Bertso berriak... Abenduari jarriak

Xebastian Lizaso


2006-12-24

I

Ate joka ditugu

Eguberri jaiak

kaleetan argiak

ta opari gaiak

dirua xahutzeko

nolako garaiak

txiki egiten gaitu

gure handi nahiak.

II

Haurrak eskatu edo

norberak eskeini

auzokoak badauka

etxean komeni

«egoa» harrotuaz

ia edozeini.

Hori hainbeste bada

gutxiago ez ni.

III

Hilaren erdirako

hasiak kezkatzen

loteria zergatik

ez degu tentatzen

zuzen ote gabiltzan

zaila da asmatzen

«pobre ez jarraitzeko»

dirua gastatzen.

IV

Hilaren hogeita bi

nolako arreta

berdina gehiengoak

degun berriketa

sakela hutsik baina

ahoa beteta

konforme osasuna

badaukagu eta

V

Gabon gauez etxea

goxo ta epela

ez pentsa guzietan

gauza bera dela

norbait falta denean

askotan bezela

jakin goxoak ere

mikazten direla

VI

Hilak azkena omen

ta urteak berdin

ez digu utzi hainbat

poz eta atsegin

eta datorren hori

hobeago dadin

lehengo ametsak bete

ta berriak egin.


Argia.com 2012