![]() | Unai Brea2006-12-24 |
Beharbada ez duzue sinetsiko baina, Guggenheim eraiki baino lehenago ere, Bilbo existitu egiten zen. Frank Gheryk irudikatutako museoa ei da orain hiriaren ikur nagusia, betikoei (Begoñako basilika, San Mameseko arkua...) gailenduz. Eta Euskalduna jauregia da Guggenheimen bidelagun kutuna, erakunde publikoek turismo arorantz antolatutako bidaia honetan. Egia esan, asko hitz egin eta idatzi da «Bilbo berriaz» . Guk, oraingoan, ontzi itxurako museo baten kariaz bat-batean ederrago diruditen betiko lekuei eskainiko diegu arreta. Hala ere, eta iraganari begira bizitzea leporatu ez diezaguten, azken aldaketen ondorioz agertu diren zenbait txokoren aipamena egingo dugu.
Ofizialki, Bilbok 706 urte ditu. 1300ean hartu zuen hiribildu izendapena, Diego Lopez de Haro orduko Bizkaiko Jaunaren eskutik, baina hiria han zegoen lehenagotik. Ez jakin zehatz noiztik, ordea. Gaurko hiri handiaren lehenbiziko hazia, noski, gaurko Alde Zaharra da. Haren zati bat, hobeto esanda. Ondo bereizi behar dira-eta Erdi Aroko Alde Zaharra eta Alde Zahar modernoa.
Zazpi Kaleak
Zazpi Kaleak, berez, Somera, Artekale, Dendarikale -horiexek hiru zaharrenak-, Belostikale, Carnicería Vieja, Barrenkale eta Barrenkale Barrena dira. Ezagunenetakoak dira kanpotarrentzat, auzoko gau giroak bertako tabernetan daukalako habia hein handi batean. Egunez salerosketa gune aparta dira, baina hori Alde Zahar osoaz esan genezake.
Erribera eta San Anton
Erriberako merkatuaren ondo-ondoan San Anton eliza eta San Anton zubia daude. Eliza XIV. mendean eraiki zen, eta bera da, zubiarekin batera, Bilbo zein Athleticen armarrietan ageri dena. Argitu egin behar da, hala ere, armarriotako zubia ez dela gaur egungoa, dagoeneko desagertuta dagoen Erdi Arokoa baizik.
Begoñako basilika Alde Zaharretik ikusgai
Alde Zahar modernoaren beste txoko ezagun bat Txakur kalea da. Santiago plazatik dauka sarbideetako bat, eta hantxe dago bertako iturri ospetsua. 1800ean berritu zenetik, bilbotarrek Txakur iturria esaten diote, bertan ageri diren irudiak direla eta. Hortik hartu du izena kaleak. Haren beste aldean Alde Zahar osoko lekurik berezienetako bat dago. Txakur kaleak Pilota eta Santa Maria kaleekin bat egiten duen lekuan -azken bi horiek osatzen duten ertzean hain justu- ikur txiki bat dago. Leku zehatz horretan jarriz gero eta norabide egokian begiratuta, Begoñako basilika ikus daiteke; Alde Zaharrean, kantoi horretatik baino ezin da begiz jo basilika.
Gorako bidean
Etxebarria parketik Begoñako basilikara ailegatzeko ez dugu gehiegi ibili behar. Bilbotarren «amatxo» kutunaren etxea eliza gotiko ederra da, baina beste estilo batzuetako elementuak ere baditu. XVI. mendean Ama Birjina agertu ei zen leku berean eraikita dago hiriaren ikono nagusietakoa den basilika.
Artxandako funikularraren gorabeherak
Funikularra 1915etik dabil lanean, eta zerbitzu handia ematen die bilbotarrei nahiz bisitariei. Izan ere, ikuspegia ez da Artxanda mendian goza daitekeen gauza bakarra. Ezagun dira hango jatetxe handiak -oturuntza egitera igotako ezkontide eta gonbidatuz mukuru asteburuetan-, eta kiroldegiak. Bizkaitar gehienek dakite, halaber, hantxe egiten direla gida-baimena ateratzeko ezinbesteko teoria azterketak.
Central Park ez, baina...
Askoz berriagoak dira Europa parke zabala -Otxarkoaga, Txurdinaga eta Santutxu artean-, 1988an sortua, eta hiriaren aurpegi-edertzearen ondorioz berriki agertutako azken biak: Bidarte -Deusto aldean- eta Oroimenaren Ibiltokia, Guggenheimen, Euskalduna jauregiaren eta oraindik egiteke dagoen Abandoibarrako zumarkalearen artean. Udalak helburu potoloak ditu Oroimenaren Ibiltokirako: etorkizunean hiri osoa josiko duen haria izatea nahi lukete, Najako kaia, Ripa kalea, Uribitarte eta beharbada Olabeaga ere lotuz. Oraingoz, hiru kilometro luze da ibiltokia, eta bere baitan biltzen ditu, besteak beste, Zubiarte merkataritza gune handia eta Txillida, Dali eta beste zenbait artista handiren eskulturak.
Zeozergatik esaten diote botxo Bilbori. Euskal Herriko hiri handienak bertatik bertara ditu mendizaleen gustuko hainbat tontor. Eta hiriko mendirik ezagunena izateko lehian zein baino zein -bilbotar petoek zuzendu gaitzatela bestela-, Artxanda eta Pagasarri ditugu. Mendizaletasunaren ikuspegitik, ordea, bigarrena gailentzen da argi eta garbi; Artxandara ere jende asko igotzen da, baina funikularrez edo autoz batez ere.
Pagasarri (671 metro), berriz, Ganekogorta mendigunean dago. Ez da bertako garaiena, baina badu berezitasun bat: oso erraz hel daiteke bertara Bilboko erdigunetik. Horregatik, jende askok aukeratzen du zapatu edo domeka goizeko txango laburrerako. Zabalburu plazatik abiatuta, Juan de Garay kaletik joango gara San Adrian auzora. Hura atzean utzitakoan autobide gaineko zubia zeharkatu, Iberdrolako eraikinaren albotik jarraitu eta ezkerretara egin behar da Pagasarriko bidea deritzonari ekiteko, Garbigunetik oso hurbil. Bestetik, Ganekogorta mendiak ere (998 metro) bilbotarra du bere hegietako bat, baina askoz lan nekezagoa da harainoko igoera.
Malmasin mendia ere Ganekogorta mendigunekoa da. Izen bereko tunel ezaguna azpitik igarotzen da, eta ez da oso garaia (392 metro). Hala ere, inguruaren ikuspegi politak daude bertan. Bilbon bagaude, Abusu auzotik abiatu gaitezke Malmasinera. Zenbait aztarnak agerian utzi dute orain milaka urte bazirela gizakiak haren tontorrean. Lehenengo bilbotarrak?
Ibaizabaletik txangoa egitea modu paregabea da hiriaren bestelako ikuspegia izateko. Horretarako aukera eskaintzen du, 1997tik, Portugaleteko Txalupa Gidarien Elkarteak. Urte hartan erosi zuten Euskal Herria ontzia, itsasadarraren alde batetik bestera bidaiariak daramatzaten «gasolino» txikiagoen osagarri. Ordura arte, ontziak Vanguard zeukan izena, eta Salou-Cambrills ibilbidea egiten zuen Kataluniako Tarragona probintzian.
Euskal Herriak, gaur egun, zerbitzu mota bi ematen ditu. Alde batetik, Getxo eta Sestao arteko bidaiari-garraio erregularra egiten dute. Bestetik, txangoak eskaintzen dituzte, norberaren neurrikoak beti ere. «Pertsona edo talde bakoitzak hautatzen du ibilbidea eta iraupena, baita non gelditu ere». Diotenez, Bilbotik Getxora doan ibilbidea eskatzen da gehien, eta geldileku arrakastatsuenak Bilboko Udaletxea, Guggenheim museoa, Euskalduna jauregia, Sestaoko Izar ontziola eta Bizkaiko Zubia dira.
Ontziak 100 lagunentzako lekua dauka, baina bertan jaia antolatu nahi izanez gero -sarritan eskatzen omen diete ezkondu aurreko agur festak ospatzeko-, ez dira 70 bidaiari baino gehiago onartzen. Prezioen eta bestelako xehetasunen gaineko informazioa aurkituko duzue web gunean (www.turismoriabilbao.com).