Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-01-07 -- 2070.zenb

Alvaro Hilario Pérez De San Román

Gaueko 21:00ak ziren Buenos Aires hiriburutik 60 kilometrora dagoen La Platako Udaletxeko Urrezko aretoan Etchecolatzen kontrako epaia irakurri zutenean: hil arteko espetxe zigorra, Diana Teruggi, Patricia dell Orto, Ambrosio de Marco, Nora Formiga, Elena Arce eta Margarita Delgado bahitzeaz, torturatzeaz eta hiltzeaz akusatuta, eta baita Nilda Eloy eta Jorge López bahitzeaz eta torturatzeaz ere. Jaia, ordea, ez zen erabatekoa: Jorge López, akusazioaren lekuko garrantzitsuenetakoa, aurreko egunetik zegoen desagertuta. Gizona agertu ez izana epaiketak eragindako osasun arazoekin lotuta egon zitekeela pentsatu bazen ere, orduak pasa ahala susmo txarra hartu zioten. Asko izan ziren desagerpena Etchecolatzen gertukoen mendekutzat jo zutenak. Hiru hilabeteko epaiketa luzean Etchecolatzek isiltasunari eutsi zion bitartean, etengabekoak izan ziren lekukoek eta beraien familiek jasotako mehatxuak. Izan ere, epaia entzun zuenean gora begiratu eta arrosarioa musukatu zuen polizi buru ohia ez da, berak esan zuen lez, «dirurik eta botererik gabeko agure gizajo bat»: Etchecolatz zapalkuntzaren ideologo nagusienetakoa izan zen. La Platako desagerrarazien seme-alabak elkartzen dituen HIJOS elkarteko Camilo Cagnik adierazi digunez, desagerpena «Etchecolatzen atzean daudenek epaiari emandako erantzuna izan daiteke; egileak Buenos Aireseko polizia eta polizia ohiak izan daitezke. Diktadura bukatu zenetik polizien %70 aldatu dituzte. Egun, non ote daude horiek guztiak? Eta zergatik mantendu zen isilik Etchecolatz? Berak badaki bahitutako hainbat ume non dauden, txostenak non dauden». Ildo beretik dator elkarte horretako Lucía García: «Diktaduran militarrak ez ziren bakarrak izan; asko izan ziren sostengua eman zietenak, konplizeak, Eliza eta alderdi politiko klasikoak barne. Guztiek eraiki zuten orain arte inork ukitu ez duen sarea. Non dago lapurtutako guztia? Epaiketak egin arren, ostu zutenaz ez da berbarik egiten. Beraz, militarrak ez ezik, asko dira egia jakitea nahi ez dutenak». Esaterako, diktaduran zehar, alderdi guztietako ia 1.700 alkatek jarraitu zuten karguan.

Bere burua ikertzaile militante bezala definitzen duen Buenos Aireseko Situaciones taldearen ustez, «Lópezen desagerpena ez da gertaera isolatua. Oraingo honetan auzipetuta daudenak errepresioaren bitartekariak dira, politika genozida gauzatzen zutenak, tortura guneak kudeatzen zituztenak: aurpegi anonimoak dira eta, horrexegatik, egun diktaduraren goi agintariak baino eraginkorragoak. Segurtasun aparatuetan -pribatuetan zein publikoetan- sartuta egoteak ahalbidetzen die eraginkor izatea. Eskuina berpizten ari da eta genoziden kontrako epaiketak direla-eta, politikan aurrera jotzeko aukera aurkitu dute». Bost egun igaro ziren arte, Gobernuak ez zuen tutik ere esan, ziurrenik, desagerpenaren errudun poliziak izan zitezkeelakoan. Egun hartan, Argentinako eta Buenos Aireseko gobernuetako barne ministroek, Aníbal Fernándezek eta León Arslanianek esan zuten «López aurkitzeko ahalegin guztiak» egiten ari zirela. Bestalde, Felipe Solá gobernadoreak Lópezen inguruko edozein informazioren truke 50.000 euroko diru saria eskaini zuen. Arratsaldean, euripean, milaka pertsonek Lópezen berragerpena eskatu zuten, La Platako kaleetan. Harrezkero, ehunka protesta egin dira Argentina osoan azkeneko bi hilabeteotan, baina Lópezen berririk ez dago. Askotan gertatzen den lez, poliki-poliki, gaia hedabideen agendatik kanpo geratu da kasik; La Platako giza eskubideen taldeak biltzen dituen Multisectorial elkartea ez balego, gaia ahaztuta egongo litzateke agian.


Kirchner eta giza eskubideak

Jendearen poza iluntzea eta diktaduraren sare ezkutuak babestea izan litezke bahitzaileen helburuetako bi, baina ezin dugu ahaztu gertaera honek datozen epaiketetan izan dezakeen eragina. Izango al da epaiketa gehiago? Aníbal Fernándezek genoziden kontrako epaiketekin jarraituko dutela ziurtatu zuen eta Camilo Cagnik baietz uste du, «politikan indarrak metatzeko baliagarria zaielako», are gehiago datorren urteko hauteskundeei begira. Gogora dezagun giza eskubideen aldeko politika izan dela Néstor Carlos Kirchner Argentinako presidentearen agintaldiko bizkarrezurra, estatuari zilegitasuna bueltatzeko ezinbesteko osagaia.

Lucía Garcíak egungo egoera laburbildu digu: «Hasierako hipotesiak baztertuta daude; argi dago bahiketa politikoa izan dela, baina ematen du ondorio politikoak bahitzaileek pentsatzen zutena baino harantzago heldu direla eta, egoerak behartuta, dena ahaztea espero dute. Gobernuak, bestalde, zer egin ez du jakin, ez hasieran ezta orain ere». Desagerpenetik hilabete ugari igaro dira eta Buenos Aires probintziako Giza Eskubideen idazkariak, Edgar Binstockek, esateko askorik ez dagoela dio. Egoera larria da Situacionesekoentzat: «Duela hogeita hamar urteko gertaera dirudi»; eta arriskua orduko polarizazioan erortzea dela dio. Inork esan ez badu ere, Lópezen desagerpena militarren mehatxutzat hartuz gero, gobernuak bere politika aldatu eta epaiketa gehiago ez egotea erabaki dezake. Azaroan, manifestazio erraldoiak gogoratu zuen Jorge Julio López, hogeita hamar urte geroago berriro desagertuta.

Unai Brea

«Estatuen artean ez dago muga fisikorik, baina bai legedia aldetik», dio Silbia Sarasola Mondragon Unibertsitateko Zuzenbide Doktoreak. Berak koordinatu zituen, iragan abenduan, Irunen egindako Mugaz Haraindiko Zuzenbideari buruzko III. Jardunaldiak. «Lehenengo bi jardunaldietan, adituek baino ez zuten parte hartu, baina konturatu ginen jende askok, jende arruntak, jakin mina agertzen zuela gaiaz». Horregatik, hirugarrenean ateak zabaldu zituzten. «Hitzaldiak edonork ulertzeko modukoak izan ziren, lau arlo jorratuz: zergak, merkataritza edo enpresa-jarduera, zuzenbide zibila -etxebizitzen inguruko gaiak gehienbat- eta lan-zuzenbidea». Askok deitu zuten parte hartzeko, eta asko geratu ziren kanpoan, leku nahikorik ez eta. «Jardunaldietan ikusi dugunez -laburbildu du Silbia Sarasolak- ezjakintasun handia dago, baita oinarrizko gauzei buruz ere».

Gaiak badu, beraz, herritarren arreta. Izan ere, muga inguruetan bizi direnek hainbat arazo izaten dute muga inguruan bizitzeagatik. Eta ez lukete izan behar, Rafael Huesoren iritziz. Hueso Eusko Jaurlaritzako langilea da, eta gaur egun Pirinioetako Lan Elkarteko (PLE) idazkari nagusia, EAEri baitagokio orain haren presidentzia. «Zeintzuk dira mugako biztanleen ohiko arazoak? Esaterako, nik telefonoz deitzen badut Irundik Hendaiara, dei horrek Cadizetik Lillera egindakoak beste balio behar du? Eskutitz bat bidaltzen badut, zein bide egingo du eskutitz horrek Hendaiaraino? Ohiko bide guztietatik igaro behar da? Zenbat ordaindu beharko dut?», galdetu du Huesok. Adibide xumeak, eta inolaz ez bakarrak.


Irun eta Hendaia, Tutera eta Bordele

PLEren zereginetako bat, hortaz, muga ondoan bizi diren biztanleen berariazko arazoak konpontzea litzateke. Baina PLEk oso lurralde eremu zabala hartzen du: Pirinioak ukitzen dituzten Frantziako Estatuko eskualde guztiak eta Espainiako Estatuko autonomia erkidego guztiak. Irun eta Hendaia PLEn daude, baina baita Tutera eta Bordele ere, konparazio baterako. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Jose Maria Muñoak -lehendakariaren ordezkaria Kanpo Harremanetarako eta Euskadiren ordezkaria PLEn- nahiago du hurbiltasun lankidetzaz berba egin. «Hori ez PLEren gaia. PLE Pirinio osorako da, eta proiektu handiak garatzen ditu; hurbiltasun lankidetza, aldiz, aldebiko harremana da, eta herritarren eguneroko arazoak konpontzea du helburu».

Aldebiko harremanaz mintzatzean, Bidasoako alde biez ari da Muñoa. «Ni orain dela hamar urte hasi nintzen gai hau lantzen. Eta egin nuen lehenbiziko gauza zera izan zen: alde batean zein bestean eskumenak dauzkagunok mahai baten inguruan esertzeko eskatu. Hegoaldetik, batez ere Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiak, Gipuzkoakoa behintzat. Horien artean baditugu eskumen guztien %95 gutxi gorabehera».

Iparraldetik, nor egon beharko litzateke Muñoaren iritziz? «Bada, Akitaniako Eskualde Kontseilua, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorra eta, eskumenik ez izan arren, guk nahi genuke Iparraldeko Hautetsien Kontseilua ere egotea. Zein da arazoa? Eskualde eta departamenduetako erakundeek eskumen gutxi daukatela, zer edo zer proposatuz gero beti erantzuten dutela: guk ezin dugu hori egin, hori Parisi dagokio». Horregatik, Eusko Jaurlaritzak nahi du benetako eskumenak dauzkana ere, alegia, Frantziako Estatua, mahai horretan egon dadila. «Paueko prefeta izan daiteke, edo Bordelekoa, hori beraiek erabaki dezatela», jarri du aukeran Muñoak.


Akordioa, ia gauzatuta

Eusko Jaurlaritzaren ahaleginak orain dela hamar urte baziren, eta oraindik orain lortu dute helburua. «Denbora luzez -dio Muñoak- beste aldekoak uzkur agertu dira. Madrilek nahi ez zuela argudiatzen zuten, besteak beste. Eta ez dakit benetan hala zelako esaten zuten, edo aitzakia hutsa zen». Azkenean, bilera antolatu ahal izan zuen Jaurlaritzak, orain urte eta erdi inguru: «Kanpoko jendea ekarri genuen, haien ereduak aztertzeko. Irlanda eta Ipar Irlanda, Alsazia eta Alemaniako Baden-Württemberg eskualdea... Gu baino askoz aurreratuago zeudela ikusi genuen, eta haien bidetik jo behar genuela». Alde guztiak ados beraz, baita Madril eta Paris ere.

Bilera haren ondorio gisa, Muñoak berak proposatutako lankidetza eredua onartu zuten parte-hartzaile guztiek. Behin xehetasunen inguruan erabateko adostasuna erdietsita, akordioa jende aurrean aurkeztea besterik ez dago egiteke, eta hori urtarrila honetan bertan egiteko asmoa dute. Hurrengo urratsa eguneroko jardunaz arduratuko den bulego teknikoa sortzea izango da.


Metro bateko gorabeherak

Hurbiltasun lankidetzak mugatik hurbil bizi direnen eguneroko arazoak konpontzea dauka xede. Zer arazo, baina? Muñoaren esanetan, oso gauza xumeak dira batzuetan. Dagoeneko eduki dugu horietako hainbaten berri, Rafael Huesoren ahotik. Bada besterik. «Osasun kontuak, esaterako -dio Muñoak-. Nik auto-istripua daukat Behobian. Mugatik metro bat hegoaldera gertatzen bada, Irungo erietxera eramango naute, edo Donostiakora. Istripua metro bat iparralderago badaukat, Donibane Lohitzuneko edo Baionako ospitalera eramango naute. Baina hori erabakitzeko irizpidea ezin da izan istripua mugatik metro bat gorago edo metro bat beherago gertatu izana. Istripuan egin ditudan zaurien araberakoa izan beharko da, esaterako». Horrez gain, Baionako eta Donostiako erietxeak -demagun- akordioa egin dezakete inbertsio batzuk partekatzeko, Muñoaren aburuz: «Agian ez da beharrezkoa tresna garesti bat edukitzea Baionan, eta berdina Donostian. Batean egonda, nahikoa. Horretarako, noski, erietxe arteko koordinazio organoak sortu beharko lirateke».

Oro har, esan daiteke administrazio publikoari dagokion edozein arlo jorra daitekeela hurbiltasun lankidetzan (osasungintza, irakaskuntza, euskara...), eta baita pribatu batzuk ere. Esaterako, trafiko arazoak egon ohi dira Biriatun. Hegoaldean publikoa da arazoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak duelako eskumena, baina Iparraldean Autoroutes du Sud de la France arduratzen da, enpresa pribatua beraz. «Hala ere, interes publikoa dago hor, eta erakunde publikoek badute zer esanik», bukatu du Muñoak.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan