Astekaria

 Diskoak 

Norton Klub: «EH Sukarra bihotzean daukat, baina Norton Klub da gaur egungo zaletasunak transmititzen dituena»

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2070. alea
2007-01-07
alde 0    kontra 0

Zer ematen dizu Norton Klubek, EH Sukarrak ematen ez dizuna?

Norton Klub da nire egungo zaletasunak transmititzen dituen taldea. EH Sukarra, berriz, bihotz barruan daukat. Jatorrizko hirukotea gara, astean behin entseatzen dugu eta beti gaude jotzeko prest.

Oraingoan ere Asier Serranok hainbat hitz idatzi ditu... Erosoa da zuretzat beste batek idatzitakoa abestea?

EH Sukarraren hirugarren diskotik Asierrek ia letra guztiak idatzi ditu. Hala ere, lan honetan lau letra nireak dira. Asierrek idatzitakoa gustura abesten dut, aspalditik harremana daukagulako. Gainera, emozioa transmititzen dute.

Ibilbide luzeko musikariek kanta askoren hitzak gogoratu behar izaten dituzue...

Bai, eta ariketa zailagoa da zureak ez badira. Nik ardura handiagoa izaten dut hitzekin, musikarekin baino. Nirea musika egitea da, letrista baino musikaritzat dut nire burua.

Oraingoan zure ohiko rock gitarreroa, pop-rocka eta elektronika landu dituzu. Azken horren zaletua zinela bagenekien...

Gogo handia neukan elektronika ere apur bat probatzeko. Niretzat oso alor intrigantea da, eta hasi naiz zerbait ikasten: sintetizadoreak, organikoak ez diren instrumentuak... Bestalde, ahotsaren melodiarekin konforme gelditzen naizenean, jakin badakit abestia non hasi eta non bukatu; kontrolpean dudala.

Dagoeneko bigarren lana autoekoitzi duzu. Merezi du ahaleginak?

Bai. Nahiz eta jakin gaur egun diskoak saltzea oso zaila dela. Horren kontziente izan behar duzu, eta ahalik eta gehien zuzenean jo. Ni musikari esker bizi naiz, baina beste gauza asko eginda.

Bizi ahal izango zinateke musika jo gabe?

Ez. Gorputzak eskatzen dit musika idatzi eta jotzea. Sentsazio indartsuak bizi izaten ditut prozesuan zehar. Adibidez, Maite banauzu, kantu bat egitearen gainekoa da. Entseguek ere asko motibatzen naute, eta baita zuzenetako adrenalinak ere.

KLUB-A

Norton Klub

Barne records

Iraupena: 27'49'' 8,20 euro

Rock eta elektronika proiektu pertsonalagoan

Honako hau da EH Sukarra eta Loreleiren sortzaile Mikel Gorosabel Norton-ek autoekoizpenaren alde egiten duen bigarren saiakera. Era berean, EH Sukarrarekin alderatuta izaera desberdina duten kantuak plazaratzeko baliatu du. Iaz Barne Records sortu eta Norton Kluben estraineko lana kaleratu zuen. Eibarko musikari geldiezin honek ez du albo batera utzi ezaguna egin duen rock gitarreroa, tartean txiki-txikitatik gozatutako hard-rocka, eta ezta bere kantuetan hain ohikoak diren melodiak ere. Orain, aspaldian bere arreta deitzen duen elektronikako elementuak batu dizkio emaitzari, modu xumean, baina giro eta ukitu berezia emanez. Arreba Aintzira, Loreleiko Mikel Irisarri eta Radikal Blues taldeko Sergio Rodriguezek lagunduta sei kantuz osatutako lana prestatu du, eta zuzenean jotzeko irrikan dago.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2069
 
azala2068

2070 zenbakia.
2007ko urtarrilaren 07a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia