Jakoba Errekondo
Corella berezia da. Nire motzean ezagutzen ez dudan berexitasun ugari izango du ziertoro Corellak, baina, lehenaz gain, erregalizak egiten du aparteko. Inguru zabal-zabal-zabal batean inon ez eta bertan erregaliza (Glycyrrhiza glabra var. typica) lantzen dute. Iazko hirurehunen bat goldetan uzta amaitzen ari dira. Sustraia du bildu gaia. Garai batean ibai eta erreken aldamenetan berezkoa edo naturala zena egun soroetara ekarria dute.
Gero eta gehiago erabiltzen da erregaliza. Azido glizirrizikoak ditu bi zioak: gozoa da oso eta ahosabaia liluratzen du. Gozagarri gisa jaki eta edari ugaritan topatuko duzu: anisete, garagardo, freskagarri gozo eta batik bat konfite eta gozokietan. Jan-edanaren ondorengo zenbait tabako ere erregalizaz usaingozatzen da. Botikagintzan ere eskea gero eta handiagoa da, urdaila lasaitzen omen du eta berarekin doazen botikak errazago onartzen...
Arazoak ere sor ditzake ordea zain honek. Gehiegi hartuz gero odolaren presioak eta likido erretentzioak gora egiten dute eta potasioak behera. Gizonengan testosterona hormona nahasi eta larrutarako grinak behera egiten du. Emakume haurduna lehenago erdiarazten du.
Udazken amaieran edo neguaren hasieran biltzen dira sustraiak eta herrestadarrak. Bere horretan lehortuta jaso daiteke eta behar denean erabili edo, garai batean Atarrabiako errotan egiten zen eran, haustu eta jaso.
Oroitzapen txarrak dakarzkit niri erregalizak. Umetan "anaia" deitzera behartzen ziguten praile maisuek notak ematerakoan gelako "onenei" erregaliza ematen zieten opari eta "txarrenei" egurra, erregelarekin egurra. Geure artean, irakasle nazkagarri haiei lipuak heltzea opatuz, ederki auzobanatzen genituen erregaliz makiltxoak.
Jabier Agirre
Europako herrialdeen artean Frantzia eta Espainia dira, hurrenez-hurren, antibiotiko gehien kontsumitzen duten herrialdeak. Eta Euskal Herrian ere hor nonbait, behar baino askoz gehigo jotzen dugu antibiotiko hartzera. Antibiotiko gehiegi kontsumitzen dira gure artean. Premiazkoak direnean gaitzerdi; baina sarritan premiarik, eta inolako kontrol medikurik gabe hartzen ditugu. Botika horien %30 medikuaren errezetarik gabe ematen dira. Automedikazio-ohitura horiek, ezinbestean, lehen mailako osasun arazoa bihurtu dira.
Antibiotikoen erabilera masibo eta indiskriminatuak ekarri du, zalantzarik gabe, bakterio erresistenteen zepa edo anduiak gero eta sarriago agertzea. Hamarkadatan infekzio jakinak borrokatzeko beren eraginkortasuna ondotxo frogatua zeukaten antibiotikoek jadanik ez dute guk nahi genukeen bezala funtzionatzen. Zergatik hori? Bakterioei ez dielako inolako, edo garai batean bezainbateko, eraginik egiten antibiotikoen lehengai aktiboak. Bakterioak antibiotikoetara "ohitu" egin direla esango genuke. Pneumokokoak eragindako infekzioen %5, adibidez, ezin da sendatu penizilina erabiliz.
Antibiotikoekiko erresistentzia bakterioaren prozesu naturala da, baina gero eta bizkorrago gertatzen da gaur egun eta bizkortasun horrek kezkatzen ditu medikuak eta zientzialariak. Batez ere antibiotikoek infekzio bakterianoei aurre egiteko duten ezintasun horrek biztanleria orokorrari egiten diolako kalte. Agente patogenoa ohitu egiten bada guztientzat da kalte; ez automedikatzeko joera dutenentzat bakarrik. Horrek infekzioa kutsatzeko probabilitatea eta konplikazioak agertzeko aukerak ugaritzen ditu.
Arrisku horiek guztiak kontuan hartuta, agintariek antibiotikoen erabilera desegokiaren kontrako kanpainak bultzatzen dituzte. Herritarrek jakin behar dute antibiotikoek ez dutela balio gripeen eta katarroen kontra, bi prozesu horiek birikoak direlako. Gainera etorkizunean tratamenduei erresistentziak eragin ditzake antibiotikoak behar ez direnean hartzeak eta horrek denoi erasango liguketen gaitz larriagoen sorrera ekar lezake.
Joxerra Aizpurua
Basoak lehortera egokitzen
2006ak markak hautsi ditu tenperaturari dagokionez eta 2007a antzekoa datorrela dirudi. Euskal Herrian, Hego Europako beste lurraldeetan gertatzen den antzera, udak gero eta lehorragoak izango direla uste dute zientzialariek; euria egiten duenean dezente bota arren, ez da nahikoa izaten geruza freatikoa behar den bezala guritzeko.
Indianako (AEB) unibertsitateko Constance Brown-ek Arizonako eremu erdi idor bateko basoak aztertu ditu. Basoak, koniferoz osaturik gehienbat,. leku menditsuenetan baino ez dira hazten, eremu horietan euri-ura ez baita berehala lurrintzen.
Ikerketaren helburuetako bat fotosintesiaren eta ur-emariaren arteko erlazioa zehaztea izan da eta badirudi konkordantzia zuzena topatu duela hazkundearen eta ur-presentziaren artean; horrela uda partean zuhaitzen metabolismoa ia ez dago. Aldiz, euria eta elurra iristean zuhaitzak hazi eta hazi egiten dira, ura dagoen bitartean.
Portaera hau ez da ematen Europako edo Mediterranioko koniferoekin. Hauek neguan erdi lo egoten dira, udaberrian piztu eta udan hazteko.
Europan eguraldia aldatzen bada hemengo koniferoek Arizonakoen adina moldagarritasunik izango al dute? Badirudi posible dela, baina zenbat urte behar dira horretarako?
Montzoiak eraitsitako zibilizazioak
Nature aldizkarian argitara emandako artikulu baten arabera, garai batean oso indartsu izandako zenbait zibilizazioren -bi bai behintzat- desagertzearen erruduna omen da Asian gertatzen den montzoia. Udan, itsasotik lehorrera haizea sartzean, haize horrek izugarrizko eurite eta ekaitzak sortzen ditu. Neguan, aldiz, aurkakoa gertatzen da, hots, lehorretik itsasorako haize-fluxua sortzean lurrak lehorte latzak izaten ditu sarritan.
Azken 16.000 urteotan montzoiak bereziki bortitzak izan dira hiru boladatan. Azkena gure garaiko 600 eta 900. urteen artekoa. Urte horien artean Txinako Tang dinastiaren eta Maien desagerpena gertatu zen hainbat iraultza eta guden ondoren.
Montzoiek Asiako zenbait lekutan eta Amerika tropikalean sortutako uholde eta lehorteek goseteak ekarri zituzten, gizarte oreka apurtuz.