Nere Lujanbio
Lehenik, zehaztu dezagun apur bat Contemporary African Art horrek barnean biltzen duena, horrelako kontzeptu orokorrek beti behar izaten dute-eta azpitituluren bat. Bilduma honek ez du Afrika bere osotasunean hartzen, Saharaz hegoalderako herriak baizik. Ez ditu lan egitera edo bizitzera beste kontinente batzuetara joandako artistak biltzen, guztiak Afrika beltzean jaio, bizi eta lan egiten dutenak dira. Ez du Hego Afrikako artistarik ere hartzen bere baitan, bildumatzailearen hitzetan, hauek Europarregiak omen direlako. Eta bere helburuen artean ez omen dago Afrikako arte garaikidearen joera guztiak ordezkatzea, bilduma pribatua izanik, aukeraketa pertsonal, subjektiboa baino ez da.
Espresio bide bezala pintura, eskultura, instalazioa, argazkia eta bideoa erabiltzen duten 15 herrialdetako 25 artisten lanak ezagutzeko aukera ematen digu Bilboko erakusketak. Guztiak XX. mendean Afrika beltzean jaioak eta gehienak oraindik bizirik daudenak; guztiak beltzak eta gehienak (bat izan ezik) gizonezkoak; batzuk nazioartean (Europa eta Ipar Amerikan, alegia) ospea lortu dutenak, beste batzuk aldiz, gehiengoarentzat ezezagunak. Beraz, gaur egun Afrikan egiten den artearen zatitxo bat da %100 Afrika.
Sorpresa handirik ez
Erakusketa ikusgarria eta interesgarria da, dudarik gabe. Afrika aipatzean guztioi burura datozkigun kolore bizi eta indartsuak nagusitzen dira margolarien lanetan, material birziklatuak eskulturetan, erretratuak argazkietan. Ezberdina eta ezezaguna den orok pizten duen jakinmina pizten dio ikusleari eta ederra da estetikoki ohituta gauden horretatik urrun dauden lanen aurrean egotea, lan horiek zein testuingurutan sortu diren pentsatzea, eta bide batez, guretzat ezkutua den munduko zati horretan ere arte garaikidea badela deskubritzea.
Orokorrean, egunerokotasunak dakartzan arazoetatik gertu dauden artistak dira, Afrikako lurralde gehienek sufritzen dituzten arazoen gainean gogoetan dihardutenak. Tradizio kulturala eta bizimodu modernoaren arteko talka edo elkarbizitza da erakusketan zehar etengabe agertzen zaigun gai nagusietako bat, berekin dakartzan azpi-gai anitzetan irudikaturik: giza harremanak, belaunaldi arteko etena, material berriekin egindako objektu tradizionalak (maskarak, kasu), HIESa, biolentzia, eta abar. Aipagarria da bestalde, kolektiboak edo taldeak duen garrantzia. Artista gehienek, indibidualtasuna albo batera utzirik, gizarteari, giza talde bezala, eragiten dioten gaiak jorratzen dituzte. Formalki oso erakusketa figuratiboa da, ia narratiboa. Esanahiak, kritikak eta kezkak zuzenean heltzen zaizkio ikusleari. Orokorrean, nahiz eta Afrikan egiten den arteari buruz ez dakigun apenas ezer, erakusketak ez du ikuslea harritzen, espero duena ematen dio.
Gainetik dagoenaren begirada
Kontutan izan behar da bildumari europar batek, Europan, eta zergatik ez esan, europarrentzat (edo gehienez ere, Ipar Amerikarrentzat) osatutako bilduma batetaz ari garela. Alegia, Afrikako arte garaikidea «lehen mundu» honetatik begiratuta, baloratuta eta neurtuta jasotzen ari garela. Artistek beraien testuinguruan egin dituzte artelanak, beraiei interesatzen zaizkien gaiak landuz, baina horixe izan da Afrikan egindako bakarra, erakusketari dagokion gainontzeko guztia -aukeraketa, muntaketa, eszenografia, erakusketa laguntzen duten testuak, eta abar- europarrek egina baita. Geure buruari galdetu beharko genioke arte garaikide afrikarrari buruzko erakusketa bat nolakoa izango litzatekeen, afrikarrek beraiek, aukeratu, muntatu eta baloratua izango balitz.
Ehunka herri, kultura, hizkuntza, erlijio, eta abar biltzen dituen lurralde zabal eta anitza, bakarra eta homogeneoa balitz bezala tratatua izatea ez zait oso zuzena iruditzen. Erakusketan zehar nenbilela, museoek historian jasan duten bilakaeraz gogoetan jardun nuen. Garai batean, bildumazaleek munduan zehar bidaiatu eta urruneko lurraldetan aurkitutako bitxikeria oro ekartzen zuten, europarrek, «lehen munduan», gainetik dagoenaren kuriositatez begira zezaten. Egun, modan daude Afrikako arte garaikideari buruzko erakusketak (iaz ospatu zen Londresen Europan arte garaikide afrikarrari buruz sekula izan den erakusketarik handiena), Australiako aborigenen artelanek New Yorkeko arte galerietan izugarrizko arrakasta dute, eta guk mundu ezezagun horiei exotismoz eta ezjakintasunez begiratzen jarraitzen dugu. Ez dugu asko aurreratu beraz. Ikuspegi hau ezkorregia izan liteke, baina garai bateko kutsu paternalista bera hartzen diet %100 Afrika bezalako erakusketei, are gehiago erakusketaren antolatzailea Guggenheim Museoa bezalako erakunde estatubatuar erraldoia denean.
Argi gera bedi, dena den, erakusketaren kontzeptua bera dela kritikagarria iruditzen zaidana, ez artistak, ez eta beraien lanak ere. Garai batean emakumezko artistekin gertatzen zen bezala, artista afrikarrek ez dute beraien «afrikartasunaren» etiketa gainean eraman beste erremediorik, beren lanak Europan edo Ipar Amerikan erakutsi nahi badituzte. Teknologia berriek eta globalizazioak munduaren ikuskera erabat aldatu dute, baina gauza asko daude aldatzeke. Artista afrikarrek «besteak» izaten jarraitzen dute, urrunekoak, ezezagunak, exotikoak.
Pilar Iparragirre
Euskadiko Futbol Selekzioaren ernetzea kontatzen du zuen azken lanak. Arrazoiak?
Xabierrek talde hartako jokalaria izandako Kepa Areso ezagutu zuen, emaztearen familiakoa zelako. Hura hil ostean, haren alargunak Kepak idazten hasitako memoriak helarazi zizkigun. Haur eta gazte garaiko pasadizioez gain, lehenengo Euskadiko Fubol Selekzio haren nondik norakoak azaltzen zituen. Material oso interesgarria.
Nobela bat sortzeko adinakoa?
Han kontakizun baterako lehengaia bazegoen, baina ikuspuntu pertsonaletik abiatzean, istorio pertsonalistegia osatzeko arriskua antzeman genion, eta dokumentazio gehiago biltzen saiatu ginen. Joseba Gotzon kantariak (Euskal Selekzioaren historiari buruzko liburu bat egina du) laguntza paregabea eskaini zigun horretan.
Eta guztiarekin, zer osatu duzue?
Futbol talde haren historia amets ero baten istorioa da. Europako orduko potentziek Euskadiri gerran lagunduko ziotela espero zen, baina Hitlerri zioten beldurragatik, pasotismoa gailendu zen, eta denak besoak gurutzatuta geratu ziren, Francoren matxinatuek, alemaniar eta italiarren laguntzaz, legezko gobernua eraisten zuten bitartean. Edozein modutara, eta dena galduta zegoela jakin arren, bukaera arte dena eman zuten futbolari haien konpromisoaren berri eman nahi izan dugu. Gure lana, galtzaile batzuen istorioa da: euren lanean, futbolean, Europako onenetakoak izan ziren galtzaile batzuen istorioa, galtza motzetan ibili arren, borrokan ari zirela sentitzen zuten gizon batzuen istorioa.
Ez dadila
eguzkia sartu
Martin Etxeberria,
Xabier Etxeberria
Elkar
240 orri.
16,75 euro
1937 edo Euskadiko Futbol Selekzioa sortu zenekoa
1936ko Gerra aurretik futbol jokoan nabarmendu ziren hainbat jokalarik osatu zuten aurreneko Euskadiko Futbol Selekzioa. Gerrako lubakietatik atera eta Europan zeharreko futbol zelaietara eraman zituzten gazte haiek, euskal haur errefuxiatuentzat dirua biltzeko eta Euskal Herriak Espainiako Errepublikaren aurka altxa ziren matxinatuen aurka zeraman borrokan nazioartearen konpromisoa pizteko asmotan, gure lurrean bizi zen egoera Europan azalduz, orduko potentziek (Frantzia, Erresuma Batua, Errusia...) Euskadiri eta Espainiako Errepublikari gerran lagunduko ziotelakoan. Gogoa eta bihotza erdibituta, hura guztia frontetik ihes egitea ez ote zen sentituz abiatu zirenak Kepa Areso, Serafin Ahedo, Langara Tanke, Roberto Etxebarria, Josetxu Txato Iriragorri, Luis Regueiro, Emilin, Blasco, Pablito, Ciriaco, Kuki Bienzobas, Zilaurren, Mugerza, Gorostiza eta Larrinaga izan ziren, besteak beste. Etxeberria anaien artean osatu duten Ez dadila eguzkia sartu izenburuko nobelan, «Euzko Ostikalarien» historia oinarri hartu eta haien nondik norakoak azaltzen dira, etsaien zitalkeriak eta maitasunaren korapiloak ere zeresan dezente duten istorioan.
Mayi Tolosa
Haur eta gazteentzakoa da ziur aski euskal literaturaren alorrik emankorrena. Oso genero aberatsa da gurean eta azken urteetan asko garatu da gainera. Sarritan ordea, literatura mota horri atxikirik doan figura bat ahazten dugu: ilustratzailea.
Etxeko gazteenei zuzendutako ipuin eta istorioak ez lirateke gauza bera izango alboan dituzten irudirik gabe. Haurtxoek marrazkiei begira pasatzen dituzte liburuen lehen orrialdeak eta horiei esker jartzen dira letren munduarekin harremanetan euren irudimentxoari hegoak zabaltzen dizkieten bitartean.
Euskal Herrian asko dira zeregin horretan ari direnak eta horietarik ehundik gora dira profesionalak. Hori dio Euskal Irudigileen Elkarteko kide den Dani Maizek.
Ilustratzaile bakoitzak bere estiloa eta egiteko modua ditu. Diziplina ezberdinetatik etorriak dira gainera: batzuk arte eskoletatik irteten dira, beste batzuek arkitektura ikasi dute eta askok urteetan garatutako gaitasuna erabiltzen dute euren irudiak egiteko.
Testuen apaingarri hutsak baino gehiago
Ilustratzaile batzuk oso ezagunak dira, joan den urtean zendu zen Asun Balzola kasu, baina beste batzuen sinadura, liburu azalaren izkina batean ezkutatuta geratzen da eta gutxi batzuk besterik ez dute ikusten.
Hori da Elena Odriozolak sentitzen duena: «Ilustrazioak testua apaintzeko baino balio ez duela uste dute askok eta ez da hala, bi gauza ezberdin dira eta biek balio berbera dute».
Odriozolak dioenez, berak istorioa goitik behera irakurri ondoren sortzen ditu irudiak, bakoitza banan bana, ezin baitu ikusten ez duena marraztu. Horregatik, berak idazleari zein titulu jarri behar duen esaten ez dion bezala, besteek ere bere marrazkiak errespeta ditzatela eskatzen du.
Ilustratzaile donostiar honek artea eta dekorazioa ikasi zuen, urtetan publizitatean aritu zen eta orain dela 9 urtetik ilustratzaile lanetan ari da. Lana betidanik gogoko izan duela dio baina orain inoiz baino gustu gehiago hartu diola. Gainera, joan den urteko ekainean bere lehen sari garrantzitsua jaso zuen: Espainiako Kultura Ministerioak 2006an estatuan egin diren haur eta gazteentzako ilustraziorik onenei ematen dizkien sarien artean bigarrena hain zuzen ere.
Haurrak ez dira tontoak
Hala ere, marrazten duenean ez omen du haur eta gazteentzako marrazten: «Nik niretzat marrazten dut, niri gustatzen zaidana. Noski, testua 5 urteko ume batentzako idatzi bada, irudiak ere sinpleak izango dira, baina nik ez dakit benetan 5 urteko ume bati zer gustatzen zaion, niri zer gustatzen zaidan baino ezin dut jakin».
Ilustrazio lan oparoa egin duen Mikel Valverdek dioenez, haurrek tontotzat ez hartzea eskertzen dute. Gai serioak gustatzen zaizkie, era sinplean azalduta, eta argi dauka oraindik irakurtzen ikasi ez dutenei irudien bitartez gauza asko kontatu eta irakatsi ahal zaizkiela.
Gasteizko ilustratzaile honen ustez askori hori falta zaigu oraindik: ez dugu irudiak irakurtzen ikasi, nahiz eta egunero mordo bat ikustera ohitu garen. Horrexegatik «irudiaren aroa» bizi dugun ustea okerra iruditzen zaio.
Estudiotik mundu osora
Irudiaren aroan ez bada, ordenagailuenean bizi gara dudarik gabe. Horregatik, Valverdek, Odriozolak ez bezala, lapitza eta pintzelaz gainera, ordenagailua jarri du etxeko lantokian. Hala ere, beste lan tresna bat bezala erabiltzen omen du, ez du bere lana horretara mugatu.
Biek ere, ilustratzaile gehienek bezala, etxetik egiten dute lan eta bertatik erantzuten diete Ingalaterratik nahiz Amerikako Estatu Batuetatik egiten dizkieten eskariei.
Euren dinamika bera dute beste askok ere, esaterako Jokin Mitxelenak edo Antton Olariagak. Liburugintzan, komikigintzan, prentsan edo kartelgintzan aritzen dira, adibidez. Elkar ezagutzen dute baina ez daude egunero harremanetan. Horregatik sarri arazoak izaten dituzte euren lanei tarifak ezartzeko eta bestelako zalantza batzuk argitzeko.
Euskal Irudigileen Elkartea
Arazo horiek saihestu nahian jaio zen orain dela hiru urte Euskal Irudigileen Elkartea. Sortu eta berehala egin zuen lehen lana Ilustrazioaren Liburu Zuria argitaratzea izan zen. Sektoreko legeak jasotzen ditu, aurrekontu bat nola prestatu behar den azaltzen du eta mota bakoitzeko ilustrazioek eduki beharko lituzketen salneurriak ere zehazten ditu.
Tresna hori oso baliagarri zaie sektoreko profesionalei, baina horretaz gainera, aholkularitza juridiko eta profesionala eskaintzen du Euskal Irudigileen Elkarteak eta era berean, elkarteko kideei informazioa eskaintzen zaie ilustrazioarekin zerikusia duen guztiaren inguruan.
Gutxik ematen dute saltoa
Elkarteko kide den Dani Maizek profesional gehienek liburugintzan lan egiten dutela kontatu digu, Euskal Herrian euskaraz eta gazteleraz editatzeak bertako beharrak asetzeko nahikoa lan ematen duelako.
Dena den, saltoa ematea ez omen da hain erraza eta ezagun egiteak bere lana eskatzen du. Euskal Herrian maila altua dagoen galdetuta, baietz erantzun digu Maizek, ikusi besterik ez dagoela, bertakoen lanak non argitaratzen diren.