Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2007-01-14 -- 2071.zenb

Pello Zubiria

Kongok zenbat diru zor die herrialde aberatsetako estatuei, hango banku pribatuei eta nazioarteko finantz erakundeei? Kongotarren kolonizatzailea izan zen Belgikan bada sentsibilitate pittin bat haiekiko, eta Bruselako senatuan galdera horri erantzunez agiri garrantzitsuak aurkeztu zituzten hainbat adituk joan den urrian. Dokumentazioak bildu eta eztabaidatuz, Kongoren kanpo zorraren auditoria egiten ahalegindu ziren jakintsuok, eta ekarpenen bilduma Comité pour l'Annulattion de la Dette du Tiers Monde (CADTM) erakundeak eskaintzen du bere webgunean.

CADTM 1990ean fundatu zen, Gilles Perrault idazleak eta Renaud kantariak egindako deialdiari erantzunez; Belgikako Liejan dauka bulego zentrala eta hortik zabaldu da mundu osora. Altermundialisten artean erakunde ezaguna da eta bere guneak frantsesez, ingelesez eta gaztelaniaz funtzionatzen du. CADTMk beste erakunde batzuekin batera plazaratu du Hirugarren Munduaren zorra auditatzeko eskuliburua, paperean eta Internetez pdf formatuan eskaintzen duena. Kongoko kasuaz egin duten auditoria da ikerketa-eredu berri honen adibide on bat.

Ezaguna da kanpo zorra dela Hirugarren Mundua edo Hegoaldea edo Periferia deitzen den horretako herrialdeen arazo nagusia, zor horrek dauzkala txirotasunean eta miserian itota. Alde batera utzirik herrialde batek bere barruan daukan zorra, bertako estatuak atzerrian hitzartuta dauzkan zorrak dira ikertu eta kontabilizatu nahi direnak: bai beste estatuekin, bai kanpoko enpresa eta erakunde pribatuekin eta bai nazioarteko erakundeekin hitzartuta daudenak.

«Hogei urte baino gehiago daramagu Hirugarren Munduaren 'zorraren krisiaz' hitz egiten -dio CADTMren eskuliburuak- horri konponbidea ipintzen zitzaiolakoan. Baina herrialde horien zorra etengabe puztu da: 1970ean 70.000 milioi dolar ziren, 1980an 540.000 milioi dolar eta gaur 2,8 bilioi inguru dira. 35 urteotan 40 halako bihurtu da». Oraingoz zorpetzearen katea inork ez du eten, eta arazoa bihar larriagoa izanen da.

1960-1970eko hamarkadetan uste izan zen nazioarteko kredituek balioko zutela herrialde «atzeratuak» aurrera ateratzeko. Beren etorkizuna konpontzeko behar zuten bakarra kapitala zelakoan. Baina geroztik, aurreko zorrak beste zor handiagoz estali ziren. Eta kanpoko kredituetatik lortutako diruak desbideratu egin ziren, proiektu megalomanoetan xahutu, okerreko asmoetan inbertitu, arma eta errepresio sistemetan gastatu, lehengo kolonizatzaileei erosketak egiteko erabili... Baina ororen buru herritarrek ez zuten kreditu haien inolako etekinik ikusi.

Gero, 1980an, ordainketen krisia gertatu zen, eta aitzakia horrekin nazioarteko erakundeen presioz -Nazioarteko Diru Funtsaren eskariz batez ere- herrialde horiek beren ekonomia eta gizarteetan aldaketa bortitzak egin behar izan zituzten: osasunerako eta beste programa sozialetarako aurrekontuak arras murriztu, ekonomiak dolarizatu, enpresa publikoak pribatizatu, bertako merkatuak sakrifikatu. Herritarren bizi-baldintzak izugarri hondatu arren, zorra gero eta handiagoa zen.

1990eko hamarkadarako Hegoaren eta Iparraren arteko kapital saldoa aberats hauen aldekoa zen argi eta garbi, askok uste dutenaren kontra. Orain Nazioarteko Diru Funtsa da -gaur buruzagi Rodrigo Rato espainiarra duena- kapitalaren zurrupatze hori kudeatzen duena, eta honek herrialde askotan ekarri dituen ondorio sozialak, ekologikoak eta bestelakoak, CADTMren eskuliburuan esplikatzen dira, adibide zehatz pila batekin.


Justizia eskea zenbakiz justifikatu

Munduaren Iparraldeak Hegoaldeari egiten dion lapurreta hau informazio uholdearen artean ezkutatuta geratzen da, eta lantzean behin publikatzen diren kopuruek ez dute balio izaten arazoaren larritasuna erretolika filantropikoaren lainotan estaltzeko baino gehiago. CADTM eta nazioarteko justiziaren aldeko beste erakunde batzuek erabaki dute kanpo zorraren eraginaz orain arte egin diren planteamenduetatik harago joan behar dela; horretarako, mundu mailan eta herrialdez herrialde kanpo zorra sakon eta zehatz ikertu behar dela. Nazio bakoitzaren kredituen eta zorren auditoriak egitea proposatu dute.

Auditorien lehen helburua da herrialde bakoitzaren zor kopurua zehaztea, ordaindu ezin diren kredituen historia eta une honetako egoera kopuru garbietan ipiniz. Bigarrenik, zorretan eskuratutako dirutzak nortzuk eskatu dituzten eta nork eman dizkien argitu nahi da. Alegia, estatu bakoitzak gaur zor duen kreditu bakoitza nola sortu den, nork eta nola erabili duen, eta zertarako.

Honela bereizi nahi dira alde batetik herrialde bakoitzak daukan zor «legezkoa» -herritarren izenean eta mesederako justifikatzeko modukoa- eta «ez-legezkoa»; ondoren, zor legezkoen ordainketak birnegoziatu beharko dira, eta aldiz «ez-legezkoa» kitatutzat joko da. Aldi berean, benetako zordunak nor diren argituko da. Kasu askotan gainera alferrik ordaindu den dirua berreskuratzea eskatuko dute Hirugarren Munduko herrialde horiek.

Auditoriak egite honekin iragana argitzeaz gain beste eragin bat ere lortu nahi dute militante altermundialista hauek: «Honek bultzatu behar du -irakur daiteke CADTMren eskuliburuan- herritarren mobilizazioa, hauek beren gain hartzeko beren egoera eta etorkizunari buruz daukaten fatalismoa ezabatzeko. (...) Estatuaren gain aginte puska bat hartzeko herritarrei tresna indartsua eskaintzen diete auditoriok. Nazioarteko harremanen eta munduko ekonomiaren mekanismoak ulertzeko eskola ere badira».

Auditoria sistema honekin Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko elkartasun harremanak sendotu nahi lituzkete CADTMk eta bere sozioek. Tarteka G8ak, Munduko Bankuak eta beste nazioarteko erakundeek halako zor kitatze sinboliko eta partzialak eginez propaganda handia egiten dute. Hori militante altermundialistek beren garaipentzat daukate, baina aberatsen eskuzabaltasun gisa aurkeztuta Iparreko eta Hegoko herritarren arteko harremanak kaltetzen ditu, karitate eskeman agertzen direlako.

Hori guztiagatik, honako lau helburu estrategiko lortu nahiko dira auditoriok egiterakoan: 1) zorraren kitatzea gardentasun eta justizia eskeman burutzea; 2) herritarren heziketa eta mobilizazio mugimendu zabala eratzea; 3) herrialdeak elkarrengana hurbiltzea, karitate planteamenduak baztertuz; eta 4) zorrak kitatzeko operazioek ez ditzatela eragin herrialde txiroen kontrako kanpaina arrazista eta gorrotozkoak.

Helburuak zabalak eta ausardiaz beteak dira, eta ikusi beharko da erakunde eta militanteon indarrak hainbeste erdiesteko kapaz diren. Hasteko, Eric Toussaint bezalako militante ezagunen bermea dute gero eta gehiago entzungo ditugun auditoria horiek.

-------------------------------------------------------------------------
argia.com/nethurbil

Jon Gonzalo

«Nahuatl, tzotzil, tzeltal, tarahumara, totomaka, mazahua, huichol, yaki, mayo, pima, purepecha...», Alejandro Contreras Guadalajarako Unibertsitate Publikoko irakasleak bata bestearen atzetik aipatu dizkigu Mexikoko 56 hizkuntzak. Nahuatl hizkuntzako irakaslea da bera, eta bertako hizkuntzen ikerlari nekaezina. Bere herrialdeko hizkuntzak biziki maite ditu, eta bizitza guztia pasa du hizkuntza horien defentsan. Mexikon, ordea, bera bezalako gutxi daude. Historian zehar, politikariak, unibertsitateko irakasleak edo intelektualak gazteleraren alde lerratu dira, eta hizkuntza indigenak baztertu egin dituzte. Alejandro Contreras haserretu egiten da hizkuntza indigenek Mexikon jaso duten tratua gogoratzen duenean: «Gaztelera gure hizkuntza da, baina hizkuntza indigenak ere bai. Ezin ditugu ahaztu, gure ondarearen zati bat dira. Historikoki baztertu egin ditugu, eta egoera hori aldatzeko garaia iritsi da».

Bazterketa horren ondorioz, hizkuntza indigena asko desagertzear daude. Horren lekuko dira: mayo, pima edo yaki hizkuntzak. Oso hiztun gutxi dituzte, eta hiztun gehientsuenak oso zaharrak dira. Beraz, adituen ustez hamarkada gutxi batzuetan desagertu egingo dira. Beste hizkuntza indigena batzuek status sozial altuagoa dute. Tzotzil edo tzeltal hizkuntzetan aritzen direnek, esate baterako, hezkuntza elebiduna jasotzen dute eskolan: ama hizkuntza eta gaztelera. Salbuespenak salbuespen, ordea, hizkuntzen osasuna ez da batere baikorra. «Mexikoko Gobernuak ez du hizkuntza indigenen aldeko inolako ekimenik bultzatzen, eta azken urteetan egin diren aurrerapauso txikiak komunitate indigenen borrokaren ondorio dira. Halaber, indigena asko beraien hizkuntzaz lotsatu egiten dira, eta baztertu egiten dute. Ez dute beraien hizkuntza hitz egiten, baliorik ez duela uste dute. Pentsakera hori aldatzen ez den bitartean zaila izango da hizkuntza indigenak aurrera ateratzea», azpimarratu digu Alejandro Contrerasek.


Nahuatl hizkuntza

Zazpi milioi mexikarrek hitz egiten dute hizkuntza indigenen bat, eta denetan indartsuena nahuatl hizkuntza da. Ia hiru milioi hiztun ditu, eta Mexikoko hainbat eskualdetan hitz egiten da, besteak beste, Morelos, Guerrero, Puebla, Veracruz, Michoaca eta Jaliscon. Hizkuntzaren jatorriari dagokionez, teoria ezberdinak daude. Teoria indartsuenak dio Amerika iparraldean (Kanadan) sortu zela, eta orain dela mende batzuk Mexikon barrena zabaldu zela. Beste teoria batzuen arabera, are zaharragoa da. Asian omen du jatorria, eta bertako biztanleak Amerika iparraldera iritsi zirenean Amerikan barrena zabaldu zuten. Kontuak kontu, Alejandro Contrerasek txiki-txikitatik entzun du nahuatl hizkuntza bere inguruan: «Gogoan dut nire aitona nekazaria zela, eta bere arrantxoan hainbat langile indigena zituela. Beraien artean ez zuten gazteleraz hitz egiten, eta horrek harritu egiten ninduen. Aitonari galdetu nion, eta nahualt izeneko hizkuntza hitz egiten zutela esan zidan. Bospasei urte izango nituen, eta geroztik hizkuntza honek berebiziko interesa piztu zidan». Urte batzuk geroago nahuatl ikasten hasi zen. «Ez zen batere erraza nahuatl ikastea. Mexikon apenas zegoen eskolarik eta Sonorara joan behar izan nuen ikastera, nire etxetik hiruzpalau ordutara. Jorge Munguia irakaslearekin ikasi nuen, hizkuntza honen alde lan ikaragarria egin duen irakasle batekin. Berarengatik izan ez balitz ez nuke nahuatl hizkuntza jakingo, eta ezin izango nituzke eskolak eman».

Orain dela 20 urte hasi zen eskolak ematen Guadalajarako Unibertsitate Publikoan. Geroztik, ehunka ikasle izan ditu: filologoak, abokatuak, bestelako irakasleak, igeltseroak, etxekoandreakŕ «Askotariko jendea etortzen da nahuatl hizkuntza ikastera. Beraietako batzuk hizkuntzaren zailtasunarekin izutu eta joan egiten dira, baina beste batzuk hizkuntza menperatu arte gelditzen dira. Pazientzia behar da». Gaur egun, 30 ikasle ditu Contrerasek eta hizkuntzaren etorkizunari begira baikor ageri da: «Beste hizkuntza indigenak ez bezala nahuatl hizkuntzak hiztun kopuru nahiko handia du, eta nik uste ez dela desagertuko. Guadalajarako Unibertsitate Publikoan eta Mexiko Hirian dauden beste zenbait unibertsitatetan nahuatl eskolak ematen dira, eta horrek hizkuntza bizirik mantentzen lagundu dezake. Hori bai, hizkuntzaren biziraupena hiztunen eskuetan dago, eta beraien erabilpenak baldintzatuko du nahuatl hizkuntzaren etorkizuna».



Literatura indigena

Mexikoko hizkuntza gehientsuenetan ahozko transmisioa izan da nagusi, nahiz eta badagoen salbuespen bat baino gehiago. Nahuatl eta huichol hizkuntzetan idatzizko transmisioa oso aspaldikoa da. Dena den, Miguel Leon Portillo izan zen, XX. mendean, nahuatl hizkuntzan egindako literaturari bultzada handia eman zion idazlea. «Sekulako lana egin zuen nahuatl hizkuntzaren defentsan, eta hizkuntza indigena honetan egindako literatura lau haizetara zabaldu zuen», azpimarratu digu Alejandro Contrerasek. Geroztik, hizkuntza indigenetan lan egiten duten idazle kopurua handitu egin da, eta Mexikoko gizartean gero eta oihartzun handiagoa dute. Abenduaren hasieran, Guadalajara hirian Nazioarteko Liburu Azoka izan zen (FIL), eta literatura indigenari buruzko jardunaldiak egin zituzten. Hizkuntza indigenetan aritzen diren idazleentzat oso ekitaldi garrantzitsua izan zen, urtero egiten den azoka honek ospe handia duelako. Mundu guztiko idazleak elkartzen dira, eta literatura alorreko azken liburuak aurkezteko plaza oso ezaguna da Latinoamerikan. Hizkuntza indigenen etorkizuna bermatzeko gisa horretako ekitaldi gehiago beharko dira etorkizunean.

Mikel Asurmendi

Iparraldeko mugimendu abertzalea erabat, eta jendartea oro har, Filipe Bidart preso baigorriarraren askapena exijitzen ari da etengabe. Frantziako auzitegiek alta, bi aldiz -urrian eta abenduan- errefuxatu dute eskaera. Eskaera otsailaren 1ean izanen da berriz aztertua.


Filipe Aska! komiteko kidea zara. Noiz eta nola ikusi duzu azkenekoz Filipe?
Azaroan ikusi nuen, ondo ikusi ere. Motibatua eta animosoa dago. Filipek badaki berea engaiamendu politikoa dela eta bere askapena joko politikoaren menpe dela. Filiperen askatzeko ezetzak erabakia politikoa dela erakusten digu, jujeen deliberoek funtsean ez dute balio, Estatuak askatuko du nahi duenean. Filipen askatasuna gero eta hurbilago ikusten dut, hala ere. Dena den, oroitarazi behar dugu 160 euskal preso daudela Filiperen egoeran, legearen arabera kanpoan izan beharko luketenak, alegia. Adibidez, Ińaki de Juanaren kasua aipatzen da orain bere egoera larria delako, baina ez dira kasu bakarrak.

Matalas ildoko kidea zara. Nondik nora?
Matalas ABko barne joera politiko gisa sortu zen. Iparraldeko Batasuna osatzen dutenak ABtik joan zirenean, Matalasek bere bidea egitea erabaki zuen. Matalaseko kideok ildo autonomo gisa ari gara, ezkerreko abertzaletasunari ekarpenak egiten dizkion ildo historikoa da. Matalasekoa naiz, baina ezkerreko abertzalea oroz gain. Matalas edo alderdiak bitartekoak besterik ez dira niretzat, ez helburu.

Gatazkan izandako biktimek jokatu behar duten rola aipatu ohi da, bake eta normalizazio prozesuaren karietara. Zuk biktimatzat al duzu zure burua?
Biktima hitza ez dut maite, ez dut nire burua biktima gisa hartzen. Estatuaren aldetik ere ez naiz «biktima» gisa ezagutua. Nire egoera gatazka larri honen ondorioa da, bizitzaren une batean egin nuen hautuaren ondorioa. Borrokak egoera honetara ekarri nau, baina beste era batera eraman nindukeen. Beste kide batzuk hilak daude.

30 urte luze joan dira IK eratu zenetik. Irrintzina talde ezezaguna -urtean zehar burututako bost atentatu bere gain hartu ditu berriki- agertu da Iparraldean berriki. Zer gogoeta egiten duzu horretaz?
IK borroka politikorako tresna izan zen. Orain, irudiz, Irrintzinaren izenean, gazte batzuek borroka politikoa bultzatzeko indarrezko baliabideen beharra ikusten dute. Ekintza armatu mota horiek egin behar dituztela pentsatzen dute, eta nik errespetatzen ditut. Ekintza horiek Iparraldeko egoera politikoarekin lotu behar dira. Bake prozesua aipatzen da, baina hemen horrelakorik ez dago. Frantziako Estatuak Euskal Herria, hizkuntzaren ofizialtasuna nahiz euskal instituzioaren onarpena ukatzen ditu. IKek horien beharra aldarrikatu zuen duela 30 urte eta orain beste belaunaldi batek ekintzen bidez egoera bertsua salatzen du. Iparraldean turistifikazioa eta etxebizitzen espekulazioa, esaterako, gero eta handiagoak dira. Gero eta jende gehiago heldu da kanpotik, gure hizkuntzaz eta ezagutzaz batere axolarik ez duena, euskaldunok itota gauzkate. 30 urteren ondoren kolonizazio hitza bizi-bizirik dago. Nola erantzun horri? Batzuk politika bidez saiatzen dira herri honen ezagutza lortzen, baina gazteek ez dute beren lekua aise antzeman. Etxebizitza alokatzeko arazo izugarriak dituzte hasteko.

Matalas edota IK borrokarako bitartekotzat jo dituzu. IKek Lizarra-Garaziko Akordioaren garaian bukatu bide zuen jarduera armatua. ETArena nola ikusten duzu? [Elkarrizketa Barajasko atentatua izan baino lehen burutu genuen].
Gure garaian IK tresna egokitzat jo genuen eta historiak beharrezkoa izan zela erakutsi digu. Bizitzan eta politikan aurrera egin ahala, borrokarako bitartekoak moldatzen eta borroka politikora egokitzen joan behar dugu halabeharrez. IK erakunde politiko eta militarra izan zen eta ekarpen politikoak egin zituen. Une batean politikari bide ematea erabaki zuen. ETAren bilakaera ere horrela izanen delakoan nago, lehen-lehenik erakunde politikoa baita. ETA eta bere militanteek borroka armatuaren garaia noiz bukatua izanen den baloratzeko gaitasuna dutela uste dut, eta bitarteko militarra dena politikoa bilakaraziko dutela, Irlandan bezala. Garai hori noiz helduko den ETAk erabaki behar du alabaina.

Euskal Herriaren ezagutza Batera plataformaren bidez bilatu da azken urtetan Iparraldean. Zer balorazio egiten duzu egindako bideaz?
Batera beharrezkoa da Euskal Herriaren erakundetzea eta ezagupena lortzeko. Haatik, Euskal Departamendua ez dela abertzaleen lehen xedea oroitarazi behar dugu, abertzaleok berezko erakundea behar dugula diogu, departamendu batek dituen baino eskuduntza gehiagorekin. Abertzaleok gizartearen gehiengoaren aldarrikapenekin bat egin dugu eta beste sektore batzuekin elkartzen jakin dugu. Baterak ekarri duen indar metaketa arras baikorra da, eta abertzaleok aspaldi erraten duguna erakutsi du: Estatuak Euskal Herria ukatzen duela, jendartearen gehiengoaren eskakizunari uko egiten diola. 25.000 sinadura -populazioaren %10a gainditu dugu- bildu dugu erreferenduma egiteko, baina Estatuak, betiko amarrua erabiliz, Departamenduko hiritarren %10a eskatzen du. Estatua Iparraldeko herritarren eskubideen aurka ari da, neurri hori Iparraldean gainditu baitugu. Zer egin behar dugu Frantziak herri hau ezagutu eta bere izaera politikoa onartu dezan?

Euskal Herria 2010 egitasmoa 2020 egitasmoa bilakatu da. Zer deritzozu?
Iparraldea instituzionalizatzeko beharra ikusita Garapen Kontseiluak diagnosia egin zuen, ondo. Ideia ona eta beharrezkoa zen. Diagnosiak Iparraldearen egoera politikoa, ekonomikoa, kulturala eta soziala ondo baino hobeto ezagutarazi zituen, baita ondorio zuzenak atera ere. Euskal Herriaren ezagutza instituzionalaren eta politikoaren beharra agertu zituen. Batzuek sasibideak bilatu zituzten, Pays delako ezagutza sinbolikoa, adibidez. Denek hori ez zela nahikoa onartu zuten. Orain egitasmoa 2020ra eraman nahi dute. Beste diagnosi bat behar al dugu? Arazoa non den badakigu, Euskal Herriak bizitzeko behar dituen bitartekoak zein diren gero eta argiago dago. Bitartekoak Baterak eman ditu ezagutzera, eta ez dira abertzaleon helburuak, epe ertainean Euskal Herria eraikitzeko gutxieneko bitartekoak baizik. Estatuak ez du hori onartzen. Hemengo hautetsi handiek aldarrikapen horiek eman daitezen borondatea azaldu behar lukete, baina beti bezain uzkur daude.

Laborantza Ganberak Baionan burutu zuen Lurrama feria arrakastatsuak zer pentsatua emanen ote zien hautetsi handiei, Baionako auzapezari eta diputatu Jean Greneti, kasurako.
Baiki. Laborantza Ganbera da Estatuari aitzi egin dion kontrabotere azkarrena. Alta, Estatuak ELBk bultzatu eta herritarren sostenguz eraikitako Ganbera auzitegien begiradapean dauka, baita hautetsi andana susmopean ere. Laborantza Ganberaren bitartez euskaldunok bat egin dugu eta ezetzaren gainean bide egiten ari gara, ekimena biziki positiboa da. Baionako Lurrama feriak Laborantza Ganberaren aurka zeuden hautetsi batzuk beren jarrera publikoki ager zezaten behartu zituen. Jean Grenet ez zen bere gustuz joan, behartua baizik. Ferian gertatuak aitzina ari garela erakutsi digu.

Frantziako presidentziarako bozek betetzen dituzte uneon politikaren mintzalekuak...
Mark Legassek erraten zuen bezala «Frantziako bozak frantsesen arazoa dira, utz ditzagun frantsesak beraien artean konpontzen». Nik hauxe gehitu dezaket, presidente [PSko] Ségolčne Royal zein [UMPko] Nicolas Sarkozy izan, Euskal Herriaren ezagutzari dagokionez, berdin. Inportanteena momentu honetan abertzaleok indar metaketa egitea da, datozen urtetako herri eta eskualdeko bozak ongi prestatzeko.

Herriko Etxeetarako eta Kontseilu Nagusietarako bozetan Euskal Herria Bai zerrenda abertzalea gauza litekeela dirudi. Zer diozu?
Ongi iruditzen zait Batasunetik EAJra bitarte ari diren alderdi abertzaleak elkarrekin joatea. Euskal Herria Bai izena baino emaitza interesatzen zait. Abertzaleok elkarrekin joatea da Matalasek azken zazpi urte hauetan eskatzen duena, hala balitz, nahi genuen asmoetariko bat lortuko genuke. Poztuko nintzateke. Bada garaia.

Duela 20 urte, Urruńan lehenbiziko zerrenda abertzaleak egin zirelarik, argi zen ez genuela Herriko Etxea gobernatuko, oposizioan aritu beharko genuela. Gaur egun, Herriko Etxeak kudeatzeko garaia iritsi da hainbat eskualde eta udalerritan. Zenbait Herriko Etxeen kudeaketa har dezakegu, honezkero ez da aski oposizioan aritzea. Abertzaleok kudeaketan aritzeko gai garela erakutsi behar diogu gizarteari, gure hautetsiak Herriko Etxeetan eta Kontseilu Nagusian aritzeko prest direla. Hiri handietan oraindik ez gaude hein horretan, baina herri zenbaitetan ardura hori geuregana dezakegu.

Bake eta normalizazio prozesu politikoa bolo-bolo dabil Hegoaldean. Iparraldean berriz nola ikusten duzu?
Matalasek Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoan (OHD) parte hartzen du. Nik urrun ikusten dut prozesua, gehiago inplikatzeko beharra ikusten dut. Gogorra da esatea, baina Iparraldea loreontzia da prozesuan, dinamika eskas ikusten dut. Abertzaleok hautetsi handiei gatazka politikoa hemen ere badagoela ohartarazten ahalegintzen gara, baina betiko jarrera jasotzen dugu: ukazioa. Konponketa politikoa behar dugula erraten diegu, baina ez dugu erantzunik. Frantziako Estatuak prozesua Espainiako Estatuaren afera dela dio, kanpoko arazoa dela. Izugarria da hori entzutea. Mendeak dira Frantziako Estatuak Euskal Herria menperatzen duela, kolonizazioa da bere joera. Garat anaiek Euskal Departamendua sortzea galdatu zuten Iraultza garaian eta Asanblada Nazionalak aurka bozkatu zuen eta Pirinio Atlantiarrak Departamendua sortu. Iraultza aitzinetik ere galdu genituen geure eskumenak, mendez mende menperatuak izan gara. Mundu Gerra handietatik landa hizkuntza areago ukatua izan zen. Arbasoak, gurasoak eta gu ere euskaraz egiteagatik zigortuak izan ginen eskolan. Euskal Herria ukatu dute, gure hizkuntza bizirik atxikitzeko eskola gure etxeetan sortu behar izan genuen: Seaska. Estatuak alta, ez du arazorik ez gatazkarik ikusten.

Zer egin? Zein da bidea?
Frantziako Estatuak -Espainiakoak bezala funtsean- indarraren araberako harremana baino ez du ulertzen, eta abertzaleok harremanen jokoan aurrera egin behar dugu, indar harremanak lantzen eta metatzen segitu behar dugu Estatuari aurre egiteko.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan