Lehenik, zehaztu dezagun apur bat Contemporary African Art horrek barnean biltzen duena, horrelako kontzeptu orokorrek beti behar izaten dute-eta azpitituluren bat. Bilduma honek ez du Afrika bere osotasunean hartzen, Saharaz hegoalderako herriak baizik. Ez ditu lan egitera edo bizitzera beste kontinente batzuetara joandako artistak biltzen, guztiak Afrika beltzean jaio, bizi eta lan egiten dutenak dira. Ez du Hego Afrikako artistarik ere hartzen bere baitan, bildumatzailearen hitzetan, hauek Europarregiak omen direlako. Eta bere helburuen artean ez omen dago Afrikako arte garaikidearen joera guztiak ordezkatzea, bilduma pribatua izanik, aukeraketa pertsonal, subjektiboa baino ez da.
Espresio bide bezala pintura, eskultura, instalazioa, argazkia eta bideoa erabiltzen duten 15 herrialdetako 25 artisten lanak ezagutzeko aukera ematen digu Bilboko erakusketak. Guztiak XX. mendean Afrika beltzean jaioak eta gehienak oraindik bizirik daudenak; guztiak beltzak eta gehienak (bat izan ezik) gizonezkoak; batzuk nazioartean (Europa eta Ipar Amerikan, alegia) ospea lortu dutenak, beste batzuk aldiz, gehiengoarentzat ezezagunak. Beraz, gaur egun Afrikan egiten den artearen zatitxo bat da %100 Afrika.
Sorpresa handirik ez
Orokorrean, egunerokotasunak dakartzan arazoetatik gertu dauden artistak dira, Afrikako lurralde gehienek sufritzen dituzten arazoen gainean gogoetan dihardutenak. Tradizio kulturala eta bizimodu modernoaren arteko talka edo elkarbizitza da erakusketan zehar etengabe agertzen zaigun gai nagusietako bat, berekin dakartzan azpi-gai anitzetan irudikaturik: giza harremanak, belaunaldi arteko etena, material berriekin egindako objektu tradizionalak (maskarak, kasu), HIESa, biolentzia, eta abar. Aipagarria da bestalde, kolektiboak edo taldeak duen garrantzia. Artista gehienek, indibidualtasuna albo batera utzirik, gizarteari, giza talde bezala, eragiten dioten gaiak jorratzen dituzte. Formalki oso erakusketa figuratiboa da, ia narratiboa. Esanahiak, kritikak eta kezkak zuzenean heltzen zaizkio ikusleari. Orokorrean, nahiz eta Afrikan egiten den arteari buruz ez dakigun apenas ezer, erakusketak ez du ikuslea harritzen, espero duena ematen dio.
Gainetik dagoenaren begirada
Ehunka herri, kultura, hizkuntza, erlijio, eta abar biltzen dituen lurralde zabal eta anitza, bakarra eta homogeneoa balitz bezala tratatua izatea ez zait oso zuzena iruditzen. Erakusketan zehar nenbilela, museoek historian jasan duten bilakaeraz gogoetan jardun nuen. Garai batean, bildumazaleek munduan zehar bidaiatu eta urruneko lurraldetan aurkitutako bitxikeria oro ekartzen zuten, europarrek, «lehen munduan», gainetik dagoenaren kuriositatez begira zezaten. Egun, modan daude Afrikako arte garaikideari buruzko erakusketak (iaz ospatu zen Londresen Europan arte garaikide afrikarrari buruz sekula izan den erakusketarik handiena), Australiako aborigenen artelanek New Yorkeko arte galerietan izugarrizko arrakasta dute, eta guk mundu ezezagun horiei exotismoz eta ezjakintasunez begiratzen jarraitzen dugu. Ez dugu asko aurreratu beraz. Ikuspegi hau ezkorregia izan liteke, baina garai bateko kutsu paternalista bera hartzen diet %100 Afrika bezalako erakusketei, are gehiago erakusketaren antolatzailea Guggenheim Museoa bezalako erakunde estatubatuar erraldoia denean.
Argi gera bedi, dena den, erakusketaren kontzeptua bera dela kritikagarria iruditzen zaidana, ez artistak, ez eta beraien lanak ere. Garai batean emakumezko artistekin gertatzen zen bezala, artista afrikarrek ez dute beraien «afrikartasunaren» etiketa gainean eraman beste erremediorik, beren lanak Europan edo Ipar Amerikan erakutsi nahi badituzte. Teknologia berriek eta globalizazioak munduaren ikuskera erabat aldatu dute, baina gauza asko daude aldatzeke. Artista afrikarrek «besteak» izaten jarraitzen dute, urrunekoak, ezezagunak, exotikoak.
![]() |
|
||||
2071 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa