Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-01-28 -- 2073.zenb

Beneteko egoerak sua itzaltzen ikasteko

Itsaso Ibarra

Zuri, gorri eta beltz. Horiexek dira Su Eskolaren hiru eraikinetako kolore nagusiak. Suaren hiru koloreak ikus ditzakegu bertan: erre aurreko zuria, erre bitarteko gorria eta erre ondorengo beltza.

Eraikin gorrian, eraikin logistikoan, hasi dugu ibilbidea. Hemen harrera lekua, kontrol gela, aldagelak, dutxak eta ikasgelak daude. Su Eskola laster martxan jartzea da asmoa eta ikastaro horietan parte hartzera gerturatzen direnek aldageletatik hasiko dute ibilbidea. Bertan suhiltzaileen arropak jantzi eta ikasgelara abiatuko dira. Ikastaro bakoitzeko gehienez 11 ikasle eta beraiekin une oro hiru hezitzaile egongo dira. Lehendabizi, suaren inguruko informazio teorikoa jasoko dute, sute baten aurrean nola jokatu jakiteko. Ikasleak suaren inguruko profesionalak eta suarekin zerikusirik ez duten partikularrak izan daitezke. Ikastaroak, gainera, ikasleek eskatutakoaren arabera antolatuko dira.

Teoria ezagutu ostean, gas heziketarako eraikin zurian, teoria praktikan jartzeko unea iritsiko da. Bertan, ikasleak binaka sartuko dira su hartuko duen eszenatokian, hezitzaile batekin batera. Beste hezitzailea kanpoan geratuko da gainontzeko ikasleekin. Hirugarren hezitzailea berriz, kontrol gelan egongo da, sutea pizteko. Kontrol gelatik, kameren bidez, une oro gas eraikinean gertatzen ari den guztia kontrolatuko du. Halako batean, sua piztuko da eta ikasleek sura gerturatu, berau itzali eta arnasa ondo hartzeko posizio hoberena hartu beharko dute. Azken finean, egoera erreal baten aurrean egongo dira, ke artean, ilunpean, tenperatura altuak jasanez eta sutearen erdian, bizitza errealean nola jokatu ikasteko. Dena den, praktika egiten ari diren bitartean arazoren bat izanez gero, sua berehala itzali daiteke hiru eratara: kontrol gelatik, eszenatoki kanpoan dagoen hezitzaileak duen mando batekin eta eszenatoki barruan dagoen botoi bat zanpatuz.


Etxeak su hartu du

Gas heziketarako eraikina etxe baten modukoa da. Bertan sute denak gas bidezkoak dira, eta eraikina zuria da, sute hauetan irteten den kea ere garbiagoa izaten delako. Behean garajea du eta goiko pisuan sukaldea, komuna, logela, jangela eta egongela. Eszenatoki guztiak txapaz eginak dira, materialak gehiago iraun dezan. Garajean, esaterako, kotxeak hartuko du su, logelan oheak, eta egongelan gela osoak. Eraikin hau bereziki suhiltzaileak ez diren partikularrak trebatzeko erabiliko da, nahiz eta suhiltzaileek ere bertan praktikak egiteko aukera izango duten. Nahi beste aldiz piztu eta itzali daiteke sua eta itzali dutela uste dutenean, sua berriz piztuko da, edota sua non dagoen jakin gabe bere bila ibili beharko dute, pasillo estuetan zehar eta eskaileretan gora eta behera. Sutea itzaltzeaz gain, erreskateak ere landuko dituzte.

Eraikin beltzean sartu eta berehala nabaritu dugu goma errearen usaina. Fuel bidezko suteak itzali beharko dituzte hemen barneratzen direnek eta biltegia, sotoa eta tailerra aurkituko dituzte, besteak beste. Bertan, bereziki enpresetako segurtasun arduradun eta suhiltzaileek egingo dituzte praktikak. Etxean ez bezala, sute hauetan sortzen den kea erabat beltza da, naturari kalterik ez eragiteko kea tratatzeko sistema jarri baitute. Hala, kanpora irtengo den kea ez da kaltegarria izango. Era berean, suteak itzaltzeko erabiltzen den ura uneoro berrerabiliko dute.


Kanpoan

Sute denak ez dira eremu itxietan gertatzen eta horregatik, kanpoan ere beste eszenatoki bat prestatu dute. Karga arriskutsua daraman kamioi bat irauli eta irtengo den likido surkoiarekin lan egingo dute. Gainera, itsasontzi edo enpresa kimiko bateko hodiak su hartzean zer egin landuko dute. Halaber, kanpoan eskailera bat jarri dute erreskateak egin ahal izateko. Dorrean, suhiltzaileek, ekipamendu guztia soinean hartuta gora eta behera ibili beharko dute. Denborarekin, dorrean igogailua jartzeko asmoa dago, erreskateak egiteko. Dena prest dago, hortaz, errealitatetik hain gertu dauden praktika hauei ekiteko.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan