Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2007-01-21 -- 2072.zenb

Mikel Asurmendi

Diputaziorako zure egitasmoetan «prozesu politikoa atzeraezina egitea» ageri da. Nola ikusten duzu prozesua Barajasko atentatuaren ondoren?
Bizi dugun momentu politikoaren aktibo nagusiena euskal gizartea da, eta gizartearen lehenbiziko nahia bake eta normalizazio politikoa lortzea. Bere nahia lortzeko «giza eskubideen errespetua eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea» berma daitezen exijitzen du euskal gizarteak. Barajasko atentatuak frustrazioa sortu du, baina gizarteak ez du gauden moduan geratzea onartzen, aipatutako bi oinarri horiek betetzea eta irtenbidea bilatzea nahi du. Ni ere bidea hori dela konbentzituta nago, eta elkarrizketa da horretarako bitarteko eraginkorrena.

Noren ardura da oraingo egoera politikoa?
Barajasko atentatuaren ondorioz ETAren eta Gobernuren arteko elkarrizketa bertan behera geratu da, baita alderdien arteko elkarrizketa politikoak ere. Lehen ere bizi izan ditugu antzeko egoerak eta haietatik guztietatik ikasi egin behar da. Hala ere, azken hamarkadan euskal gizarteak bi oinarri sendo bereganatu ditu: giza eskubideekiko errespetua eta euskal herritarrok geure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea. Oinarri horiek sendotzen jarraitu behar dugu. Bestalde, arazoak konpondu eta etorkizuna eraikitzeko modu bakarra elkarrizketa da. Ezin dugu onartu gure burua etsipenean erortzea, egoera zailetan ere lanean jarraitu behar dugu.

Prozesua hasi zenean -duela bederatzi hilabete- baino hobeto edo okerrago gaude?
Une batez atzerapauso bat eman da. Baina gaur egun, Lizarra-Garaziko Akordio garaian (1998an) baino are nabariago geratu da ETAk ezin duela euskal gizartearen bidea oztopatu, euskal gizarteak bere bidea jarraitu behar du: bakearen eta normalizazio politikoaren bidea.

ETAk azken komunikatuan, besteak beste, EAJ gogor kritikatu du, Josu Jon Imaz bereziki.
ETAk euskal gizartearen borondatea errespetatu behar du. Hori da bere komunikatuan irakurri nahi duguna.

ETAk martxoan iragarri zuen su-etenari «indarrean» dagoela dio, halaber.
Madrilgo atentatuak ETA eta Gobernuaren arteko elkarrizketa bertan behera utzi du, baita normalizazio politikoa helburu zuen alderdi politikoen arteko elkarrizketak ere. ETAk su-eten iraunkorra ez dela apurtu dio, baina epe laburrean elkarrizketarako harremanak egituratzeko oinarrizko konfiantza apurtuta geratu da, eta asko kostatuko da elkarrizketa dinamika hori berriro martxan jartzea. ETAk egin duen atentatua, giza lege ikuspegitik onartezina da, baina ezker abertzalearen proiektu politikoari ere kalte handia egin dio. Edozein kasuan bakearen eta normalizazio politikoaren alde lanean jarraitu behar dugu, arazo hau ez dugu elkarrizketarik gabe konponduko.

Testuinguru honetan burutu da Ibarretxe lehendakariak deitutako manifestazioa, PSE-EEren onespenarekin [Batasunaren eta bere inguruko eragileen jarrera argitu gabe zegoela solastatu ginen].
Gizarteak guztiok behartzen gaitu elkarrizketaren bidean segitzera. Lehendakariak deitutako manifestaldian bildutako jendetza da horren adierazlerik esanguratsuena. Euskal gizarteak garbi adierazi du konponbidea lantzeko bidea non dagoen: giza eskubideekiko errespetuan eta herri honen borondatea errespetatzen. Bi oinarri horiek errespetatzen ez dituena euskal gizartearen borondatearen kontra ari da.

Gizartea kolpatuta eta minduta dago, baina horren sendo ikusten al duzu?
Euskal gizarteak eskarmentu handia du dagoeneko. Bake eta normalizazio politikoaren prozesuaren aktiborik nagusiena euskal gizartea da eta honek euskal gizarteak ordezkari politiko guztiak elkarrizketa eta akordioa gauzatzera behartuko ditu.

Zein neurrian hitz egin daiteke garai berriaz Barajasko atentatuaren ondoren. Ez al dira aldatu politikaren parametroak?
ETAk atentatuak egiten jarrai dezake baina gizartearen gehiengo zabalak, ezker abertzaleak barne, biolentziaren garaia atzean utzi nahi du. Euskal gizarteak badaki herri honen etorkizun politikoa giza eskubideen errespetu osoz eraiki behar dela, borondate hau ia erabatekoa eta tinkoa da. Euskal gizartearen borondate tinko honek bidera ezina egiten du egitasmo politiko bat biolentziarekiko atxikimenduarekin. ETAren ibilbidea politikoki amaitu da. Garai politiko berri batez hitz egiten dugunean gizartearen eskari hori politikoki gauzatutzeko eta artikulatzeko garaiaz ari naiz.

Politikaren beste arlo batera pasako gara. Gipuzkoako Foru Aldundirako zure kandidaturak zeresan handia eman du. Batzuek Joxe Joan Gonzalez de Txabarriren jarraipena espero zuten nonbait.
Gizarte aurreratuetako alderdien barne eztabaida osasuntsua eta aberasgarria da. Gipuzkoako EAJn eztabaida hori eman da eta Jon Jauregiren hautagaitzak %96ko babesa jaso du. Edozein kasuan, Gipuzkoak erronka garrantzitsuegiak ditu alferrikako polemiketan galtzeko. Lanerako ordua da.

Maiatz aldean herri eta foru hauteskundeak. Zein da zure lema nagusia?
Gipuzkoak bi erronka nagusi ditu datorren legegintzaldian. Lehena, bake bideratzea atzeraezina bihurtzea eta Euskal Herriko auzi politikoa konpontzeko alderdi politikoen arteko elkarrizketa eta akordioa lortzea. Bigarrena, Gipuzkoa berrikuntzaren, pertsonen ongizate eta garapenaren lehen mailan kokatzea.

Hauteskundeak iritsita Batasunak legez kanpo segi lezake. AuBren kasua errepikatuko balitz, sintoma txarra.
Hauteskundeetan alderdi politiko guztiek egon beharko lukete. Egun indarrean dagoen alderdi politikoen legea ez da justua. Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko herritarren zati bat ordezkaritza politikorik gabe uztea ez da bidea. Gu guztiekin hitz egitearen aldekoak gara.

Gobernatzeko gustuko koaliziorik?
EAJk dagoeneko egin du bere apustua: zentralitate politikoa gauzatzea. Eta hori gauzatzeko, arestian aipatutako bi baldintzen gainean oinarrituko dugu gure politika. Zentralitate politikoa indartuko duten alderdi guztiekin gobernua osatzeko prest gaude.

EB-Aralar koalizio berria, zentralitate horren osagarri ikusten al duzu?
EB-Aralar koalizioa zentralitate politikoen printzipioak eta asmoak indartzera datorren neurrian, osagarria izan daiteke. Politika sozialetan gurekiko baino elkarrengandik hurbilago daude, baina politika orokorrean bat egiten dugu Eusko Jaurlaritzako hirukoaren printzipioetan.


PSE-EErekin gobernatzeko aukera aurreikusten al duzu?
Ez dut ezer baztertzen. Gure apustua zentralitate politikoa gauzatzea da, PSEk bat egingo balu, ongi etorri.

Indar politiko gutxi geratuko litzateke oposizioan.
Oposiziorik gabe ez dago demokraziarik. Oposizioa errespetatzeaz gain berarekin ahalik eta komunikaziorik onena edukitzearen aldekoa naiz.

Gipuzkoan azpiegitura berriak lantzean ari dira. Zer iritzi duzu erraustegiaren auziaren inguruan?
Hasteko, denok sortzen ditugu hondakinak eta horiei konponbidea eman behar zaie. Ingurumenari nahiz eraginkortasunari dagokionean, errauskailua baino alternatiba hobeagorik ez dago. Alternatiba bilatu da eta erakundeek irtenbidea errauts planta eraikitzea dela erabaki dute, erabakia eztabaida sakona burutu ondoren hartu da, baita berau non kokatu ere.

Errauskailua eraikitzen den tokiko herritarrek ez dute ontzat hartzen...
Nonbait kokatu behar da eta kokapen irizpideak guztion interesari erantzun behar dio.


Errauskailua bai, baina alkatea jeltzale ez den herri batean ikusi dute batzuek: Errenterian, Donostian, Lasarte-Orian...
Era honetako erabaki bat hartzen denean alderdi interesak ez baino herritar guztion interesak begiratu behar dira.


Bestalde, Euskal Y proiektuak gatazkak eragin ditzake Gipuzkoan. Horrek ez al zaitu kezkatzen?
Alderdi politikoaren gehiengoa eta gizarte zabalaren gehiengoa azpiegitura hau gauzatzearen aldekoa da. EBk Euskal Y edo AHT merkantzietarako ere izatea eskatzen du, azpiegitura orduko 220 kilometroko abiaduran joateko izatea. Diputazioko gobernuaren ardura hartzeko gidatzen dudan taldean mugikortasun plana lantzen ari gara, garapen jasangarriari eusteko garraio kolektiboa eta publikoa beharrezkoa ikusten dugu, eta horiekin batera AHT eta itsas garraioa; AHT behar-beharrezkoa da. Europako azpiegitura hoberena izango da eta gizartearen %80a alde dago.

Azkenik, Pasaiako kanpoko itsasportuaz zer iritzi duzu?
Ingurumen legeak eskatzen dituen parametroak betez egin behar da, baita halaxe egingo ere. Euskal Y eta Pasaiako kanpoko portua etorkizuneko garapen jasangarria ziurtatzeko beharrezkoak dira, bai Euskal Herrian bai garapen jasangarria aurrera eramaten ari diren herrialdeetan ere. Trenbide, errepide zein itsas-garraio azpiegiturak argazki beraren barruan ikusi behar ditugu. Adibidez, Europak 2012rako kamioeei ordain-saria kobratzea erabaki du trenbideko garraioa konpetitiboa bihurtzeko. Gaur egun, karga bat eskatzen duzu Bartzelonan arratsaldean, eta bihar goizerako Gipuzkoan duzu 300 euroren truk. Errepideetako garraioa oso merkea da, trenaren eta itsasoaren bidezko garraioek lehia egin behar diote errepidekoari, konpetitibo bihurtu behar dugu. Horrek kamioi kopuru handia errepidetatik ateratzen lagunduko luke.

Onintza Irureta

Ikasleekin egon gara gu; laugarren mailakoekin euskaraz aritu gara eta ondoren, hasiberriekin hitz egin dugu gazteleraz, euskara zergatik ari diren ikasten galdetzeko. Bidelagun izan dugu Alvaro Ravelli irakaslea.

Rosa María Verdes Miranda de Ebrora ezkondu zen barakaldoarra da. Araban irakasle aritu zen garaian euskara behar zuen lanerako. Orain, haren beharrik ez duen arren, gehiago ikasi nahi du eta Hizkuntza Eskolako laugarren mailan dago. Badaki aukera gutxi duela Mirandan euskaraz aritzeko eta egindako saiakerak bertan behera geratu zaizkio. Bere haurrari euskaraz egiten saiatu zen eta parkean «erabat harrituta» begiratzen omen zioten. Lesakar auzokidearekin beste hainbeste egin nahi izan zuen eta gauza bera gertatu zitzaion, gainerako auzokideak «harrituta». «Harrituta» horrek zer esan nahi duen galdetu diogu: «Batzuk Euskal Herriarekiko oso aldekoak dira eta beste batzuk guztiz kontrakoak. Dena dela, orain jarrera zabalagoa da».

Cecilia Pérez bilbotarra da eta hogei urte baino gehiago dira Berantevilla herrian (Arabako Añanako Kuadrila) bizi dela. Ez du behar euskara, ez lanerako, ez Mirandan ezta Berantevillan ere, gustatzen zaiolako ari da ikasten. 15 eta 9 urteko alabak ditu eta nahiz eta Miranda de Ebron ikasten duten -legez euskarak ez du tokirik- irakasleari esker euskara pixka bat ezagutzen ari dira. Pérezek aitortu digu, alaben lagunak ikastolara joaten badira ere, alabek euskara ikasteko kuriositaterik ez dutela. Mirandarrek euskara hezkuntza sarean ikasteko Araban gertueneko aukerak honakoak dituzte: Ribabellosako eskola publikoan B eredua, Bastidan ikastola eta Argantzunen haur txikientzako euskarazko lerroa, pribatua.

Mari Carmen Silvariño Gasteizen bizi den bilbotarra da. Euskara ikasteari utzita egon ondoren, berriro heldu nahi izan dio, eta Gasteizko Hizkuntza Eskolan tokirik gabe geratu denez bera eta lagun bat Mirandara doaz eskolak ematera. Mirandan baino aukera gehiago du euskaraz aritzeko Gasteizen eta okasioak probesten ditu.

Nahiz eta guztien berri hemen eman ez, laugarren mailako bost ikaslerekin hitz egin dugu eta bostak jaiotzez bizkaitarrak edo arabarrak dira. Horietako batzuk ez dira bizi Mirandan, inguruko herrietan baizik. Horrelakoa da Miranda de Ebro. 40.000 biztanleko herri horretara jende asko joan da lan bila, batik bat industrian aritzeko. Mirandar askok berriz, Gasteiz aldera jo du EAEko gune administratiboaren erreklamoan, funtzionario postuak lortu nahian. Ondorioz, Ravelliren ikasle da Mirandako azukre fabrika ospetsuko langilea, Osakidetzako oposizioak prestatzen ari dena, eta mirandarra izan arren, Gasteizen unibertsitatean ari den ikaslea.


Hasiberrien arrazoiak euskara ikasteko

Lehenengo mailako ikasleen gelara egin dugu salto eta banan-banan galdetu diegu ea zergatik ari diren euskara ikasten. Erantzunak kolore guztietakoak. Ribabellosan bizi den Bego Gómez bilbotarrak lanerako behar du euskara. Cristina Núñez mirandar abokatuak oraingoz ez du behar euskara lanerako, baina Gasteizen lana egiten duenez, badaezpada hasi egin da. Maca Zarzosa mirandarrak frantsesa ikasteko asmoa zuen, «erabilgarriagoa» delako -zeharka begiratu diote ikaskideek, gordin esan duela iritziz edo-, baina lehengusuak bultzata euskarari heldu dio. Manu Morán ikasle helduena da, jubilatua, Leongo La Bañezakoa. Euskal Herriarekiko zorra aipatu du. Langile jendeak lortutako ongizatea, neurri batean, euskaldunoi zor omen zaigu eta hori nolabait ordaintzeko euskara ikastea erabaki du. Euskara zapalduari zerbait ekarri nahi dio, nahiz eta ikasitakoa ahaztu egiten zaion eta iazko lehenengo mailako azterketa ez duen gainditu. Luis Valencia mirandarrak bertako azukre fabrikan egiten du lan, ez du behar ez, euskara lanerako. Araba bertan dagoela gogorarazi du, euskal kultura gustatzen zaio eta euskara ere bai. Euskarak duen estigma negatiboa aipatu du eta hori gainetik kenduta aurrera egingo duela dio. Gasteizko Maite García Ribabellosan bizi da eta dakien euskara apurra Gasteizen ikasi zuen A ereduan. Senitartekoak ditu euskarari alergia diotenak, baina berak argi du, egunen batean haurrak izaten baldin baditu euskaraz hitz egitea nahiko luke. Eta Michele Martínez irlandarrak gaztelania ikasi nahi zuen Hizkuntza Eskolan. Gaztelania ez baina euskara irakasten da Mirandako Eskolan eta izena ematea erabaki zuen. Badaki mugan bizi dela eta ingeles irakaslea izanda oso litekeena da biharko egunean euskara behar izatea. Lagunek ohartarazi omen zuten: «Euskara oso zaila da, zoratuta zaude!».

Daniel Udalaitz

Hipotekak gero eta garestiagoak dira. Hain zuzen, gazteei eragingo die gehien, batez ere beraiek erabiltzen baitute mailegu hipotekarioa lehenengo etxebizitzaren erosketa finantzatzeko. Horixe ondoriozta daiteke adituek epe motzera egindako azterketa eta aurreikuspenetatik. Horiek horrela, epe motzean hipotekak 1.300 euro arte igo daitezke urtean, 2007-2008 urteetan Euribor indizea 1,50 euro igotzen bada. 2006ko amaieran %4koa zen Euriborra eta aipaturiko igoera hori gertatzen bada, %5,11koa izango da Espainiako Hipoteka Elkarteak (EHE) egindako aurreikuspenen arabera. Euriborra zer den eta azken urteetan nola garatu den jakiteko, irakurleak ondoko orriko koadroan azalpen txiki bat aurkituko du.

Kontuan izan behar dugu kreditu hipotekarioen %98,15ek interes-tasa aldakorra dutela, eta %1,9k interes-tasa finkoa. Interes-tasa aldakorren artean, Euriborra izan zen hipotekak egiterakoan erabiliena, eta kontratu berrien %83,7tan erabili da. Datu horiek ofizialak dira eta Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (EIN) argitaraturikoak.

2007tik aurrera, ordea, hein batean, hipotekak ez dira horren garestiak izango. Hipoteka aldatzea -interes aldakorretik finkora edo alderantziz- edo beste banketxe batera eramatea -errentagarriagoa delako- merkeagoa izango da. Izan ere, urte honen erdialdea baino lehen indarrean sartuko den lege baten arabera, mailegu bat epea amaitu aurretik kitatzeagatik banketxeek eta kutxek bezeroei kobratzen dieten komisio maximoa %1etik %0,5era murriztea aurreikusten du Espainiako Gobernuak. Notariotzako eta erregistroko gastuak ere %40 murriztuko dira hipoteka kitatu, aldatu edo subrogatzen denean.


Mailegu hipotekario berrienak, garestiago

Epe motzean, mailegu hipotekario berrienak, hau da, 2002tik kontrataturikoak, garestituko dira gehien. Urtean 900 eta 1.200 euro artean garestituko dira, litekeena delako Euriborra 1,5 puntu igotzea, eta batez beste 0,75eko diferentziala izango dutelako. Kontrataturiko hipoteka zenbat eta zaharragoa izan igoera hori ez da horren handia izango. Horiek horrela, 1997 eta 2001 urteen artean formalizaturiko mailegu hipotekarioak 500 eta 800 euro artean garestituko dira urtean. 1997. urtea baino lehen kontrataturiko maileguak, berriz, 500 euro baino gutxiago garestituko dira urtean.

Espainiako Hipoteka Elkarteak egoeraren aurreikuspen ezkorragoa egin du, kuota hipotekarioak kalkulatzeko ohiko erreferentzia indizeak epe ertain edo luzean -bi eta sei urte artean- Europako Diru Batasuna sortu zenetik izandako maila handienera iristen badira (6,390). Hori gertatuko balitz, hipotekak 1.800 euro garestituko lirateke urtean. Elkarteak egindako kalkuluen arabera, kalte gehien mailegu berriek jasango lukete, urtean 1.200 eta 1.800 euro artean garestituko lirateke eta. 1997 eta 2001 urteen artean kontrataturikoak 700 eta 1.000 euro artean garestituko lirateke, eta zaharragoak, gehienez ere 700 euro urtean. Aurreikuspen horien arabera, hilabete honetan batez beste 137.000 euro inguruko hipotekaren bat kontratatzen dutenek, 26 urteren buruan itzultzeko, egungo tasekin 8.271 euro ordainduko dituzte urtean. Kopuru hori 10.290 eurokoa izatera iritsi daiteke epe motzean, eta 10.826 eurokoa epe ertain eta luzean.

Bankuak eta Aurrezki Kutxak dira kredituen politika honetako onuradun nagusiak. Hain zuzen, 2006an bankuko kontuetan kreditu hipotekarioak hazi dira gehien. Eta hari horretatik, bankuen eta aurrezki kutxen irabaziak hipotekak garestitu direlako handitu dira. Espainiar Estatuko bost banku talde handiek (BBVA barne) 12.892 milioi euro irabazi zituzten lehenengo bederatzi hilabeteetan -2005ean baino %41 gehiago- eta Espainiar Estatuko Aurrezki Kutxa guztiek -euskal aurrezki kutxek barne- 6.234 milioi irabazi zituzten -2005ean baino %33 gehiago-.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan