Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-01-28 -- 2073.zenb

Jakoba Errekondo

Gonapean buila eta zalaparta nahaste-borrastea gehiegitxo eta bere senaren sorotik ateratzeko arriskua sumatu bezain pronto "hau da hau inkisizioa!" garrasika boteaz aginte-zigorra erakusten du noiz edo noiz gure amonak.

Gozoa da etxeko inkisizio errebero hori.

Beste sagardotegi bateko beste kupel batekoa da azken aldian kanpoan daukaguna. Inkisizio erreberoa ez baizik mindua eta mindulina, eta etengabekoa. Kanila itxi arazi eta automobilaren muturrean zilarrez eta txaketaren paparrean urrez daramatzan intsigniak ez garbitzeko agintzen zaionean jabetzen dira kazetariak lehorteaz. Eta bere lanean betelanean inkisizioa tajutzen da. Hortantxe gaude egun hauetan. Eta egunero-garbitu-eziniko intsignien afera glaziazio arteko hondamendi nagusi bihurtzen dute. Beraiena ezkutatuz, egoeraren ulertzeko ezer gutxi balio duen urtegien maila egunero damaigute. Eta hondamendiaren izu izugarriaz predikatzeko soilik igoko dira pulpitutara. Eta bere zurrunbilo zoro horretan zerbait esan behar dute. Eta inork esan ez duen zerbait, eta inork baino lehenago, eta inork baino ozenago... Inkisizioa. Eta gaiaz duten jakintza zirtzila jakinminera bideratu ordez izuari funtsa, oinarria, jarri nahian behingoagatik naturari begiratzen diote, baserrira jiratzen dute begirada eta ez dena sortuko dute. Udaberria aurreratu denaren aitzakiarik gabeko adibide gisa loretan mukuru dagoen larrosa baten argazkia eman du Gipuzkoan tindatzen den egunkari batek. Larrosa ez, negu neguan loratzen den kamelia da argazkian.

Builaka, flashez, kameraz eta izerdi-zurrustaz inprimatzen jarduten da gaur inkisizioa, prentsa zikiratzailea.
Jakoba Errekondo

Jabier Agirre

Migraina buruko min berezi samarra da, aldizka agertzen dena eta buruaren alde bakarrean sentitzen dena. Ez du beti intentsitate bera, batzuetan neurritsua eta besteetan bortitza izan daiteke. Edonola ere errutinazko edozein jarduera fisikok -lanak, etxeko beharrak, eta zer esanik ez kirolak- asko okertu dezake.

Emakumeen%15 inguru ibiliko da migrainak jota noiz edo noiz bere bizitzan; gizonezkoen artean askoz gutxiagok jasaten du gaitz hori, % 8k hain zuzen ere. Migrainak jota dauden horien etorkizuna prebentzioan dago inolako zalantzarik gabe. Laurogeita hamarreko urteetan botikagintza industriak bete beteko apustua egin zuen Triptan eta antzeko beste botiken alde, pentsatuaz neurohartzaileen agonista partzial horiek erabateko arrakasta lortuko zutela merkatuan. Alabaina gaur egungo ikerketa lerroak terapia prebentibora bideratzen dira batez ere, laborategi nagusiek hortik jo baitute azken urteotan.

Horixe esan zuen Valentziako Ospitale Klinikoko Neurologiako zerbitzuburuak, Jose Miguel Lainez doktoreak. Lainezen arabera bada beste alderdi bat oso kontuan hartzekoa: kronifikazioa. "Gaur egun badakigu, gaitzaren garrantzia krisien maiztasunarekin oso lotua dagoela, eta terapia prebentiboak oso eraginkorrak dira min-krisien kopurua eta intentsitatea murrizteko".

Migraina-krisi batean ager daitezkeen sintomak oso aldakorrak dira: mina, noski, lehen aipatutako ezaugarriekin; goragaleak; argia, zarata edo usainekiko sentiberatasun izugarria, eta beste hainbat. Zenbait kasutan gaixoak ikusmen arazo nabarmenak izan ditzake; argi bizi batek "itsutu" egingo du, edo zirriborroak ikusiko ditu. Sintoma neurologiko horiei aura esaten zaie, eta nolabait gaixoa datorkion atakarako "prestatu" egiten dute.

Nola egin daiteke prebentzioa?

- Ohiturak ezarri jateko, lotarako eta ariketa egiteko.

- Atakeen "egunerokoa" eraman, min-krisiak eragiten dituzten faktoreak (ingurumenekoak, otorduetakoak, estresa, etab.) identifikatzeko.

- Haserrea, urduritasuna eta estresa gainditzen ikasi.

- Erlaxatzeko teknikak ikasi mina arintzeko.

Joxerra Aizpurua


Tritoien berritzeko ahalmena

Tritoiek galtzen dituzten organoak birsortzeko gaitasuna dute. Are gehiago, tritoi batek bihotzean jasotako kaltea ere konpondu dezake.

Bad Nauheim-en (Alemania) dagoen Max Plank institutuan zientzialariak animalia horrek organoak birsortzeko duten ahalmenaren inguruko ikerketa garatzen ari dira.

Ugaztunok ez dugu ahalmen hori berez, baina tritoiek duten mekanismoa ezagututa agian gizakiarengan eragitea izango den esperantzan ari dira ikertzen.

Aztertutako tritoia Notophthalmus viridescens deiturikoa da eta Ipar Amerikako lakuetan bizi da. Bihotza birsortzeko duen ahalmenagatik aukeratu dute animalia hori. Gakoa bihotzeko muskuluetako zeluletan dagoela uste dute ikertzaileek. Bihotzak kalteren bat jasaten duenean zelulak bikoizten hasten dira kaltetutako zatia edo muskulua birsortu arte.

Aipatu zelulak ez dira ama zelulak, zelula arruntak baizik. Aldiz, tritoiak zangoetako bat galtzen duenean, ama zelulek hartzen dute parte birsorketan.
Egindako probetan, besteak beste, bihotzeko zelulak sartu zituzten birsortzen ari zen zango batean; berehala hasi ziren zelula horiek bikoizten. Aldiz, antzeko zelulak zango osasuntsu batean sartu ondoren zelulek ez zuten deus ere egin.

Horregatik guztiagatik, zelulak bikoizten hasi edo ez zerk agintzen duen arakatzen ari dira zientzialariak. Sistema hori ulertuz gero, hurrengo urratsa gizakiarentzat onuragarriak diren aplikazioak garatzen asmatzea izango da.


Erraldoi misteriotsua

Rafflesia Arnoldi deitu landareak biologoak harrituta ditu duen eboluzio azeleratuaren eraginez.

Landare honek metro bateko diametroa izaten du, 7 kg-ko pisua eta haragi ustelaren kiratsa igortzen du. Ez du ez hostorik ez sustrairik eta ez du fotosintesirik egiten. 1918an katalogatu zuten lehen aldiz, Sumatran, Stamford Raffles eta Joseph Arnold britainiarrek.

Antza, landare hau beste baten bizkarroi bizi ohi da eta azken 40 milioi urteetan bere tamaina 79 aldiz biderkatu du. Gizakiak Rafflesiaren pareko eboluzioa izan balu 150 metroko altuera izango luke bataz beste.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan