![]() | Estitxu Eizagirre2006-12-24 |
Biak ere aurreko Bizkaiko finalean aritu zineten. Saioaren arduran nabaritu duzue alderik iaztik aurtengora?
Etxahun Lekue. Onena izan da ardura hori ez dutela bik edo hiruk hartu, zortzirok oso jarrera onaz etorri gara finalera, oso kontzientziatuta final on bat egin behar genuenaz, eta horrek ekarri du elkarri lagundu diogula saio on bat egiten.
Nola bizi izan duzue finalaren hasierako zatia eta buruz-buruko fasea? Buruz-burukoan norbera hazi egin da edo behera egin du?
Atsedenaldian kanpora irten garenean besteek esan didate buruz-burukorako bat ni izango nintzela. Sinisten nuen pasa nintekeela, baina buruz-burukorako nire izena entzun, eta jada arraroa zen dena. Momentu hori ezin da entrenatu, eta buruz-burukoan denbora ematen du gaia entzun eta ariketa batean aldarteak gora eta hurrengoan behera egiteko.
Etxahun Lekue. Ni saioaren lehen zatian marabila handirik egin barik baina gustura sentitu naiz. Bakarkakoan ez naiz batere gustura geratu, ez naiz gaian lar zentratu... Kanpora irtetean Xabi Payari esan diot bat bera izango zela dudarik gabe, eta bigarrena askoren artean ikusten genuen. Nik neuk ez dut ikusi izan neure burua buruz-burukorako.
Nire izena entzun dudanean blokeatuta geratu naiz, eta pentsatzen dut ni blokeatuta geratzeaz gain, Euskalduna guztia konturatu dela blokeatuta egon naizela. Zortziko txikiko lehenengo bertso hori grabazio guztietatik borratzeko modukoa da. Gero bronkatxoa bota diot neure buruari, «hor zaudenean egin egin behar dozu eta benga, animo». Maiñontzi doinuan sano gustura aritu naiz eta kartzelako beharrean ere bai. Arraroa bada, Payak dioen modura. Gu orain arte ohituta egon gara geuretxoa egin eta disfrutatzera, aurreko finaletan Iturriaga eta Elortzaren buruz-burukoak itzelak izan dira, eta orain hori aldatu da. Baina beno, onerako izan dadila!
Txapelketa honek zer eman dio zuen bertsogintzari?
Etxahun Lekue. Batera entrenatu gara bi urtez Arkaitz Estiballes, Fredi Paya eta gu biok, iaz hasi ginelako Euskal Herriko Txapelketa prestatzen. Niretzat onura ikaragarria izan da, bertsoak baloratzen ikasi dugulako, asko hitz egiten dugu botatako bertsoez... Buruari buelta horiek emateak balio dio ondoren norbere beharrari.
Bizkaiko plazetan baduzue zuen izena, gainerako herrialdeetara kantatzera joatea zailagoa da?
Etxahun Lekue. Gu ez gaude kexatzeko moduan. Gure saiotxoak baditugu, eta eduki ez ditugunean antolatu egin ditugu, adibidez, «Txapel bete bertso» ekimenarekin. Hemendik aurrera zer etorriko den ez dakit. Nik neuk Bizkaitik kanpo oso saio gutxi egiten ditut, baina ez ditut eskatu ere egiten. Ahalik eta ondoen egingo dugu ditugun saioetan, eta horrek ekarriko ditu saio gehiago edo gutxiago.
«Jakingo bazenu zenbat urte pasa ditudan pentsatuz, nik egunen batean irabaziko dut zerbait eta amari kantatuko diot, erderaz. Ni itzultzailea naiz lanbidez, eta orain etxera joan eta zer egin beharko dut? Pues en el primer bertso, ama, he dicho esto, y Fredi me ha respondido tal y le he dicho... Nahiz eta berak askotan esaten duen ulertzen gaituela. Badakit agian norbaitentzat itsusia izango dela, bertsotan erdaraz egitea, baina hori txapeldunaren ohorean hartu dudan kapritxo txiki bat izan da. Aspaldiko urtetako ametsa bete dut».
Bost izen bota nahi dodaz
merezi daben neurrira
maisu handi Amuriza
eta Lopategi, biba
Trino ta Joseba Santxo
epaile onenak dira
boskarrena ulertu barik
hor egongo da begira:
Tu no nos diste el euskera
pero nos diste la vida
nos llevaste a la ikastola
aprendimos enseguida
ya es hora de que entiendas
el canto que nos motiva
esta txapela es tuya
ai nire amatxu querida.