Onintza Irureta
Pragako gida turistikoa euskaraz
Pragako Gida Laburra V Ráji argitaletxeak kaleratu du abenduan. Euskarazko itzulpena egiten aritu da jatorri euskalduneko Violeta Uribe itzultzailea. Aurki katalanezko bertsioa kaleratuko dute.
Eusko Jaurlaritzako euskararen egoerari buruz galdetegia
Tiraka izeneko bloga Eusko Jaurlaritzan lan egiten duten hainbat euskaltzalek abian jarritako ekimena da. Euskara lantokian bultzatzea dute helburu eta duela gutxi, bertan euskararen egoera nolakoa den jakin nahian, hainbat euskaltzaleri galdetegia bidali die. Hemezortzi erantzun jaso dituzte eta irakurtzeko moduan daude (http://tiraka.blogspot.com/). Oraingoz, erantzun horien baloraziorik ez dute egin blogeko arduradunek.
«Agur Xiberoa», haurrek egindako aldizkaria
Hiruhilabetekaria Ikas pedagogi zerbitzuak sustatu du. Zubereraz idatzitako kazeta Zuberoako bi ikastola eta zortzi eskola elebidunetako lehen mailako ikasleek egingo dute.
Jaurlaritzaren hizkuntz ereduen proposamena
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak otsailean aurkeztuko du EAEko ikastetxeetan erabiltzen diren hizkuntz ereduak aldatzeko proposamena. Batean eta bestean eredu proposamenak asko izan dira, gehienak, euskara indartzeko intentzioz. El Diario Vasco eta El Correok argitaratu dutenez, Hezkuntza Saila honako lau proposamenak ari da aztertzen: D eredua eskola guztietan (beharrezko doikuntzekin), oraingo eredua baina A ereduan euskara indartuta, hirueleduna (erdia euskaraz, laurdena gaztelaniaz eta beste laurdena ingelesez) eta azken proposamenaren arabera, eskolek autonomia izango lukete eredu propioa diseinatzeko.
Udalerritako hizkuntza politiken neurketa
Kontseiluak iaz 66 udalerritako hizkuntza politikak neurtu zituen eta orain, Udalerrien hizkuntza-politikaren neurketa izeneko argitalpena kaleratu du eta datuen alderaketak egiteko modua dago webgunean (www.kontseilua.org/udalneurketa).
Xabier Letona
ITSUA BEHAR DA IZAN ez ikusteko euskal gizarteak ETAri borroka armatua alboratzeko exijitzen diola. Eusko Jaurlaritza eta Ibarretxe lehendakaria ETAren aurkakoak direla badakigu, ez da manifestazio deialdi bakoitzean etengabe errepikatu beharrik. Edo bai, hala nahi bada, baina ez ezinbestean. Horrexegatik, Bakea eta Elkarrizketa leloa hautatu zutenean, argi zegoen manifestazio desberdina egin nahi zela, ez ETAren aurka egin diren ohiko horietakoak, ezker abertzaleko jende multzo handia ere erakarri nahi zela alegia.
Lelo aukera berriak bi hipotesi iradokitzen zituen: bat, jasandako presioen ondorioz, lehendakaritzak ez zuela indarrik izan lehenengo leloari eusteko; bi, hasieran kalkulu txarra egin zuela eta, beraz, egoki ikusi zuela lelo aldaketa. Zilegi da aldatzea, ez aldatzea bezain zilegi, baina aldaketa aitortuta. Zilegi ez dena da sinestarazi nahi izatea manifestazioaren lehenengo planteamendua eta azkena berberak zirela. Ibarretxe lehendakariak, bere lehendakari ibilbidean ez bezala, ahuldadea eta noraeza erakutsi ditu Bilboko manifestazio deialdiaren kudeaketan.
GIZARTEAREN PARTEHARTZEA da alderdietako buruzagien ahotan etengabe entzuten den lelo nagusienetakoa, baina gaur egun arteko jardunak erakusten duena guztiz kontrakoa da. Luze eta zabal egin beharko litzateke berba gizartearen partehartzea zer den eta nola egituratu beharko litzatekeen zehazteko, baina Barajasko atentatura arteko bederatzi hilabeteetan gizartearen partehartze horri eman zaion garrantzia hutsala da. Alderdiek beren sukaldetan egositakoak irentsi dituzte herritarrek, besterik adierazteko aukerarik gabe. Eta herritarren partehartze handiagoa nahi bada, gertatzen denari buruzko informazio zehatzagoa ere eman beharko da, azken finean herritarren funtzio nagusia bultzagile eta berme izatea baita. Horretarako ezinbestekoa da irtenbidearen oinarriak argi jartzea, herritarrak hauez ondo jabearaztea eta horien alde bideratzea.
Oinarriez jardunda, ezin da ahaztu Bilboko manifestazioan egon zirenek, ETAri indarkeriaren amaiera exijitzeaz gain, bakea elkarrizketaren bidez lortzeko apustuaren alde egin zutela. Bakea eta elkarrizketa direla, datozen hilabete eta urteetako jarduera politikoaren oinarriak. Hala direla sinestuz gero, bi zutabe nagusi horien azpian dauden oinarriak zehaztera ekin beharko liokete berriz alderdiek, eta herritarrak ere oinarri horien ingurura bildu. Mobilizazio horretarako, aldiz, alderdiek gizarte eragileei leku egin beharko liekete, gizartea indarrez mugiarazteko ezinbesteko tresna dira eta. Eta jakin dezala oinarri horien gainetik jauzi egiten duenak, dagokionean herritarrek faktura pasatuko diotela.
SINESGARRITASUNA ETA konfiantza dira orain eragile politikoen artean berreskuratu beharreko bi jokabide nagusiak. Su-etenaren hausturak ETAren su-eten eredu berria jarri du mahai gainean: aldian behin apur daitekeen su-eten iraunkorra. Kontraesana agerikoa da, baina hori da dagoena. Une honetan Batasunak bakarrik ematen dio sinesgarritasuna eredu horri, publikoki bederen. Laster ikusiko da elkarrizketarena aipatzen den bezain sendo erabiltzen den, hala bada, egongo diren errepresio eta indar agerpenen jardueren aurretik egon beharko baita.
Jose Luis Rodriguez Zapateroren igandeko «El Pais»eko elkarrizketa luzea irakurrita -eta boluntarismo apur bat jarrita, dena aitortu behar da-, bada baikortasunerako heldu lekurik. Orain arteko saioa itxita dagoela zioen Zapaterok, baina polizi irtenbide soila ere argi baztertzen zuen zokoratzeko asmoz behin eta berriz egiten zizaizkion galderak erantzutean.
Biolentziarekin amaitzeko bide politikoez jardun zuen eta elkarrizketarenak badu lekurik saski horretan. Politika berri hori zertan gauzatuko den ez dago garbi, baina PSOE eta EAJ giltzarri izango direla bai. Espero dezagun jardun horren oinarria ez izatea ENAMen isolatzea bultzatuko duten tresnetara itzultzea. ENAMek berak ere, dena den, bizi duen zokoratzeaz gain, autozokoratzeko bidean ez sakontzen asmatu beharko du. Su-eten bitxi honek oraindik ematen du aukerarik. Oraindik ez gaude eszenatokirik txarrenean.
Juan Mari Arregi
Duela gutxi, Bielorrusiatik igarotzen den errusiar petrolioaren hornidura Poloniara eta Alemaniara moztu egin zuten. Antzeko zerbait gertatu zen iaz Ukrainiak gas errusiarraren hornidura Europara moztu zuenean. Ekintzok (Europako energia-ahultasuna agerian uzten omen dute) Europar Batasunak energiaren etorkizunari buruz hitz egiten hasi nahi izan duenean gertatu dira. Antzeko gertaerak izaten direnean bezala, lobby-ak edo presio talde nuklearrak (eragin nabarmena dute Europar Batasunean eta komunikabideetan) dagoeneko hasi dira energia nuklearrera jo behar dela tematzen. Alemaniako presidentetzatik bertatik berriz piztu da luzamendu nuklearraren eztabaida. Bere zentral nuklear guztiak 2021era artean ixten joango dira, eta Europar Batasunean bertan berriz piztu nahi da eztabaida bera. «Lobby atomiko» boteretsu horien aurrean, desiragarria litzateke energia berriztagarrien alde egingo luketenak aurkitzea, garbiagoak eta ziurragoak eta klima aldaketaren aurrean jasangarriagoak. Bere garaian luzamendu nuklearraren erantzuleak, Jurgen Tritin Alemaniako ministro ohi berdeak, egungo Alemaniako presidenteari zera esan dio: «Uranioarekin ezin dira etxeak berotu ezta autoak mantendu ere. Ez dakit zer darabilen buruan Merkel andreak, orain bere auto ofizialeko depositoan uranioko paketetxo bat sar dezakegula pentsatzen badu». Eta, gainera, non dago konponbide iraunkorra hondakin nuklearrak kudeatzeko?