Gotzon Garate
Badakigu independentziarik gabe euskara luzaroan galdu egingo dela. Beharrezko izango ez delako. Gu euskaldunok gutxi gara, eta bi hizkuntza erraldoien artean gaude. Eta bi hizkuntzoi bi Estatu handik erabat laguntzen diete. Eta gure hizkuntza txikiari ahal dituzten trabarik gehienak ezarri. Euskara heriotara emana dago, Leizarragaren moldea erabiliz. Eta jakina. Hor dago galdera zintzilika. Independentziarekin euskara salbaturik al dago?
Kezkatzeko kontua da. Hor dugu Irlanda. Independentzia lortu zuen eta bere hizkuntza, gaelikoa, galzorian dago. Euskal Herriak independentzia lortzen badu, bi indar nolakoak diren kontutan eduki beharko da. Herriarena eta Gobernuarena.
Egungo eguneko giroa ezaguturik, Euskal Herrian jendea guztira euskararen alde dagoela esan liteke. Irlandan gertatzen ez dena, hemen herritarrak euskararen alde daude. Beste indar garrantzitsua independentziaren ondoan ze Gobernu sortzen den izango da. Nork zuzenduko du Euskal Herria? Badago hemen kezkatzeko motiborik.
Gaur daukagun Gobernuan badira benetan euskaltzale zintzoak. Guztiok ezagutzen ditugu eta maitatzen. Ez dira ordea guztiak horrelakoak. Hasteko, zenbat dira egungo egunean Gobernuan daudenen artean independentziaren alde daudenak? Zenbat euskararen alde?
Guztiok ditugu burutan Alderdi nagusian kargu handia ukan zuenaren hitzak: «¨Para qué queremos la independencia si es para comer berzas?». Horrek berak idatzi zuen: «Estoy obsesionado por la economía». Ze etorkizun dago horrelakoekin?
Lauaxeta eta Ariztimuño piztuko balira, negar egingo lukete gaurko gorabehera batzuk ikusita. Hor dugu, adibidez, Ertzaintza. Lautik batek bakarrik daki euskaraz. Gobernuaren eskuetan izan da erakunde horretan sartzeko euskara eskatzea. Ez du egin. Aldatuko al litzateke Gobernuaren jokabidea independentzia lortuz gero?
Negargarria izan zen Osasun sailburuak esan zuena. Osakidetzan aski zela bost medikutarik batek euskaraz jakitea. Arrazoi handiz eraso zion Aralarrek eta harekin batera euskaltzale askok. Aldatuko al da Bilbon dagoen unibertsitate bat, oraindik ere ikasgaietan euskaraz guztira % 10 gai baino gutxiago erakusten duena? Hauek adibidetxo batzuk bakarrik dira. Beste kontu asko aldatu beharko lirateke.
Badira itxaropena ematen duten pertsonak. Hor dugu, adibidez, Ibarretxe. Independentziaren ondoko Gobernuan bera bezalako asko balira, euskara salbaturik legoke.
Xabier Aierdi
Joan den asteazkenean, Frantziako Nazio Asanbladak ûzein da garrantzizkoagoa: Frantziako, Nazio ala Asanblada?-, beste hizkuntza batzuen artean, euskara ofizialki errekonozitzeko konstituzioa aldatzeko parlamentu-ekimen bat atzera bota du. Arrazoiak bi: frantziar herriaren batasuna erasotzea eta arrisku komunitarista.
Kaledonia Berriko hautesle zentzuaz ari omen zirelarik, diputatu batzuek Frantziako Konstituzioko 2. artikuluan hizkuntza erregionalen existentzia ere gehitu nahi izan zuten, baina hara non, Gobernuaren izenean, eta nork, Itsas Gaindiko ministroak, François Baroinek, ezetza eskatu eta lortu. Erreformaren bidez, ekimenaren sustatzaileen asmoa Frantziak Europako Hizkuntz Gutxituen Gutuna sinatzea zen. Turkiarekin batera Frantzia da Gutuna sinatu ez duen estatu bakarra. Zenbat paradoxa gertakari hain xumean. Alde batetik, Kaledonia Berriko erreferenduma irabazteko duela hogei bat urte Kaledonia birpopulatu egin zuten frantziarrek, orain ere erroldan makina bat tranpa egingo dute eta, besteak beste, seguruenik, bertako hizkuntzak ere ez dituzte ofizial bihurtuko. Bestetik, Frantzia eta Turkia, hain ezberdin eta hain berdin. Frantziak Turkiari Europako Batasunean sartzen utzi ez bere musulmantasunak Europako oinarrizko kristautasuna erasotzen duelako. Biek bat egiten dute ordea, estatuan dagozkien gainontzeko hizkuntzak ukatzean.
Herriaren batasuna eta lege berdintasuna dira, antza, frantziarrek babestu gura dituzten printzipioak. Eta gauza guztien gainetik arrisku komunitaristak saihestu. Logika honen arabera, badirudi, arriskuak, ez direla gizakion jokabidearen ondorioak hizkuntzenak baino, baina ez hizkuntza guztienak, estatua ez dutenena baino ez. Sekula ez dut uste izan hizkuntza bakoitzak mundu ikuskera propioa duenik, baina ez nekiena zen hizkuntza gutxituak, existitzeagatik bakarrik, arriskutsuak direnik eta gainera komunitaristak.
Frantziako Gobernuak teoria hau landu ondoren, jakitera eman beharko liguke, hizkuntza gutxituen kontraindikazioak ezagutu barik, birus komunitarista inokulatuz, geure burua auto-kaltetzen ari garelako. Euskara abandonatuz, frantsesa mintzatzera pasatuko bagina, ordea, osasuna berehala errekuperatuko genuke, bat-batean askeak eta berdintzaileak bilakatuz. Zelako aukera galtzen ari garen frantziar ez izateagatik. Gure eskerronik beroena eman beharko genieke frantziar gobernuko kideei gure kontzientzia okerra argitzeagatik. Prozesu batzuk aurrera egin ezinik eta beste batzuk betiko moduan. Nazio okerra aukeratzeak zelako zoritxarrak dakartzan! Hau bizitza, beti okertuta bizi behar!