Abkhazia. Paradisu suntsitua


2007ko urtarrilaren 07an
Errusiar panpinak aski ezagunak dira mundu zabalean. Handienak gainontzeko guztiak ezkutatzen ditu bere barne hutsean: bat altxa, eta gero beste bat, txikiena -hutsik ez dagoen bakarra- azaldu arte. 1991n, sobietar inperioaren porrotarekin batera, hamaika herrialde berri sortu ziren Eurasiako mapan, Asia erdialdeko Tadjikistanetik hiru baltiar errepubliketaraino. Era berean, Georgiak Kaukasoko mapan agertzeko eskubidea bereganatu zuen.

«Georgia georgiarrontzat!», zioen Zviad Gamsajurdiak, lehenengo presidentea izan zenak. Baina Kaukasoko errepublika berria sortu bezain laster, bere lurraldeko beste hiru eskualdek eskatu zuten independentzia: Abkhaziak, Hego Osetiak eta Adjariak. Lehenengo biek etnia desberdinekoak zirela aldarrikatu zuten; adjariarrek, ordea, kristau ortodoxoak ez, musulmanak zirela zioten. Eta herri gehiago zeuden oraindik: iparraldeko svaniarrak, mendebaldeko mingreliarrak, turkiar mugako laziarrak, baita txetxeniarrak, armeniarrak edota kurduak ere... Denak Portugal baino txikiagoa zen herrialde batean.

Andrei Sajarov arma atomikoen aitzindari eta Bakearen Nobel saridunak Georgia «inperio txiki bat» zela esan zuen behin. Abkhaziarrak uste berekoak ziren eta 1993an georgiar tropak kanporatu zituzten errusiarren laguntzaz. Gerra motza eta basatia izan zen baina garaiko nazioarteko arreta Sarajevok bereganatu zuen eta apenas iritsi zitzaigun horren berri. Bi bandoetako hildakoez gain, gerrak errefuxiatu ugari sortu zuen: georgiar eta mingreliar jatorriko biztanleria osoa -Abkhaziako populazioaren erdia- Georgiara kanporatua izan zen.

Abkhaziarrek diote mingreliarrak Georgiatik etorri zirela errusiar tsarren garaian, eta neurri handiagoan, XX. mendeko Stalinen deportazioetan. Mingreliarren ustez, eurak dira Abkhaziako kostaldeko jatorriko biztanleak, eta ez abkhaziar menditarrak. Hamaika dira «ni lehenago nengoen» moduko teoriak baina Fazil Iskanderrek, Abkhaziako idazle ezagunenak, honela dio Sandro Chegemtarra liburuan: «Mingreliarrak espontaneoki sortu ziren Georgia eta Abkhaziaren arteko basoen goroldiotik. Gero tribu bilakatu eta abkhaziarrek nahi baino askoz azkarrago hazi ziren».

Nolanahi, mingreliarrek ez dute inoiz herrialde propioa eskatu; bai, ordea, abkhaziarrek. Jada 13 urte pasa dira gerra bukatu zenetik, baina Nafarroaren tamaina duen errepublika honek ez du oraindik nazioarte mailako onespena lortu. Hala ere, estatu orok behar dituen sinbolo nahiz erakunde guztiak sortu dira Abkhazian urte hauetan. Euren bandera, esaterako, nonahi dago, autoen matrikuletatik, errepublikako hamaika ministerio berrien sarreretaraino. Atzerri Ministerioak bideratzen du Abkhazian sartzeko baimena. Ez du lan handirik, ordea: errusiarrek ez dute halakorik behar; georgiarrek, aldiz, debekatuta dute Itsas Beltzeko errepublika honetan sartzea.

Egun, Inguri ibaia da Georgia eta Abkhaziaren arteko muga naturala, baita Kaukasoko puntu beroenetako bat ere: AEBek lagundutako Georgia, ibaiaren bazter batean, eta Putinen Errusiaren babesa duen Abkhazia bestean. Oker zeuden Gerra Hotza bukatutzat ematen zutenak.

Errefuxiatuak baino ez dira igarotzen errusiar tropek kontrolatutako zubi honetatik. Mugatik hurbil dagoen Gali herrikoek baino ez dute eskuratu Abkhaziara bueltatzeko baimena, betiere «gerra kriminalak ez badira». Egia esan, beltzez jantzitako alargunek ez dute horren itxurarik. Euren hildako sendien irudiak daramatzate zintzilik medailoietan, bertako dolu ohiturei eutsiz. Georgiar taxi gidari batek zioen alargunetako bat maiz igarotzen zela bere senarra hil zuen soldaduaren aurretik, abkhaziar checkpoint edo kontrol postutik hain justu. Emakumeak ez omen zion inoiz ezer esan, errepresalien beldur, baina ez zuen bere senarraren irudia ezkutatu ere.

Ryszard Kapuscinski kazetariaren aburuz, hutsak eta isiltasunak «mugen guneetako misterioa» areagotzen dute. Abkhaziako mugan hondamendiak biderkatzen du isiltasun hori: tiroz jositako etxaurreak, angelu okerrean zintzilik dauden balkoiak, erraustutako landetxeak, zerurantz doazen eskailera bakartiak... Denak gerraren danbadaren lekuko mutu. Behi batzuk lasai ari dira bazkan hondakinen artean, inguruko txikizioari entzungor. Beste batzuk, aldiz, errepide erdian daude, geldirik, alboetako minaz jositako zelaiak baino toki seguruagoa dela jakingo balute bezala.

Halo Trust Gobernuz Kanpoko Erakunde britainiarra arduratzen da hemengo minak bilatzeaz. Lursailetan ez ezik, lan handia egiten dute eskoletan ere, bertako umeek futbolean edozein tokitan jolas ez dezaten.

- Minen arriskuarekin bizitzen ikastea lehenengo ikasgaia da eskolan -dio Galiko eskolan Lehen Hezkuntzako irakasle Valeri Konjariak. Ez omen da nahikoa hiruki horiko burezurra -minen ikur unibertsala- ezagutzea. Fruituz beteriko sagarrondo batek arrisku beraz ohartaraz dezake, inor ez baita sagarrik hartzen ausartu.

Galitik ordu erdi pasatxo, errepidea Itsas Beltzera iristen da, Ilori izeneko herri txikira. Bertako apaiza, aita Sergei, bakarrik ari da hondatutako eliza txikia konpontzen. Izan ere, herri honetako errefuxiatuei ez zaie bueltatzen utzi.
- Bueltatu? Nora baina? Dena errautsetan dago-eta! -kexu da abadea.

Ilori herri fantasmatik Ochamchira hiri fantasmara apenas daude kilometro batzuk. Dagoeneko paisaiak ez gaitu ustekabean harrapatzen. Bertako hondakinen artean, Ajaldabako futbol estadioa dugu azpimarragarriena, baina ez kirol jarduerengatik: ehunka mingreliar exekutatu zituzten hemen gerra garaian, adin guztietakoak, nazioarteko hainbat erakunderen arabera.


Sarajevo txikia

Kostaldetik iparrerantz, errepidea Sokhumi-ra iristen da, herdoildutako seinaleren batek «Sujumi» antzinako georgiar izena oraindik aldarrikatzen badu ere. Portu-hiri askok bezala, izen asko izan ditu Abkhaziako hiriburuak. Jatorrizko izen abkhaziarra «Aqwa» zen, eta Greziako marinelak Itsas Beltzeko bazter honen jaun zirenean, «Dioskurias» zuen izena. Antzinako merkataritza hiriaren hondakinak ur azpian daude egun; «Sokhumi berria»renak, azalean. Sastraka eta igokariek hainbat hondakin ezkutatu dituzte, baina nekez estaliko dute antzinako Presidentearen Jauregia. Porlanezko munstro erraldoi errea, georgiarren porrotaren oroigarri gisa gelditu da Sujum erdian.

Errusiako turistek ez dituzte ezagutzen hondartzara joateko aurri arteko bidexkak. Tamalez, atzean gelditu dira «Sobietar Riviera»ren garaiak, Abkhazia inperio osoko turismo gune nagusia zenekoa. Mendi eta itsasoaren arteko eskualde honek eguraldi pribilegiatua eskaintzen du ia urte osoan. Ulertzekoa da Kremlingo agintari guztiek euren dachak (oporretako etxeak) hemen izatea, iparreko izotzetatik urrun.

Opor lekuetan ohikoa den legez, turistek postalak erosten dituzte hemen ere. Luxuzko hotelak, hondartzak eta itsasontziak, zuriak denak, agertzen dira hauetan. Postaletan Abkhazia alfabeto zirilikoan idatzita ez balego, Mediterraneoko Cannes edo Nizako irudiak direla pentsa genezake erraz. Gerraren aurretiko postalak dira, noski, egun ez baitago itsasontzirik Sokhumiko portuan, Georgiak ezarritako lur eta itsas blokeoagatik. Bestalde, Abkhazia hotel ospetsuaren etxaurre tirokatua baino ez da gelditzen eta, hiriak, itsasertzeko «Sarajevo txiki» bat ematen du.

«Riviera Gorria»ren oroitzapena kartoizko argazkietan gordeta dago. Gerra heroien argazkiak edo georgiarren erasoetan hildako zibilenak ugariak dira kaleetako paretetan. Erdiguneko parke bati Martirien Parkea deitzen zaio, bertan lurperatuta baitaude gerra basati hartan bizia galdutako hainbat lagun.

Hilobietatik gertu, Vladislav Ardzinbaren omenezko mural bat dago, Abkhazia askearen lehenengo presidentea. Antzinako Hititen Gizarte Antolamendua izenburuko tesia argitaratu zuen antropologo hau kamuflajez ageri da orain. Tamalez, azken hamarkada luzea ez da kultura eta pentsamendurako oso emankorra izan. 1992ko neguan, Abkhaziako Artxibo Nazionalari su eman zion georgiar erreserbista talde batek. Hezkuntza Saileko espedienteak ez ezik, Abkhaziaren historia jasotzen zuen antzinako eskuizkribu eta dokumentu oro betiko galdu ziren.

Antzera desagertu ziren Museo Nazionaleko txanpon, jantzi, kaukasiar daga eta herri honen identitate eta historiaren lekuko ziren gainontzeko gauza guztiak, georgiar soldaduek lapurturik oraingoan. Gauza jakina da Abkhaziako historiaren galera ez zela gerraren zeharkako kaltea izan, helburu militarra baizik.

Leninen mosaiko batek ongi etorria ematen die, palmondo artean, atseden gune bateko bisitariei. Zentroa Errusiako ofizialentzat eta euren familientzat eraiki zen sobietar garaian eta inguruko eraikinak ez bezala, ez zuen inongo kalterik jaso. Ez da harritzekoa, errusiar hegazkinek bonbardatu baitzuten hiria, georgiar tropak kanporatzeko. Bakearen Hiribideak lehendabiziko bonba jasotzea kasualitatea zen ezin jakin.

Putinen horma-irudiak ez dira Leninen mosaikoa bezain ikusgarriak ezta Ardzinbarenak bezain ugariak, baina erraz aurki daitezke Sokhumiko kale nahiz denda barruetan. Azken finean, errusiar errubloa legezko moneta da eta abkhaziar orok errusiar pasaportea du, mugaren beste aldean nekazal produktuak saltzeko, unibertsitatean ikasteko edo, besterik gabe, emigratzeko. Abkhaziar pasaportea joan den irailean banatu zen lehendabiziko aldiz. Alabaina, errepublika txikiak bere herrialdetasuna lortu arte ez du ezertarako balio.


Lur-azpitik Kaukasoko gailurretara

Sortu berria den Abkhaziar Eliza Ortodoxoaren egoitza nagusia, Sokhumitik kilometro eskasera dago. Novy Afon (Athos Berria) monasterioa XIX. mendean eraiki zuten Greziatik etorritako monjeek. Gero, sobietarrek udako oporretako egoitza bihurtu eta larriki hondatu zuten. Aski ezaguna da Novy Afongo herria espeleologoen artean, hementxe bertan baitago Kruvera Voronya izeneko leizea, munduko kobazulo sakonena. 2005ean espeleologo talde batek historiako lehenengo 2.000koa egin zuen hemen. Agian, sakonera errekorra bezain txalogarria da National Geographic eta AEBek lagundutako espedizio honek Abkhazian sartzeko oztopoak gainditu izana.

1.000 metrora -lur gainetik oraingoan-, Ritsa lakua dago, Abkhaziako beste natur harribitxietako bat. Stalin maitemindu egin zen toki honen edertasunaz eta dacha bat eraikiarazi zuen laku ertzean atseden hartzeko. Halakoetan, dinamita erabiltzen zuen arrantzatzeko agintari georgiarrak, agian harrapaketak bost urteko plan batekin berdindu nahian.

Lakura doan errepideak gorago jarraitzen du, Errusia barruan dagoen Karatxai-Txerkesia errepublikaraino. Hemendik etorri ziren Kaukasoko beste eskualdetako hainbat boluntario gerra garaian, abkhaziar armadari laguntzeko. Antza, Itsas Beltzetik Kaspiar Itsasoraino iristen zen Ipar Kaukasoko konfederazio bat egiteko ametsa zuten gerlariok. Txetxeniatik, esaterako, 250 lagun etorri ziren Shamil Basayev beraren gidaritzapean. Abkhaziar Batailoia deitu zitzaion bere taldeari, den-denak txetxeniarrak baziren ere.

Gerra dunbotsaren erdian, txetxeniar komandanteak laugarren emaztea aurkitu zuen hemen, Malina izeneko abkhaziarra. Basaiev iazko uztailean hil zen, garraiatzen ari zen lehergailuek eztanda egin zutenean, eta Malina Turkian errefuxiatuta dago egun. Honen ahizpa, aldiz, Abkhazian gelditu da eta Ritsan dagoen tabernetako batean mahaiak zerbitzatzen ditu.

- Hona igotzen diren errusiarrek Basaieven koinata naizela jakingo balute, tu egingo lidakete -dio Larissak, irribarre samin batez.

Abkhaziar Batailoiko kide izan zen Aljasurrek eraman nau Larissarengana. Groznitik etorri zen 92an, «abkhaziarrei laguntzeko». Belaun azpiko protesi bati esker dabil, Sokhumin eskuineko hanka galdu ondoren. Ordainetan, Abkhaziako Defentsa ministroak aginte kargu bat eskaini zion ejertzitoan, baina Aljasurrek errefusatu eta Groznira jo zuen, Abkhazian gerra kide izandako errusiarren kontra borrokatzera oraingo honetan.

- Lehendabiziko txetxeniar gerra (1994-1996) irabazi genuen. Gero Putinek 99an boterea hartu eta Grozni errautsetan utzi zuen, nire etxea barne. Hemen lagunak neuzkan eta bueltatu nintzen azkenean. Nire herria txikitu eta beste hau irentsi, horixe egin dute! Putinek ez du inoiz Abkhaziaren herrialdetasuna onartuko, Txexeniarekin gauza bera gerta baitaiteke -dio Aljasurrek.

Turisten arreta erakartzen du gizon herren eta beltzaran honek, batez ere Txetxenia leloa duen elastikoa janzten duenean. Aljasur Gagra hirian bizi da egun, Errusiako mugatik oso gertu. Garai bateko «Itsas Beltzeko perla» gerra eskenatoki erabakigarria izan zen 93an, abkhaziarren garaipenerako inflexio-puntua, adituen esanetan. Katastrofearen arrastoak oraindik nonahi badira ere, errusiar turistak Gagrako hondartza zurietara bueltatu dira azken urteotan. Hauexek omen dira Itsas Beltzeko beroenak. Bidaia-agentzi inprobisatuek Ritsa eta Novy Afonera egun bateko bidaiak eskaintzen dituzte eta hainbat taberna eta kafetegi ireki dira berriki. Denek menuak errusieraz eskaintzen dituzte, baita Nostalgia izeneko vodka ezaguna ere. Emakume eder batek iragartzen du edaria telebistan nahiz kaleko karteletan. Larruzko txanoa buruan ageri da beti, igitaia eta mailua izar gorri batean duen horietakoa.

Gagra itsasertzean zehar zabaltzen da, Kaukasoko mendikate aldatsuak apenas uzten baitu eraikitzeko leku egokirik. Palmondo, azalea eta bestelako landare exotikoen artean, ugariak dira ere te landareak edota laranjondoak. Mendi magaleko jatetxe batek paisaia liluragarri honetaz gozatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du. 50 errubloren truke, turistek erretratu bitxia ateratzen dute hemen: Gagra hiria eta Itsas Beltzaren gaineko bista ederra atzean, Kaukasoko arrano bat eskuan dutela; Errusiak bere eskuetan duen Abkhaziaren irudi.

Maxim Gunjia, Abkhaziako Atzerri ministro ordea: «Europar Batasunean sartzea dugu helburu»

Maxim Gunjia elkarrizketatu dugun egunean bertan, Georgiako tropek erasoa jo dute Abkhaziako ipar-ekialdean. Ministerioan urduritasuna nagusi den arren, 30 urteko gazteak unetxo bat eskaini digu bere bulegoan.

Nola bizirauten du Abkhaziak blokeopean?
Turkiatik kargaontziak datoz baina baliabide gehienak Errusiako mugatik sartzen dira. Abkhazia turismo eta nekazaritza produktuak Errusiara esportatzeaz bizi da.

Errusia lagun izan duzue beti. Batzuk diote Errusian sartu nahi duzuela.
Abkhaziako Gobernuak erabateko independentzia nahi duela adierazi du behin eta berriz. Gerra nahiz gerraostean asko lagundu digu Moskuk baina horrek ez du esan nahi errusiar izan nahi dugunik.

Georgiako errefuxiatuek bueltatzeko aukera izango dute inoiz?
Georgiak ez du nahi errefuxiatuak pixkanaka bueltatzea, denak batera baizik. Errefuxiatuek Georgian integratu behar dute. Batzuk gerra kriminalak dira eta hemen ez dago haientzako tokirik.

Abkhaziar diaspora oso handia da. Zer dela-eta?
Errusiar tsarrek Kaukasoa XIX. mendean menderatu zutenean, abkhaziar musulman orok alde egin zuen. Egun, Turkian soilik 500.000 abkhaziar daudela kalkulatzen da eta horietatik, 5.000 inguru bueltatu dira 1993tik aurrera.

Georgiarrek alde egin dute baina abkhaziarrak gutxiengo bat dira oraindik ere. Herri honen kultura eta hizkuntza bermaturik al daude?
Abkhazian hiru eskola mota daude: errusiarra, armeniarra eta abkhaziarra. Zoritxarrez, oso gutxi argitaratu da abkhazieraz. Eskola liburuak oso urriak dira eta errusierazkoak erabiltzea nahitaezkoa dugu.

Noiz lortuko du Abkhaziaren independentziak nazioarteko onespena?
Jakin badakigu horrek luze joko duela, agian 20 urte baino gehiago. Dena den, independentzia lortu eta gero, Europar Batasunean sartzea dugu helburu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abkhazia
2017-10-22 | Ibai Trebiño
Kan Taniya, Abkhaziako atzerri ministro ordea
"Aldebakarreko independentzia aldarrikapena borroka berri baten hasiera baino ez da"

Kataluniako afera “arretaz” eta “interes handiz” jarraitzen ari dela aitortu digu Kan Taniya Abkhaziako atzerri ministro ordeak (Sukhumi, 1987). Abkhaziak aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuen 1992an eta Georgiarekin izandako gerraren ostean,... [+]


2017-06-30 | ARGIA
Abkhazia Donostian: aitortu gabeko estatu bat, hango Atzerri ministro ohiaren begietatik

Maxim Gvinjia Abkhaziako Atzerri gaietarako ministro ohiak enbaxada berezia eduki du aste honetan Tabakalera Donostiako Kultura Garaikideko Nazioarteko Gunean. Ostiral honetan Xabier Madariaga kazetariak elkarrizketatuko du jendaurrean.


Kaukasoko lezioak
 
Pena handia eman dit Kaukasoko gerrak. Abkhaziar eta georgiarren kasuan bereziki, oso tamalgarria da: elkarren etsai bezain euskaldunen ahaide sentitzen dira biak, gurekiko estima sinestezina da. Han euskal kaukasiartasuna ez da teoria, zalantzarik gabeko egitatea baino... [+]

Eguneraketa berriak daude