Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2007-01-21 -- 2072.zenb

Leurtzako urtegiak

Ainhoa Oiartzabal

Bertara iristeko, lehenik Urrotz herrira iritsi behar dugu. Herriaren eskuinetik bide batek urtegietara eramango gaitu. Dena dela, seinaleztatua dago.
Automobila aparkalekuan utziko dugu. Bertan dago informazio gunea eta urtegiaren inguruan egin daitezkeen ibilbideen berri zehatza jakin daiteke, baina sasoi honetan itxita topatuko dugu. Guk osatuko dugun ibilbidean urtegiei bira emango diegu. Erraza, laburra eta ikusgarria da. Haurrekin egiteko aproposa.

Ibilbidea arrasto txuri-berdeekin markatua dago. Bidean, zenbait interes gune daude. Berdez pintatutako zutoinek jakinarazten digute puntu interesgarri horiek non dauden. Guztira 10 interes gune dira.

1go interes gunea: ibilbidearen hasiera markatzen digu. Harrizko eskultura bat da. Leurtzako urtegia babesleku duen espezie baten oroimenez egina dago, baso igel gorria. Zuhaitz hostozabaleko basoetan bizi da. Hezetasuna atsegin duenez, Leurtzako urtegia toki paregabea da igeltxo horrentzat.

2. interes gunea: Natur eremu honetan, zuhaitz espezie nagusia pagadia da. Baina pagoa ez da inguru honetan topatuko dugun espezie bakarra. Bigarren puntu honetan, harizti eder bat ere badugu. Tartean badira elorri eta gorostiak ere.

3. interes gunea: Leurtzan basoa naturalki hazten da. Adin guztietako zuhaitzak topatuko ditugu. Gune honetan pago gazteak daude.

4. interes gunea: interes gune honek urarekin zerikusia du. Puntu honetako publiometroak dioenez, Leurtzan, 2.000 l/m² euri egiten du urtean, gutxi gorabehera.

5. interes gunea: Urrotz eta Beintza-Labaiengo lurrak bereizten dituen mugarria dugu aurrez aurre. Beheko urtegia eta goikoaren zati bat Urrozko lurretan dago eta gainontzekoa, Beintza-Labaiengoetan.

6. interes gunea: paisaian pagadiak dira nagusi. Baso natural batean, zuhaitzak gorantz hazten dira. Interes gune honetan, pago lizarrak ikusiko ditugu, kimaketarik jasan gabeko pagoak.

7. interes gunea: bi urtegiak bereizten dituen presa ikusiko dugu. Goiko urtegia ikus daiteke hemendik. Bi hektarea ditu eta bietan handiena da.

8. interes gunea: kareharria ikusiko dugu. Higadurak lapiaz izeneko egitura karabilkatsuak sortu ditu.

9. interes gunea: basoa baliabide garrantzitsua da bertako biztanleentzat. Mendetan, eta ez hain aspaldira arte, basoa ikatza sortzeko ustiatzen zuten. Puntu honetan, txondor plaza bat dago, txondorrak egiteko egokitutako lekua alegia.

10. interes gunea: belardi berde eta samurrak, negua pasa ondoren kamamila eta mendaz betetzen direnak. Eta alboan Martuzeneko ardi borda.


Eskaintzen duena eta eskatzen duena

Dagoeneko itzulia amaitu dugu. Egun pasa egin nahi izanez gero, komunak, mahai eta eserlekuak, sua egiteko parrilak... ditugu eskueran.
Zerbitzu guztiak eskaintzen ditu natur gune honek. Ordainetan, gure naturarekiko jarrera, errespetuzkoa izatea eskatzen du:

-Zaborra harrera-lekuko edukiontzietara eraman.
-Ezin da surik egin, horretarako prestatutako tokietan ez bada.
-Errespetatu animaliak, landareak eta naturako bizidun guztiak.
-Kanpatzea galarazita dago.
-Abereei traba ez egiteko, zakurrak lotuta eraman eta atakak itxi.


Aisiarako natur eremua

Leurtzako urtegira bisitari asko hurbiltzen da, urte sasoi guztietan, mota guztietako jolas jarduerak egiteko asmoz. Ingurua erakargarria da, arro itxi eta isolatuan dago. Eta paraje umela da; ura nonahi belardi eta baso naturalez inguratua. Leurtzako urtegi ingurua Aisiarako Natur Eremu izendatzearen helburua, eskualde horretako balore ekologiko eta paisajistikoak gordetzea da, baina aisiarako jarduerak bultzatu eta ohiko erabilerak mantentzearekin bateragarri eginez.

Urrotz eta Beintza-Labaiengo herritarrak zerbitzu instalazioak eraiki eta eremua mantentzeaz, erabilera publikoa gainbegiratu eta kontrolatzeaz arduratu dira.
Natur eremu bilakatzean, gizakien zenbait jarduera galarazi ziren, kanpatzea, sua egitea... Jarduera horiek kalte handia egin diezaiokete ingurumenari: zaborren pilaketa, bisitarien arteko arazoak... Legediak lagunduta, ekintza hauek kontrolatzea lortu da, Leurtzako inguruak balore ekologiko garrantzitsua baitu.

Pagadi zoragarriotatik animalia asko hurbiltzen da urtegiotara: basurdeak, azeriak, lepazuriak, azkonarrak... Hegaztiak ere bai: uretan, migratzen ari diren kurriloak; basoan, okil handia eta berdea; zeruan bueltaka, arrano beltza, aztorea, gabiraia, sai arrea...

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan