Unai Brea
Goizeko 9:30ak, Barkoxeko Denen Etxean, neskenegüna. Edo larunbata, edo zapatua. Euskalki desberdinetako euskaldunak elkartu baitziren Eusko Ikaskuntzaren deiari men eginez, zuberotar dantzez -eta dantzan, ikusiko denez- jarduteko. Landautako lau atalen berri emango dizuegu, atal bakoitzaz, maleruski, nahi genukeen baino laburrago hitz eginez bada ere.
Guilcherren filmak, antzinako dantzarien oroigarri
Jardunaldiei hasiera ematea Mône Guilcherri egokitu zitzaion, bere aita Jean-Michelek 1962 eta 1976 artean egindako filmak ekarrita.
Jean-Michel Guilcher britainiarra zen. Frantziako Estatuko mutur batetik bestera etorri zen Zuberoako dantzak ikertzeko, baina ordurako eginak zituen beste eskualde batzuetan hainbat azterketa. Lan egiteko maneran ere bakarra zen garai hartan. Filmatzea, besteak beste, ez baitzen ohikoa.
Guilcherrek ez zituen dantzak dantza hutsagatik ikertzen, etnografia lan bat burutzeko baizik. Baserritar kulturaz zeukan jakinmina; dantza, hortaz, komunitate baten kultur ariketa den heinean aztertzen zuen. Euskal Herriaz den bezainbatean, Barkoxen egin zituen, hain justu, lehenengo inkestak eta filmazioak. Pelikula hasi eta hantxe agertu ziren Barkoxeko, Iruriko, Sohütako... irudiak. Zuri beltzeko dantzariak, banaka edo taldeka, batzuetan kaletar jantzi arruntez beztiturik. Musikarik ez zen, eta horrek areagotu egiten zuen antzinatasun sentsazioa.
Jauziak nola
Bigarren saioan, hitzaldia eskaini zuten Mixel Etxekopar kantari eta musikariak eta Patrick Queheille Kanpo dantza maisuak. Zuberoako dantzen berezitasunak, haien mintzagaia. Aurrez, kanpora irten ginen, eta han Barkoxeko bost aitzindari gaztek dantza bi eskaini zizkiguten: Ostalersa eta Barrikada.
Berriz barruan, Etxekoparrek eta Queheillek hartu zuten hitza, jauzien urratsez mintzatzeko lehenik, points de principe direlakoez ondoren. Ondo bereizi behar baitira. Jauziak (Aitzina pika, Ostalersa, Muneinak, Zazpi jauziak...) beti borobilean ematen dira eta, Queheilleren esanetan, «erraiten ahal dugu Xiberuan gehienek ezagutzen dituztela; lehen ez zen dantza eskolarik, baina urratsak etxeetan ikasten ziren, eta festa guztietan dantzatzen».
Jauziok ez dira Zuberoan asmatu. Mendebaldeko Pirinioetan zehar barreiatuta daude, Baztandik Bigorreraino, baina badira aldeak. Urratsen izenak ez dira leku guztietan berdinak, dantzatzeko manerak ere ez. Zuberoak badu bere berezitasuna, eta Queheillek hitzez zein ekintzez azaldu zigun, zutitu eta dantza egiteko espartinak jantzi ondotik: «Zuberoan behar da urratsa ongi zerratu». Horri garrantzi handia ematen diete zuberotarrek. Lapurtarrek, baztandarrek edo behenafarrek ez bezala, besteak beste. Puntua ongi itxi ezean, «agian manex edo bearnes, baina dantzari ona segur ez», Etxekoparrek esan zuenez.
Badira aldeak Zuberoako eskualde batetik bestera ere. «Gorde beharreko aberastasuna», azpimarratu zuen Queheillek. Desberdintasunak, gainera, berdin ematen dira jauzietan zein points de principeetan. Puntu horiek dira, hain zuzen, maskaradako aitzindariek egiten dituzten urrats gaitzenak, ikusgarrienak. Barrikada, Lagabota, Godalet dantza... horiez osatuta daude. Mône Guilcherrek aipatu bezala, XIX. mendean zuberotar gazteek armadan ikasitako dantza urratsak dira, gero maskarada eta pastoraletara eramanak.
Iraganera so
Bazkaldu ondoren, dantza egitea ere egokitu zen. Muneinak eta Aitzina pika jauziak egin genituen, eta arimak modu horretan berrituta itzuli ginen entzule lanetara. Jean Michel Bedaxagar dantzariaren txanda zen, eta hark ere, nola goizean Guilcherren filmak, iraganera eraman gintuen bere hitzez.
Hitz horietan lehenbizikoak barkoxtar bati buruzkoak izan ziren: Martin Hegobürü-Hegiaphal, 1868an sortutako dantzari bikaina, «armadatik igan den azkena». Hegobürük XX. mende hasierako dantzari asko trebatu zituen, besteak beste Pierre Üthürry handia. «Dudarik gabe, Hegobürü da Xiberoko dantza berriaren aita, Barkoxek eta Xiberuak egundaino ukan dituzten dantzari ederrenen trebatzailea».
«Hegobürürekin, nola ez aipa maskarada?», jarraitu zuen Bedaxagarrek. Gaur egun urtarriletik apirila edo maiatzera arteko igande gehienetan egiten da maskarada, baina lehen ez zen hala. Bedaxagarrek gogorarazi zuen urtatsez (urtarrilaren 1ean alegia) hasten zirela, maskarada emaileen herrian, eta inaute asteartez amaitzen, leku berean. Bitartean, auzo herrietan ziharduten. Atharratzek eta Maulek, berriz, Zuberoako maskarada guztiak hartzen zituzten, «lehenak lerdoz (ostegun gizena), eta bigarrenak igande gizenez, noiz eta dantzariak trebeen direlarik». Bedaxagarri gizon batek esan zion behin, bi gerlen artean (1930ean edo), bost maskarada izan zirela Atharratzen, «ber mementuan». Jakina, «orain baino haboro gazte bazen».
Antzinako kontuetan barna jarraitu zuen Bedaxagarrek, atsegin. Maskaradetako hainbat gertaeraren berri eman zuen, eta horietako bakoitza maskaradaren esanahira eta arimara hurbildu gintuen leiho bat izan zen. Eta azkenik, hausnarketa bat jaurti zuen, erabat gaurkoa: neskatilek salbatu dute maskarada? Goizean Mixel Etxekoparrek esan zuenez, «merezi luke aipatzea emazteen ekargia dantzan, beti izan baitira neskatilak. Agertzea edo ez agertzea, hori beste kontu bat da, baina haien ekargia beti izan da, bestela ez zen izango inauteririk».
Maskarada ez da uhartea Europan
Azken txanpan, maskaradaren eta Europako beste inauteri batzuen arteko antzekotasunez mintzatu zen Thierry Truffaut baionar ikerlaria. Diapositibaz lagundurik, 30 urtez egindako azterketa lan eskergaren emaitza erakutsi zigun Truffautek. Hemen adibide soil bi emango ditugu.
Txerreroak, aitzindarietan lehenak, badu Europan kiderik Truffautek esan zuenez. Txerra darabil eskuan, eta hura astinduz sartzen da plazara, Barrikada dantzan. Alegiazko garbiketa hori beste zenbait lekutan ere ematen da, jakina. Ituren eta Zubietako zanpantzarrean, joaldunek txerra bana daramate eskuan. Beste toki batzuetan, erratz xume bat da garbitzeko erabiltzen den tresna. Hala da Gipuzkoan, Lantzen (Nafarroa) eta baita Europa ekialdeko hainbat herrialdetan ere, esaterako.
Zamalzainaren zaldiak ere baditu «lehengusuak», eta horren etsenplu asko erakutsi zituen Truffautek. Zaldiak dira Nafarroan, Espainian, Alemanian, Eslovenian, Polonian... Alabaina, irudiek argi erakutsi zuten deus gutxi direla Zuberoakoarekin alderatuta, bai tamainaz -salbuespenen bat izan ezik- bai edertasunez, eta are gutxiago dantzatzeko trebeziaz. Izan ere, berezitasun bat badu Zuberoako inauteriak: bera da ospakizunean goi mailako dantza txertatu duen bakarra.
Pilar Iparragirre
Nola sortu zen zure sail hura?
2004ko udan iritsi zen Berria-koen gonbitea. Egunkariaren eguneroko martxa jarraituko zuen norbait nahi zuten. Baina ez beste egunkari batzuetan atera ohi den press ombudsman delakoa bezalakoa, irakurlearen defendatzailea zuzendariaren defendatzailea bihurtzen delako. «Zorrotzago jo behar duk, errukirik gabe, baina eskularruekin, estiloarekin» esan zidaten. Are gehiago: «Ez ahaztu -zioten- prentsaz aritu, baina batez ere Berria-n bertan egiten ditugun makurrez». Inork hartu gabeko arriskua probatu nahi zuten. Egurra etxeari, etxetik. Erokeria hutsa. Osasungarria inondik ere, ordea.
Eta nola joan zitzaizun zereginean?
Domekaro nintzen fokupean. Egin, ahal nuena egiten nuen. Nazioarteko gai baten trataera baldarra hemen, hitz baten hautu desegokia han. Gaiak, ez ziren atertzen. Xenofobia, klasismoa, naziotasuna, jatorkeria, abertzalekeria. Hura zen emana: tituluak, argazkiak, idazkera, publizitatea, agenda... Boxeolari subjetiboa nintzen eta, idazkera ardura eta gaitz, ez nuen inoren izenean idazten, neurean ez bazen.
Eta zein izan da bi urte horietako balantzea?
Gogoetok biluziegi utzi nautela uste dut. Ideologia, izerdi lurrunetan datorkit azalera. Ez zen hau hasierako asmoa. Ez dago, baina, honezkero, atzera egiterik. Garena gara, eta ez nuke nahi inork esaterik ez geniola honi guztiari aurre egin. Ez genuela kezkarik erakutsi etxean bertan erasotzen digun hitz bortxatuagatik, idazkeragatik, pozoituriko ideologiagatik. Kazetaritza arduratsuaren bindikapena izan da borrokaldi bakoitza.
Hizlandia. Mundua prentsaren judasetik
Iñigo Aranbarri
Susa
216 orri./ 15 euro
Iñigo Aranbarrik Berria-n kaleratutako lanak
Susa argitaletxearen eskutik Iñigo Aranbarrik kaleratu duen Hizlandia. Mundua prentsaren judasetik liburuan, egileak bi urtez igandero-igandero Berria egunkarian kaleratu zituen artikuluen bilduma agertzen da. Artikulu horietan komunikabideetatik orohar, baina batik bat egunkari eta aldizkarietatik irakurleei iristen zaizkigun «perla» horiek salatzen zituen. Iñigo Aranbarri guztiz konbentziturik zegoen honetaz: kazetaritza aberkoiaren urrezko garaia ezagutzea tokatu zaigula zinez. Eta hedabideen kontrola eta berrien manipulazioa ezinbesteko tresna bihurtzen direla iritzi publikoa sortu eta bideratzeko orduan. Eta batzuetan oharkabean, besteetan intentzio guztiarekin, kazetariak parte hartzen duela, bere hitzekin, manipulazio horretan. Bazterketa soziala hizkuntzatik hasten da, salatzen zuen Iñigo Aranbarrik bere artikuluetako batean. Alegia, aukeratzen ditugun hitzen bidez erakusten dugula mundua. Eta maiz zabaltzen dugun berriaren «iturriak» nortzuk diren jakitea asko komeniko litzatekeela. Zeintzuk dira «iturriak»? galdetzen zuen Iñigo Aranbarrik, berehala erantzuteko: Polizia. Eta hala, aldatzen doan bertsio ofizial bera da agentziak itxura batera behin eta berriz zorroztuko duena.
Saioa Labaka
Ohiko zirkuitu kulturalen gurpiletik kanpo gero eta aktore gehiagok sortzen dituzte euren proiektu alternatiboak. Aktore hasiberriek zein profesionalek espazio kulturalen edota bide berri eta alternatiboen beharra dute gaur egun. Errealitate honen lekuko da Paul Zubillagak Donostian sorturiko areto alternatiboa: Brandoren Txokoa.
Urte eta erdiko ibilbidea egin du jada Brandoren Txokoak. 2005eko maiatzean ekin zion aktore donostiarrak proiektuari; baita irrika handiz eta baliabide ekonomiko urriekin hasi ere. Euskal Herrian antzerkigintzan aritzeko dauden zailtasunak ezaguturik, antzerki areto alternatibo bat sortzeko beharra ikusi zuen. Eskaintza ofizial eta komertzialetatik kanpo, artearekiko beste ikuspegi baten bila dabilenari zuzenduta dago txokoa. «Aktore hasiberriei euren lanak ezagutarazteko aukera edota bide bat eman nahi izan diet; formatu txikiko aretoa sortu nahi izan dut. Artistentzako gune bat da lokala eta, era berean, jendeari zirkuitu handietatik kanpo antzerkia ikusteko aukera ematen dio».
Antzerkira jauzia
Orain hamabost urte hasi zen antzerkia ikasten Zubillaga eta, harrezkero, telebistan (Goenkale, El comisario, Petra Delicado eta Señorío Larrea telesailetan aritua, besteak beste) eta zineman (A ciegas, Menos es más eta Yoyes filmetan) egin du lan. Alfonso Sastrek 1946an idatziriko Cargamento de sueños obra existentzialistan oinarritutako bakarrizketa estreinatuz eman zitzaion hasiera Brandoren Txokoan antzerkiaren programazioari, eta, era berean, Zubillagak antzerkigintzan bere lehen agerraldi garrantzitsua egin zuen. «Euskal Herrian ez didate antzerkia egiteko aukerarik eman, eta jendeak zugana noiz joko duen zain gelditu beharrean, neroni hasi nintzen antzezlana prestatzen. Aktore gisa aurrerapauso bat eman behar nuen, antzerkia egiteko gai nintzela erakutsi. Arriskatu beharra dago». 50 saio eskaini dituzte lehen urtean Brandoren Txokoan, eta aretoan ez ezik Bartzelonan eta Burgosen ere ibili dira. Halaber, Nafarroako Taiga taldea aritu zen Shakespeareren obra bat antzezten eta Candido Uranga aktorea ere bertan izan zen Bernardo Atxagaren Henry Bengoa, Inventarium bakarrizketarekin. Ikuskizunak eta antzezlanak asteburu guztietan ikusgai egotea da Zubillagaren helburua. Jendearen harrera ona izan dela esan digu Zubillagak eta aktore gisa bizi izandako esperientzia oso ona izan dela. Faltan nabaritu duena, ikusleen artean lanbideko jende gutxi egon izana da.
Antzerki emanaldiak eskaintzeaz gain, antzerki ikastaroak eta tailerrak ere eman izan ditu Paul Zubillagak, aktoreen prestakuntza ere helburu baitu proiektuak. Gainera, hainbat kontzertu, hitzaldi eta bakarrizketa eskaini dituzte aretoan.
Ibilbide bakartia
Egitasmo hau aitzindaria da Donostian. Hiriburuko Gros auzoko San Frantzisko kaleko etxabean, 21. zenbakian dago aretoa. Areto nagusiak, aktoreentzako aldagelak eta kafea hartzeko makina duen itxarongelak osatzen dute.
Brandoren Txokoak egin duen ibilbidea ontzat jo digu Zubillagak: «Antzerki areto alternatiboaren ideia aspalditik nuen buruan eta proiektua abian jartzea lortu dut. Are gehiago, berau mantentzea lortu dut eta oso zaila izaten da hori. Aintzat hartu beharrekoa da bakarrik aritu naizela egitasmoarekin eta ez dudala inongo diru laguntzarik jaso». Bestalde, lanbidearen aldetik jaso duen harrera nahiko pobrea izan dela azpimarratu digu Paul Zubillagak. Bere iritziz, antzerkigintzaren munduan norberak bereari soilik begiratzeko joera nabarmena dago.
Lanbidearekin kritiko
Antzerkigintzaren munduaz kezkatuta dago aktore donostiarra. Alde batetik, egungo kultur politika ez du begi onez ikusten. Bizpahiru antzerki talde soilik bultzatzen direla salatu du; aktore berak ikus daitezkeela, hortaz, beti oholtzarik oholtza. Aktoreen mundua zaila dela dio, eta antzerki talde edota konpainia handietan sartzea ez dela batere erraza; are zailagoa da aktore sortzaileek euren ikuskizunak aurkezteko lekua topatzea.
Bestalde, lanbidea faltsua izatera iristen dela ohartu da urteak pasatu ahala. Aktoreen arteko laguntza eta batasuna eskatzea ondo iruditzen zaio Zubillagari, baina, finean bakoitzak bere buruari eta bideari erreparatzen dionez gero, ezerezean gelditzen da dena. Umiltasuna faltan nabari du antzerkigintza munduan eta antzerkiaren inguruko hausnarketa serioa egiteko premia handia ikusten du.
Hori guztia dela-eta, Brandoren Txokoa irekitzeko pausoa eman zuen Zubillagak; beste bide bat hartzea erabaki zuen. «Donostian artearen beste ikuspegi bat ematea beharrezkoa dela pentsatu nuen. Antzerkia egiteko gogoa daukat eta, era berean, gazteei eta aktore hasiberriei lagundu egin nahi diet, gerora begira esperantza izan dezaten. Areto bat irekitzea erraza da, berau mantentzea da zaila, eta are gehiago bakarrik ari bazara. Ahal dudana egingo dut Brandoren Txokoa irekita egon dadin; itxiko banu, ez nioke neure buruari barkatuko».