Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2007-01-21 -- 2072.zenb

Estitxu Eizagirre

Bertsolaritzan bere proiektu propioa lantzen hasteak eraman du Jexux Mari Irazu, bertsolaritzak Interneten duen gune puntakoena sortzera. «2005ean erabaki nuen, bertsotan inoiz zentratzekotan orduan zentratu beharko nuela. Eta ideietako bat izan zen saioak grabatzen hastea». Dagoeneko 100 saiotik gora ditu grabatuak, eta artxibo hori da bertsoa.com-en balio handienetako bat. «Neure produkzioa galtzen ari nintzenaren zentzuak eraman ninduen grabatzera. Idazleak liburua du, musikariak diskoa, baina bertsolariak euskarririk ez du. Zu bertsolari gisa zara zure bertsoetatik grabatuta geratzen dena, haizeak eramaten duena edo besteek esaten dutena». Autore gisa pauso kontziente bat dago, beraz, gunearen muinean: Norberak sortutakoa norberak gestionatzea, eta norberaren lana baloratzea.


Zabaltzeko jaioa

Bildutako grabazio mordoari zer forma eman? Internetek aldi berean gorde eta zabaltzeko eskaintzen duen aukerak eman zion erantzuna. «Bertsoa bakarrik ematen duen web gunerik ez zegoela ikusi nuen, nahiz eta asko diren erreferentzia izan ditudanak». Zabaltzeko sena ondo zorroztu du eta web gunea osatzerakoan erabiltzaileengan asko pentsatu du: ahazten zaila den bertsoa.com izena jarri du, gainera interesgarritasunari begira soilik bere saioekin gunea osatu beharrean era guztietako saioak jarri ditu, eta webguneari Maialen Lujanbiok egindako diseinuak begi kolpe bakarrean atal denak aurkitzen laguntzen du.


Autoreak eta internet

Bertsolari bati internetek zer eskaintzen dion argi du Irazuk: «Antolatzaileek eta bertsozaleek aurkituko nauten gune bat izateko beharra sentitzen nuen. Zure bertsoekin kokatuko zaituzten gune bat, zu kontaktatzeko moduan. Gune propio bat zerorrek gestionatuko duzuna».


Plaza irekia

Ahalik eta saio gehien bildu eta zabaltzeko bokazioarekin sortu da. Bertsoa.com-ek plaza irekia izan nahi du, edozein antolatzaile, bertsolari zein bertsozalek bere saioa bertan ikusgai jarri dezan. Horrela, Internetek aukera eman dezake bertsolaritzaren errealitate diferenteak islatzeko.


Laguntzak

Berak bakarrik jarri du martxan horrelako erreminta, baina bidean ezinbesteko laguntzaileak izan ditu. «Bertsolariei aurkeztu diet proiektua euren irudi eta egile baimenak eskatuz, bestela ez bailitzateke posible izango honek bere funtzioa betetzea. Eta eskertu nahi diet euren erantzun ona». Bertsozale Elkartearekin ere elkarlana adostu du materiala trukatu eta elkarrena erabili ahal izateko. Eta ahalik diru-laguntza gehien eskatu ditu, oraindik zer jasoko duenaren zain badago ere.


Garatzeko bidea libre

Irazuk sortutako komunikabide tematikoak etorkizuna alde duela aurreikusi daiteke. Erabiltzaileak aukera du bertan, beste medioetan ez bezala, berak aukeratutako saioa ikusteko, askotan zuzen-zuzenean gainera. Teknologikoki denbora gutxian Interneteko irudiek telebistakoen kalitatea emango dutela dirudi. Eta bertsolaritzaren aktualitateak nahiko terreno zabala uzten du elkarrizketa, debate nahiz erreportajeak lantzeko. Baliabideen esku egongo da noraino garatuko den gunea.

Iker Barandiaran

Noiz eta nola zaletu zinen argazkilaritzan? Zerk erakarri zintuen?
Aspaldi bideoa ikasi nuen. Horren ostean erakarri ninduen argazkiak momentua izozteko, sinplifikatzeko daukan gaitasunak. Bideoarekin bezala istorio guztia kontatu beharrean eskema bat egitearen antzekoa da.

Zein izan zen ikusi zenuen lehenengo kontzertua?
Herritik kanpo gaua igarotzera joan nintzen Olaberrira. Hertzainak, La Polla Records eta beste talde batek jo zuten. Bukaeran Cicatriz en la Matrizek jo zuen, eta argia eta soinua kendu zizkieten.

Eta argazki kamerarekin joan zinen lehena?
Argazkiak ondo egiteko asmotan joan nintzen Kortaturen azkenaurreko kontzertura, Irunera. Azkenekoan, Iruñean, ere izan nintzen, baina kamera gabe joan nintzen, gehiago disfrutatzeko.

Hortaz, zer nahiago duzu kamerarekin edo gabe joatea kontzertuetara?
Denetatik. Batzuetan argazkiak egiten ari banaiz ikusleek inbidia pixka bat ematen didate. Baina, beste batzuetan argazki onak egiteko aukerak ikusten ditut, eta kamera gabe amorratu egiten naiz.

Zeren bila joaten zara argazki bat egiterakoan?
Taldearen arabera. Normalean ez naiz gauza zehatz baten bila joaten, zer emango didatenaren zain egoten naiz, baina badira salbuespenak: Fermin Muguruzaren jauzia, Evaristoren keinu edo aurpegiak... Iggy Popek 1994an jo zuenean bularra erretratatu nahi nuen, baina argazkiak egiten utzi zizkiguten hiru kantuetan ez zuen kamiseta kendu.

Zer eskatzen diozu musika talde bati?
Fisikoa: mugimendua, jarrera edo indarra izatea. Taldeak ikusleekin harreman zuzena badu, askoz hobeto. Kuraiako Fernandok, Evaristok, Bap!-eko Enekok... aukera handiak ematen dizkizute, baita Garik ere.

Musika alorrean gauza asko aldatu dira. Argazkilariek baldintza hobeak dituzue zuen lana egiteko?
Negatibo eta diapositibetatik digitalera pasa gara, soinua eta argiak ere hobetu egin dira, baina horrek guztiak bi alde ditu. Lehengo taldeen espontaneotasuna galdu da. Kojon Prieto y los Huajalotes miresten nituen. Berdin zien non eta nola jo. Orain taldeak emanaldia egin eta dirua hartzera joaten dira. Lehen guztiok ginen saltsa berean; bakoitzak ahal zuena egiten zuen: batzuek jo, beste batzuek kontzertua antolatu, argazkiak egin...

80ko hamarkadan hasi zinen argazkiak egiten. Askotan esan ohi da gaur egungo taldeek ez dutela haien karismarik...
Gaur egun dibersifikazioarekin taldeak ez dira jende askorengana heltzen. Lehen oso talde gutxi zeuden jendea benetan mugitzen zutenak eta horiek mitifikatu egin genituen. Gainera, askok naturaltasun berezia zuten eszenatoki gainean eta baita azpian ere. Gaur egun ere badira pertsonaia karismatikoak, baina ez ditu jende askok ezagutzen. Adibidez, The Hot Dogs!-eko Jon.

Musikariek ikusi dituzte argazkiak argitaratu aurretik?
Argazki batzuk bai, eta beste batzuk ez. Talde guztia ateratzeko eskatzen didate, baina keinuak eta indarra galdu eta difuminatu egiten da, espazioak leku gehiago hartzen duelako. Liburua egiteko askatasun osoa izan dudanez, nik detaileei edo keinuei erreparatu diet.

Gustuko duzu taldeek posatzea edo zuk delako hori aurkitzea?
Nahiago dut beraiek bere rolloa egitea. Hobe da naturaltasuna edo espontaneotasuna erakutsi eta zuk jasotzea.

Zer daukazue argazkilariek bateria jotzaileen kontra?
Ezer ez, baina orokorrean argazkiak berdintsuak dira. Erdi ezkutuan egoten dira, postura antzekoan... Oso zaila da talde batek ematen duena bateriarekin irudikatzea.

Zer eszenatokitan egin dituzu argazki onenak?
Niretzat argazkiak baino garrantzitsuagoak dira atzean dauden istorioak, bizi izan ditudanak. RIPekoei entsegu lokalean egin nien argazkia ez da hain ona, baina niretzat jo zuten eta oso hunkigarria izan zen. Bilboko Kafe Antzokia eta Bergarako Jam...

Leku txikiak edo handiak?
Kontraesana dirudi baina leku handietan banakakoen bila joaten naiz beraien artean distantzia handia egoten delako. Aldiz, leku txikietan, taldearen bila joaten naiz. Leku handiak hobeto argiztatuak daude; baina, leku txikiek beste berotasun bat dute, intentsitate handiagoa. Baina, kontzertu handiak dira ikusleen argazki tipikoak egiteko aproposenak, lehenengo ilarak hesiaren kontra egoten direlako.

Noiz bururatu zitzaizun halako bildumarekin liburu bat egitea?
Jende askok esaten zidan argazki pila bat izango nituela, erakusketak egiteko... Hertzainak-en kaxa egin zutenean argazki batzuen bila hasi nintzen eta gauza asko aurkitu nituen.

Ez dago tradiziorik argazkien liburuak egiteko. Argazkia artea dela diote, baina kulturaren anaia pobrea da, ez dute gure lana aintzat hartzen. Profesionalki oso gutxietsita dago: ez dute zaintzen, argazkia mozten dizute... Argitaletxeek ez dute arriskatu nahi: garestia dela, gutxi salduko dela... Hainbat saiakera egin nituen, oso prozesu luzea izan da, eta azkenean Gaztelupeko Hotsakekoak animatu dira.

Beste argazkilariren batek saiakerarik egin du?
Ez dakit. Hala ere, Pablo Cabezaz gain, jende oso gutxi ibili da sistematikoki argazkiak egiten nire eskualdean. Azken aldian, digitalekin, dezente aldatu da. Orain, jende askok esan dit bazela garaia, hau falta zela eta oroitzapen ugari direla. Musika badugu, baina argazkiek musika eta pertsona horiek irudikatzeko balio dute. Nik etxean hori guztia bilduta neukan, eta nire altxor txikia zen. Baina, ez nuen nahi galtzen uztea.

Argazkiak askotan ez dira sinatzen eta ez dakigu egilea zein den. Liburu hau izan da, zeharka, zure argazki ezagun batzuen aitatasuna errebindikatzeko modua?
Duindu beharra dago. Jendeak badio argazki bat ona dela, jakin dezala zeinek egin duen. Guk prentsan bat-bateko iraunkortasuna duen produktu baterako lan egiten dugu, eta ez dute gure lana zaintzen. Uste dugu argazki batzuk beste tempo bat merezi dutela. Liburu batean batzea aukera bat da. Profesioaren errebindikazio bat da, eta niretzat garrantzitsua da argazkilarien bilduma bat hastea. Batzuetan argazkilariak sukaldariekin konparatzen ditut. Mundu guztiak daki janaria prestatzen eta argazkiak egiten, baina sukaldari batzuen lana oso errekonozitua dago. Argazkilari batzuek giro edo momentu bat argazkian harrapatzen badute, horrek meritua dauka. Denbora luzearen ostean musikariek ere lortu dute beraien lana aintzat hartzea.

Hitzaurreetako bi idazteko, zure argazkien bi biktima nagusi aukeratu dituzu, Fermin Muguruza eta Kuraiako Fernando. Euskal Herriko rocka ulertzeko ezinbestekoak dira?
Bai, baina beste batzuekin batera. Nik hitzaurreetan lagunen konplizitatea bilatu dut. Lagunez inguratzeko zortea izan dut. Fermin ez dut deitu denarengatik, lagun kontsideratzen dudalako eta berak nire ibilbidea ondo ezagutzen duelako aukeratu dut. Fernando beranduago ezagutu dut, baina lagunak gara.

Zeintzuk dira gustukoen dituzun gaur egungo Euskal Herriko taldeak?
Kuraia, batez ere. The Hot Dogs! eta Lobo Electrico ere indartsuak dira taula gainean.

Atzerriko taldeen argazkiak ere sartu dituzu...
Gutxi batzuk: Rolling Stones, Iggy Pop, Cramps, BB King... Bryan Adams ere bai. Adams ez da oso rockeroa, baina argazkia gustuko dut. Atzerriko talde asko kanpoan gelditu dira: Metallica, Pearl Jam, Sepultura... Nahiago nuen Euskal Herrikoak sartzea. Agian liburua 2 urte barru egingo banu, argazkietan beste zerbait bilatuko nuke.

Atzerriko talde handiekin edo hemengoekin lan egitearen artean alde handia al dago?
Askoz mugatuago zaudela: atzerriko taldeak ateratzeko hiru kanta uzten dizkizute eszenatoki azpian. Rollingen kasua berezia izan zen, profesional handiak dira. Bi kanta bakarrik genituen, izugarrizko presiopean geunden... eta argiztatze onarekin gure ondora etorri ziren posatzera... ukitu genitzakeen! Kanta erdiarekin nahikoa genuen. Hori eskertu egiten da.

Eta Iggyrekin?
Nire meritu bakarra da hor egotea eta aukera guztiak ez galdu izana. Beste guztia beraiek ematen dizute. Eta Iggyk asko ematen dizu. Iggyren zaina? Nik ez dut zain hori hor jarri eta argia aldatu. Gure meritu handiena da asmatzea egon den momentu hori harrapatzen.

Zer musikariri egin nahiko zenizkioke argazkiak?
Natxo Cicatrizena barruan daramadan harra da. Oroimenean daukat bera eszenatoki gainean muleta eskuan zuela. Ez diot nire buruari barkatuko egun horretan kamerarik ez eramatea.

Pilar Iparragirre

Asko kosta al zaizu trajedia haren txosten historikoak aurkitzea?
Dokumentazio sakon askorik ez dago, baina bai nobela bat idazteko adinakoa: pare bat liburu interesgarri, erasoa jasan zuten donostiarrek utzitako lekukotza eta beste xehetasun batzuk.

Zer izan da zirrara gehien eragin dizuna?
Ustez indar askatzaileak ziren haiek 8 urtetik 80ra bitarteko emakume guztiak bortxatu izana da gehien hunkitu nauena. Eta baita irailaren 1ean hiria utzi ahal izan zuten donostiarren baldintzak ere: oinutsik, larrugorritan batzuk, edota ia larrugorritan gehienak.

Armen sofistikazioa eta beste kendurik, aldatu al dira orduko gerren eta gaurkoen moduak eta helburuak?
Nire ustez ez. Baliteke metodoak aldatu izana, baina gerra guztiak boterea eta aberastasuna lortzeko egin ohi dira. Beti dago arrazoi ekonomikoren bat gerra ororen atzean, askatasuna, justizia, zibilizazioa eta beste hitz pottoloz osatutako diskurtsoz gertaerei itxura aldatu nahi bazaie ere. Orduan, urtetan aurrera eramandako gerren bitartez, Frantziak bere garaian Europako lehen indar ekonomikoa izatea lortu zuen. Gerra napoleoniko haiei amaiera jarri zitzainenean, berriz, lehen indar ekonomikoa Britainia Handia zen. Gerretan, herria da beti gehien jasaten duena; populuaren biziak ez du ezer balio, eta inoiz ez da kontuan hartua izaten. Jasaten duen minagatik ez du herriak sekula kalte-ordainik jasotzen. La Brecha-k, egia esan, horren eta soldadu-jendeak emakumezkoak bortxatzeko duen ohizko joeraren aurkako alegatua izan nahiko luke.

La Brecha
Toti Martínez de Lezea
Ttarttalo
324 orrialde
22,50 euro


1813an Donostia suntsitu zutenekoa

Toti Martínez de Lezeak idatzitako La Brecha nobelan, 1813an frantziarren menpe zegoen Donostiara askatzaile gisa sartu zen soldadu-jendeak bertan bizi zirenei emandako tratu bidegabea islatzen da, hala nola bizirik irautea lortu zutenek guztiz suntsitua gertatu zen Donostia berreraikitzeko egin zituztenak. Urte batzuk lehenago, Espainiako lurren jabe egin zen Jose Bonaparte, Frantziako enperadore zen Napoleon Bonaparteren anaia. Haren armada Espainiako lurretan menperatzeko asmoa zuen gudarostean, ingelesak, portugaldarrak eta espainiarrak elkartu ziren -tartean gipuzkoarrez osatutako hiru tropa ere baziren-. Aliatuen gudaroste horrek agindu zehatza jaso zuen Castaños generalaren ahotik: eskarmentu latza emateko ustez frantziarren aldeko jarrera agertu zuten donostiarrei. Eta frantziarren menpe egoteaz nazkatua zeuden donostiarrak beren ustezko askatzaileei harrera beroa egiteko gogoz gudaroste haren aurrera agertu zirenean, tiroz eraso zieten, haien etxeetan sartu eta balore pixka bat zeukan guztia lapurtu, eragozpen txikiena ipintzen zuena akabatu, besteak egoera umiliagarrienetara errenditu eta harrapatutako emakume oro bortxatu.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan