Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-01-28 -- 2073.zenb

Gorka Bereziartua

Eguneroko bizitzari ihes egin nahiak, lagun berriak ezagutzeko gogoak edo jakin-min hutsak erakarrita jende asko harrapatu du azken aldian Second Life-ko mundu birtualak. Internetek beste pertsonekin harremanak izateko eskaintzen dituen aukeren artean azken urratsa eman dute komunitate horretako bi milioi erabiltzaileek, unibertso paraleloa sortuz. Bakoitzak bere ezaugarri fisikoak irudikatzeko hiru dimentsioko gorputz birtuala dauka bertan eta komunikatzeko idatzizko mezuak, keinuak eta soinu efektuak erabil ditzake, besteak beste.

Benetako munduaren tankera ahalik eta handiena duen planeta sortzen saiatu dira Second Lifeko sustatzaileak. Mundu errealekoak bezalako hiriak eta auzoak sortu dituzte eta horietan mota guztietako jendearekin topo egin dezake bisitariak, aberatsetatik hasi eta sosik gabe noraezean dabiltzanetaraino; jende dotorea eta punky itxurakoa; zaharrak, gazteak, bikotekide formalak, prostitutak... Dena gure munduan bezala.

Azken urteetan interneten izan diren fenomeno arrakastatsuenen artean dago. Datuei erreparatzea nahikoa da horretaz jabetzeko: erabiltzaile kopuru handiaz gain, deigarria da egunero milioi bat dolar inguruko gastuak egotea Second Lifen. Eta ez gara Monopolyko diruaz ari, benetakoaz baizik. AEBetako dolarrak linden dollar delakoengatik aldatu daitezke web gunean, burtsaren antzeko truke sistema baten bidez -lerrook idatzi bitartean, dolar bat 187 linden dollarengatik aldatzen da-. Behin trukea eginda, hain birtuala ez den diru horrekin nork bere alter egoaren itxura alda dezake arropa berriak, orrazkerak eta bestelako osagarriak erosiz. Edo, hala nahi badu, lursailak eskuratu ditzake bere etxea eraikitzeko. Bizimodu nahasiagoaren bila dabilenak berriz, kasinoetan apustuak egiten edo zurrutean xahutu ditzake sos guztiak. Artikulu hau idatzi den egunean 1.011.029 dolar gastatu dituzte erabiltzaileek, eta hori 24 orduko datua besterik ez da.


Plan birtualak egingo ditugu?

Bigarren bizitzan planak egiteko oso baliagarria da eguneko jardueren agendari errepasoa ematea. Erakusketak, azokak, errezitaldiak, festak... Eskaintza zabala dago denen eskura. Musika gustuko dutenek, adibidez, badute non aukeratu: kantari askok beren burua ezagutzera emateko baliatu dute hiru dimentsioko plataforma. Galesko Melanie Fudge musikariak adibidez, Wired News aldizkarian duela hilabete batzuk azaldu zuenez, disko gehiago saldu ditu Second Lifen, ohiko dendetan baino. Fudgeren arabera, astetik astera musikari gehiago ari dira sortzen dituzten kantak bigarren bizitzara eramaten.

Mundu errealean orain dela urte batzuk izandako argia galdu duten izarrek eta oraindik distira handiagoaren bila dabiltzanek ere titularretan azaltzeko aukera ederra ikusi dute. 80ko hamarkadan Luka abestiarekin ezagun egin zen Suzanne Vega da horren adibide. Joan den urteko abuztuan emanaldia eskaini zuen streaming bidez -emisioa egin bitartean zuzenean entzuteko moduan alegia- Second Lifeko Infinite Radio irrati emandegian eta prentsan izan zuen oihartzuna ikusita beste askok bere eredua jarraitu dute. Harrezkeroztik Duran Duranek, U2k eta Regina Spektorrek, besteak beste, kontzertuak egin dituzte Second Life-en.


Diru zuriketa eta piratak

The Second Life Herald da alegiazko planeta honetan argitaratzen diren egunkarien artean garrantzitsuena. Eztabaidak, programaren arazoen inguruko berriak eta erabilera okerren ingurukoak azaltzen dira bere orrialdeetan. Agerkari horri esker ondoko susmoaren berri izan dugu: zenbait erabiltzailek ez ote duten Second Life mundu errealeko diru beltza zuritzeko erabiltzen. Horretarako, benetako dirua linden dollar delakoengatik aldatu, mundu birtualean lursailak erosi eta jabetza horiek beraiekin ados jarritako beste erabiltzaile batzuei salduko lizkiekete.

Eta ez da bigarren bizitza honek diru kontuekin eman duen arazo bakarra: joan den urteko irailean argi geratu zen Second Lifeko merkataritza jarduerek legez kanpo aberastu nahi dutenen artean zelako interesa piztu duen. Pirata informatiko batek www.secondlife.com gunearen segurtasun hutsune bat baliatuz 600.000 erabiltzaileren datuak arakatu zituen, tartean banketxeetako kontu korronteen zenbakiak.


Mundu birtualari esker aberastutakoak

Nork esan zuen diru-gosea ezin dela digitalizatu? Aipatutakoek erakusten dutenez mundu birtualak sortzeak ez du iruzurra eta lapurretarekin bukatuko. Ezta patrikak betetzeko modu garbiagoekin ere. Izan ere, objetu eta zerbitzu birtualen salerosketa diru-iturri modura erabiltzen dute guneko bizilagun batzuek eta, lehen esan dugun moduan, salerosketarekin ateratako sosak mundu errealeko diruagatik alda daitezke. Horregatik, objetuak sortzen dituzten erabiltzaile gehienek horien kopiak egitea debekatzen dute.

Arrazoia ekonomikoa da, noski: erabiltzaile askok beren soldata dute jokoan. Bigarren bizitza lehenengoaren zerbitzura jarri dute eta hasieran afizio zena ofizio bihurtu. Baten bat aberastu ere egin da, Ailin Graef alemaniarra kasu. Lehen hezkuntzako irakasle horrek duela bi urte hasi zuen bere bigarren bizitza Anshe Chung izenarekin eta orain milioi bat dolar baino gehiago balio duten jabetzak ditu. Horiek kudeatzeko, benetako munduan enpresa bat jarri du abian. Txinako Wuhan hirian dago eta 25 pertsona ari dira bertan, Graefen negozioei ahalik eta etekin handiena ateratzeko lanean.


Arraroa ote?

Baten batek honezkero bere buruari galdetuko zion nola den posible horrelako mundu bat abian jartzea eta, batez ere, jendearen inplikazioa horrenbestekoa izatea. Agian pertsonok fikzio sinesgarriak sortu eta kontsumitzeko joera dugu besterik gabe, eta Second Life literatura eta zinemaren ondorengo urratsa besterik ez da. Dena dela, fikzio honek ere errealitatetik edaten du aurrerantz ematen duen urrats bakoitzeko. Denborak esango du pausu horiekin bide luzea urratzeko gai den.

Itsaso Ibarra

Zuri, gorri eta beltz. Horiexek dira Su Eskolaren hiru eraikinetako kolore nagusiak. Suaren hiru koloreak ikus ditzakegu bertan: erre aurreko zuria, erre bitarteko gorria eta erre ondorengo beltza.

Eraikin gorrian, eraikin logistikoan, hasi dugu ibilbidea. Hemen harrera lekua, kontrol gela, aldagelak, dutxak eta ikasgelak daude. Su Eskola laster martxan jartzea da asmoa eta ikastaro horietan parte hartzera gerturatzen direnek aldageletatik hasiko dute ibilbidea. Bertan suhiltzaileen arropak jantzi eta ikasgelara abiatuko dira. Ikastaro bakoitzeko gehienez 11 ikasle eta beraiekin une oro hiru hezitzaile egongo dira. Lehendabizi, suaren inguruko informazio teorikoa jasoko dute, sute baten aurrean nola jokatu jakiteko. Ikasleak suaren inguruko profesionalak eta suarekin zerikusirik ez duten partikularrak izan daitezke. Ikastaroak, gainera, ikasleek eskatutakoaren arabera antolatuko dira.

Teoria ezagutu ostean, gas heziketarako eraikin zurian, teoria praktikan jartzeko unea iritsiko da. Bertan, ikasleak binaka sartuko dira su hartuko duen eszenatokian, hezitzaile batekin batera. Beste hezitzailea kanpoan geratuko da gainontzeko ikasleekin. Hirugarren hezitzailea berriz, kontrol gelan egongo da, sutea pizteko. Kontrol gelatik, kameren bidez, une oro gas eraikinean gertatzen ari den guztia kontrolatuko du. Halako batean, sua piztuko da eta ikasleek sura gerturatu, berau itzali eta arnasa ondo hartzeko posizio hoberena hartu beharko dute. Azken finean, egoera erreal baten aurrean egongo dira, ke artean, ilunpean, tenperatura altuak jasanez eta sutearen erdian, bizitza errealean nola jokatu ikasteko. Dena den, praktika egiten ari diren bitartean arazoren bat izanez gero, sua berehala itzali daiteke hiru eratara: kontrol gelatik, eszenatoki kanpoan dagoen hezitzaileak duen mando batekin eta eszenatoki barruan dagoen botoi bat zanpatuz.


Etxeak su hartu du

Gas heziketarako eraikina etxe baten modukoa da. Bertan sute denak gas bidezkoak dira, eta eraikina zuria da, sute hauetan irteten den kea ere garbiagoa izaten delako. Behean garajea du eta goiko pisuan sukaldea, komuna, logela, jangela eta egongela. Eszenatoki guztiak txapaz eginak dira, materialak gehiago iraun dezan. Garajean, esaterako, kotxeak hartuko du su, logelan oheak, eta egongelan gela osoak. Eraikin hau bereziki suhiltzaileak ez diren partikularrak trebatzeko erabiliko da, nahiz eta suhiltzaileek ere bertan praktikak egiteko aukera izango duten. Nahi beste aldiz piztu eta itzali daiteke sua eta itzali dutela uste dutenean, sua berriz piztuko da, edota sua non dagoen jakin gabe bere bila ibili beharko dute, pasillo estuetan zehar eta eskaileretan gora eta behera. Sutea itzaltzeaz gain, erreskateak ere landuko dituzte.

Eraikin beltzean sartu eta berehala nabaritu dugu goma errearen usaina. Fuel bidezko suteak itzali beharko dituzte hemen barneratzen direnek eta biltegia, sotoa eta tailerra aurkituko dituzte, besteak beste. Bertan, bereziki enpresetako segurtasun arduradun eta suhiltzaileek egingo dituzte praktikak. Etxean ez bezala, sute hauetan sortzen den kea erabat beltza da, naturari kalterik ez eragiteko kea tratatzeko sistema jarri baitute. Hala, kanpora irtengo den kea ez da kaltegarria izango. Era berean, suteak itzaltzeko erabiltzen den ura uneoro berrerabiliko dute.


Kanpoan

Sute denak ez dira eremu itxietan gertatzen eta horregatik, kanpoan ere beste eszenatoki bat prestatu dute. Karga arriskutsua daraman kamioi bat irauli eta irtengo den likido surkoiarekin lan egingo dute. Gainera, itsasontzi edo enpresa kimiko bateko hodiak su hartzean zer egin landuko dute. Halaber, kanpoan eskailera bat jarri dute erreskateak egin ahal izateko. Dorrean, suhiltzaileek, ekipamendu guztia soinean hartuta gora eta behera ibili beharko dute. Denborarekin, dorrean igogailua jartzeko asmoa dago, erreskateak egiteko. Dena prest dago, hortaz, errealitatetik hain gertu dauden praktika hauei ekiteko.

Estitxu Eizagirre

Hilero menu bat osatuko dugu, bere sarrerako plater, arrain, haragi eta postrearekin. Muguruzak berak azaldu digu nola hautatu dituen platerak: «Euskal Herrian beti egin diren platerak dira. Sukaldaritza pixka bat erotzen ari gara, orain dena da aparra, infusio eta antzerakoa. Betiko platerak eta era zaharrekoak dira azkenean berrienak. Gure arbasoen kulturan jatea beti izan da hortzekin mastekatzea, ez arrainek bezala jakiak xurgatzea. Errezeta klasiko hauek oinarri hartuta, beste fase batean bestelako platerak egin litezke, baina oinarria ondo jartzea garrantzitsua da».

Garaian garaiko produktuekin egindako menuak izango direnez, beti lehengai freskoak erabili ahal izango dituzu. Urtaro bakoitzean zein plater duen gustukoen galdetu diogu sukaldariari: «Tripakiak eta muturrak dira, niretzat, neguko plater erregea. Eta neguko postrea, berriz, gaztainak eta intxaur saltsa. Udaberrirako ilar berriekin egindako menestra egingo nuke. Udan, hegaluzea entsaladan jarriko nuke. Eta udazkenean ehiza, onddo eta perretxikoz lagunduta».


Qalitatezko oparia

Irungo Atalaia jatetxea da Gipuzkoan kalitatearen Q-a jaso duen lehen jatetxea. Harpidedun mokofinek esango duzue ea zuen oniritzia ematen diozuen. Sari horren esanahia argitu digu Muguruzak: «Q saria da platera mahaira atera arteko kalitatearen bermerik handiena. Pauso hau urteekin, lantalde osoa ongi kontzientziatuta eta inbertsio handiekin egiten da, bestela ezin da eman. Izan ere, ingeniari teknikoek lehengaiak eta lantalde osoaren lana aztertzen dute, irizpide argien arabera. Hortik aurrera, platera mahaira atera ostean etortzen diren sariak kritikoek ematen dituzte, eta hori beste mundu bat da, hain inpartziala ez dena. Baina kalitatearen saria da lehen pausoa».


Ziur ongi aterako direla

Muguruza maisua da etxean daudenei irakasten, distantzira eskaintzen diren ikastaroetako irakasle da eta. Bere azalpenak jarraitzen ez zaizue pazientzia erreko, beraz. Platerak ongi atera daitezen aholku bakarra ematen dizue harpidedunei: «Bizpahiru aldiz errezeta irakurri eta praktikan jarri. Eta harategi, arraindegi eta barazki dendetan eskatu jenero hori». Hortik aurrerakoaz berme osoa ematen dizue Muguruzak: «Errezeta hauek propio egindakoak dira, eta kantitateak, proportzioak, denborak, eta gainerakoak ongi frogatuta daude. Dudarik gabe, ongi aterako zaizkizue. Ikastaro asko eman ditut, eta errezeta hauek ikastarotan horrelaxe emango nituzke». Hortik aurrera, norberaren gustu berezien arabera gatz eta azukre gehiago edo gutxiago botatzeko aukera ematen dizue maisuak.

ARGIAko sukalde lanetan ari garenon partetik, gure oinarri zareten harpidedunei: on egin!

hemeroteka

2072. zenbakia | 2007-01-21

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan