Onintza Irureta
«Zaharren urratsetik» programa
Euskal Kultur Erakundeak antolatu du eta Pantxika Maitiak bideratu. Donibane Garazi eta Donibane Lohizuneko ikastola zein eskola elebidunetako haurrak adinekoengana hurbildu dira, beren etxeetara joanez eta baita egoitzetara ere. Aiton-amonek hainbat urtetako bizimodua kontatu diete, euskaraz beti ere. Donibane Garazin, urtarrilaren 15a arte prestatua dute elkartruke horren ondorioz osatutako erakusketa eta Donibane Lohizunen berriz, prest izango dute otsailaren amaierarako. Elkarrizketak Euskal Irratietan entzun ahalko dira eta bideoak eta argazkiak www.eke.org web gunean daude.
Kanadako hizkuntza autoktonoak larri
Gai horri buruz aritu da Robert Scarcia kazetaria gipuzkoaeuskara.net web guneko zutabean. Hona laburpentxoa: Kanadako 55 hizkuntza autoktonoak, hiru salbu, datozen urteotan desagertzeko zorian izango dira. Esate baterako, 2001eko erroldaren arabera, biztanle autoktonoen %19ak baino ez du hizkuntza autoktonoren bat ama-hizkuntza eta hori, kontuan izanda aborigenen sortze kopurua %18 igo dela garai berean. «Salbatutzat» (25.000 hiztun gutxienez) jotzen diren hizkuntzak cri, ojibwaya eta inuktikuta dira. Hiruren artean, inuit hiztun kopurua da gora egiten ari den bakarra.
Gaelikoa ofizial Europar Batasunean
Urte berriarekin batera da irlandarren %40ak dakien hizkuntza ofizial Europan. 29 lanpostu sortuko dira itzulpen, zuzenketa eta argitalpenak moldatzeko. Aldi bereko itzulpen saioetarako 450 interpreteren lankidetza beharko da. Urtean 3,5 milioi euro eralgiko ditu Europar Batasunak.
HPSren 2007ko urrekontua prest
51.183.530 euroko aurrekontua aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, iaz baino %13,31 gehiago. Besteren artean, euskarazko itzultzaile automatikoa sortzeko ekimena bultzatuko du. IKT arloko enpresei proiektuen proposamenak eskatu dizkie dagoeneko. 300.000 euro bideratuko ditu itzultzaile automatikoaren egitasmora.
Juan Mari Arregi
Dagoeneko hasi dira bukatu berri den 2006 urtearen balantzeak. Makroekonomiaren datu onak, hazkuntza ekonomikoa eta bankaren, kutxen eta enpresa handien milioi askoko onurak behin eta berriz gogoraraziko dizkigute. Herri administrazio zenbaitzuen aurrekontuek ere superabita izan dute! «Arrakastok» plazaratzeko nahikoa mezulari badaudenez, hemen doakizue pobreek, etorkinek, langileek, eta batez ere, emakumeek eta gazteek jasan duten 2006ko bestelako balantze hau. EAEn soilik -beraz, Euskal Herrian gehiago- 45.804 familia, etxeen %6,2a, pobrezian dago. 38.500 familik (%5,2a) ez du jatekoa bermaturik. Oinarrizko errentak aurten ere, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (570,6 euro hilean) azpitik jarraituko du, alegia LGSren %88a. Lan-ezegonkortasunak ere larri jarraitzen du, batez ere gazteen eta emakumeengan. Hego Euskal Herrian egunero 3.109 kontratu sinatu ziren, horietatik 280 baino ez iraunkorrak . Bost kontratu mugagabetik bakarra da 25 urte baino gutxiago dituen gaztearentzat. Gutxienez, 127 langilek bizia galdu zuten eta beste ehunka batzuk larriki zauritu ziren. Etxebizitza edukitzea, eskubidea izanda ere, zorte kontua bihurtu da. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren, PFEZaren, aldaketak batez ere ondasunaren errentei egiten die mesede. Enpresa publiko zenbaitzuetan lanuzteek jarraitzen dute. Bitartean, EAEko legebiltzarkideek euren buruei soldatak eta dietak igotzen dizkiete, %3,5 eta %10, hurrenez hurren.
Xabier Letona
APURKA HASI dira ikusten Barajaseko atentatuaren ondorioak zeintzuk izango diren, epe laburrean behintzat, epe ertainera oraindik ez baitago oso argi alde guztiek nola jokatuko duten. Su-etenaz gain, bake prozesua ere lehertu dela dirudi, bai behintzat orain arte egituratu den gisan. Elkarrizketa eta negoziazioaren bideak zabalik geratzen bide dira, baina ikusi beharko da hori nola gauzatzen den, batez ere gatazka bere gordinera itzuli denean: bi hildako, kale eraso larriak, istilu larriak Donostian... Azken urte luzeetako ohiko argazkia.
«Bakea eta elkarrizketa» da Eusko Jaurlaritzak deitutako manifestazioaren leloa, oraina eta etorkizuna lotzen dituen leloa. Bakea, hori delako une honetan euskal gizartean edozeren gainetik desio dena; elkarrizketa, bera delako bakera eraman gaitzakeen zubi bakarra. Une oso gaitz batean ausardia erakutsi du Ibarretxe lehendakariak, «Bakea. ETA ez» edo gisako bat aukeratzea politikoki zuzenagoa eta erosoagoa litzateke berarentzat. Halako abagunean, elkarrizketaren aldeko hain apustu argia egitea bere konpromezuaren aldeko adierazle da.
Egia da, bestalde, erabiltzearen poderioz berbek ere euren balorea gal dezaketela -galtzen dutela-, eta orain elkarrizketa hori zertan gauza daitekeen hitz egin beharko da. Elkarrizketa elkarren arteko desberdintasunak bideratzeko tresna besterik ez da eta desberdintasun horiek -emozionalak, konfiantzarekikoak,operatiboak...- gaur egun handiagoak dira abenduaren 29an baino.
ATENTATUAREN AURRETIK bake prozesuaren egoera ez zen ona, hori ezaguna da. Batasuna izan zen mezu hau larrien azaldu zuena, baina batzuetan larriegi ere bai, beren azalpenaren proiekzioan ez baitzegoen apurketaren aukera. Ez zuten nahi beren mezuaren ondorioz, prozesuaren apurketa erabatekoa etor zitekeela uler zedin, eta ez zuten espero. Beraientzat prozesuaren ordura arteko zikloa bukatua zegoen, baina prozesuak jarraitu behar zuen eta urtarrilerako hori prestatzen ari ziren, saio berriari oinarri sendoagoak jarri eta negoziazioari berrekin. Bistan da oraingo lanabesa korapilatsuagoa izango dela. Prozesua txarto zegoen atentatuaren aurretik eta orain askoz txarrago dago. Etorkizunean? Inork ez daki.
Azalpenen zain. Datorren astera arte itxaron beharko da Jose Luis Rodriguez Zapaterok Kongresuaren aurrean bere postura ofiziala azaldu arte, baina dagoeneko Espainiako Gobernuak eman du bere jarrera berriaren azalpena: bake prozesua apurtua dago, ETAren aurkako estrategia berregin behar da, eta ez da ixten etorkizunean ETAren amaiera elkarrizketaren bidez ere amaitzeko aukera. Horretarako, jakina, hauteskunde orokorrak irabazi behar ditu berriz. Langintza zaila aurrez aurre duena. ETArekiko harreman zehatzagoez ere filtratu dira makinatxo bat gauza. Horixe dira, filtrazioak, eta gainera haien arteko kontraesanak ere badira.
ETArena da ezagutzen ez den azalpena eta eragile guztiak dira haren zain. Laster izatea litzateke logikoena eta ohikoena, baina azken atentatuak ere erakutsi du ohikoak ez duela jada balio handirik, bakoitzak unean interesatzen zaiona egiten duela. Berak azaldu beharko du berea, baina denak adierazten du egoerak okerrera egingo duela. Indar agerpenen ordua da, eta horrek badakigu zer esan nahi duen; edo ez, bai ETAk bai Espainiako Gobernuak, garaian garaiko bere molde berriak agertzen dituzte eta. Orain arteko agiri edo Zutabe-etan ez da ahaztu behar PSOE eta EAJ egin dituela prozesuaren egoera txarraren erantzule. Erantzukizun hori gatazkan nola proiektatuko duen ikusi beharko da orain.
KALTE KOLATERAL GISA ulertu beharko lirateke Carlos Palate eta Diego Armandoren heriotzak. Ameriketako Estatu Batuek ere antzera egiten dute. Parekotasunak ezin dira inolaz ere berdinak izan, baina ezta ere guztiz desberdinak. Arrasateko Caixako erasoarena bezala. Behin baino gehiagotan atera dituzte biztanleak etxe erasotuetatik eta, azkenean, suarekin dabilena erre egiten da. Pertsona bat, bost edo hamabost hil daitezke halako eraso batean, denbora kontua besterik ez da.