bat kontu

Joxerra Aizpurua

Joxerra Aizpurua


2073. alea
2007-01-28
alde 0    kontra 0

Tritoien berritzeko ahalmena

Tritoiek galtzen dituzten organoak birsortzeko gaitasuna dute. Are gehiago, tritoi batek bihotzean jasotako kaltea ere konpondu dezake.

Bad Nauheim-en (Alemania) dagoen Max Plank institutuan zientzialariak animalia horrek organoak birsortzeko duten ahalmenaren inguruko ikerketa garatzen ari dira.

Ugaztunok ez dugu ahalmen hori berez, baina tritoiek duten mekanismoa ezagututa agian gizakiarengan eragitea izango den esperantzan ari dira ikertzen.

Aztertutako tritoia Notophthalmus viridescens deiturikoa da eta Ipar Amerikako lakuetan bizi da. Bihotza birsortzeko duen ahalmenagatik aukeratu dute animalia hori. Gakoa bihotzeko muskuluetako zeluletan dagoela uste dute ikertzaileek. Bihotzak kalteren bat jasaten duenean zelulak bikoizten hasten dira kaltetutako zatia edo muskulua birsortu arte.

Aipatu zelulak ez dira ama zelulak, zelula arruntak baizik. Aldiz, tritoiak zangoetako bat galtzen duenean, ama zelulek hartzen dute parte birsorketan.

Egindako probetan, besteak beste, bihotzeko zelulak sartu zituzten birsortzen ari zen zango batean; berehala hasi ziren zelula horiek bikoizten. Aldiz, antzeko zelulak zango osasuntsu batean sartu ondoren zelulek ez zuten deus ere egin.

Horregatik guztiagatik, zelulak bikoizten hasi edo ez zerk agintzen duen arakatzen ari dira zientzialariak. Sistema hori ulertuz gero, hurrengo urratsa gizakiarentzat onuragarriak diren aplikazioak garatzen asmatzea izango da.

Erraldoi misteriotsua

Rafflesia Arnoldi deitu landareak biologoak harrituta ditu duen eboluzio azeleratuaren eraginez.

Landare honek metro bateko diametroa izaten du, 7 kg-ko pisua eta haragi ustelaren kiratsa igortzen du. Ez du ez hostorik ez sustrairik eta ez du fotosintesirik egiten. 1918an katalogatu zuten lehen aldiz, Sumatran, Stamford Raffles eta Joseph Arnold britainiarrek.

Antza, landare hau beste baten bizkarroi bizi ohi da eta azken 40 milioi urteetan bere tamaina 79 aldiz biderkatu du. Gizakiak Rafflesiaren pareko eboluzioa izan balu 150 metroko altuera izango luke bataz beste.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2072
 
azala2071

2073 zenbakia.
2007ko urtarrilaren 28a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza