Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-01-28 -- 2073.zenb

Joxemari Ostolaza

Lapurdiko auzoa, orain dozena bat urte arto sailek bereziki identifikatzen zutena. Herriko Etxeak, Poulou ustetsua buru zelarik, lurrak bereganatu alokatzaileei beren eskubideak ukatuz -herritarrek ordaindu behar izan dugu amanda noski- eta eremu industriala eratzeko asmoa zutela esan zuen. Fabrika berria ekarri zuten, langileak eta guzti baldintza fiskal berezietan. Herrian lanpostuak sortzeko proiektua zena, deusetan gelditu da. Tailer zenbait ikusi zitezkeen, gauza gutxi. Baina pixkanaka, etxeak dira eraikitzen ari direnak. Eta prezioei erreparatuta, argi da horiek ez direla herritarrek erosteko modukoak, gutxiago bertako gazteek beharko lituzketenak. Garai batean Herriko Etxeak, Poulou handiustearen menpekoa orduan ere, Santa Flor parkean xahutu sosak berdindu nahian edo asmatutako estrategia dirudi, lur horien prezioa ez baita izan ofizialek beren lantokiak ezartzeko neurrikoa. Denak salduta omen dauzkate altxatu aurretik. Hamar mila biztanleko herria nahi omen dute lortu kosta ahala kosta. Berdin dio bertakoek ez baldin badute hor lekurik, ez bizitzeko ez lanerako, Herriko Etxeak bilduko omen ditu etekinak. Eta hala ere, Pouloukumeak izanen dira bozkatuenak datozen hauteskunde munizipaletan. Eta hamar milako biztanlegoa lortuz, auzapeza eta, profesionalak bilakatuko zaizkigu.

Urtzi Urrutikoetxea

Elosuko euskararen azken hiztunari egindako elkarrizketa interesgarria irakurri genuen oraintsu ARGIAn. Zaraitzun eta Nafarroako beste hainbat lekutan egin daiteke ariketa, eta laster baita Bizkaiko mendebaldeko herri batzuetan ere. Ned Maddrell manxeraren azken hiztuna gogorarazi dit, edo duela hamabost urte hildako Fidela Bernat erronkariarra. Azken hiztunek beti eman didate zer pentsatua, omenaldien gainetik ezin burutik kendu bazutela saiatzerik hurrengo belaunaldiari pasatzen eta azken hiztunaren patua eurengandik urruntzen. Maneko uhartean gutxi erreparatu diogun esperientzia interesgarria egin dute azken hiru hamarkadetan: Maddrell hiltzerako askok ikasi zuten hizkuntza berarekin, eta 90eko hamarkadatik haur-eskolak ere badaude, atzera datoz ama-hizkuntza duten belaunaldiak. Dozenaka gutxi batzuk, egia da, baina uhartea ere txikia izanik, azken erroldako 600dik gora hiztunek adierazten dute ehuneko batera iritsi direla. Eskoziaren pare. Hizkuntza galdutzat eman ostean, bada zerbait.

Irlandak ez du galdutzat eman hizkuntza ofizialki, are ofiziala da Europar Batasunean urtarrilaren 1etik. Badakigu ez duela horrek irlandera salbatuko. Baina ez dut uste zuzena denik irlandarrei begiratzea borrokarako lilura eta hizkuntzarekiko gutxiespen horrekin. Irlanderarenak ez du egin XX. mendean. XIX. mendeko goseteak irlandera hiztunei erasan zien bereziki, eurek jarri zituzten hilak eta Ameriketako emigranteak, uharteko zati handienean mintzatzen zen hizkuntza mendebaldeko eskualde batzuetara zokoratuta zegoen urte gutxian.

Hizkuntza hilzorian lortu zuen independentzia Irlandak. Gero, egia da: ez dute hizkuntza salbatu, Gaeltachten eremuak murriztu egin dira eta han ere ingelesaren indarra handia da. Askok eskatzen dute behin betiko ehorzteko, onartzeko alferrik izan dela ahalegina, mundu hizkuntza garrantzitsuena daukate eta bestea arrotz zaio ia uharte osoari.

Baina nork lortu du hori? Ordezkapena ohikoaren aurkako bidetik bultzatzen ari gara: nagusia utzi eta txikia hartu, borondate hori daukagu euskaldunok eta irlandarrek. Ez katalanek, ez galiziarrek, horiek lurralde osoan eutsi diote hizkuntzari, ez dute berreskurapen beharrik, normalkuntza baino ez.

Balantze eginez: lortu dugu herriren bat berreuskalduntzea? Erraz jarrita, Arabako Lautadan edo Sakanako mugan orain gutxi erdaldundu ziren herriak, euskararen memoria oso presente dago, denak abertzaleak dira, euskaldundu da bakarren bat? Eta badago datarik, noizko izango den esateko, Kiotoko protokoloaren antzera, «2015ean herri honetan %70 euskaldunak» edo antzekorik? Eta ez naiz Ebro ertzeraino edo Enkarterrira joan.

Joxemari Agirre


Niretzat pozgarria izan da Lehendakariak bere buruari egin dion kritika, ez baikaude ohituak autokritika politikoak entzuten. Urtarrileko gertaerek ordea, eskatzen zuten hainbestekorik, abenduaren amaieran gure Sisifo maldan behera erori zenetik.

«Bistan dago autokritikaren bat merezi duela eztabaida politikotik datorren ekarpen eskasak», esan du Lehendakariak. «Gure gizarteari zor zaio uneon ahalegin bat dituen arazo politikoak konpontzeko. Esan behar dut, apenas egiten diogula ekarpenik politikari, gauzak ez konpontzeaz eta nahasteaz aparte. Era berean, kargu hartzen diot neure buruari politikan dihardugunok egoerari erantzuten jakin ez dugulako».

Txalogarriak iruditzen zaizkit Ibarretxeren hitzak, Deustuko Unibertsitateko Merkataritza Lizentziatuen Elkartean esanak. Ez diot beste inori entzun inolako autokritikarik gizarteak hainbeste itxaro zuen bakebidea zapuztu den honetan. Badirudi denek ezin hobe egin zutela haien egitekoa. Ez diot autokritika izpirik entzun Espainiako Gobernuari, ezta PSOEri ere. Ez diet inolako autokritika zantzurik sumatu ETAri eta ezker abertzaleari, zuzenki inplikatuak aipatzearren. Guztiak hasi dira errudun bila eta norberak bere burua zuritu du guztia besteren errua balitz bezala. Beste batzuek balantzea egiteari ekin diote: «Agian, hau gertatu izan balitz edo beste hura egin izan balute, prozesuak aurrera egingo zuen». Balitz eta balego guztiak bide bazterrean geratzen dira.

Gizarteak amesten duen helburua da bakea egitea, baina, ez nolanahi, duintasunez eta askatasunez baizik, arazoak konponduz edo konponbidean jarriz. Horixe da gizarteak politikariei eskatzen diena eta hortik dator Lehendakariaren gogoeta. Gizartearen nahia da, bakean eta elkarrizketaren bidetik, indarkeria adierazpenik gabe, gure etorkizuna aukeratzea eta gauzatzea gehiengoak hala nahi badu. Baina gerta daiteke euskal gizartea, euskal herritarrak, arazo horiekin aspertzea. Hainbeste aldiz aipatzean eta izendatzean... izan ere, azkenerako aspergarri egiten zaizu, eta, gainera, gure eskuetan zuzenean ez dagoenez, besteen baitan dagoenez... Urtea joan eta urtea etorri, gauza berari bueltaka. Horrek erakusten digu jendearekin ezin dela jolas egin eta gauzak hasi eta bukatzen jakin behar dela.

Orain kolokan geratu da prozesua. Beharrezkoa izango da berriro elkarrekiko konfiantza eta sinesgarritasuna lortzea. Elkarrizketa aurrera eramateko ez da nahikoa batek bakarrik nahi izatea, bi behar dira gutxienez. Agian gehiago, eta horrek esan nahi du elkarrekiko konfiantzarik ezean ez dagoela aurrerapausorik bakegintzan eta normalizazioan. Besteak beste, horrexegatik gustatu zait Lehendakariaren autokritika. Autokritika egiteak ez du tinkotasunik edo irmotasunik kentzen. Autokritikoa denak tinkoa eta irmoa izateko gaitasun handiagoa duela iruditzen zait. Irmotasunaren itzalean hanka-sartze asko ezkutatzen da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan