Egia al da gure itsasoa egoera larrian dela? Egunetik egunera urriagoak direla itsasoko harrapaketak? Orain arte itsasoan harrapatu eta etxean jaten genituen antxoa, legatz, mero, erreboilo, bakailao, zapo eta bestelakoak hemendik hogei urtera ez ditugula merkatuan ikusiko? Aurreikusteko moduan al gaude hemendik urte batzuetara basa-arraina desagertu eta arraina jan nahi izanez gero beste aukera batzuetara jo beharko dugula, adibidez arrain haztegietara? Gainbehera hau saihestu al daiteke nahitaez arraina haztegietan haztera jo behar izan gabe? Beste zein aukeraren bila dabiltza egoera larri hau arintzeko?
Euskaldunoi basa-arraina jatea gustatzen zaigu, eta konturatu gara zer datorkigun. Duela zenbait urte, gaur egun gure kaleetan nekez aurki daitekeen bisigua nola desagertzen zen ikusi genuen; eta orain, antxoaren azken hatsak bertatik bertara ikusten ari gara. Gainera, itxura guztia du espezie horiek eta legatza, oilarra, zapoa edo erreboiloa bezalako beste espezie batzuek ere bide berari jarraituko diotela gure arrantza baliabideen kudeaketa iraultzen ez badugu, hau da, aspalditik datorren gehiegizko arrantza, uraren kutsadura eta espezieen arteko orekaren haustura deuseztatzen ez baditugu.
Adituek alarmak piztu dituzte
«Gaur egun merkaturatzen diren espezie guztiak galzorian egongo dira. Espezie horien populazioa %90 murriztuko da 1950. urtearekin alderatuta, eta horiek arrantzatzea ez da errentagarria izango. Meroa, legatza, bakailaoa eta beste arrain batzuk oso bakanak eta garestiak izango dira». Hala baieztatu du Estatu Batuetako ozeanografiako Scipps institutuko irakasle eta Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) ikerlari Enric Salak. Hain zuzen ere, irakasle eta ekologo katalan hau da Science aldizkariko ikerketa zientifikoaren egileetako bat eta bere esanetan, basa-arrantza iraganeko kontua izango da 2050ean.
Nazioarteko zientzialari eta ekologo talde batek lau urtez aztertu ditu 32 esperimentutako datuak, eta berraztertu egin ditu 48 itsas eremu babestuetan egindako behaketa ikerketak eta NBEko (FAO) Nekazaritza eta Elikadurarako Erakundeak 1950 eta 2003 artean bildutako arrain eta ornogabeen harrapaketa guztien zenbatekoak. Adituen esanetan, ondorioa «dramatikoa» da. «Ikusi duguna da azken mila urteetan bizkortu egin dela kostaldeko espezieen gainbehera. Horrek filtrazio ahalmen biologikoa, haztegi habitatak eta arrantza osasungarria galtzea eragin du». Gainera, horien hitzetan, itsasoko dibertsitatearen galerak gero eta gehiago oztopatzen du ozeanoek janaria emateko, uraren kalitateari eusteko eta perturbazioetatik bere onera etortzeko daukaten ahalmena. Hala ere, eskuartean dituzten datuek iradokitzen dute joera horiek iraultzeko moduan gaudela oraindik.
Ikerketaren zuzendariak, Word biologoak, baieztatu du espezieak itsas ekosistemetatik desagertuz joan direla eta joera hori oraintsu azkartu dela. Merkaturatzen diren espezieen %29 jadanik gainbeheran daude «eta ehuneko hori gorantz doa egunetik egunera». Orain dela hiru urte Wordek berak Nature aldizkarian adierazi zuen 1950ean zeuden hegalabur, ezpatarrain, bakailao eta meroen %10 besterik ez direla gelditzen gure itsasoetan. «Gaur egungo harrapaketa mailekin», gaineratu du, «espezie horiek dinosauroen bideari jarraituko diote». Biologoa hondamendiari data jartzen ere ausartu da: «Ez badugu ezertxo ere egiten, orain gure mahaietara eramaten ditugun espezie guztien populazioa 2048 aldera %90 murritzagoa izango da, eta espezie horiek harrapatzea ez da errentagarria izango».
Sala irakasle eta ekologo katalana ikerketa zientifiko horren taldeko kide da eta, bere iritziz, Kantauri itsasoan antxoa murriztu izanaren arrazoia gizakiak itsaso horretako espezie handiak akabatu izana da. Tamaina handiko arrainek egonkortasuna ematen diete ekosistemei eta txikiek alderantzizkoa egiten dute: fluktuazio handiei askoz ere lotuagoak egotea eragiten dute. «Nolakoak izango diren ez dakigun ekosistemak artifizialki sortzen ari gara», esan du ekologo katalanak, eta hau une erabakigarria dela dio, horrela jarraituz gero garai bateko arrain handiz betetako ozeano garbietatik etorkizunean bakterio, marmoka eta arrain txikiz egindako zopetara pasatuko baikara.
Euskal zientzialarien ahotsa
Antxoaren etorkizunarekin kezkatuta, Aztiko baliabide pelagikoen arloko koordinatzailea den Andres Uriartek orain dela hilabete batzuk honakoa adierazi zuen: «Inork ez du antxoa akabatuko, baina arriskua dago populazioa oso biomasa baxuan sartuz gero espezie honen arrantza errentagarria ez izatera iritsi eta desagertzeko». Bere lankideak, zentro bereko Itsas Ikerketa Unitateko Teknologia zuzendari Lorenzo Motosek garai berean honakoa erantsi zuen: «Zalantza daukagu antxoa atzera bueltarik gabeko egoeran ez ote dagoen. Ezetz espero dugu, antxoak suspertzeko ahalmen handia du eta». Euskal zientzialarien arabera, sakoneko arazoa bikoitza da: «Batetik ingurumen arazoa dago eta, bestetik, arrantza arazoa. Ez dugu ez bata eta ez bestea gutxiesten».
Arrain haztegien aldeko apustua
Mihi-arraina eta olagarroa hazteko asmoa ere badago, adituen esanetan gatibutzan oraindik gehiago ere gizen daiteke-eta, hilean kiloa hain zuzen ere. Berdin gertatzen da moluskuekin eta, hori dela eta, datilekin probatzen ari dira. Abadira, bisigu eta meroarekin ere saiakuntzak egiten ari dira, eta ez dituzte baztertzen txoko, berrugeta, txelba hortzandi, txelba arrunt eta sardoak. Badirudi legatzak eta zapoak ez dutela amore eman nahi.
Erreboiloa, bisigua eta mihi-arraina ekoizteko planta
Arrain txikiak hazteaz arduratzen diren beste arrain haztegietan ez bezala, planta berri honetan arrainaren ziklo biologikoa aztertuko dute, arrainak arrautzak jartzen dituenetik arrainkumeak jaio artekoa. Arduradunen aurreikuspenen barruan sartzen da planta anoako erreboilo, mihi-arrain eta bisiguetan espezializatzea. Ez dituzte txibi eta txokoak ere baztertzen.
Antxoa gazituaren ordezkoa
Surimiarekin eta berdela edo txitxarroa bezalako espezie pelagikoen haragi xehatuarekin egindako produktua da. Aztiko adituen esanetan, angularen ordezkoa (gula) egiteko ere erabiltzen den surimi delakoa ia koiperik ez daukan eta plastikoa balitz bezala landu daitekeen proteina da. Apustu arriskutsua eginez, «inor ez da gai izango itxurarengatik eta zaporearengatik benetako antxoak eta ordezkoak bereizteko» ziurtatu dute euskal institutukoek. Halaxe esan du behintzat Aztiko arduradun nagusietakoa den Rogelio Pozok.
Kantabrian badago produktu honen aurrekari bat: Santońako enpresa batek urtebete darama antzeko produktua egiten. Baina oraingoz salmenta industriala egiten du; hau da, aurrez prestatutako janariak eta antzekoak egiten dituzten fabrikatzaileei saltzen die produktua. Euskal institutuak denden bidezko merkaturatzean aurrea hartu nahi dio.
Science aldizkariak itsas espezieen etorkizunari buruzko hain analisi zorrotzak argitara eman arren, txostenaren egileek itxaropena ere badute egoera aldatzeko, arrantza baliabideen kudeaketa erabat aldatu eta arrantza masiboa alde batera uzten badugu, eta ekosistema defendatu eta itsas azalera babestua handitzen badugu. Gaur egun, beraz, egoerari buelta emateko moduan gaude.
Ikerketaren zuzendariak, Word-ek, gizateria etorkizuna aldatzeko garaiz dagoela nabarmendu du: «Alda dezakegu. Baina une honetan ozeanoen %1etik behera dago modu eraginkorrean babestuta. Erabateko suspertzea ez da urtebetean gertatuko, baina askotan espezieak uste baino azkarrago suspertzen dira, hiru, bost edo hamar urtetan. Eta hori gertatzen den lekuetan berehalaxe datoz onura ekonomikoak».
Ikerketako beste kide batek, Stanford-eko (AEB) Unibertsitateko Steve Palumbi irakasleak, esana: «Ozeanoetako espezie guztiak batera kudeatzeko modua erabat aldatu ezean mende hau izango da itsasoko basa-espezieen azken mendea». Horrenbestez, berak ere egoera iraultzeko modukoa dela adierazi du.
Ez dirudi, ordea, Elikadura eta Nekazaritzako Nazio Batuen Erakundea (FAO) oso ados dagoenik 2050erako munduko itsas kalak agortuta egongo direla ondorioztatzen duen ikerketa honekin, eta hori «nekez gertatuko dela» uste du, nahiz eta munduko leku askotan arrantzaren egoera «ez dela onargarria» ere aitortu duen. Alabaina, FAOk berak lehenago onartu zuen jango dugun arrainaren %60 hazkuntza intentsibotik (akuikulturatik) etorriko dela 2025erako. Greenpeace erakunde ekologista, bestalde, Scienceren ikerketa honetan oinarritu da itsasoaren %40 babes dadin eskatzeko.
Euskal Herrian, gaur egun antxoaren kasua da arrantzaren egoeraren adierazle nagusia. Hain zuzen, 28 itsasontzik apirila eta ekaina artean antxoaren arrantza esperimentala egitea onartu berri du Europar Batasunak eta oso haserre agertu dira antxoaren arrantza debekatuta duten EAEko arrantzaleak. Bisigua desagertu egin zen gure kostaldetik, eta orain antxoak antzeko bidea darama. Azti-Tecnaliako euskal zientzialariek aholkatu bezalako neurri gogorrak hartzen ez badira -arrantzarik gabeko aldiak luzatzea eta debekualdiak ezartzea, esate baterako-, antxoa ere desagertu egingo da.
1968. urtean Kantauri itsasoan 9.586 tona bisigu arrantzatu ziren. Eta Aztik 1990ean egindako ikerketa baten arabera, 80ko hamarkadaren bukaeran desagertu zen espezie hau. Gaur egun kaxa gutxi batzuk besterik ez direnez arrantzatzen, oso garesti saltzen da. Orain Euskal Herrian jaten dugun bisigua Tarifatik edo Marokotik ekartzen dute.
Orain dela berrogei urte Kantauriko arrantza ontziek, Euskal Herrikoek barne, 80.000 tona antxoa harrapatzen zituzten kanpainako. Azken kanpainan, harrapaketak ez ziren 800 tonetara iritsi. Hego Euskal Herriko harrapaketetara mugatuta ere, errealitatea ez da baikorra, beheko grafikoan ikus daitekeenez. Enpleguarentzat, halaber, gogorra izan da: EAEko baxurako arrantzan 4.146 lanpostu zeuden 1988an eta 1.728 besterik ez 2005ean.
Europako Ingurumen Agentziak eta Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluak Espainiako Estatuari buruzko datu gehiago eman dituzte, Hegoaldeko datuak barne. Hona hemen datuok: legatz harrapaketak 16.000 tonatik 7.000 tona baino gutxiagora jaitsi dira hogei urte baino gutxiagoko epean. Kantauri itsasoan legatzaren arrantza debekatzeko ahaleginak egin ziren 2004an, baina alferrik. Berdin gertatu da zapoarekin: zientzialariak 2004tik ari dira kala ixteko eskatzen, harrapaketak 1987ko 10.000 tonetatik gaur eguneko 3.200 tonetara jaitsi baitira. Zigala kopurua ere murriztu egin da; 2002an zientzialariak zigalaren arrantza debekatzea komeni dela esaten hasi ziren arren, oraindik ere jarraitzen dute zigala harrapatzen.
Azti-Tecnalia arrantza eta elikaduraren institutu teknologikoak 25 urte bete zituen joan den azaroaren 7an. Fundazio bezala jaiotako zentro honek Sukarrietan (Bizkaia) eta Pasaian (Gipuzkoa) dauzka egoitzak eta itsasoaren eta elikagaien ikerketan dago espezializatua. Bere jardunaren %75 Ikerketa eta Garapenean oinarritzen da, Rogelio Pozo zuzendari nagusiak 25. urteurrenaren aurkezpen publikoan adierazi zuen bezala «berezko jarduera ekonomikoa» baita hori. Azken urteotan euskal zentro teknologiko honek 20 milioi euro inbertitu ditu beste bazkide pribatu batzuekin batera sei enpresa sortzeko. Enpresa horietan ehun lagun dabiltza lanean, eta urtean 15 milioi euro inguru fakturatzen dituzte. Enpresetako batek arrantzako produktuak on-line saltzen ditu; beste batek landare-olio birziklatua eraldatu eta biodiesel bihurtzen du -30.000 bat tona erregai ekoizten ditu urtean-; eta beste batek esnegintzaren sektorean osasunerako elikagaiak egiten ditu.
Azken urteetan Aztik 708 milioiko jarduera ekonomikoa sortzen lagundu du, eta urtean 154 lanpostu sortu eta mantendu ditu. 105 bat milioi euroko ekarpena egin dio BPGari, eta bere jarduera ekonomikoari esker 30 milioi euro inguruko zerga bilketa egin da.
Orain 9 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa du, Bizkaiko Parke Teknologikoan elikaduraren ikerketako industriara bideratutako zentro berri bat eraiki eta 2007 bukaeran edo 2008 hasieran martxan jartzeko.
![]() |
|
||||
2071 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa