Xipri Arbelbide
Hautsiak ala ez, negoziaketak? Madrilgo atentatuak hausten ez baditu, zer beharko da? Hitzek zerbait erran nahi baldin badute... Nork hautsi ditu? Aski da ikustea noiz hautsi diren.
Entzun dugu Espainiak deus ez diola eman ETAri, su-etenaren truke. Uste genuen presoak hurbilduko zituela. Ez dira hurbildu. Horrek ez du meniaren haustea justifikatzen. Eta ez dakigu zuzen zer pasatu den, denen isilean, Espainiaren eta ETAren artean mahaien inguruan. Zurrumurruekin gaude.
Egia ote liteke PSE, EAJ eta Batasunak bat egina zutela EAE eta Nabarrak izan behar zuten estatutuaz, ez baita guti? Bat egin eta, ondoko bilkuran, Batasunak hitza jan duela? Nork manaturik? ETAk ote?
Nor da ETA? Duela 40 bat urte ezagutzen genituen. Bagenekien nor zen burua, biltzar nagusiak bazirela: ETA IV (1965), ETA V (1966), ETA VI (1970)... Baina orain, nor da ETA? Gaurko Biltzar nagusia Biltzar Ttikian mugatzen ote liteke? Batere biltzar ttikirik baldin bada.
ETA sortu zelarik, eman zuten arrazoietarik bat, erbestean bizi eta EAJkoek ez zekitela gehiago nolakoa zen Euskal Herria. 1936an ezagutu zuten hartarik oso aldatua. Zakur ehizorrek setiatua, azeria bere zulo zoko-zokoan bezala, Limoges edo Cahors aldeko etxe zenbaitetan bizi, jendeekin ahal bezain harreman gutirekin, hartuak izateko beldurrez. Gaurko ETAkoek ba ote lekikete zer den egungo Euskal Herria?
Demokrazia derasate aho beteka. Herriaren nahiari jarraikitzen ote zaizkio? Zer nahi du herriak? Atentatuak, ala bakea? Aburu ikerketek salatzen digute %5 dela borroka armatuaren alde. Demokraziak ez ote du eskatzen %95 horren nahiari plegatzea?
Armada delarik buru, ez gara demokrazian, baina diktaduran, armada izan dadin Stalin, Pinochet ala ETArena.
Zurrumurruetarik ariko naiz berriz ere, inork ez baitezake izan mamu baten berri zuzenik. Delako Biltzar Ttikia zatitua liteke: burua(k) meniaren alde, komandoa(k) borroka armatuaren alde. Ez dut behin ere konfidantzarik izan armadetan, are gutiago, kaboek beren burua jeneral egiten dutelarik. Euskal Herrian baizik ez da horrelakorik ikusten.
Kontsola gaitezke: diktatura militar guztiak demokraziarako bidean dira. Francorena 40 bat urteren buruan erdi zen. Pinochetena 18ren buruan. 48 urteko ETA esperantzetan dela! Noiz sartuko da bada demokrazia erdiminetan? Baina nork sinetsiko du laugarren menia bat aipatuko duelarik?
Xabier Sarasua
Beste batzuek aspaldi egina genuen bideari helduz, Batasunak urrats garrantzitsua eman zuen Anoetan, eta ETAk bide eman zion aukera horri. ENAMek ordea berak bakarrik jokatu nahi izan du partida PSOEren Gobernuarekin, gainerako euskal eragileekiko elkarlan bidetik saiatu ordez. PSOEk ez du erantzukizunez jokatu, ETAk ez dio eutsi, bataila PPk irabazi du, oraingoz. Palatek eta Estaciok galdu dute -horiek betiko-.
Herritarrok kokoteraino gaude. Dagokiguna nahi dugu eta lortu arte borrokatuko dugu. Dagokigun bakea, askatasun eta eskubideen gainean eta indarkeria oro baztertzeko jarreran eraikia. Bide politiko hutsen garaia da, eta herri eskubideak lortzeko herri-estrategiaz jardutekoa, herri eskubideak estatuei atera egin behar baitzaizkie. Horretarako baina, gizarte zibilak hartu beharko du ekimena, egiazko bake eta normalizazioaren alde elkarlan dinamikak bultzatzekoa; politikariak ez baitira horretarako gai beren kabuz.
Hona, beste adibide argigarria. Urte eta erdiz euskal preso politikoen aldeko lan dinamika bateratua martxan jarri nahian jardun dugu hainbat eragile politikok, ia hamabostean behin bilduz. Preso eta senitarteen aurkako politika hiltzailea berehala amai zedin presio sozial indartsua eragitea zen lehen helburua. Ezker Batuak (EB) ez du parte hartu nahi izan. PNVk elkarlanerako dinamikatik kanpo geratzea erabaki zuen abuztuan, aldi bere-tik, ezinean ibili da EA, gainerakoon dinamika motelduz eta zailduz, abendua n elkarlanean ez sartzea erabakitzeko. Batasunak ere atzera egin zuen, EA gabe elkarlana abiatzeak balio handirik ez zuela argudiatuz. Aralar, Zutik eta ABko ordezkariok, ezinean eta triste, ezin inorekin elkarlanari ekin. Presoen, De Juanaren eta senideen egoera bidegabea konpontzeko indarrak metatzea eta gizarte-kontsentsu eta presioa bultzatzea ez da lehentasuna izan politikari horientzat, neroni lekuko. Hori da errealitate krudela.
Horregatik, gizarte zibilaren txanda da orain: Lokarri, Euskaria, Ahotsak eta gainerakoak, ekin elkarlanari! Denen artean martxan jarri beharreko ekimenak elkarrizketa dinamikak behar ditu batetik, eta mobilizazioak bestetik. Ekimen horrek indarkeria guztiak amaitzea eskatu beharko lieke ETAri eta Gobernuei, eta Euskal Herriarentzat baldintza demokratikoak eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu. Indarkeria desagertuta euskal herritarrok jarri beharko dugu ados erabakitzeko eskubidea nola gauzatu, inori baimenik eskatu beharrik gabe. Etsipenari lekurik ez, ekin!