Eguneroko bizitzari ihes egin nahiak, lagun berriak ezagutzeko gogoak edo jakin-min hutsak erakarrita jende asko harrapatu du azken aldian Second Life-ko mundu birtualak. Internetek beste pertsonekin harremanak izateko eskaintzen dituen aukeren artean azken urratsa eman dute komunitate horretako bi milioi erabiltzaileek, unibertso paraleloa sortuz. Bakoitzak bere ezaugarri fisikoak irudikatzeko hiru dimentsioko gorputz birtuala dauka bertan eta komunikatzeko idatzizko mezuak, keinuak eta soinu efektuak erabil ditzake, besteak beste.
Benetako munduaren tankera ahalik eta handiena duen planeta sortzen saiatu dira Second Lifeko sustatzaileak. Mundu errealekoak bezalako hiriak eta auzoak sortu dituzte eta horietan mota guztietako jendearekin topo egin dezake bisitariak, aberatsetatik hasi eta sosik gabe noraezean dabiltzanetaraino; jende dotorea eta punky itxurakoa; zaharrak, gazteak, bikotekide formalak, prostitutak... Dena gure munduan bezala.
Azken urteetan interneten izan diren fenomeno arrakastatsuenen artean dago. Datuei erreparatzea nahikoa da horretaz jabetzeko: erabiltzaile kopuru handiaz gain, deigarria da egunero milioi bat dolar inguruko gastuak egotea Second Lifen. Eta ez gara Monopolyko diruaz ari, benetakoaz baizik. AEBetako dolarrak linden dollar delakoengatik aldatu daitezke web gunean, burtsaren antzeko truke sistema baten bidez -lerrook idatzi bitartean, dolar bat 187 linden dollarengatik aldatzen da-. Behin trukea eginda, hain birtuala ez den diru horrekin nork bere alter egoaren itxura alda dezake arropa berriak, orrazkerak eta bestelako osagarriak erosiz. Edo, hala nahi badu, lursailak eskuratu ditzake bere etxea eraikitzeko. Bizimodu nahasiagoaren bila dabilenak berriz, kasinoetan apustuak egiten edo zurrutean xahutu ditzake sos guztiak. Artikulu hau idatzi den egunean 1.011.029 dolar gastatu dituzte erabiltzaileek, eta hori 24 orduko datua besterik ez da.
Plan birtualak egingo ditugu?
Mundu errealean orain dela urte batzuk izandako argia galdu duten izarrek eta oraindik distira handiagoaren bila dabiltzanek ere titularretan azaltzeko aukera ederra ikusi dute. 80ko hamarkadan Luka abestiarekin ezagun egin zen Suzanne Vega da horren adibide. Joan den urteko abuztuan emanaldia eskaini zuen streaming bidez -emisioa egin bitartean zuzenean entzuteko moduan alegia- Second Lifeko Infinite Radio irrati emandegian eta prentsan izan zuen oihartzuna ikusita beste askok bere eredua jarraitu dute. Harrezkeroztik Duran Duranek, U2k eta Regina Spektorrek, besteak beste, kontzertuak egin dituzte Second Life-en.
Diru zuriketa eta piratak
The Second Life Herald da alegiazko planeta honetan argitaratzen diren egunkarien artean garrantzitsuena. Eztabaidak, programaren arazoen inguruko berriak eta erabilera okerren ingurukoak azaltzen dira bere orrialdeetan. Agerkari horri esker ondoko susmoaren berri izan dugu: zenbait erabiltzailek ez ote duten Second Life mundu errealeko diru beltza zuritzeko erabiltzen. Horretarako, benetako dirua linden dollar delakoengatik aldatu, mundu birtualean lursailak erosi eta jabetza horiek beraiekin ados jarritako beste erabiltzaile batzuei salduko lizkiekete.
Eta ez da bigarren bizitza honek diru kontuekin eman duen arazo bakarra: joan den urteko irailean argi geratu zen Second Lifeko merkataritza jarduerek legez kanpo aberastu nahi dutenen artean zelako interesa piztu duen. Pirata informatiko batek www.secondlife.com gunearen segurtasun hutsune bat baliatuz 600.000 erabiltzaileren datuak arakatu zituen, tartean banketxeetako kontu korronteen zenbakiak.
Mundu birtualari esker aberastutakoak
Arrazoia ekonomikoa da, noski: erabiltzaile askok beren soldata dute jokoan. Bigarren bizitza lehenengoaren zerbitzura jarri dute eta hasieran afizio zena ofizio bihurtu. Baten bat aberastu ere egin da, Ailin Graef alemaniarra kasu. Lehen hezkuntzako irakasle horrek duela bi urte hasi zuen bere bigarren bizitza Anshe Chung izenarekin eta orain milioi bat dolar baino gehiago balio duten jabetzak ditu. Horiek kudeatzeko, benetako munduan enpresa bat jarri du abian. Txinako Wuhan hirian dago eta 25 pertsona ari dira bertan, Graefen negozioei ahalik eta etekin handiena ateratzeko lanean.
Arraroa ote?
Mundu birtualean sartzeko aski da www.secondlife.com gunean izena eman eta programa deskargatzea. Behin aplikazioa abiarazita, sarbidea Interneteko konexioaren bidez egiten da. Batera konektatuta dauden erabiltzaile kopurua oso handia denean ordea, Second Life arazoak ematen hasten da: mantsotu egiten da, zenbait lekuk, bertan erabiltzaile asko elkartu badira, kargatzeko denbora asko behar izaten dute eta sarritan programa ez aurrera eta ez atzera geratzen da. Planeta birtuala 24 orduz Interneten egoteko beharrezkoak diren 2.700 zerbitzariek arazo dezente izan dute 2003an martxan jarri zirenetik. Ez da harritzekoa, Second Lifeko gorputz birtualak bizirik mantentzeko Brasil osoko biztanleek adina elektrizitate gastatzen dutela kontuan hartuta.
![]() |
|
||||
2073 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa