Jon Torner
Rosa Maria Sardak jasoko du Zinegoak jaialdiko Ohorezko Saria
Astelehenean (22) hasi eta larunbatean (27) amaituko da Bilboko Zinegoak Gay-Lesbo-Trans Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren laugarren ekitaldia. Aurten film, areto eta egun gehiago izango ditu jaialdiak eta orotara 64 film eskainiko dituzte. Sail ofizialean 13 film luzek, 30 film laburrek eta 12 film dokumentalek hartuko dute parte. Aurten lehen aldiz, Euskal Herriko zinemagileen lanak proiektatuko dituzte sail ofizialean. Off Zinegoak sailak berriz, bederatzi film labur emango ditu. 2007ko jaialdiko Ohorezko Saria Rosa Maria Sarda aktoreak jasoko du. Bestalde, Zinegoak jaialdiak Eloy de la Iglesia zuzendari zarauztarra omenduko du. De la Iglesia iazko martxoan hil zen. Informazio gehiago:
www.zinegoak.com.
Euskadiko Artxibo Nazionala 2009an zabalduko dute
Euskadiko Artxibo Historiko Nazionalaren egoitza diseinatzeko eta garatzeko lehiaketa publikoa abian jarri du Eusko Jaurlaritzak. Bilboko Maria Diaz de Haro kaleko Besga eraikinean egingo dute artxiboa. Eraberritze lanak 2007an hasi eta publikoari 2009an zabaltzea aurreikusi dute. Bost solairuko eraikinak 5.200 metro koadro izango ditu eta Euskal Herriko eta Euskal Herriarekin lotutako dokumentuak jasoko ditu. Hala, artxiboa osatzeko beharrezkoak diren dokumentuak ekartzeko asmoa agertu du Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Artxiboa gauzatzeko proiekturako 24 milioi euro bideratu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horietatik 10 eraikina handitu eta birgaitzeko lanetan inbertituko dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak ere hartu dute parte proiektuan.
20. edizioa beteko du Miarritzeko FIPA ikus-entzunezkoen jaialdiak
Miarritzeko Ikus-entzunezko Saioen Nazioarteko FIPA Jaialdiaren 20. edizioa abian da jada. Hilaren 28ra bitartean, gaur egungo arazoak hizpide dituzten lanak izango dira nagusiki ikusgai. Jaialdia Gabriel Range ingelesak Geoge Bush AEBtako presidentearen erailketaz asmatutako
Death of a president filmak zabaldu du eta bukatzeko berriz, Flandesen independentzia aldarrikatzen duen
Tout ça (ne nous rendra pas la Belgique) lana proiektatuko dute. Film hori RTBF telebistak eman zuen duela aste batzuk eta polemika handia sortu zuen. Lehiaketako sei sail ofizialetan 31 herrialdetako ehun film baino gehiago eskainiko dituzte. Bestalde, jaialdiak Bernard Giraudeau aktore eta zinemagile frantziarra omenduko du aurten. Interneten:
www.fipa.tm.fr.
EKEk 81 ekimen sostengatuko ditu.
Orotara 44 elkarteri eskainiko die laguntza Euskal Kultur Erakundeak. Ekintza horiekin bost helburu nagusi lortu nahi ditu erakundeak: ahozko ondarea eta euskal kulturaren heziketa sustatzea, sorkuntzei emandako sostengua emendatzea, hedapena gehiago bultzatzea, bitartekaritza lana sakontzea eta Europako ekialdeko herriekiko trukaketak biderkatzea. Ekintza horien artean aipatzekoa da, Euskal Munduak izeneko erakusketa ibiltaria. Baionan zabalduko dute ekainean. Artelanak, bideoak, abestiak eta beste erakutsiko dituzte bertan.
Afixak: Hormak bete historia (1975-1990).
Izen hori zuen iaz Gasteizko Vital Kutxa Fundazioa aretoan ikusgai izan zen erakusketak. 70eko eta 80ko hamarkadetan alderdi politiko, sindikatu eta gizarte mugimenduek Euskal Herriko paretetan itsatsi zituzten kartelak bildu zituen erakusketak. Orain, kartel horietako batzuk bere web gunean bildu ditu Sancho el Sabio Fundazioak (
www.fsancho-sabio.es). Irudiez gain bakoitzari buruzko azalpenak ere aurkituko dituzue bertan.
Ute Lemper musikari alemaniarra Bilboko Euskalduna jauregian izango da hilaren 28an, Punishing Kiss bere azken lana aurkezteko. Lemperrek La Mort Subite, Cats, Peter Pan eta Cabaret bezalako ikuskizunetan parte hartu du eta bakarlari gisa, mundu osoko areto ospetsuenetan abestu du.
Aby-Kem taldeak irabazi du Danbaka musika lehiaketako sari nagusia. Talde irabazleak diskoa grabatuko du Shot! estudioan eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak banatuko du. Ikusleen saria Drakes taldeak jaso du.
Potato reage taldeak agur esango digu aurten. Gasteiztarrek duela 23 urte ekin zieten euren ibilbide oparoari eta datozen hilabeteetan azken kontzertuak eskainiko dituzte. Birako aurreneko kontzertua Bartzelonako Apolo aretoan izango da, otsailaren 16an.
Maider Lopez artista donostiarrak irabazi du ABCren VIII. Pintura eta Argazki Saria, Zumaiako Itzurungo hondartzan egindako argazkiarekin. Donostiarraren lana ABCk Arco azokan jarriko duen erakustokian erakutsiko dute, saritutako beste lanekin batera. Saria azoka amaitu ostean jasoko du Maider Lopezek.
Ruben Sanchez bertsolariak Nabarra aldizkarian: «Guk Athleticek bezala jokatzen dugu, bertsolaria gure harrobian egin bada eta gure bertsolaria izan nahi badu, guretzat Arabako bertsolaria da, Asier Otamendiri galdetu bestela, zenbat azalpen eman behar izan dituen gizajoak! (...) Nahiko genuke elitean arabar bat edo bi egotea, baina garrantzitsuena bertso giroa Araban sustraitua egotea da».
Pello Añorga ipuin kontalariak Oarsoaldean aldizkarian: «Ohitura daukat, egun batean idatzitakoa hurrengo egunean berriz berrirakurtzea, ikuspegi ezberdinak erabili ahal izateko. askotan gertatzen baita, egun txarra izatea eta pertsonaiarengan proiektatzea zure egoera emozionala. Horregatik, komeni da distantzia hartzea, eta pertsonaia ez erabiltzea txotxongilo modura. Pertsonaia ez da instrumentu soila, zerbait bizia baizik, hau da: unibertso propioa duena».
Jabi Zabalak Deian: «Argitalpenen demokratizazioa gertatu da interneti esker (...) Gaur egun edonork egin dezake irratsaio bat bere logelatik, baina hori tresnen demokratizazioa da. Kalitatearena honekin nahastea eta baheak eskatzea eztabaida faltsua sortzea da. Beti ohiko hedabideetatik atera dira karnetak edo baimenak ezartzearen aldeko iritziak (...) Hainbat agerkari eta telebista ospetsutan kazetaritza barik zaborra egin ohi dute, baina kazetaritzat jotzen dute euren burua (...) Aitzitik, sarean bere kabuz idazten ospea lortu duen kazetariak berak bakarrik irabazi du ospe hori, editore baten babesik gabe».