Martin Barriuso
Fidel Castroren gaixotasunaren berri izan genuenetik, behin eta berriz entzun dira Kubako Iraultzaren buruaren eta Augusto Pinocheten arteko konparaketak. «Hego Amerikako bi tirano zahar hiltzorian» eta tankera bereko txorakeriak entzun ditugu geroztik. Biak, Fidel eta Augusto, eskola berekoak omen ziren: Boterera indarrez iritsi ondoren, diktadura ezarri eta gizateriaren etsai bihurtu ziren, demokrazia, askatasuna eta giza-eskubideak etengabe zapalduz. Pinochet hil zenean, alderaketa haiek berrindartu egin ziren. Bata hilda, bestearentzako txanda ere izan behar zela pentsatu zuten askok. Beti ere demokraziaren onerako, noski.
Jende asko mintzatu da alderaketa horien zentzugabekeria salatzeko. Izan ere, Castrorena diktadura dela ontzat emanda ere -ni neu iritzi horretakoa naiz-, argi dago Kuban gertatutako gehiegikeriek ezin diotela itzal txikiena ere egin Pinocheten erregimenaren basakeria erraldoi eta sistematikoari. Kuban askatasunak mugatuta daude, bai, baina Pinocheten gobernuaren pean bizi izan zen Txile hartan ez zegoen inolako mugarik askatasunaren zapaltzaileentzat. Hala ere, atxilotu, torturatu, desagertu eta hildako kopuru ikaragarri haren ebidentzia ahaztuta, Fidel eta Augustoren arteko parekotasuna defendatzen segitzen dute askok.
Aitzitik, bien erregimenen arteko kointzidentziak askoz handiagoak izan arren, oso jende gutxik alderatu ditu Sadam Hussein eta Augusto Pinocheten biziak eta, batez ere, heriotzak. Lerro hauek idazten ari naizen unean, Sadam Hussein urkatu berria da. Fusilatua izateko egin zuen eskariari uko egin eta presa handiarekin zintzilikatu dute islamdarren egun handienetako batean: Sakrifizioaren Egunean hain juxtu.
Ohean eta lasai asko hil zen Pinochet, haren herrian bizirik dauden botere faktikoen eta mendebaldeko potentzien konplizitatearekin. Sadam, berriz, ez da hain zorionekoa izan. Baina guztiok dakigu, ondo jakin ere, bien arteko diferentzia ez datzala eginbide politikoan. Sadam eta Augusto munstro militar odolzaleak ziren, genozidak, autoritarioak, errukigabeak. Biek merezi zuten urte askotarako kartzelan egotea. Baina Augusto kartzela zapaldu gabe hil da eta Sadami heriotza zigor basatia ezarri diote. Bi munstroen amaiera asimetrikoak argi erakusten du zein izan den Sadamen benetako errua: Ez da kurduak edo xiiak erruz hiltzea, garai batean aliatuak izan ziren Amerikako Estatu Batuen (AEB) etsai bihurtu eta haien aurkako gerra galtzea baizik. Beste guztia Historia da, alegia, garailearen gezurrak.
Rosa Martin Sabaris
Zabaldu berri du Eusko Jaurlaritzak tokian tokiko telebista digitalaren baimenak eskatzeko epea. Martxoaren 23ra arte izango dute talde pribatuek eta bestelako erakundeek euren eskaintzak aurkezteko. Zenbait udalek, berriz, erreserbatuta dute dagoeneko kate bat: Gasteiz, Arrasate, Donostia, Zarautz, Irun, Getxo eta Barakaldoko udalerrietan hurbileko kate digital bana izango da. Datorren urtetik aurrera, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoak 60 bat telebista berri ikusteko aukera izango du. Jaurlaritzak esleipenean erabiliko dituen hiru irizpide nagusi ezagutarazi ditu: euskara, produkzio propioa eta hurbileko informazioa. Horiexek.
Baina telebista ondoen ezagutzen dutenek aspaldi aldarrikatu zuten telebista, beste ezeren gainetik, negozioa dela. Eta beraz, hurbileko telebista digitalak etorkizuna izan behar baldin badu, bideragarritasun ekonomikoari begiratu behar dio. Betiko galdera etorri zait burura, alegia, zergatik da hain merkea telebista ikustea, telebista egiteak dirutza itzela behar badu?
Arestian aipatutako hiru baldintza horiek eta etekin ekonomikoaren logika nola uztartu arduratzen nauelako, hona hemen gomendio batzuk:
- Euskararen portzentaiari eusteko, eta bide batez euskal artistak sustatzeko, txistu emanaldiak (Barakaldoko katearen kasuan, ordu txikitan).
- Edo euskarazko izenburua jarrita, 30 segundoko euskarazko aurkezpen baten ostean, hizkuntza jakinik gabeko ordubeteko saioa -vide, Ero eta Bero-.
- Hurbileko informazioak egin ahal izateko, Ortuzarrek berak ETBrako iragarri duen webcam-en sistema erabili. Hau da, ikusentzuleak euren webcam-en bidez agertuko dira airean. Edo telefono mugikorrekin grabatutakoa bidali.
- Jatorrizko ekoizpena areagotzeko, Estepan-en Bakarrik edo saioaren antzerakoa jarri -aurkezle bakarra, kamara bakarra, plano bakarra-. Edo teknika berbera erabiliz, dozena bat arrautzatan zenbat arrautza dagoen galdetzen duen lehiaketa; erantzunak SMSen bidez bidal litezke, horrela herriak parte hartzeaz gain, interaktibitatea bultzatuko litzateke.
- Eskualdeko ume kantaririk onena aukeratzeko casting-a. Proba guzti-guztiak eman. Eta finalisten kasuan, etxeko bideoak eskatu familiari, urtebetetze-egunetako kantuak erakusteko.
Guzti honek balioko ez balu, beti jo liteke ohiko mekanismoetara: langilegoaren kostuak arras jaitsi, praktika eta beken kopurua areagotu, aldizkako kontratuak, edo egun osoko kolaborazio merkeak. Hamaika ikusteko jaio gara, bai, baina hamaiketakorik gabe ez da bidezko hamaikarik izango.
Jon Alonso
Batzuetan, elkarren hain urruti, ustez, dauden bi eremuak gurutzatuz, gogoetaren bat egin daiteke.
Zenbatu berri ditut Harold Bloomek bere Mendebaldeko kanona delako horretan argitaratzen dituen liburu-zerrendak, eta okerrak oker, 1.521 liburu agertzen dira berorietan. Noski, zerrenda hasiera batean ematen duena baino zehaztugabeagoa da, autore askoren azpian «antologia», «relatos», «obras en prosa» eta horrelakoak ikusten direlako.
Noski, zerrenda eztabaidagarria baino eztabaidagarriagoa da, aski izaten delako norberak ongi ezagutzen duen autore bat hartu, baieztatzeko irizpidea baino, askotan desinformazioa eta ezezagutza jartzen dituela agerian Bloomen aukerak. Noski, aukera batzuk guztiz kapritxosoak dira, eta ausentzia batzuk, deigarriak. Noski, kanon bat, eta are kanon mendebaldar bat egin nahi izateko asmoa bera oso diskutigarria litzateke. Baina, gezurra badirudi ere, ez dut Bloomen zerrendaren kritika egin nahi, eta bakarrik bere alderdi matematikoarekin geratuko naiz: 1.521 liburu. Horiek dira, Bloomen ustez, mendebaldeko kultura literarioak produzitu dituen ideia, amets eta jakintza-multzoa inorenganatzeko beharrezkoak direnak. Nire ustez oso liburu gutxi dira. Alegia, Bloomen zerrendaren ezaugarririk nabarmenena -apetatsua, partziala, desegokia... edo nahi dena izatea baino- laburra izatea da. Hartaraz gero, eta hau kopuru aski arbitrarioa dela jakinik ere, nekez iruditzen zait onargarri, demagun, 10.000 obratik behera kontuan hartzen dituen kanonik. Baina tira.
Beraz, kopurua biribilduz, demagun 1.500 liburu euskaratu beharko liratekeela euskarak gutxieneko maila «mendebaldarra» edukitzeko -bai, liburu kanoniko batzuk euskaratuta daude dagoeneko, Kixotea kasu; baina horiek gutxi izanik, ontzat eman dezagun kopurua, nolabaiteko gutxienekoa ezartzen duelakoan-.
Orain ikus dezagun itzulpen-politikak uzten dituen datuak; konparaziorako, Literatura Unibertsala bildumari esker 100 liburu euskaratu dira 12 urtetan, 1990etik 2002rako tartean, zehatz esanda. Eragiketa erraz bat eginez, ikusiko dugu martxa honetan 180 urte aski liratekeela euskara «aberats eta konplitua» izateko, Axularrek nahi zuen moduan. 2186. urterako, eginda.
Ez nuke egon nahi 2186. urtean bildumaren azken alea aurkeztuko duen itzultzailearen larruaren baitan. Inork imajina dezake ordurako literaturarik, libururik, euskararik, are mundurik, izango ote den? Tira, agian Marten egingo du bere liburuaren aurkezpena. Imajina dezakegu gure itzultzailea, eskafandra eta guzti, esaterako Rayuela euskaratu berri -eta aski dolorez!- besapean duela: «Berrehun urte itxoin behar izan badugu ere, merezi duelakoan nago...». Inori interesatuko al zaio, literaturarik, libururik, euskararik, are mundurik egonik ere? Arkeologia kiratsa dario.
Nire gogoeta eta nire galdera da: ez al litzateke zentzuzkoagoa pentsatzen joatea mendebaldeko literaturaren bidezko kultur-transmisioa itzulpen zuzenaren bidetik bakarrik ez, eta bestelako bideetatik ere landu beharko dela? Esaterako, obra baten zatikako, pasartekako itzulpen antologiko batek, obra eta egilea ongi ezagutzen dituen norbaitek edizio kritiko batean bilduak, ez al luke asimilazio hobea, eta batez ere, arinagoa -eta beraz merkeagoa, eta beraz errentagarriagoa, ekonomikoki zein kulturalki-, ahalbidetuko?