Iker Barandiaran
Hastapenetan hardcore melodikoa egiten zenuten, baina gerora bilakaera handia izan duzue...
Gure lehenengo lana punk-rockeroagoa zen. Ordura arte prestatutako abesti bilduma zen. Ez geneukan definituta egin nahi genuena. Gero, indie-rockera jo genuen.
Disko honen emaitza oso ona da. Atzerriko taldeen lanekin konpara dezakegu...
AEBetako ekoizlea izateak asko lagundu digu, baina atzean abestiak daude. Aspaldidanik gabiltza soinu baten bila eta lortu dugulakoan gaude. Diskotik diskora emaitza hobeak lortzen gabiltza.
Orain B-Coretik Astro diskoetxera jauzia egin duzue. B-Core txiki gelditu zaizue? Entzuleria zabalagora heldu nahi duzue?
B-Corek entzuleria mugatua dauka. Gure asmoa zen abestiak beste jende multzo batera ere heltzea, eta Astrorekin diskoa kaleratzeak ate gehiago zabaldu dizkigu.
Susmoa daukat Euskal Herritik kanpo askoz harrera hobea duzuela. Zein da horren arrazoia? Hizkuntza? Rockeroak ez izatea?
Bai, guk ematen ditugun kontzertuetatik %98 Nafarroatik kanpo dira. Hizkuntzak badu horretan zeresana, nahiz eta guretzat ez den garrantzitsua. Hala ere, kanpoan kontzertu asko egiteko deitzen digute; denbora guztia hara eta hona gabiltza, eta ez daukagu inor aspertzeko arriskurik.
Bitxia da diskoari izena ematen dion kantua «biluziena» izatea...
Bai, bukaeran idatzi genuen eta justu kantu horretan Jaihawks taldeko Gary Lourisek abesten du. Beste guztiekin apurtuko zuen abesti bat egin gura genuen eta erdialdean jarri. Errepresentatzeko zailena da, baina dagoen lekuan oso ondo sartzen da.
Halako jende ospetsuarekin lan egiteak presioa eragingo zizuen, ezta?
Bai, hasieran arduratuta geunden ea maila emango genuen, baina izan ditugun luxuzko laguntzaile horiek inplikatu egiten direla eta emaitzak onak izaten hasten direla ikustean, motibazioa hirukoitza da.
Perfect from the
distance Half Foot Outside
Astro
Iraupena: 37'04''
11,86 euro
Gitarra gogorrak, distortsioa eta malenkonia
Urrunetik perfektua dirudiena agian hurbiletik ez da hala izango; alderantzizkoa ere gerta daiteke. Iruindar hauei ez diegu Euskal Herrian merezitako kasua egiten. Bosgarren lana Madrilgo Astrok argitaratu du, eta aurreko biak Bartzelonako B-Corek. Ez da kasualitatea. Indie-rock delakoa egiten dute: 90eko hamarkadan AEBetan Pavement, Sebadoh, Dinosaur JR edo gure artean Inquilino Comunistak ezagun egin zuten soinu melodiko baina indartsua. Gitarren gogortasunean, neurriko distortsioan eta ahotsaren kutsu malenkoniatsuan datza. HFTkoek, berriz, Pixiesen intentsitatea, The Jam-en dotoretasuna eta beste ere barneratu dituzte. Lan honetan jauzi garrantzitsua egiten dute aurrerantz. Are gehiago, luxuzko lagunak izan dituzte mahaiaren atzean: Kaki Arkarazo, Paco Loco eta John Aguello, besteak beste.