artikulu nagusira itzuli
Jotxu Romero, Zerbitzu Publikoetako Kalitate zuzendari nagusia: «Sua dagoenean estres egoeran ez sartzeko balio du eskola honek»
Jotxu Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Zerbitzu Publikoetako Kalitate zuzendari nagusia da. Bera izan dugu gidari Su Eskolan barrena.
Zer dela eta sortu duzue Su Eskola?
Suhiltzaileen zerbitzua abian jarri genuenetik, enpresei, ikastetxeei, erietxetako langileei eta partikularrei ikastaroak eman dizkiegu suak nola itzali erakusteko. Prestakuntza hori suhiltzaileen parkeetan ematen zen; erretilu bati su eman eta su-itzalgailuarekin itzali behar zuten. Baina praktika horiek errealagoak egiteko beharra ikusi genuen. Gainera, suhiltzaileen parkeak herri barruan geratu dira eta bertan praktikak egiteak bizilagunei kalteak sorrarazten zizkien. Bestetik, suhiltzaileen entrenamendurako zentro baten beharra zegoen, uneoroko prestakuntza behar dutelako. Hala, Alemania, Holanda eta Frantziako su eskolak ikusi ondoren, hemen bat egitea erabaki genuen.
Zein eratako prestakuntza landuko da?
Hiru eratakoa: oinarrizko ikastaro teoriko eta praktikoa; erdi mailako ikastaroa, suaren aurrean zer egin eta jarraitu beharreko pausoak irakasteko; eta profesionalei zuzenduriko prestakuntza, fisikoa zein teknikoa.
Jadanik prestakuntza duen suhiltzaileari zertan lagunduko dio Su Eskolak?
Argi dago suhiltzaileek praktikak egiten dituztela, baina ez dute egoera erreal baten aurrean praktikak egiteko aukerarik. Hemen hobetzeko aukera izango dute, alde teorikoa, taktikoa nahiz taldeko lana. Izan ere, gradu ezberdineko suteak piztu daitezke Su Eskolan.
Eta partikular bati zertan lagun dakioke?
Sutea dagoenean zer egin ikasiko dute. Ez dugu jendea suhiltzaile bihurtuko, hori ez baita helburua, baina suhiltzaileen laguntzaile izateko prestatuko ditugu, suteetan lasai egoten eta behar bezala erantzuten erakutsiko diegu. 112ra hots egin eta sutea kontrolatu behar dela badakigu denok, baina sua eta kea dagoenean estres egoeran sartzen da jendea. Aurretik horrelako egoera batean egon bada, ordea, lasai aurre egiteko gai izango da.
Zein dira sua itzaltzerakoan egiten ditugun akatsak?
Lehena izutzea da. Kalean entzun edo esan dizkiguten gauzak praktikan jartzen saiatzen gara eta agian dena alderantziz egiten dugu. Kea saihesteko egin behar ez den zerbait egiten dugu. Egoera bakoitzak aurre egiteko modu zehatz bat du eta ezin dira jarraibide orokor batzuk aholkatu. Su Eskola ez da egin errezeta errazak emateko, sua itzaltzen ikasteko baizik.
Arlo honetan prestakuntza falta zaigu?
Guztiz. Suari aurre egiteko plan teorikoak daude, baina plan teorikoak praktikan jartzea komeni da, egokiak ote diren aztertzeko. Suari aurre egiteko jendea prestatuta eduki behar da. Simulakroak egiten dira, baina surik gabe, eta ikastaro hauei esker prestakuntza errealagoa da.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.