Astekaria

 Liburuak 

Liburutegia

Irudia

Pilar Iparragirre


2068. alea
2006-12-24
alde 0    kontra 0

Begira-begira.

Tradizioaren leihotik

Batzuen artean

Elkar

176 orrialde

21 euro

Tradizioari leiho berriak irekitzen

Zortzi idazle eta marrazkilari baten lanak daude jasoak Elkar argitaletxeak plazaratu duen Begira-begira. Tradizioaren leihotik liburuan. Tradizioa transmisioa dela-eta, transmisio-bideari jarraipena emateko asmoarekin egin dituzte Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano, Juan Kruz Igerabide, Jesus Mari Olaizola Txiliku, Joxan Ormazabal, Kirmen Uribe, Mitxel Murua, Miren AgurMeabe idazleek eta Elena Odriozola marrazkilariak liburuan agertzen diren ipuinak, poemak, hizkuntz jolasak eta marrazkiak. Begira-begiran parte hartu duten guztiek ondotxo dakite euskal literaturaren tradizioa altxor kultural eskerga dela, ondotxo dakiten bezala gaurko idazleei dagokiela altxor hori aberastea, transmisio katea eten ez dadin.

Euskal Herriko mendiak. Ehun paisaia

Santiago Yaniz

Sua

128 orrialde

18,50 euro

Gure mendi gailurrak ikusteko ehun era

Pagasarrin mendizale bihurtu zenetik, Santiago Yaniz argazkilari bilbotarrak beti gorde omen du motxilan argazki-kamera batentzako ûedo gehiagorentzakoû tokia. Beraz, mendizaletasunak eta argazkigintzak emandako esperientziei zor zaio Sua argitaletxearen bidez euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez kaleratu duen Euskal Herriko mendiak. Ehun paisaia liburuan agertzen diren irudi ederrak. Hiru Erregeen Mahaiako tontor elurtuetatik hasi eta lainoa txapeltzat duen Anboto mendiaren argazkira arte, gure mendilerro eta gailurren hamaika ikuspegi. Hor daude Artzamendi, Talatzeko hormak, Larrako karsta, Pagasarri, Andia mendilerroa, Serantes mendia, Gorobel-Sálvada mendilerroko Iturrigorri/Tologorri mendia...

Alternativas a la cárcel en Euskadi

Aiala Olarte Hurtado

Ararteko

386 orrialde

Kartzela saihesteko

Aiala Olarte Hurtadok Arartekoak emandako ikerketa beka bati esker aurrera eraman duen lanaren izenburu zehatza Alternativas a la cárcel en Euskadi: el trabajo en beneficio de la comunidad da. Errudunari kartzelan sartzea ez den beste zigorren bat ezartzeko dauden lege aukerak aztertzen ditu bertan. 60ko hamarkadan hasi zen gizartearen aldeko lanak eginez kartzela zigorra saihesteko erak aztertzen zituen eztabaida, eta 70eko hamarkadan krisian egon bazen ere, berpiztu egin zen 80ko hamarkadatik aurrera. Aiala Olarte Hurtadoren iritziz, espetxe-zigorra ez da kriminalitateari aurre egiteko biderik egokiena, ezta eraginkorrena ere, espetxeak askatasuna ez ezik presoaren beste oinarrizko eskubideak zapaltzen dituelako. Eta eraiki beharko litzateke oinarrizko eskubideak gutxiago mugatuko lituzkeen beste zigor sistemaren bat.

Karmel

Batzuen artean

Euskal Herriko Karmeldarrak

144 orrialde

12 euro, urteko

harpidetza

Luis Baraiazarrak jasotako saria

Luis Baraiazarra Txertudi euskaltzain urgazle eta idazle meñakarrak urte asko daramatza Karmel aldizkarian idazten. Bilboko Liburu Azokak euskararen nahiz euskal letren alde gogor ahalegintzeagatik Urrezko Luma saria eman zionean, poz handia izan zuten Karmelekoek, eta Luis Baraiazarraren bizitza eta lanari eskaini dizkiote 255. zenbakiko hainbat orrialde. Beste hainbat egin dute Elisabet Hirutasunarena doatsuarekin, oraintxe betetzen baita bere heriotzaren lehen mendeurrena. Bere biografiaren aztarnak jasotzen dituen lanean, 1880ko uztailean jaiotako emakume honen txikitako, nerabezaroko eta moja bilakatu zeneko argazkiak ere eskaintzen dira. Jarraian, Luis Baraiazarrak euskarara itzulitako Elisabeten idazlan bi azaltzen dira: Azken gogo-jardunak eta Utz ezazu maitatzen.

Rimmel

Koldo Izagirre

Susa

122 orrialde

11,50 euro

Koldo Izagirrek bere kuttunenei idatzitakoak

Poema liburua da Rimmel. Pertsona baten bizitzan unerik gogoangarrienak izan daitezkeen haietan nolako sentimenduak izan dituen agertzen ahalegintzen da poeta. Ondorengo bat izan behar duela-eta, ospitalera joatean aitak duen barrua. Semea izango zutela uste, eta azkenean alaba jaio zaiela jakitean izandako ezusteko gozoa. Eta handik aurrera gertatutako gainerako ustekabeak. Alabari kontatzen dizkio poetak, baina noizean behin jaio berria den haurraren barruan sartu eta hark senti ditzakeenak irudikatzeari ekiten dio baita ere. Lau ataletan banatu ditu Koldo Izagirrek poemok: Hezur ondoko mami, Nola jaso ote zuen harria trikuak?, Ur gazia zara eta Laster gure alaba zu bezalakoa izanen da.

Paraquaria

Arantza Amezaga

Ttarttalo

462 orrialde / 25 euro

Matalazen garaiko Zuberoa hura, Amezagaren nobelan

Arantza Amezaga Iribarren idazle emankorra Buenos Airesen jaio zen, 1943an. 1936ko Gerraren ondorioz atzerrira joan behar izan zuen familia euskaldun baten alaba da. Paraquaria, Ttarttalo argitaletxearen bidez kaleratu duen bere azken nobela, XVII. eta XVIII. mendeetan girotuta dago. Orduko Zuberoan bizi behar izan zituzten borrokak azaltzeaz gain, haiek galdu eta gero Matalaz apaizarekin aritutako gerrilari baten Ameriketarako ihesa, eta hari zein bere ondorengoei gertatzen zaizkienak kontatzen ditu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2067
 
azala2066

2068 zenbakia.
2006ko abenduaren 24a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia