Europako politika energetikoa

Juan Mari Arregi

Juan Mari Arregi


2007-01-21

Duela gutxi, Bielorrusiatik igarotzen den errusiar petrolioaren hornidura Poloniara eta Alemaniara moztu egin zuten. Antzeko zerbait gertatu zen iaz Ukrainiak gas errusiarraren hornidura Europara moztu zuenean. Ekintzok (Europako energia-ahultasuna agerian uzten omen dute) Europar Batasunak energiaren etorkizunari buruz hitz egiten hasi nahi izan duenean gertatu dira. Antzeko gertaerak izaten direnean bezala, lobby-ak edo presio talde nuklearrak (eragin nabarmena dute Europar Batasunean eta komunikabideetan) dagoeneko hasi dira energia nuklearrera jo behar dela tematzen. Alemaniako presidentetzatik bertatik berriz piztu da luzamendu nuklearraren eztabaida. Bere zentral nuklear guztiak 2021era artean ixten joango dira, eta Europar Batasunean bertan berriz piztu nahi da eztabaida bera. ĞLobby atomikoğ boteretsu horien aurrean, desiragarria litzateke energia berriztagarrien alde egingo luketenak aurkitzea, garbiagoak eta ziurragoak eta klima aldaketaren aurrean jasangarriagoak. Bere garaian luzamendu nuklearraren erantzuleak, Jurgen Tritin Alemaniako ministro ohi berdeak, egungo Alemaniako presidenteari zera esan dio: ĞUranioarekin ezin dira etxeak berotu ezta autoak mantendu ere. Ez dakit zer darabilen buruan Merkel andreak, orain bere auto ofizialeko depositoan uranioko paketetxo bat sar dezakegula pentsatzen baduğ. Eta, gainera, non dago konponbide iraunkorra hondakin nuklearrak kudeatzeko?


Argia.com 2012