Astekaria

 Liburuak 

Liburutegia

Irudia

Pilar Iparragirre


2073. alea
2007-01-28
alde 0    kontra 0

Loti ederrak

Yasunari Kawabata

Alberdania, Elkar

132 orrialde

9,30 euro

Desiren eta debekuaren artean

Zer egin, heriotzaren auzoko gizasemea bazara, eta neskato biluzien ondoan gaua pasa badezakezu, haiek behatu, ukitu, usaindu eta are laztandu ere egin baditzakezu, baina beraiekin sexu-harremanak izateko debeku erabatekoa baldin baduzu? Hori da Ibon Uribarri Zenekortak euskaratu duen Yasunari Kawabata idazle japoniarraren Loti ederrak nobelaren adineko gizon protagonistak bizi duen egoera. Etxe berezi batera joan da lagun baten gomendioari jarraiki. Etxe horretan, drogen menpe lozorroan dauden neskato biluzi ederrak aurkitu ditu, hurbil-hurbiletik aztertu du neskato lokartuen edertasuna eta haienganako desira besterik ez du bere barnean sentitu. Desiraren eta hori betetzeko debekuaren arteko tentsioan, iraganeko maitaleak datozkio gogora.

Euskal Herria

Batzuen artean

Sua

146 orrialde

7 euro

Euskal Herriko 50 bailaretan barrena egiteko ibilaldiak

Sua argitaletxeak plazaratzen duen Euskal Herria aldizkariaren ale berezian, Euskal Herriko lurralde guztietan aurki daitezkeen bailaretan barrena egiteko ibilbideak proposatu dituzte. Zehatz esanda, 50 haran aurki daitezke denera. Batzuk, luze-luzeak dira; beste batzuk, berriz, ñimiñoak eta apalak. Hainbatetan, herri arkitektura miresten da gehien; besteetan, paisaia zoragarria. Nolanahi ere, guztiak dira gustagarriak. Nongoak ote diren? Bada, Erronkaribar, Ameskoa, Haranbeltz, Amikuze, Baigorri ingurua, Urdazuri, Oiartzun bailara, Leitzaran, Lastur, Araotz, Leintz, Aramaio, Zuia, Kuartango, Aiara, Atxondo, Lea, Butroe eta Karrantza besteak beste.

Alfonbra berria

J.M. Olaizola Txiliku

Elkar

32 orrialde

5,50 euro

Lehen irakurleei idatzitako istorioa

Jesus Lucas marrazkilariaren laguntzarekin Jesus Mari Olaizola Txilikuk lehen irakurleei zuzenduta plazaratu duen Alfonbra berria kontakizunean, alfonbra hegalari batekin egingo du irakurleak topo. Alfonbra guztiek ez dute hegan egiterik, baina beren gainean jarri eta eskatzen diezun lekura txintxo-txintxo eraman zaitzaketenak ere ba omen dira. Eta hara non, halako bat aurkitu dute Anartz eta Aiora neba-arrebek bere aitarekin batera etxerako alfonbra berria erostera joan direnean. Hegan egiten duen alfonbrari esker, ziztu bizian Pertsia urruneraino joan eta handik Bilboko alfonbra dendaraino etortzeko aukera izango dute anai-arrebok, bitartean Darius izeneko mutil beltzaran baten lagun eginez. Eta alfonbra hegalaria erosteko eskatuko diote aitari, beraientzat izango ez den arren.

Jakin 157

Batzuen artean

Jakin

144 orrialde

9,50 euro

50. urteurrenean egindakoak

2006. urtea berezia izan da Jakin aldizkarikoentzat, beti ezin baita lan egiten duzun komunikabideak 50 urte martxan dirauela ospatu. Eta horren karietara antolatu eta egin dituzten guztiak gogoratzen dizkigute Jakinen iazko azken zenbakian. Urteurren borobil horrek, gainera, atzera begira jarri ditu, iraganari memoria emateko gogoz. Baina beraien egitekoa geroa lantzea denez, euskal kulturaren esparruan aldizkariak etorkizunean bete behar duen lekua birpentsatzen eta berrasmatzen ere hasiak ditugu. Horretarako hainbat lankide aditurengana jo dute eta Jakinen ikuspuntua, filosofia, edukiak, formatua eta abarren gainean beren iritzia emateko eskatu zaie. Besteak beste, hauek dira erantzun dutenak: Txema Ramirez de la Piscina, Andoni Sagarna, Pello Salaburu, Allande Sokarros, Pako Sudupe eta Eguzki Urteaga.

El viaje de la identidad ...(I)

Igor Ahedo Gurrutxaga

Eusko Jaurlaritza

298 orrialde

Iparraldearen ibilaldia euskal senaren bila

Igor Ahedo Gurrutxagari 2005eko Realidad Social Vasca deitu saria irabaztea ahalbidetu zion lanaren izenburu zehatza hauxe da: El viaje de la identidad y el nacionalismo vasco en Iparralde (1789-2005). Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan euskal sena eta honi dagokion nazionalismoa indartzeko Iraultza Frantziarretik gaur egunera arte egin den ibilbidea aztertzen da bertan. Bi liburukitan banatua dago azterketa. Aurrenekoan, euskal izaera Iparraldean «museo bizia» bilakatzekotan zegoenetik Michel Labègueriren euskal kultur ahaleginetaraino iristen da, bitartean Garatek, Chaok, Lafittek, Aintzina mugimenduak edo Legassek euskaltasunari egin zizkioten ekarpenetan asko barneratuz.

El viaje... (II)

Igor Ahedo Gurrutxaga

Eusko Jaurlaritza

312 orrialde

Euskaltasuna berreskuratzeko Iparraldekoen ahalegina (eta II)

Igor Ahedo Gurrutxagaren El viaje de la identidad y el nacionalismo vasco en Iparralde (1789-2005) azterketaren bigarren liburukia Enbata erakundearen sortze beretik hasten da. Ekaitzaren aurretiko haizea da Enbata, egilearentzat. Horren ostean, ETAren eragina, IK erakundeak ekarri zuena (ekaitza), EHASen sorrera, Euskal Herriko Laborarien Batasuna, Herri Taldeak, EMA eta EBren arteko haustura, IKAS, Abertzaleen Batasunak Batasunarekin izan zuen haustea, eta gaurko egoera aztertzen ditu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2072
 
azala2071

2073 zenbakia.
2007ko urtarrilaren 28a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia