Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-14 09:19:54
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-01-07 -- 2070.zenb

Jon Torner


Saenz de Tejadaren marrazkiak Artiumen

Carlos Saenz de Tejada artistak Espainiako gerra hasi aurretik La Libertad egunkarian plazaratutako marrazki originalen erakusketa dago ikusgai Gasteizko Artium museoan. Tangerren jaiotako artistaren familiak Artiumen esku utzi zuen 2006ko martxoan Carlos Saenz de Tejadaren funtsaren gordailua. Erakusketa otsailaren 18a arte egongo da zabalik. Era berean, egun horretaraino Eskuratu berriak izeneko erakusketa ere jasoko du Artiumek. 2004. eta 2006. urteetan Gasteizko museotik igaro diren berrogei artelan bildu ditu erakusketak. Hogeita bi artistek egin dituzte margolan, eskultura, argazki, bideo eta instalazio horiek.


Death of a President filmak irekiko du Fipa jaialdia


Fipa Ikus-entzunezko Ekoizpenaren Nazioarteko Jaialdia urtarrilaren 23tik 28ra bitartean ospatuko da Miarritzen. Hogeigarren edizioa irekitzeko George W. Bush AEBetako presidentearen hilketa irudikatzen duen Death of a President filma proiektatuko dute. Dokumentalaren eta fikzioaren arteko lan hori Gabriel Range britainiarrak zuzendu du. Film horrez gain, beste 150 obra inguru izango dira ikusgai Miarritzen. Emanaldiak sei ataletan banatuko dituzte: fikziozko lanak, telesailak eta telenobelak, sorkuntza dokumentalak eta saiakerak, erreportaje luzeak eta obra sozialak, musika eta ikusgarriak eta, azkenik, programa motzak. Informazio gehiago: www.fipa.tm.fr.


Bilboko arte eszenikoen egoera aztertuko dute dokumental batean

Antzerkia, musika eta dantza arloetako hainbat langile, enpresa eta adituk Bilboko arte eszenikoen egoera aztertuko duen dokumentala egingo dute. Arte eszenikoen arloko eragile guztien iritziak jaso nahi dituzte eta besteak beste, 2003-2006ko Kulturaren Euskal Plana eta arte eszenikoek Bilbon duten egoera aztertuko dituzte. Hilabete honetan hasiko dira elkarrizketak egiten eta emaitza martxoan aurkeztea espero dute.


Gasteizko Santa Maria katedrala ezagutzeko bisita gidatuak


2000. urtean hasi ziren egiten Gasteizko Santa Maria katedraleko zaharberritze lanak erakusteko bisita gidatuak. Orduz geroztik 500.000 lagunek bisitatu dituzte obrak. Aurten historiari, arteari, arkitekturari eta arkeologiari lotutako beste hamabi eduki erakutsiko dituzte bisita gidatuetan, indusketa lan berriak, hilobi museo berria eta maketa erakusketa tartean. Azken sei urteetan katedralean izan diren bisitariei esker ona agertzeko asmoz, urtarrilaren 15etik otsailaren 28ra doakoak izango dira bisita gidatuak. Santa Maria katedraleko zaharberritze lanak 2012. urterako amaitzea espero dute.


Pablo Milanes, Miguel Bose eta Laurie Anderson Kursaalean izango dira


Donostiako Kursaal auditorioaren zazpigarren denboraldiko Musika Berriak egitarauaren baitan, hiru musikari nabarmentzen dira: Pablo Milanes (otsailaren 1ean izango da Donostian), Miguel Bose (ekainaren 9an) eta Laurie Anderson (ekainaren 26an). 2007ko denboraldiko egitarau oparoa osatuko duten izenen artean Robert Fripp Genesis taldeko burua eta Tounami Diabete daude.


Animabasauri 2007.

Basauriko Nazioarteko III. Animazio Zinemaldia martxoaren 23tik 29ra bitartean ospatuko da. Lanak urtarrilaren 31 baino lehen bidali behar dira, VHS edo DVD formatuan. Film luze onenak 6.000 euroko saria jasoko du eta film labur onenak 1.000 eurokoa. Lehiaketaren inguruko informazioa eta inskripzio-orria www.animabasauri.com web gunean eskura ditzakezue.


Krea.

Betoñoko (Gasteiz) Karmeldarren Komentu Zaharra eraberritu eta kultur espresio garaikideen inguruko Krea (www.kreared.com) zentroa irekiko dute bertan. Obrak 2009a arte ez dituzte amaituko, baina aurten hainbat ekintza egingo dira Vital Kutxak sustatutako eraikinean.


Haur eta gazteentzako liburu-denda.

Teresa Echegaray eta Gonzalo Ortigosak El cuento-Ipuina liburu-denda ireki dute Donostiako Gros auzoan, Migel Imaz kalean. 3 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutako liburuak bildu dituzte bertan, baina ipuinak gustuko dituzten helduek ere obra klasiko eta nobedade interesgarriak aurkituko dituzte. Txikienen artean irakurketa sustatu asmoz, El cuento-Ipuina liburu-dendak hainbat ekimen (ipuin kontalarien emanaldiak...) antolatuko ditu.


Mikel Laboak kontzertua eskainiko du Martxoaren 7an Tolosako Leidor aretoan. Aurten hiruzpalau kontzertu emango ditu Laboak eta ziurrenik Tolosakoa izango da aurrenekoa.

Chuck Berry estatubatuarrak (Mi-ssuri, 1926) Barakaldoko BECen kontzertua emango du hilaren 29an. Rock & rollaren aitzindarietako bat den musikariaren kontzertuak 200.000 euroko aurrekontua izango du eta 7.000 lagun inguru bilduko ditu. Chuck Berryren emanaldia hasi aurretik Los Haskis talde bizkaitarra eta Auseron anaiak igoko dira taula gainera.

Mikel Zubeldiak irabazi du Zumaiako Udalak antolatutako Julene Azpeitia XIX. Ipuin lehiaketa, Udal zoologikoa lanarekin. Zubeldiak 3.000 euro jasoko ditu. 1.500 euroko bigarren saria berriz, Irati Elorrietarentzat izan da, S.I.eta deserriko burbuilak ipuinarengatik.

Carlos de Haesen (Brusela, 1826-Madril, 1898) grabatu eta marrazkiak ikus daitezke Bilboko Arte Eder Museoan, hilaren 28a arte. Paperean egindako 57 obra bildu ditu erakusketak. Paisaiak dira protagonista.

Mikel Duverti eman diote Eusko Ikaskuntzak eta Baionako Herriko Etxeak ohorezko Euskal Kultura saria, euskal kulturari buruz egindako ikerketengatik. Denis Laborde ikertzaile eta etnologoa eta Zoe Bray antropologoa ere saritu dituzte, egindako lana eskertzeko asmoz.


Joxemari Carrere antzezleak Hika aldizkarian: «Kulturaren eta, ondorioz, antzerkiaren arazo nagusienetako bat da kudeatzaileek ez dutela beren politikaren menpe dagoena ezagutzen. Osatzen dituzten egitasmoak, planak, aurreikuspenak, egitarauak eta antzeko burutazioak bulego batean baino ez dituztela burutzen, protagonismoa eurak baino ez dutela, benetan antzerki langintzan daudenak baztertuz (...) Inork ez du imajinatzen polikiroldegi bat kirol konpetizioak daudenean bakarrik zabaltzea. Baina hori da antzokiekin gertatzen dena».

Iñaki Zubizarreta Irusoin ekoiztetxearen euskara arduradunak Noticias de Gipuzkoan esanak: «Garai batean 150 filmetik gora bikoiztu zen urtean; gaur egun ez da 25era iritsiko (...) Hezkuntzan eginiko aurrerabidea kontuan harturik, kezkatzekoa da ikus-entzunezkoaren martxa motela. Astean 200 bat film ikusteko aukera dugu telebistetan (ETB2k asko laguntzen du kopuru horretan); euskaraz bat (edo batere ez asteotan). Zinema aretoetan are murritzagoa da proportzioa».

Joxemari Iturralde idazlea elkarrizketatu zuen Deiak: «Liburu bakoitzari eskatzen duen denbora eta ahalegina eskaini behar zaio (...) Idazle batzuek 'txurruak egiteko makina' ez dute inoiz itzaltzen, eta gau eta egun jarduten dute txurrerian etengabe. Baina txurruak berehalaxe hoztu eta gogortu egiten dira. Horretatik ez dago jaterik. Irakurle asko berehalaxe ohartzen dira horretaz».

Iñigo Muguruza musikariak Berrian: «Komeni da, adibidez, ez ahanztea El Corte Inglesek ez dituela saltzen Soziedad Alkoholikaren diskoak. Zentsura kasuak gogoratu egin behar ditugu, bestela, gertatutakoa berriro ikustera behartuta gaude (...) Nik ez dut ezer esango Internetetik musika hartzen duen gaztearen kontra; finean, gazteria osoaren kontra jartzea litzateke».

hemeroteka

2068. zenbakia | 2006-12-24
2067. zenbakia | 2006-12-17

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan