Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-01-07 -- 2070.zenb

Jabier Agirre

Jende asko dago, uste duguna baino askoz ere gehiago, diabetikoa izanda, horren berri ez duena. Izan ere diabetesak, beste gaitz batzuek bezalaxe, urte asko ematen ditu isilean, inolako sintomarik eragin gabe. Horregatik, gaurkoan diabetesari buruzko azalpen batzuk eman nahi nituzke, oso orokorrak, gure irakurleetako askorentzat interesgarriak izango direlakoan.

Diabetesa gaixotasun kronikoa da, eta odolean glukosaren maila (gluzemia esaten zaiona) igotzen duela du ezaugarri nagusia. Bi diabetes mota daude: Lehen motako diabetesa (edo intsulina-mendekoa) 30 urtetik azpiko pertsonetan diagnostikatu ohi da, sarritan umeetan, eta gorputzak behar adina intsulina -odoleko glukosa-maila kontrolatzen duen hormona- ez produzitzeagatik gertatzen da. Bigarren motako diabetesa, berriz, 40 urtetik aurrera agertzen da normalean, eta kasu honetan pankreak intsulina sortzen duen arren, gure gorputzeko organoek ez dute hormona hori behar bezala prozesatzen -sarraila eta giltza desegokiaren adibidea erabiltzen dugu medikuok bigarren motako diabetesa azaltzeko-.

Lehen motako diabetesean herentziak pisu handia dauka. Horregatik garrantzitsua da familian beste senide diabetikorik ba ote dagoen jakitea. bigarren motako diabetesa, berriz, gainpisuari edo obesitateari lotua dago eta gaixo hauek hobera egiten dute kiloak galdu ahala.

Pixa egiteko etengabeko gogoa (poliuria), gehiegizko gosea (polifagia) edo egarria (polidipsia). Horiexek dira diabetesaren sintoma nagusi eta ohikoenak. Baina horiez gain, esplika ezin daitezkeen pisu-galerak, ahultasuna eta nekea, suminkortasuna edo ikusmen zirriborrotsua ere hartu behar dira kontuan. Beraz, badakizu, irakurle: aurreko azalpenak irakurri ondoren kezkatuta bazaude, zoaz zure familia-medikuarengana, eta berak argituko dizkizu zalantza guztiak.

Joxerra Aizpurua


Energia haririk gabe kargatzea

Massachusetts-eko (AEB) Teknologi Institutuan (MIT) Marin Soljacic zuzendutako talde bat gailu elektronikoen energi beharrak haririk gabe konpon daitezkeela frogatzen saiatu da. Horretarako eremu elektromagnetikoen alorra ikertu dute. Egun Internetera haririk gabe konektatzea posible da, WiFi sistemen bidez adibidez, baina gure eskuko telefonoa kargatu ahal izateko beti entxufe baten beharra dugu.

Zientzialariek eta ingeniariek aspalditik dakite energiaren transmisioak ez duela derrigor kablerik behar; motore elektrikoetan eta transformadore elektrikoetan dauden harilkatuek indukzio magnetikoen bidez garraiatzen dute energia; horietan harilkatu igorlea eta harilkatu hartzailea baitaude, eta lehenetik zirkulatzen duen elektrizitateak bigarrenean korronte elektrikoa sorrarazten baitu. Bi harilkatu horiek oso hurbil baldin badaude ere, ez dute elkar ukitzen.

Irrati-uhinak ere aurkitu ziren eta badakigu erradiazio elektromagnetiko bat baino ez den argia, eguzkiak Lurra berotzeko erabiltzen duen sistema dela. Argiak berotu bai, baina energia elektriko bihurtzea ez da hain erraza, igorleak eta hartzailea elkar ikustera derrigortuta baitaude; bien artean oztopo bat jarriz gero, akabo energia transmisioa.

Irrati-uhinak eta mikrouhinak antena baten bidez jaso daitezke, baina uhin horiek dispertsiorako joera nabaria dutenez, energia zati txiki bat baino ez genuke jasoko kokagune zehatz batean.

Hau dela eta, Soljacic-ek eta bere taldeak indukzio magnetikoen bideari jarraitu diote. Distantzia txikitan funtzionatzen badu, zergatik ez distantzia handiagoetan? Gela bateko bi aldeetan adibidez?

Hauen ustez energia transmititzaile batek eremu elektromagnetiko ez-irradiagarriaz beteko luke gela bat eta aparatu hartzaileek bakarrik xurgatuko lukete energia elektromagnetikoa, eta soberako energia igorleak xurgatuko luke.

Aztertzen ari diren fisikako atala ezaguna da, baina inork gutxik landutakoa. Arrakasta lortuz gero, ordenadore eramangarri bat edota eskuko telefonoa etxeko edozein gelan birkargatzerik izango dira, gela bakoitzean energia iturri bat kokatuta.

Baina aplikazioak industria alorreraino zabal daitezke, robotek pabilioietan libreki higitzerik izango baitute energia arazorik gabe.

Oraingoz ikerketa baino ez da, baina 2007 urtearen hasieran gauden honetan zientziak emango dizkigun sorpresen aurrerapena baino ez da hau.

Jakoba Errekondo

Geure buruko ganbarako nahasmenak ez dira nolanahikoak. Negua egun beltzekin lotzen dugu, baina ez eguna, egun-argia luzatzearekin, eguzki gehiagorekin. Aurten bada, eguna luzatzen hasia den garai honetara arte itxaron du hotzak bere izotz erretzailea erakusteko: lehor, egunez eta gauez oskarbi, erreka-lainoak eta izotz galantak. Udazkena bakiotarra, tropikala, egin digu eta epelzaleak, geu tartean, gozo. Badira ordea, landare hotzaleak eta areago, zaleak baino gehiago bere bizitzako klimaxeratzeko, lorea-fruitua-hazia garatzeko, hotza nahitaezkoa dutenak ere. Hauek bai orain gozo, azken beltzeko neguan.

Kardua (Cynara cardunculus ssp. cardunculus) loratu aurretik jaten dugu eta, gezurra badirudi ere, neguaren zakarrenean da samurren, leunen. Hotzak beratzen dizkio, agi danean, geroago jan ezean lore bilakatuko liratekeen erreserba gozo lodiak. Erreserba guri horiek ahogozatuta geu loratuko gara hotzetan.

Karduaren bestengusua da orburua (alkatxofa edo artixota), Cynara cardunculus ssp. scolymus. Hura bezala hotzak beratzen du hau ere eta beratutako jakien esentzia gero jango dugun lorean pilatuta topatuko du ahosabaiak.

Endibia (Cichorium intybus var. foliosum), senide dituen beste barazkiak bezala (uraza edo letxua, eskarola, txikoria...), argitatik gordetzean zuritzen da eta eskatzen zaion mikatz arrasto zipitza garatzen du. Lurperatuz edo trenbide-tunelak bezalakoetan landatuz egiten da lan hau. Hotza beharrezkoa du bilakaera hau pulamentuz osatzeko.

Porrua ere bere onenera iritsi da. Uda eta udazken eztietan lerden hazi dena orain tinkatzera etzango da, ederrenean hostoak are gehiago bilduz. Eta brokuli, azalore, romanesko, ilar, baba... Gu behinik behin bai ederki; hauek denak eskuera, hotzarena kenduagatik gozo...

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan