Jon Torner
Iparraldea antzerkiz blai
Urtarrilean zehar hamaika antzezlan eskainiko dira Iparraldeko aretoetan. Anamorphose taldeak, esaterako, Le Cid obra estreinatuko du hilaren 23an Baionako Antzokian. Frantziako literaturako obra klasiko hori Pierre Corneillek idatzi zuen eta 1637an taularatu zuten lehen aldiz. Laurent Rogero zuzendariak egokitu du. Aurrez, 18an, Teatro Deluiso konpainia alemaniarrak Familie Flöz lan berezia eskainiko du Baionan. Bestalde, Théâtre le Clou konpainiak Romances et Karaoke antzezlana taularatuko du hilaren 30ean Miarritzeko Kasinoan. Halaber, Gare du Midi Antzokian, besteak beste, Eric Emmanuel Schitten Oscar et la Dame Rose (10ean), Gérard Sibleyrasen Ih et Demie de retard (17an) eta Ray Cooneyren Stationnement Alterné (30ean) izango dira ikusgai. Herri txikietan ere antzerkiaz -eta dantzaz- gozatzeko aukera franko izango da. Izpuran, esaterako, Rêvolution hip hop taldeak Soli ikuskizuna eskainiko du hilaren 13an eta 14an; eta 23an, Besteak ez bezalako anai ttipia txotxongilo emanaldia izango da. Kontainer aretoa ireki dute Bilbon
Kontainer aretoa ireki dute Bilbon
Bilbon antzoki berria inauguratu dute Arrospide kalean: Kontainer. Sustatzaileek diotenez, bertako ekoizpenak bultzatzea eta arte eszenikoen esparruan Bilbon erreferentzia bihurtzea dira aretoaren helburuak. Bere ibilbidea lau emanaldirekin hasiko du antzokiak. Hilaren 13an Herdoktor Fleming konpainiak Los hermosos vencidos obra eskainiko du, 14an Popótamos taldearen Amor Desmadre izango da ikusgai, 18an Teatro Kapota mas nâo Breka brasildarren Ar-na-sa eta 19an Antzerkiola Imaginarioaren Ardoaz monologoa, Ander Lipus aktorearen eskutik. Emanaldi guztiak iluntzeko 20:00etan hasiko dira.
Milioi bat bisitari baino gehiago izan zituen iaz Guggenheimek
Bilboko Guggenheim Museoak milioi bat bisitari baino gehiago, 1.008.774 hain zuzen, izan zituen 2006an, urte hasieran egindako aurreikuspenak gaindituz. Guggenheim Museoak bederatzi urte bete zituen iaz eta bere historian bisitari gehien jaso duten erakusketen artean hirugarrena izan zen martxotik irailera zabalik izan zen Errusia! izenekoa. 620.000 lagunek baino gehiagok ikusi zituzten erakusketa horretan bildutako 800 artelanak.
Art Brut. Sormena eta eldarnioa
Donostiako Kursaal jauregian Art Brut. Sormena eta eldarnioa erakusketa paratu dute. Jean Dubuffet (1901-1985) artista frantziarrak asmatu zuen Art Brut terminoa artearen alor ofizialetik kanpo sortutako artelanak izendatzeko. Dubuffetek ezaugarri horretako obrak bildu zituen eta gaur egun Lausanneko Museoan gordetzen dira. Bilduma hori 35.000 pieza inguruk osatzen dute eta horietatik 81 izango dira ikusgai Donostian. Hamabi egile autodidaktek sortu dituzte. Erakusketa 2007ko otsailaren 28a arte egongo da zabalik. Informazio gehiago: www.artbrut.ch.
Galeuscan aurkeztutako hitzaldiak
Euskal Idazleen elkarteak iazko azaroan Iruñean egin ziren Galeusca topaketetan aurkeztutako hitzaldi eta ipuinak bildu ditu Tabua / o Tabú / el Tabú liburuan. Testuak euskaraz, galizieraz eta gaztelaniaz jaso dituzte.
Balet gaztea sortzeko diru-laguntza
Gipuzkoako Foru Aldundiak 51.000 euroko diru-laguntza emango du balet gaztea osatzeko. Dantzaz Elkartearen ekimenez abiatutako proiektu horri esker, 18 eta 22 urte bitarteko hamar gaztek dantzako prestakuntza jasoko dute. Lehiaketa publiko batean hautatu dituzten hamar dantzariek osatutako balet gazteak abenduaren 28an Miarritzen eskaini zuen lehen emanaldia. Hurrengoa Donostian eskainiko du, otsailaren 11n.
Zinarte 07
Gernikako Zinarte ikus-entzunezko jaialdiak Euskal Herriko sortzaile amateurrei zuzendutako lagin ibiltaria antolatu du aurrenekoz. Ekimenak ez du lehiaketa izaerarik eta parte hartzeko gehienez 25 minutu izango dituzten lan bat edo bi aurkeztu behar dira otsailaren 28a baino lehen. Aukeratutako obrak DVD batean bildu eta Euskal Herriko hainbat aretotan erakutsiko dituzte. Oinarriak www.zinarte.tk web gunean kontsulta ditzakezue.
Musikariak aktore
Arkaitz Basterrak zuzendutako Agian filma hilaren 26an estreinatuko da Hegoaldeko zinema aretoetan. Basterraren obra Zaharregia, txikiegia agian proiektuan oinarrituta dago eta Kirmen Uribe idazlea, Mikel Valverde marrazkilaria eta Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda musikariak ditu protagonista. Bostek New Yorkera egindako bidaia kontatzen du filmak.
Esteban Crespo madrildarrak irabazi du Irungo Gazte Zinema eta Bideo Lehiaketako zinema arloko film labur onenaren saria, Amar lanarekin. Bideo arlokoa Almeriako David Del Águilaren Desconocidos lanarentzat izan da. Euskal zuzendari onenaren sariak berriz, David Gonzalez algortarrak eta Jose Maria Rivero donostiarrak jaso dituzte, zinema eta bideo arloetan, hurrenez hurren.
Miriam García Pascual eskalatzaile nafarra 1990ean hil zen Himalayako Meru mendian. Espedizioa hasi aurretik Bájame una estrella liburua idatzi zuen. Desnivelek argitaratu zuen 1991n eta orain, euskarazko bertsioa kaleratu du, Eman izar bat izenburupean. Egilearen bidaia eta espedizioak ardatz dituen liburua Ruben Epelde Etxanizek itzuli du eta irudiak Mónica Serentillek marraztu zituen lehen argitalpenerako.
Andres Ortiz eta Luis Garagalza antropologoek Euskal Mitologia-Mitología vasca liburua argitaratu dute, Kutxaren babesean. Bi antropologoek euskal mitologiaren interpretazioa egin dute lan horretan. Josetxo Beriainek, Felix Gerenabarrenak, Jose Guimonek eta Joseba Zulaikak idatzitako hainbat testu ere jaso dituzte. Elena Odriozolak egin ditu marrazkiak.
Joaquín Resanok bere margolanak jarri ditu ikusgai Iruñeko Gotorlekuan, Pertsonak izenburupean, eguneroko bizitzaren isla diren erretratuak bildu ditu hilaren 21a arte zabalik izango den erakusketak. Gotorlekuan bertan, Alicia Otaegi iruindarraren artelanak izango dira ikusgai aipatu data bitartean.
Ruper Ordorikak Entzun! aldizkarian: «Ekoizpena kontzeptu abstraktua da entzulearentzat, baina oso garrantzitsua. Azken finean, soinua harrapatzea arte bat da, ezta? Horregatik, nik hartutako erabakia, norberak kantak bakarrik grabatzearena alegia, oso fuertea da, formalki behintzat (...) Nik neure kantuetan ere aspalditik behar izan dut kanpoko begirada hori, hemengoa ulertzeko. Baina hemengo munduaz ari gara, eta niretzako oso inportantea da hemengo jendearentzat baliagarriak izatea nire kantak».
Patxi Gallego komikigileak Normalak bagina bezala blogan: «Hori (flash back-ak...) narrazioaren estrategiak dira, denboraren egitura egileak nahieran moldatzeko aukera, azken finean. Zineman, komikian, eta baita literaturan ere horren aukerak izugarriak dira eta edozein istorio erakargarriagoa bilakatu dezakeela iruditzen zait. Asko gustatzen zait jolas hori, flash back-ak, elipseak, eta hori guztia, irakurleari (edo ikusleari) dribling bat egitea bezala da, bere arreta erne mantenarazteko».
Kirmen Uribek Nontzeberri web gunean: «Idaztea ofiziotzat dut, dudarik gabe. Nik uste dut idazlearen bizitzan bi sasoi daudela: sasoi bat formazioa da, eta horretan beharbada ez dakizu zer nahi duzun, eta esaten diozu zure buruari: 'beno, idazlea izango naiz', baina hasten zara, -neu behintzat oso lotsati- eta gero, bigarren fase batean sartzen zara, formazioa amaituta, eta idazten hasten zara serio, eta zure estiloa bilatzen hasten zara. Eta hori, jada, ofizioa da».
Juan Luis Baroja Collet artistak Berrian: «Oteiza eta Txillidaren eskultura oso lotuta dago espazioaren inguruko kezkarekin, eta gu ezin gara gure eskulturetan espazioaz bakarrik arduratu. Oteizak utzi egin zuen eskultura, eta Txillidak Tindaya-rekin amaitu zuen bere ibilbidea, oinarritzat hutsartea duen obra batekin. Guk harago jo beharra daukagu, eta obraren alderdi narratibo edo literarioez arduratzen gara, espazioari dagozkion alderdiez baino gehiago, nahiz eta espazioaz arduratzea ezinbestekoa izan eskultura egiten denean».