Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-01-28 -- 2073.zenb

Onintza Irureta


Kontseilua udalerrientzako hizkuntza politika berri eske

Euskal Herriko 66 udalerritako hizkuntza politikak aztertu berri ditu Kontseiluak. Hiru elementu hartu ditu kontuan neurketa egiteko: euskararen aldeko arau-bilduma, erabilitako baliabideak eta euskararen egoera. Emaitzak ikusita, Euskal Herriko udal gehienetan euskara exijitzeko neurriak hartzea saihestu egiten dela salatu du Kontseiluak. Aztertutako udalen herenek ez daukate euskara plan orokorrik, erdiek ez daukate euskara ordenantzarik eta 66 udal horietatik 14tan baino ez dute erabaki kontratatutako langile berriek elebidunak izan behar dutela. Neurketan, 0tik 10era, puntuaziorik altuena Azpeitiak lortu du (6,82). Lekeitio, Ońati, Tolosa eta Bergara dira hurrengoak zerrendan. Hiriburuei dagokienez, Donostiak lortu du puntu gehien (4,22) baina hizkuntza eskubideen bermetik (7 puntutatik) urrun. Gasteizek 3,55 puntu lortu ditu, Bilbok 2,61 eta Baionak 0,002. www.kontseilua.org/udalneurketa web gunean datuen alderaketak egiteko modua dago.


HABEren hitzarmena Argentina, Uruguai eta Txilerekin

HABEk hiru herrialde horietako euskal etxeekin urtero berritzen du hitzarmena euskal etxeetan euskara irakasteko. Besteak beste, Argentinako euskal etxeetan 900 heldu inguru ari dira euskara ikasten. Horiez gain, 300 ume aritzen dira herrialdeko euskal etxeetan eta beste 900 umeri «euskara eta euskal kultura» eskaintzen zaie Buenos Airesko Euskal Etxea ikastetxean.


Hiznet-eko lanak sarean

Asmoz Fundazioak antolatutako Hiznet Hizkuntza Plangintza ikastaroko ikasleek egindako soziolinguistika lanak argitaratzen hasi dira. 2002tik 2006ra bitartean egindako berrogeita hamar lan inguru irakur daitezke dagoeneko:http://hiznet.asmoz.org.. www.blogak.com/garaigoikoa blogean berriz, ikerlan horietako batzuei buruzko iritzia ageri da.


Bilbo aldeko euskarazko telebista proiektuari buruz

Ibaizabal Mendebalde Kultur Elkarteak iazko apirilean aurkeztu zuen Bilbo aldean euskarazko telebista digitala sortzeko proiektua. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak proiektuak aurkezteko epea martxoaren 23an dauka jarrita. Ibaizabal Mendebalde Kultur Elkarteak batzarra egin berri du hilaren 24an, proiektuak orain arte eman dituen pausoak azaltzeko eta baita hurrengo asteetan eman beharreko pausoei buruz informatzeko ere. Informazio gehiago nahi izanez gero jo www.ibaizabaltb.com-era.

Juan Mari Arregi

Dagoeneko 2007an sei langile hil dira gutxienez lan istripuetan Hego Euskal Herrian. 2006. urtean 129 langile hil ziren Euskal Herrian eta 65.807 lan istripu arin eta 537 larri gertatu ziren. Azken hamarkadan, Euskal Herrian, 1.200 langile baino gehiago hil da lan istripuetan. Horiek bestelako biktimak dira. Agidanez, bigarren edo hirugarren mailakoak, euren familiakoek eta sindikatukoek baino (bakoitzak bere aldetik) ez baitituzte babestu. Aste honetan hain justu, 24an, LABek mobilizazioak egin ditu Hego Euskal Herrian Administrazioaren «sentiberatasun eza» salatzeko. Euskal Herriko, Espainiako edo Frantziako administrazioentzako eta elkarte politiko gehienentzako lan istripuetan hildakoak ez dira beren biktimak. Heriotzaren bat eragin duen atentatu politiko bat izaten denean, bizitza hainbeste defendatzen dutela esaten duten haiek eta berehala salatzeko, gaitzesteko, kontzentrazioak egiteko eta manifestatzeko deialdiak egiten dituzten haiek, isildu eta ezkutatu egiten dira lan istripuen aurrean. Honek badu azalpenik. Euren politika neoliberal eta kapitalistekin, haiek dira lan ezegonkortasunaren eta behin-behinekotasunaren, enpresarien prebentzio ezaren eta lan segurtasunean ez inbertitzearen, ikuskapen eraginkor ezaren, esku-hartze judizial ezaren eta abarren arduradunak. Orokorrean, horiek eragiten dituzte hildakoak lanean. Horiek dira bestelako biktimak, abandonatuak, nahiz eta Administrazioak izan, enpresari eta politikoekin batera, arduradun handienak.

Xabier Letona

Haika-SEGI auzian Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaiak bide gogorraren aldeko hautua agintzen du. Euskal Herrian PPkoen ingurukoek bakarrik babesten duten bidea da, sozialistek ere jakin baitakite berreraiki nahi diren zubien leherketa dakarrela bide honek. Baina Barajaseko atentatuaren ondoren, aurrikus zitekeen bideetako bat da. Min egiten du ikusteak, eta areago jasateak, baina Estatuaren erantzunean espero zitekeen maila horretako gogortzerik eta gehiago ere bai. Orain ikusi beharko da gisa honetako prozesu politikoetan -18/98, Askatasuna...- zer gertatzen den, baina argi da honek aurrekari txarra jartzen duela.

«Bonbekin ez dagoela prozesurik» zioen Rafa Diezek, baina, besteak beste, errepresioaren areagotzearekin ere ezetz azpimarratu zuen. Eta nola errepresio molde desberdinak eman egingo diren, ikusi beharko da zenbat denbora pasatuko den ETAk bere komunikatuan aipatzen zuen «erantzuna» eman arte. Barajasekoaren ondoren irudikatu da Batasunak eskaera bat egin eta ETAk aintzat hartu duela. Aurrerantzean ere tankera horretako keinuak izango direla dirudi, batetik Batasunak hainbat mugimendu egin behar dituelako bake prozesua larrialdi egoeratik ateratzeko, eta bestetik, ezker abertzalean badelako Anoetako espirituak agintzen zuen norabiderantz abiatzeko borondaterik. Hori bai, ez edozein preziotan. Gaur gaurkoz zerbait argi geratu bada zera da: ez dela PSOEk nahi izan duen negoziazio prozesurik izango -armak presoen truke- eta bake prozesurik izango bada, honek eduki politikoa izan beharko duela. Bi mahaitan? Bi prozesutan? Semantika eta metodologia kontuak dira horiek, baina hamarkadaz hamarkada, errealitateak erakusten du ENAMek ez duela negoziazio 'teknikoa' deitu izan den hori bakarrik onartuko. Edo ENAM bere osotasunean errepresioz garaitzen da -orain arte ezinezkoa izan dena- edo dagoen arazo politikoari alderdi politikoen bidez irtenbide bat ematen zaio. Euskal Herriko indar politiko gehienak azken bide honi eustekotan daudela dirudi. Oraingoz, eta ikusten dugunaren arabera, hizkuntza eta jokabidea gehiago ari da hurbiltzen 2006ko martxoaren aurreko hilabeteetara, 2002-2003ko blokeo egoerara baino.

Eta Zapaterok zer nahi ote du? Mariano Raxoiren zaparrada latz eta iraingarriari eutsi ondoren etengabeko keinu txikiak egiten ditu irtenbide elkarrizketatuari ateak zabalik uzteko. Felipe Gonzalezek gogor egin dio eraso Rodriguez Zapaterori, saiakera honetan irtenbide bakarra zuela azpimarratuz -prozesua ondo ateratzearena- eta B planik ez izatea leporatuz. ABC egunkariak, aldiz, joan den astean azpimarratzen zuen Zapatero-ren B plana prozesua ondo ez ateratzearen errua PPren jarrera gogorrari leporatzea dela eta hau lortu ondoren, berriz ekingo liokeela bake prozesuari. Oraingoz, ez dirudi Zapaterok indarrez ekin dionik porrotaren errua PPren gain uzteko mezuari. Datozen asteek esango dute, maiatzeko hauteskundeetarako, PPren erasoetatik ozta-ozta defendatzeaz gain, erasora ere iragan beharko baita. Giroa, iritzi publikoa, inkestak... dena kontuan hartuta Zapateroren tartea txikia da, baina are txikiagoa izango da ETAren aurkako borrokan PPri gogortasunean lehia egin nahi badio. Horretan ere ados daude PPtik harago dauden indar politiko eta soegile gehienak.

Ińaki de juanaren egoera da egunetik egunera gero eta gehiago hondatzen joango dena. Indarrez elikatzean zentzuzko pisua hartzen du preso donostiarrak, baina medikuak harrituta daude egun gutxi batzuetan berehala galtzen duelako irabazitako hori, 54 kilo ingurura iritsiz. Tragedia bukaera gero eta gehiago usaintzen da, eta esperantza bakarra Auzitegi Gorenak defentsaren helegiteari eman diezaiokeen erantzunean dago; garai hauetan eta auzitegi honek Haika-Segi auzian esan berri duenarekin, esperantza bakarra honen epaian izatea hutsala bilakatzen da ia, baina dagoenari eusten zaio, zer erremedio.

De Juanak argi adierazi die medikuei ez dela espetxera itzuliko, bera Euskal Herrira itzuliko dela eta zalantza bakarra duela: bizirik ala zerraldo izango ote den.

Jean-Baptiste Coyos hizkuntzalariak gipuzkoaeuskara.net-en esanak: «Eusko Jaurlaritzako hizkuntz politikako sailburuordeak, 2007ko urtarrilaren 3an, aurtengo aurrekontua aurkeztu zuen: 51.183.530 euro, iazkoa baino % 13,31 handiagoa (...)

Eusko Jaurlaritzak aurrekontuaren zati bat Ipar Euskal Herrian proiektuak finantzatzeko erabiliko du. Alde horretatik, azpimarratzekoa da hain denbora gutxian Frantziako botere publikoaren jarrera horrenbeste aldatu izana. Nahikoa da gogoratzea zer zioen Pirinio Atlantikoen prefetak, 2000 urtean, Eusko Jaurlaritzak elkarteei ematen zizkien diru laguntzei buruz: 'diru bidezko kolonizazioa' omen zen. Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2003an sinatu zuten lehen hitzarmena, eta orain, berriz ere, elkarrekin lan egingo dute. Horrela, norabidea erabat aldatuz, Hegoaldearen diru laguntzak eta proiektuetarako deialdiak batera finantzatuko dituzte».

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan