Alvaro Hilario Pérez De San Román
«Hastapenak gogorrak izan ziren», gogoratu du Hebek; «seme-alabak desagerrarazita eta militarren aurrean geu baino ez geunden». 1977ko apirilaren 30ean, Mayo Plazan jarrita zeudela, poliziak ibiltzeko esan zien, salbuespen egoera zela-eta, ez zutela han egoterik. Horrela jaio zen oraindik ere, ostegunero, arratsaldeko 15:30ean egiten duten protestaldia. Askok ronda esaten badiote ere, beraiek martxa hitza nahiago dute. Euren ustetan, ronda leku batean bueltak ematea baino ez da eta amak abian daude. «Gutariko hiru bahitu zituztenean, txarto pasatu genuen; momentu gogorra izan zen hura». 1977ko abenduaren 8an, 9an eta 10ean, infiltratuta zuten Astizen aginduz (Armadako kapitain ohia) Mary Ponce, Esther Balestrino eta Azucena Villaflor desagerrarazi zituzten. Escuela Superior de Mecánica de la Armadatik (atxiloketa eta tortura gune klandestinoa) pasarazi eta, ondoren, Río de la Platako uretara bota omen zituzten. Ez zen edonolako krimena izan, biktimak antolakuntza kontzeptua garatu zutenak baitziren. «Lehenengo hamar hilabeteetan, hamalau ama izatetik berrehun izatera pasa ginen, eta bahiketek kolokan jarri zuten hasitakoa, baina jarraitzea erabaki genuen. Plaza garrantzitsua zen, gotorlekua genuen. Diktadurek ez dute pentsatzen uzten, eraso egiten dute, eta, ahal den moduan, aurre egin behar zaie. Hazi egin ginen, amak berriro elkartzen hasi ginen. Egoera gogortzen hasi zenean, hedabideek, etengabe gure seme-alabak zertan ari ziren galdetzen zutenean, amatasuna sozializatzeko erabakia hartu genuen, ama bakar bat ere ćnire semeak ez du deus eginĆ esatera behartuta egon ez zedin. Guztion amak bilakatu ginen: gerrilarien amak, serorenak, abadeenak, nerabeenak», dio Hebe de Bonafinik.
Pintadak hiltzaileei
Hiltzaileen eta errepresoreen etxeak nabarmentzea erabaki zuten gero. Beraien izenak hormetan eta espaloietan idaztea. «Oso ekimen gogorrak egin genituen, ezta? Beraiekin aurrez aurre egoten saiatzen ginen, gatazka sortuz; beraien etxeetara, zeuden jatetxeetara, elizara joaten ginen, jendearen beldur izan zitezen. Denbora aurrera joan ahala, epaiketek zuten garrantzia ulertu genuen, baita seme-alabek arazo sozialengatik eman zutela bizitza, eta arazo sozial itzelak zeuden garai haietan. Inork ez zituen bere gain hartzen eta orduan, gatazkan laguntzea erabaki genuen: grebak, lantegien okupazioak... 1986an hasi ginen horrelakoetan eta beste une politiko baten protagonistak ginela sentitu genuen. Diktaduraren biharamuna zen: militarrek alde egin zuten, bai, baina utzitako egoera politikoa oso larria zen». Urte haietakoak dira militar hiltzaileen zigorgabetasuna bermatu zuten legeak. Garai hartakoak dira, halaber, goseteak eta herri matxinadak. «Jendea pozarren zegoen, Raúl Alfonsín Jaungoikoa zela pentsatzen baitzuen eta Plazara joaten ginenok itsusi egiten genuen; kritikatzen gintuzten, terrorista deitzen ziguten». Amen aurkako erasoak hasi ziren berriz, Plazan egoteagatik, zeuden arazoei aurre egiteagatik, justizian ez sinesteagatik. «Berriro egin behar izan genion aurre gizarteari, baina hartan seme-alaben borrokaren zergatiaz jabetuta». Gatazken berri eman eta errepresioa oztopatzea zeregin inportanteak izan dituzte, baina ez bakarrak: «Aurrerago, fabrika okupatuak agertu zirenean, ekoizteko laguntza eman genuen. Mahai gainean ipini genuen dena: kontu korronteak, Fundazioa, denetarik, baita gure unibertsitateko irakasleak ere, obreroei kudeaketa eta administrazioa zer ziren irakats ziezaieten. Borrokan lagundu nahi genuen, geuk ere borrokari ez geniolako uko egingo. Egia da seme-alabak ez zirela berragertuko, baina harrezkero jaiotako beste gazte guztiak ere seme-alabak ditugu. Orduan, eman ditugun urrats horiek ez dakit lorpenak diren, baina geuk horrela hartu ditugu: seme-alabek egiten zuten politika sakontasun handiagoz ezagutu dugu; zergatik egiten zuten egiten zutena, eta zer nahi zuten. Bidegabekeria gero eta handiagoa den heinean, hobeto ulertzen dugu beraien borroka zein zen».
Kirchner, semeetako bat
Ez dirudi Hebe de Bonafinik 78 urte dituenik, hain kementsu eta gazte ikusita. Bulegoko horman duen argazkiari begiratu diogu: Hebe bera Néstor Kirchner presidenteak lagundurik. «Gure semeetako batek Plaza zeharkatu du Presidentearen aulkian jezartzeko». Amek presidente bati onespena eman dioten lehenengo aldia; ekaitza politikoa hasia da. «Egungo Gobernua heldu zenean, orain dela ia lau urte, proiektu ezberdintzat jo genuen. Pentsatu genuen Gobernuaren proiektua gure eskuetan hartu behar genuela, ondo dagoena bultzatu eta txarto dagoena salatu. Sekula egon ez den jarrera zabalik dagoela nabari dugu, Giza Eskubideetan eta beste arlo askotan ere. Une politiko sinestezin hau ez genuke ezerengatik aldatuko». Egia da presidentearen eraginez bertan behera utzi zirela militarrentzako barkamen legeak, baina errepresioak badirauela adierazi diogu; eta Kirchnerren inguruan dauden asko -Buenos Aireseko gobernadore Felipe Solá edota Alberto Fernández gobernu burua, esaterako- Duhalderen errepresioari zein azpijokoei lotuta daudela. «Geuk hori guztia ez dugu onartzen. Probintzietan asko dira Kirchner zaleak ez direnak, presidentearen alde egotearen planta egin arren. Gobernuan ere facho asko dago, eta nortzuk diren esaten diogu presidenteari. Ez dugu uste dena ondo dagoenik. Solák kristoren zorra dauka nirekin: beraiek torturatu egin zuten alaba, duela bost urte, La Platako nire etxean. Dena den, orain, ondasunen banaketa pobreen esku egon dadin ari gara lanean; ez dadila, aurrekoetan bezala, alkate eta gobernadorearengana joan. Horien gustuko ez da, jakina, baina ez da gustu kontu bat, ez da lagunarteko kontua». Ea gizarte mugimenduentzat dena Gobernuaren esku uztea kaltegarria ez ote den izango galdetu diogu. «Guk ez diogu mobilizatzeari uko egin. Bidegabekeria salatzen duten irratia eta aldizkaria ditugu. Plaza daukagu ostegunero. Hala ere, Marcha de la Resistencia -ezkertiarrek urtero egin ohi zuten 24 orduko ibilaldia-, beharrik izan arte behintzat, ez dugu berriz egingo, gure ustetan etsaia ez dagoelako Casa Rosadan, egun beste nonbait dago».
Chávez eta Latinoamerikako batasuna
Argentinaz gaindi, Latinoamerikako egoerari buruzko iritzia ere eman digu de Bonafinik: «Uste dugu Latinoamerikan une politiko ezberdina dagoela eta ezin dugula aukera alferrik galdu. Chávezen iraultza, esaterako, bozken bidez heldu da, guztiz berria da hori. Chávez kristoren pertsona ona da, geniala. Aurrera daraman politikak Latinoamerikako batasunera hurbiltzen gaitu. Ez dago bakarrik, hor baitaude Fidel, Evo, Kirchner eta Lula, ezberdintasunak egon arren. Interesgarria da oso. Hemen, adibidez, La Platako Río Santiago ontziolan egin duen eskaerak 2.500 pertsonentzako lana ekarriko du. Ondo dabilena sostengatu beharra daukagu. Zenbat urte geratzen zaizkigu amei Latinoamerikako batasuna, hasia bada ere, ikusi ahal izateko?». Bere esanetan, hobe da Lula, nahiz eta Chávez bezalakoa ez izan, beren alde izatea; «ez dadila bestaldera joan, hurbil dezagun gurera. Uruguaykoa, berriz, hondamendi hutsa izan da, presidenteak huts egin die herritarrei eta baita Frente Amplioko jende askok ere. Ez guztiek, baina haietako asko, tupamaro izandakoak... Zur eta lur geratzekoa da». Euskal Herrian aski ezaguna den Eleuterio Fernández Huidobro idazle tupamaro sutsuena dakar solasaldira: «Huidobro duela asko aldatu zen. Behin, muturrekoak izatea leporatu zigun eztabaida batean eta esan nion nik: Huidobro, zuk irakatsi zenidan lehergailu bat zelan egin, horren inguruko liburu bat idatzi zenuen; zelan aldatu zara horrenbeste? Ufa, bere buruaz beste egin nahi izan zuen. Militarrentzako zigorgabetasunaren legeak ez deuseztea larria izan da».
Euskal amekin elkartasuna
PP agintean zegoela, Mayor Orejak ETA goraipatzea leporatu zien amei. 2000ko abenduan, talde txiki bat -De la Rúa presidentea, Aníbal Ibarra alkatea eta Joan Manuel Serrat tartean- elkartu zen «terrorismoaren» kontra. Clarín egunkariak berriz, gezurra zioen Heberi buruz: «... euskal terroristak defendatzeko gai, Aita Santua kritikatzeko gai dena edo Dorreen kontrako erasoak justifikatu dituena...». De Bonafiniren hitzetan, «alde batetik, Espainiako Estatuko hainbat lekutan genuen laguntza oro galdu genuen, interesgarria zen laguntza ekonomikoa. Baina euskal amei emandako sostenguaz arnegatzea, gure seme-alabak edukitzeaz arnegatzea da. Hura guztia galdu genuen, baina amak ez ginen iritziz aldatu. TVEk deitu zidan: esandakoaz publikoki damutuz gero, proiektuekin segituko zuten. Preziorik ez nuela esan nien nik, proiektuak diruz egiten zirela, baina amek egiten duguna ezin dela erosi. Hogeita hamar urte hauetan maite gaituen jendearen maitasuna bereganatu dugu, eta maite ez gaituztenek ez dute inoiz egingo». Segituan, eten berri den Euskal Herriko bake prozesuari heldu dio: «Irlandan aurrera atera zen, azpitik sute baten batek iraun arren. Bizitzan gauza orok dauka bere momentua, baita bakeak ere. Geuk ere prozesuan parte hartzeko gure burua aurkeztu dugu, bakea beharrezkoa delako; ez dadila hilerrien bakea izan».
Josu Chueca
Bilbo bonben menpe izan zuten nazionalek gerraren hasieratik. Hegazkin alemaniarrak eta frankistak jaun eta jabe aritu ziren Bizkaiko zeruetan, abiazioan zuten nagusitasuna baliatuz. Hain zuzen, Euskadi autonomoak amore eman zezan bonbardaketen eta Bizkaiaren suntsipenaren mehatxua behin eta berriro erabili zuen Mola jeneralak. Baina ez zen harrokeria hutsa izan: mehatxu epeak bete orduko, Junker, Heinkel eta Fokker hegazkin bonbaketariek Gasteiz edota Burgostik Bilbo aldera jo zuten euren suzko eta heriotzazko zamak lagatzeko prest.
Hala gertatu zen 1936ko abuztuaren 8an, irailaren 25 eta 26an, eta urriaren lehenean. Abiazioak egindako bonbardaketak gauza berria ziren Espainia aldean eta eragiten zuten izua geldiezina zen, are gehiago Bizkaian. Bertan, alde errepublikanoko hegazkinak -Errusiatik iritsitako Polikarpov ehiza-hegazkinak, jendeak «euliak» eta «txatoak» deitu zituztenak- ez ziren inoiz nahikoa izan nazionalen erasoei aurre egiteko. Oso ohiko bilakatu ziren sirena hotsak eta aire erasoen aurrean jendearentzat prestaturiko babeslekuak; behin-behineko salbazioa izateaz gain, zeruko gudaldietan zegoen desorekaren seinale ziren.
Komunikabideetan ere, alde bateko zein besteko indarren desorekak isla zuzena izan zuen. Izan ere, prentsa frankistak berak, sarritan inolako ahalkeriarik gabe, beraien hegazkinek buruturiko balentriak hedatu zituen bitartean, Bizkaian argitaratzen ziren egunkariek pairaturiko biktimen eta txikizioen berri besterik ez zuten eman. Gerrak aurrera egin zuen heinean, egoera hori larriagotuz joan zen eta frankistak, batzuetan egunean bitan ere (goiz eta arratsaldez), Euskadi autonomoko hiriburua eta inguruak bonbardatu zituzten, inolako oposiziorik aurkitu gabe.
Raidak mendekatu nahian, kartzeletara!
1937ko urtarrilaren 4an, germaniar eta frankistak Bilboko zerua zeharkatu zuten, beste raid edo erasoaldi hilgarri bat burutzeko asmoz; bederatzi bonbaketari eta 12 ehiza-hegazkinekin goizean eta beste 18rekin arratsaldean. Dena den, beste aldietako aurrekariak kontuan izanda, arratsaldeko saio hori ez zen hainbesteko ezustekoa izan eta hegazkinen aurkako defentsek eta Lamiako auzotik aireraturiko hegazkinek aurre egin zieten. Ondorioz, errepublikanoek erasotzaileen Junker bat tirokatu eta sutan erori zen, Iralabarri aldean. Junkerreko gidari pare bat hegazkinean bertan hil ziren eta Adolf Hermann deituriko hirugarren batek paraxutaz jauzi egitea lortu zuen. Alferrik izan zuen, lurreratu bezain pronto miliziano batek tirokatu baitzuen, hilzorian lagaz. Berehala hurbildu zen jendetzak akabatu zuen gidaria eta gorpua hartu ostean, segizio antzeko bat burutu zuten, Gobernazio Saila zegoen La Bilbaina elkarteko egoitzaraino. Baina bat-batean sorturiko protesta hura ez zen hor gelditu eta «kartzeletara, kartzeletara!» oihukatuz Begońa aldera jarraitu zuten, gero eta jendetsuagoa zen manifestazioa osatuz.
Aipatutako auzo horretan Bilboko lau kartzela zeuden. Nagusia -XIX. mendeko azken herenean eraiki zuten Larrinagakoa- eta gerraren ondorioz sortu berriak zirenak: El Carmelokoa, Los Angeles Custodioskoa eta Casa Galera deiturikoa. Lau espetxe horietan 2000 presotik gora zeuden. Horietatik heren bat Gipuzkoatik, Donostia frankisten esku erori baino egun batzuk lehenago ekarritakoak ziren. Lehen hilabeteak Cabo Quilates, Altuna Mendi eta Arantzazu Mendi barku kartzeletan eman zituzten giltzapeturik eta 36ko abenduaz geroztik Larrinagara eta gainontzeko lehorreko espetxeetara eraman zituzten. Justizia Sailaren menpe zeudenez, lau espetxeek kanpoan zein barruan zaindariak zituzten eta Espainiako Estatuko beste antzeko presondegiekin parekatuz nahiko seguruak ziruditen.
Lintxamendu masiboak kartzeletan
Hala ere, urtarrilaren 4ko arratsalde hartan, 17:00ak inguruan kartzeletan ate joka izan zituzten Bilboko erdigunetik iritsitako manifestariak eta zaintzaileen aldetik erresistentzia handirik izan gabe, ateak eta galbaheak zeharkatu ostean, patioetan eta ziegetan zeuden presoak beren eskuetan erori ziren. Manifestarien amorruari bi faktore gehitu zitzaizkion lintxamendua areagotzeko. Alde batetik, zaintzaileek erakutsi zuten nagikeria eta profesionaltasun eza. Bestetik, kartzeletaraino iritsi ziren manifestarien artean milizianoek ere parte hartu izana. Azken horiek izan baitziren fusilamendu masiboak burutzen lagundu zutenak. Irekitako epai instrukzioak bildu zuen legez, horietako gehienak Malatesta batailoi anarkistakoak ziren. La Casillako kuarteletik abiatuta, espetxetaraino armaturik joan ziren eta horietan sartzea ahalbideratzeaz gain, lehen hilketak burutu zituzten. Gainera, beranduxeago bertaratu ziren beste hainbat miliziano -UGTko zazpigarren batailoikoak, esate baterako- egoera baretzeko bidaliak izan ziren arren, iritsi orduko erasotzaileekin bat egin zuten, erailketak areagotuz.
Hiru ordu inguru iraun zuten oldarretan, hainbat espetxeratu bere burua defendatzen saiatu zen. El Carmelon gatibu zeudenak, adibidez, azken pisuan metatu eta itxi ziren eta horri esker oso biktima gutxi egon ziren: zazpi baino ez. Aldiz, latzagoa izan zuten Los Angeles Custodioskoek eta Larrinagakoek, 109 eta 56 hildako izan baitziren. Horiei gehitzen badizkiegu Casa Galeran izandako 53ak, 224 hildako egon ziren lau kartzeletan. Beraien artean, hainbat politikari zeuden: hala nola, Juan Olazabal Ramery Gipuzkoako integristen buru historikoa edota Bernardo Elio Marqués de las Hormazas buruzagi tradizionalista. Biktima bizkaitarren artean, aipatzekoak dira Pedro Eguilleor eta Adolfo Careaga politikari kontserbadoreak eta Nafarroako Arellano Dihinx famili eskuindar ezagunaren anai pare bat (Francisco Javier eta Jose Maria) ere hor erail zituzten. Hildako guzti horien berri zehatza, izen-abizenekin, eskaini zuten egunkari faxistek, baita Eusko Jaurlaritzak argitaratzen zuen Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoa delakoak ere.
Hainbat ertzain eta Eusko Jaurlaritzako hiru kontseilari, Telesforo Monzon, Juan Astigarrabia eta Juan Gracia, kartzeletara gerturatu zirenean, fusilamenduak amaitu ziren. Astigarrabia komunistak ondoren kontatu zuen legez, Los Angeles Custodiosera iritsi zirenean, oraindik fusilamenduekin ari ziren eta beraiek lortu zuten hiltzear zegoen taldea ziegetara bidaltzea eta fusilamenduak geldiaraztea.
Erruaren aitorpena
Hiru kontseilari horiek erailketen lekuan bertan agertzea nabarmen laga zuen Eusko Jaurlaritzak zuen ardura eta erantzukizuna. Kartzelak bere menpe izateaz gain, ordenu publikoaren eta armadaren ardura ere bereak ziren. Hala, Jaurlaritzak ez zituen saihestu erantzukizun politiko eta judiziala eta nahiz eta Telesforo Monzonen dimisioa ez onartu, errudunak epaitu eta zigortzeko zuen borondatea segituan jakinarazi zuen.
Frankisten erasoaldia zela medio, ez zen ahozko epaiketarik egin baina gerra ostean mundu osoan zehar emandako hitzaldietan eta bereziki 1956an egindako Euskal Mundu Biltzarrean, egun hura hizpide izan zuten, Jose Antonio Agirrek buruturiko txosten nagusiaren bitartez. Hogei urte lehenagoko abagune hartan biktimak «gure jendailak» erail zituztelako eta aginte tresnek kale egin zutelako errudun jotzen zuen bere burua lehendakariak berak, nahiz eta erailketak Euskal Gobernutik kanpo zegoen esparru politiko batek -anarkistenak gehienbat- sustatu. Adierazpen hori salbuespen bikain bezain esanguratsua izan zen, Espainiako Estatu osoan, ez alde frankistan ezta errepublikanoan ere, antzeko sarraskien inguruko aitorpenik ez baitzen egon ez gerra zibileko garaietan ezta ondorengo urteetan ere. Baina, Agirrek ongi zioen moduan, soil-soilik gauzak gertatu ziren legez aitortuz gero eduki dezake aginte batek autoritate morala.
Daniel Udalaitz
Egia al da gure itsasoa egoera larrian dela? Egunetik egunera urriagoak direla itsasoko harrapaketak? Orain arte itsasoan harrapatu eta etxean jaten genituen antxoa, legatz, mero, erreboilo, bakailao, zapo eta bestelakoak hemendik hogei urtera ez ditugula merkatuan ikusiko? Aurreikusteko moduan al gaude hemendik urte batzuetara basa-arraina desagertu eta arraina jan nahi izanez gero beste aukera batzuetara jo beharko dugula, adibidez arrain haztegietara? Gainbehera hau saihestu al daiteke nahitaez arraina haztegietan haztera jo behar izan gabe? Beste zein aukeraren bila dabiltza egoera larri hau arintzeko?
Euskaldunoi basa-arraina jatea gustatzen zaigu, eta konturatu gara zer datorkigun. Duela zenbait urte, gaur egun gure kaleetan nekez aurki daitekeen bisigua nola desagertzen zen ikusi genuen; eta orain, antxoaren azken hatsak bertatik bertara ikusten ari gara. Gainera, itxura guztia du espezie horiek eta legatza, oilarra, zapoa edo erreboiloa bezalako beste espezie batzuek ere bide berari jarraituko diotela gure arrantza baliabideen kudeaketa iraultzen ez badugu, hau da, aspalditik datorren gehiegizko arrantza, uraren kutsadura eta espezieen arteko orekaren haustura deuseztatzen ez baditugu.
Adituek alarmak piztu dituzte
Egoera honek guztiak alarmak piztu ditu. Science zientzia aldizkari ospetsuak egoeraz ohartarazi zuen, joan den azaroan argitaratutako zenbakian. Aldizkariaren arabera, ozeanoetako biodibertsitatearen galera gero eta handiagoak arrisku handian jartzen du bertako espezieen biziraupena eta ongizatea, eta gaur egun arrantzatzen diren espezieak 2050. urterako desager litezke. Ikerketa Kanadako Dalhousie Unibertsitateko Biologia saileko Boris Word zientzialariaren gidaritzapean egin da eta, emaitzek erakusten dutenez, itsasoko dibertsitatearen gainbeherarekin baliabideen desagertzea areagotu da eta esponentzialki gutxitu dira uraren leheneratzeko ahalmena, egonkortasuna eta kalitatea. Aitzitik, biodibertsitatea berrezarritako lekuetan laukoiztu egin da emankortasuna.
«Gaur egun merkaturatzen diren espezie guztiak galzorian egongo dira. Espezie horien populazioa %90 murriztuko da 1950. urtearekin alderatuta, eta horiek arrantzatzea ez da errentagarria izango. Meroa, legatza, bakailaoa eta beste arrain batzuk oso bakanak eta garestiak izango dira». Hala baieztatu du Estatu Batuetako ozeanografiako Scipps institutuko irakasle eta Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) ikerlari Enric Salak. Hain zuzen ere, irakasle eta ekologo katalan hau da Science aldizkariko ikerketa zientifikoaren egileetako bat eta bere esanetan, basa-arrantza iraganeko kontua izango da 2050ean.
Nazioarteko zientzialari eta ekologo talde batek lau urtez aztertu ditu 32 esperimentutako datuak, eta berraztertu egin ditu 48 itsas eremu babestuetan egindako behaketa ikerketak eta NBEko (FAO) Nekazaritza eta Elikadurarako Erakundeak 1950 eta 2003 artean bildutako arrain eta ornogabeen harrapaketa guztien zenbatekoak. Adituen esanetan, ondorioa «dramatikoa» da. «Ikusi duguna da azken mila urteetan bizkortu egin dela kostaldeko espezieen gainbehera. Horrek filtrazio ahalmen biologikoa, haztegi habitatak eta arrantza osasungarria galtzea eragin du». Gainera, horien hitzetan, itsasoko dibertsitatearen galerak gero eta gehiago oztopatzen du ozeanoek janaria emateko, uraren kalitateari eusteko eta perturbazioetatik bere onera etortzeko daukaten ahalmena. Hala ere, eskuartean dituzten datuek iradokitzen dute joera horiek iraultzeko moduan gaudela oraindik.
Ikerketaren zuzendariak, Word biologoak, baieztatu du espezieak itsas ekosistemetatik desagertuz joan direla eta joera hori oraintsu azkartu dela. Merkaturatzen diren espezieen %29 jadanik gainbeheran daude «eta ehuneko hori gorantz doa egunetik egunera». Orain dela hiru urte Wordek berak Nature aldizkarian adierazi zuen 1950ean zeuden hegalabur, ezpatarrain, bakailao eta meroen %10 besterik ez direla gelditzen gure itsasoetan. «Gaur egungo harrapaketa mailekin», gaineratu du, «espezie horiek dinosauroen bideari jarraituko diote». Biologoa hondamendiari data jartzen ere ausartu da: «Ez badugu ezertxo ere egiten, orain gure mahaietara eramaten ditugun espezie guztien populazioa 2048 aldera %90 murritzagoa izango da, eta espezie horiek harrapatzea ez da errentagarria izango».
Sala irakasle eta ekologo katalana ikerketa zientifiko horren taldeko kide da eta, bere iritziz, Kantauri itsasoan antxoa murriztu izanaren arrazoia gizakiak itsaso horretako espezie handiak akabatu izana da. Tamaina handiko arrainek egonkortasuna ematen diete ekosistemei eta txikiek alderantzizkoa egiten dute: fluktuazio handiei askoz ere lotuagoak egotea eragiten dute. «Nolakoak izango diren ez dakigun ekosistemak artifizialki sortzen ari gara», esan du ekologo katalanak, eta hau une erabakigarria dela dio, horrela jarraituz gero garai bateko arrain handiz betetako ozeano garbietatik etorkizunean bakterio, marmoka eta arrain txikiz egindako zopetara pasatuko baikara.
Euskal zientzialarien ahotsa
Euskal Herriko zientzialariak ere oso kezkatuta daude duela urte batzuetatik, arrantzaren egoera eta, batez ere antxoarena, ikusita. Bereziki Azti-Tecnalia arrantza eta elikaduraren institutu teknologikoa da zeregin horretan dabilena. Beste zientzialari eta sektore ekologista batzuekin batera, itsasoko baliabideen kudeaketa iraunkorra egin dezatela eskatu die politikariei. Ildo horretan, itsasoan bertan ikerketa zorrotzak egin ondoren, antxoaren arrantzan luzamendu edo debekualdiak egitearen aldeko apustua egiten du. Baina hala ere, zenbaitetan politikariek beste interes batzuei eman izan diete lehentasuna.
Antxoaren etorkizunarekin kezkatuta, Aztiko baliabide pelagikoen arloko koordinatzailea den Andres Uriartek orain dela hilabete batzuk honakoa adierazi zuen: «Inork ez du antxoa akabatuko, baina arriskua dago populazioa oso biomasa baxuan sartuz gero espezie honen arrantza errentagarria ez izatera iritsi eta desagertzeko». Bere lankideak, zentro bereko Itsas Ikerketa Unitateko Teknologia zuzendari Lorenzo Motosek garai berean honakoa erantsi zuen: «Zalantza daukagu antxoa atzera bueltarik gabeko egoeran ez ote dagoen. Ezetz espero dugu, antxoak suspertzeko ahalmen handia du eta». Euskal zientzialarien arabera, sakoneko arazoa bikoitza da: «Batetik ingurumen arazoa dago eta, bestetik, arrantza arazoa. Ez dugu ez bata eta ez bestea gutxiesten».
Arrain haztegien aldeko apustua
Arrantzarekin itsasoa gehiegi ustiatzen eta agortzen ari garenez, mundu guztian ordezko konponbideen bila ari dira etorkizunari begira, baina, jakina, itsas espezieek itsasoan bertan iraun ahal izateko ardura eta ikerketak alde batera utzi gabe. Espainiako Estatua eta Euskal Herria ere aukera berrien bila dabiltza, horretarako pausoak ematen ari dira. Datu orokor hauek ikusi besterik ez dago: sektoreko patronalak emandako datu ofizialen arabera, Espainiako Estatuko arrain haztegien urteko ekoizpena hurrengoa da: 300.000 tona muskuilu, 14.000 tona urraburu, 6.000 tona lupia eta 3.000 tona erreboilo. Lupia hazkuntza izan da azken hamarkadan Espainiako estatuan gehien hazi dena; 74 aldiz handitu zen, joan den urtean hazkuntza hori egonkortu arte. Lupiak, itsasadarretan, estuarioetan edo itsasertzeko beste leku zehatz batzuetan jartzen diren 16-25 metro arteko diametroa duten kaioletan sartzen dituzte eta lehenengo urte eta erdian, berrehun gramoko pisua hartzen dute.
Mihi-arraina eta olagarroa hazteko asmoa ere badago, adituen esanetan gatibutzan oraindik gehiago ere gizen daiteke-eta, hilean kiloa hain zuzen ere. Berdin gertatzen da moluskuekin eta, hori dela eta, datilekin probatzen ari dira. Abadira, bisigu eta meroarekin ere saiakuntzak egiten ari dira, eta ez dituzte baztertzen txoko, berrugeta, txelba hortzandi, txelba arrunt eta sardoak. Badirudi legatzak eta zapoak ez dutela amore eman nahi.
Erreboiloa, bisigua eta mihi-arraina ekoizteko planta
Euskal Herrian itsas akuikultura hasiberria da oraindik -tradizio handiagoa dute amuarrain haztegiek-. Hemengo akuikultura Orrua enpresa gipuzkoarrera mugatzen dela esan daiteke: orain dela urte gutxi batzuk Getarian erreboilo mintegi bat jarri zuen. Enpresa horrek eta Txileko bat edo bestek interesa agertu dute Azti-Teknaliak akuikulturaren alorrean daukan proiektu berrian. Gauzak horrela, Sukarrietan (Bizkaia) eta Pasaian (Gipuzkoa) egoitzak dauzkan euskal ikerketa zentro honek itsas espezieen arrainkumeak ekoiztu eta ikertzeko planta jarriko du martxan. Zazpi milioi euroko inbertsioa eskatzen duen proiektua hasiera batean Pasaian martxan jartzea zen asmoa, baina udalaren arazo burokratikoak direla eta, orain Bizkaian kokalekuren bat bilatzen ari dira.
Arrain txikiak hazteaz arduratzen diren beste arrain haztegietan ez bezala, planta berri honetan arrainaren ziklo biologikoa aztertuko dute, arrainak arrautzak jartzen dituenetik arrainkumeak jaio artekoa. Arduradunen aurreikuspenen barruan sartzen da planta anoako erreboilo, mihi-arrain eta bisiguetan espezializatzea. Ez dituzte txibi eta txokoak ere baztertzen.
Antxoa gazituaren ordezkoa
2007a bukatu baino lehen merkatuan egon litekeen beste apustu bat ere badauka esku artean euskal ikerketa zentro berberak: Bizkaiko Golkoan murriztu den eta desagertzeko arriskuan dagoen antxoarentzako irtenbidea topatzea. Ez dugu antxoa freskoa bakarrik jaten, antxoa gazitua eta kontserbakoa ere jaten ditugu. Bada Azti antxoa gazituaren ordezkoa garatzen ari da, azken boladan antxoa freskoarengatik ordaindu behar izaten dugun hamar eurotik gorako prezioa baino askoz merkeagoa litzatekeen ordezkoa. Ordezko hori ekoiztu eta merkaturatzeko prest dagoen euskal enpresa bat aurkitu zain dago. Hemen halakorik topatu ezean, Espainiako Estatuko enpresei egingo die eskaintza.
Surimiarekin eta berdela edo txitxarroa bezalako espezie pelagikoen haragi xehatuarekin egindako produktua da. Aztiko adituen esanetan, angularen ordezkoa (gula) egiteko ere erabiltzen den surimi delakoa ia koiperik ez daukan eta plastikoa balitz bezala landu daitekeen proteina da. Apustu arriskutsua eginez, «inor ez da gai izango itxurarengatik eta zaporearengatik benetako antxoak eta ordezkoak bereizteko» ziurtatu dute euskal institutukoek. Halaxe esan du behintzat Aztiko arduradun nagusietakoa den Rogelio Pozok.
Kantabrian badago produktu honen aurrekari bat: Santońako enpresa batek urtebete darama antzeko produktua egiten. Baina oraingoz salmenta industriala egiten du; hau da, aurrez prestatutako janariak eta antzekoak egiten dituzten fabrikatzaileei saltzen die produktua. Euskal institutuak denden bidezko merkaturatzean aurrea hartu nahi dio.