Jakoba Errekondo
Neguko solstizioko ospakizunak. Urteko egunik motzenetan, udara atariko suak arteko eguzkiaren hazkundea gurtzeko mihura erabiltzen da. Mihura (Viscum album) parasito bizkarroi bat da, beste landare baten bizkar, hari izerdia lapurtuz bizi da. Heldu berri dituen pipitta-koxkorrak grabitateari amore emanda amiltzen direnean, bidean topatzen duten adarren batean itsatsi beste aukerarik ez du ugaltzeko. Badira, ordea, ugaritzeko bestelako estrategiak erabiltzen dituzten bizkarroiak.
Kuskula bizkarroi baten (Cuscuta pentagona) jokabidea aztertu dute Pennsylvanian. Zitriko, tomate, azenario, tipula, ahabi, alpapa... denetik harrapatu eta xahutzen du kupidarik gabe. Sustraiak emateko alfer, bere hazia ernatu eta bertan daraman erreserbak ahitu artean bizi daiteke sortu berria den landaretxoa. Bitarte horretan bere kiribilen artean heldu, eskarda tankerako ezten bat sartu eta izerdia kenduko dion ostalari batean apopilotzen ez bada laster batean hilko da. Zein da, bada, ostatu emango dion landarea aukeratzeko kuskularen estrategia?
Hazia ernatu eta landaretxoa luzatzen hasterako ostatu emango dion auzoa hautatua behar du. Ingurua arakatu eta zein landare jo itu? Litezkeen balizko biktimak inguruan eskuera jarri eta ia beti gogokoena, tomate landarea omen, aukeratzen du. Kakoa usaina izan zitekeenaren errezeloa piztu zenean landareen esentziak jarri zizkioten sudurrerara eta hark joera bera erakutsi. Usainak miatzen ditu, sudurrez itua biktimatu eta itulan eginez, baden eztenaz igurtziz izerdiustuko du. Ez dakigu non eta nola baina landareek usainak aditzen dituzte, usainerako adimentsu dira.
Orain landare biktimagaiei bere burua babesten erakutsi nahi zaie, bere kasa kuskulari aurre egiteko. Usain zaizkionak baino kirats litzaizkiokeenak ekoizten erakutsiz adibidez... Oraingo ospakizun hauetan eskuz esku dihoazen makina bat lurrin pototxoekin ustez ederki asko egiten dugun bezala: bizkarroiak uxatu eta gogokoa hurbiltzera premiatu. Bai, bai sudur ustez...
Jabier Agirre
Azken urteotan ia desagertutzat eman ondoren, berriro ere elgorri-kasuak diagnostikatzen hasi dira medikuak. Aurtengo aurreneko bost hilabeteetan (urtarriletik maiatzera bitartean, alegia) notifikatutako 176 kasuetatik, 133 baieztu dira. Espainian ere gauza bera gertatu da; lozorrotik ernatu da elgorri edo mingorriaren birusa. Carlos III. Osasun Institutuak adierazitako txostenaren arabera Madrilekoa da erasandako pertsona gehien dituen erkidegoa (83 kasu baieztatu dira) eta atzetik Errioxa dator (15 kasu guztira).
Adituen ustez, gaixotasunaren gorakada azaltzeko arrazoien artean, nabarmentzeko modukoa da badela adin-talde bat, 23 urtetik 33ra bitartekoek osatua, txertatu gabe dagoena, eta oso sentibera dena gaitzaren aurrean: gaur egun, 23 urtez azpiko guztiak txertatuta daude, eta hogeita hamarretik gorakoek, berriz, gaitza umetan pasatu zuten. Beraz, aipatutako adin-talde hori geratzen da, gaixotasuna harrapatzeko aukera handi samarrarekin. Kontuan hartu behar da behin pasatu eta gero, elgorriak betiko immunizatua uzten duela pertsona.
Bada beste faktore bat, gaur egun alderdi epidemiologikotik oso kontuan hartzekoa: birusek batetik bestera mugitzeko duten abiadura eta bizkortasuna, mundu osoan dabilen bidaiari-mugimenduagatik. Gainera, anbulategi eta ospitaletako langileen artean ere badira elgorriak jotakoak eta horrek gaixotasuna azkarrago zabaltzea ekarri du.
Sintomak (sukarra, eztula, azaleko gorriune txikiak eta konjuntibitisa) diagnostikoa nahiko erraz egitea ahalbidetzen duten arren, mediku gazteenak ez daude ohituta elgorria ikustera eta zenbaitetan gaixotasuna behar bezain azkar ez antzematea horrek eragin du.
Joxerra Aizpurua
Landareak ere erregai
Joan den hamarkadaren erditik AEBetako Minnesotako unibertsitateko David Tilman ikerlaria eta berak gidatzen duen taldea belarren balioa probatzen ari da erregai gisa erabili ahal izateko. Horretarako nekazal lur txiroetan hainbat landare landatu dituzte.
Gehiegi ustiatutako lurrak agortu egiten dira eta belarretako utzi gehienetan. Zelaiko landareek karbono dioxido asko xurgatzen dute, isurtzen dutena eta ereiteko zein jasotzeko behar dena batuta baino gehiago. Horregatik landare horietan oinarritutako bioerregaien ekoizpena ekologikoki errentagarria izan daiteke.
Egun artoa bioetanol eta soia biodiesel bihur daitezke, baina hainbat ikerlarirentzat ur eta produktu kimiko gehiegi erabili behar dira uzta txukunak lortzeko.
Tilmanen arabera, zelaietan belar-mota desberdinak landatzea komeni da, errendimendua belar-mota bakarra landatuta baino %238 hobea delako.
Science aldizkarian abenduaren hasieran argitara emandako artikuluaren arabera belarrek artoak baino askoz karbono dioxido gehiago xurgatzen dute, sei-hamasei bider gehiago.
Belar-motari dagokionez ikerlariek ez dute zehaztasun gehiegirik eman, baina oso belar arruntekin ari direla lanean azpimarratu dute.
Ozeano Barea bero
Ozeano Pazifikoa satelite batetik ikusita bi kolore ditu, nagusia urdina bada ere, berdeak indarra du. Kolore berdeak klorofilaren presentzia adierazten du eta ondorioz phytoplaktonaren ekoizpena.
Azken bederatzi urteotan AEBetako Oregon State University-ko Michael Behrenfeld-ek zuzendutako ekipoak NASAren OrbView-2 sateliteak lortutako informazioa aztertu dute. Satelite horrek bi egunez behin eskaneatzen du ozeano pazifikoa eta, beraz, mapetako koloreen eboluzioari jarraitzeko aukera izan dute Behrenfeld eta enparauek. Ikerketaren emaitza Nature aldizkarian argitaratu berri dute.
1997 eta 1999 artean, El Niņo igaro berria zenean hain zuzen ere, itsasoa hoztu eta phytoplaktonaren ekoizpena hazi egin zen. Aldiz, 2000. urtetik aurrera klimaren berotzea nabarmen azkartu denez phytoplaktonaren ekoizpena txikitu egin da. Ez da azalera guztian berdin gertatu, baina orokorrean balantzea negatiboa da.
Phytoplaktona itsas azalean sortzen da, eguzki-argia eta itsas azpiko korronte hotzek ekarritako elikagaiak behar dituelako. Elikagaiak eta phytoplaktonak biomasa osatzen dute eta biomasa bi eta sei egunen artean kontsumitzen dela uste da.
Horregatik biomasaren aldaketa txiki batek eragin handia izan dezake itsasoko bizidunengan, horretan datza ikerketaren garrantzia.