Ohiko zirkuitu kulturalen gurpiletik kanpo gero eta aktore gehiagok sortzen dituzte euren proiektu alternatiboak. Aktore hasiberriek zein profesionalek espazio kulturalen edota bide berri eta alternatiboen beharra dute gaur egun. Errealitate honen lekuko da Paul Zubillagak Donostian sorturiko areto alternatiboa: Brandoren Txokoa.
Urte eta erdiko ibilbidea egin du jada Brandoren Txokoak. 2005eko maiatzean ekin zion aktore donostiarrak proiektuari; baita irrika handiz eta baliabide ekonomiko urriekin hasi ere. Euskal Herrian antzerkigintzan aritzeko dauden zailtasunak ezaguturik, antzerki areto alternatibo bat sortzeko beharra ikusi zuen. Eskaintza ofizial eta komertzialetatik kanpo, artearekiko beste ikuspegi baten bila dabilenari zuzenduta dago txokoa. «Aktore hasiberriei euren lanak ezagutarazteko aukera edota bide bat eman nahi izan diet; formatu txikiko aretoa sortu nahi izan dut. Artistentzako gune bat da lokala eta, era berean, jendeari zirkuitu handietatik kanpo antzerkia ikusteko aukera ematen dio».
Antzerkira jauzia
Antzerki emanaldiak eskaintzeaz gain, antzerki ikastaroak eta tailerrak ere eman izan ditu Paul Zubillagak, aktoreen prestakuntza ere helburu baitu proiektuak. Gainera, hainbat kontzertu, hitzaldi eta bakarrizketa eskaini dituzte aretoan.
Ibilbide bakartia
Brandoren Txokoak egin duen ibilbidea ontzat jo digu Zubillagak: «Antzerki areto alternatiboaren ideia aspalditik nuen buruan eta proiektua abian jartzea lortu dut. Are gehiago, berau mantentzea lortu dut eta oso zaila izaten da hori. Aintzat hartu beharrekoa da bakarrik aritu naizela egitasmoarekin eta ez dudala inongo diru laguntzarik jaso». Bestalde, lanbidearen aldetik jaso duen harrera nahiko pobrea izan dela azpimarratu digu Paul Zubillagak. Bere iritziz, antzerkigintzaren munduan norberak bereari soilik begiratzeko joera nabarmena dago.
Lanbidearekin kritiko
Bestalde, lanbidea faltsua izatera iristen dela ohartu da urteak pasatu ahala. Aktoreen arteko laguntza eta batasuna eskatzea ondo iruditzen zaio Zubillagari, baina, finean bakoitzak bere buruari eta bideari erreparatzen dionez gero, ezerezean gelditzen da dena. Umiltasuna faltan nabari du antzerkigintza munduan eta antzerkiaren inguruko hausnarketa serioa egiteko premia handia ikusten du.
Hori guztia dela-eta, Brandoren Txokoa irekitzeko pausoa eman zuen Zubillagak; beste bide bat hartzea erabaki zuen. «Donostian artearen beste ikuspegi bat ematea beharrezkoa dela pentsatu nuen. Antzerkia egiteko gogoa daukat eta, era berean, gazteei eta aktore hasiberriei lagundu egin nahi diet, gerora begira esperantza izan dezaten. Areto bat irekitzea erraza da, berau mantentzea da zaila, eta are gehiago bakarrik ari bazara. Ahal dudana egingo dut Brandoren Txokoa irekita egon dadin; itxiko banu, ez nioke neure buruari barkatuko».
Txikia da kutxa beltza eta publikoan 35 pertsona sar daitezke. Eszenatokia lurraren pare dago, ikusleengandik oso gertu, eta jendearenganako komunikazio zubia eraginkorra izan dadin aproposa da lekua; antzerkia zuzeneko kontua dela aintzat hartuta. «50 pertsona izan ditut publiko gisa, baina baita bi pertsona ere. Momentu gogorrak izaten dira horiek; ikuskizuna bertan behera utz dezaket, baina ez dut egin. Hori izango litzateke errazena. Ez da ikuskizunik bertan behera gelditu jende faltagatik» ziurtatu du Paul Zubillagak.
Aretoaren izenak Marlon Brando aktore estatubatuarrari omenaldi txiki bat egiten dio. Zubillagak gustuko izan du beti aktorea eta honek bere garaian interpretazio arau asko apurtu zituela gogorarazi du. Bidenabar, Brandoren Txokoak ere zerbait ezberdina eta alternatiboa izan nahi du. Txokoa hitzak, berriz, lagunak elkartzeko tokia adierazten du. 80 urte zituela hil zen aktore ezaguna, Brandoren Txokoaren ibilbidea zenbaterainokoa izango den ikusteko dago.
![]() |
|
||||
2070 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa