Estitxu Eizagirre
Biak ere aurreko Bizkaiko finalean aritu zineten. Saioaren arduran nabaritu duzue alderik iaztik aurtengora?
Xabier Paya. Bai, dudarik gabe, aurtengoan ardura sekulakoa izan dugu. Aurreko finalean kantatzeko aukera izan nuen, eta orduan gauza oso erraza zen alde batetik, Igor Elortza eta Unai Iturriaga hor zeuden, eta hortik aurrera norberak egiten zuena zezakeen onena izango zen. Baina aurten ez zegoen aukera hori, guk jarri behar izan dugu eurek jartzen zutena. Eta nahiz eta txapela nik dudan, nire kideek ere oso lan ona egin dute eta oso final polita izan da.
Etxahun Lekue. Onena izan da ardura hori ez dutela bik edo hiruk hartu, zortzirok oso jarrera onaz etorri gara finalera, oso kontzientziatuta final on bat egin behar genuenaz, eta horrek ekarri du elkarri lagundu diogula saio on bat egiten.
Nola bizi izan duzue finalaren hasierako zatia eta buruz-buruko fasea? Buruz-burukoan norbera hazi egin da edo behera egin du?
Xabier Paya. Lehen zatian Fredirekin gustura aritu naiz eta horrek indarra eman dit. Saioan zehar gustura aritu naiz eta Iñaki de Juanaren amaren paperean kantatu dudanean, gaia oso barrura heldu zait eta oso gustura amaitu dut. Aurreko finalean oso deseroso aritu nintzen, eta aurtengoan alderantziz.
Atsedenaldian kanpora irten garenean besteek esan didate buruz-burukorako bat ni izango nintzela. Sinisten nuen pasa nintekeela, baina buruz-burukorako nire izena entzun, eta jada arraroa zen dena. Momentu hori ezin da entrenatu, eta buruz-burukoan denbora ematen du gaia entzun eta ariketa batean aldarteak gora eta hurrengoan behera egiteko.
Etxahun Lekue. Ni saioaren lehen zatian marabila handirik egin barik baina gustura sentitu naiz. Bakarkakoan ez naiz batere gustura geratu, ez naiz gaian lar zentratu... Kanpora irtetean Xabi Payari esan diot bat bera izango zela dudarik gabe, eta bigarrena askoren artean ikusten genuen. Nik neuk ez dut ikusi izan neure burua buruz-burukorako.
Nire izena entzun dudanean blokeatuta geratu naiz, eta pentsatzen dut ni blokeatuta geratzeaz gain, Euskalduna guztia konturatu dela blokeatuta egon naizela. Zortziko txikiko lehenengo bertso hori grabazio guztietatik borratzeko modukoa da. Gero bronkatxoa bota diot neure buruari, «hor zaudenean egin egin behar dozu eta benga, animo». Maiñontzi doinuan sano gustura aritu naiz eta kartzelako beharrean ere bai. Arraroa bada, Payak dioen modura. Gu orain arte ohituta egon gara geuretxoa egin eta disfrutatzera, aurreko finaletan Iturriaga eta Elortzaren buruz-burukoak itzelak izan dira, eta orain hori aldatu da. Baina beno, onerako izan dadila!
Txapelketa honek zer eman dio zuen bertsogintzari?
Xabier Paya. Txapelketa honetara arte sekula ez dut erabili «damosta» errima, eta horrek bi gauza laburbiltzen ditu: batetik, bizkaierarako saltoa aurten egin dut eta hori salto handia da ni natorren bidetik. Bestetik, «damosta» errima neurri luzean erabiltzeak badu bere zailtasuna, eta kontziente nintzen hona iritsita dena eman beharra zegoela, bederatzikoa ere laburra izan zitekeela. Lanketa berezia egin dut, eta nahiz eta horrelako txapelketetan esperientzia handirik ez dudan, konturatzen naiz fruituak hemendik aurrerako plazetan jasotzen direla. Txapelketan atera ez zaizkigun mila errima, mila ideia eta beste mila kontu orain aterako dira.
Etxahun Lekue. Batera entrenatu gara bi urtez Arkaitz Estiballes, Fredi Paya eta gu biok, iaz hasi ginelako Euskal Herriko Txapelketa prestatzen. Niretzat onura ikaragarria izan da, bertsoak baloratzen ikasi dugulako, asko hitz egiten dugu botatako bertsoez... Buruari buelta horiek emateak balio dio ondoren norbere beharrari.
Bizkaiko plazetan baduzue zuen izena, gainerako herrialdeetara kantatzera joatea zailagoa da?
Xabier Paya. Burugaineko txapela giltza izan daiteke beste herrialdeetara kantatzera joateko, berez badaude saio batzuk txapeldunaren izenean egiten direnak. Baina nahiago nuke saio horietan norberari deitzea, ez txapelduna zarelako, baizik eta Etxahun zarelako edo Xabi zarelako.
Etxahun Lekue. Gu ez gaude kexatzeko moduan. Gure saiotxoak baditugu, eta eduki ez ditugunean antolatu egin ditugu, adibidez, «Txapel bete bertso» ekimenarekin. Hemendik aurrera zer etorriko den ez dakit. Nik neuk Bizkaitik kanpo oso saio gutxi egiten ditut, baina ez ditut eskatu ere egiten. Ahalik eta ondoen egingo dugu ditugun saioetan, eta horrek ekarriko ditu saio gehiago edo gutxiago.
Mikel Asurmendi
«Ipuinek ez didate laguntzen errealitatearekin hobeto konpontzen» esan duzu inoiz. Euskadi Literatura saria jasotzeak lagundu al dizu errealitatearekin konpontzen?
Ez bereziki. Poza da saria jasotzea, noski, baina ez da komenigarria gaiaren garrantzia exageratzea, alde horretatik: ez nuke esango sariak aldatu duenik, funtsean, munduarekin dudan harremana. Eta nire idazteko bulkadetako bat hori den arren, inguratzen nauen mundua ulertzea, hobeto ordenatzea alegia, asmo horrek beti egiten du porrot ipuina amaitutakoan... eta horrek, zorionez edo zoritxarrez, beste ipuin batera eramango nau lehenago edo beranduago: lortuko banu, idazteari utziko nioke, ziurrenik. Uste dut Paul Austerrek esan zuela idazteak ez zuela munduarekin hobeto konpontzera eramaten, baina idatziko ez balu okerrago izango litzatekeela.
Azaldu iezaguzu ipuinarekiko zure harremana.
Ipuinarekiko daukadan joerak, alde batetik, nire irakurle-biografiarekin zerikusia duela esango nuke: narrazio-irakurle amorratua izan naiz nerabezarotik, zientzia-fikziozko edo terrorezko literatura barra-barra irensten nuenetik, ipuinera oso emanak diren ildoak baitira; oraindik ere ipuin asko irakurtzen ditut, eleberriak baino gehiago nik uste. Eta sumatzen dut, bestetik, baduela harremanik nire genetikarekin: ez naiz pazientzia handiko gizona, eta, emaitzaren bat-batekotasunaren ikuspuntutik, ipuingintza da, agian, nire izaerarekin hobekien bat egiten duen generoa; Karlos Linazasorori antzeko azalpen bat entzun nion behin, testu batekin ezin zuela lan egin hilabete batetik gora-edo, eta, denbora-horizonte horrekin nekez egin daitezkeela, esaterako, seiehun orrialdetako nobelatzarrak.
Etorkizuna liburua hizpide. Zer da etorkizuna zuretzat, eta zer da liburu honetan zehazki?
Etorkizuna kapitalismoaren asmakuntza arrakastatsuenetako bat da. Kapitalismoa nagusi izan aurretik esan daiteke apenas existitzen zela etorkizuna: hurrengo hilabeteak eta urteak, jende gehienarentzat, aurrekoak bezalakoak izango ziren, eta amaieran zerua ala infernua besterik ez zegoen, ez zen zalantza handirik beraz. Kapitalismoak ohitu gaitu etorkizunean pentsatzen, eta ziurgabetasunaz bete du etorkizun hori: enpresak mozkin gehiago irabaziko duen ala ez, langileak enplegua izango duen ala ez, krisia ala hazkundea edukiko dugun... Izan ere, batzuentzat, ideia horrekin lotuta, zientzia-fikzioa litzateke kapitalismoaren azpigenero literario propio eta berezkoa. Etorkizunak gure bizitzetan daukan garrantziaren inguruko hausnarketa batetik sortzen dira, hortaz, liburu honetako ipuin asko.
Bada geroa eta etorkizuna bereizten dituenik, eta liburu honen iruzkinetan berau «geroko iragana» gisa interpretatu duenik. Ados al zaude «geroko iraganaz» ari zarela esatearekin?
Ez dakit ados nagoen ala ez. Kontua da etorkizuna beti dagoela iraganean eta orainean oinarrituta: aukera izugarri ugariz betea aurkezten zaigu maiz, baina ate gehienak iraganak itxi dizkigula ezkutatzen zaigu. Azken batean, paradoxa moduko horretan oinarritzen dira liburuko ipuin batzuk: etorkizunaz ari direla ematen du, baina inportanteagoa da haietan iragana; iraganera itzuli behar dugu etorkizuna aldatzeko aukeraren bat edukitzeko. Horregatik ipini nuen Félix de Azúaren aipu hori liburuaren atarian: «Urteen poderioz sakonen aldatzen dena ez da oraina ezta etorkizuna ere, iragana baizik».
Hamabost ipuin ia politiko da liburuaren azpititulua. Adierazgarria da «ia politiko» hori.
Beno, dena da politikoa gure bizitzan; bizitza sozialean, kulturalean, literarioan, eta baita pribatuan ere: gure umeak eskola jakin batera edo beste batera eramatea erabakitzen dugunean, edo etxeko lanak senitarteen artean banatu ordez langile bat kontratatzea erabakitzen dugunean, hautu politikoak egiten ari gara. Baina, bestalde, literatura argiki politikoa, konprometitua egitea oso zaila da: idazle benetan ona izan beharra dago panfletoan eta, ondorioz, literatura txarrean ez erortzeko, arriskua oso handia baita. Claudio Magrisek zioen «literaturak ez duela helburu moralik, errealitatea irudikatu behar duela eta ezin duela funtzio morala izan». Baina gehitzen zuen literaturaren garrantzia, ahal duela, zeharka, atmosfera bat sortzean datzala, zeinak erraz baitezake justizia zer den ulertzea. Uste dut zeharka aritzea, eta, batez ere, azkeneko erabakia irakurleari uztea, inportantea dela literatura gutxi gorabehera politikoa egin nahi denean. Eta horregatik guztiarengatik ipini nion «ia» hori azpitituluari.
Zure literaturan galderak planteatzen dituzu. Ados al zaude?
Helburu bezala, bai; ez dakit galdera zuzenak planteatzen ditudan, ordea: hori irakurleak erabaki beharko du. Argi daukadana da erantzun argiegiak eta unibokoak ematen dituen literatura ez dela izaten, gehienetan, literatura ona.
Lehen ipuinaren izenburua Sofarena da. Bikoteak dira nagusiki protagonistak, familia harremanak ere funts handia dauka.
Idazleak bi elikagai nagusi ditu, jakina denez: irakurtzen duena eta bizi duena. Beraz, normala da familiaren ingurukoak maiz agertzea, hori izan baita nire bizitzaren oinarrietako bat azkeneko urteotan. Alde horretatik, damu dut, ez dut uste idazle sobera originala naizenik.
Azken ipuinak, Etorkizuna, ematen dio izenburua liburuari. Etorkizuna horrela imajinatuta, ikaragarria da, ezta? Iritsi ote gaitezke, horrelako giza harremanak ezagutzera?
Etorkizuna beti izango da imajinatzera hel gaitezkeena baino ikaragarriagoa. Iraganera eta orainera begirada bat ematea besterik ez dugu horretaz konturatzeko.
Bilduman tradizioari keinuak eta aldi berean egunekoaren errealitatea agertzen dira -Loti ederraren historia ekonomikoa tarteko-, ORAINA letra larriz ageri da. Ados?
Ados, tradizioa zer den aurretik adostu ezkero. Egia da narrazio horretan ipuin tradizional batez baliatzen naizela, neurri batean ipuin horretaz trufatzeko gainera. Baina ez dut uste nire ipuingintza bereziki lotuta dagoenik tradizio jakin horrekin, baizik eta XIX. mendetik aurrera garatzen den idatzizko ipuingintzarekin, hots, Poe, Hawthorne, Hoffmann, Maupassant eta enparauengandik sortzen denarekin. Juan Garziari behin baino gehiagotan entzun diot ipuingintza modernoarentzat zoritxarra izan dela izendapena konpartitzea ipuin tradizionalarekin edo haurrentzako ipuinarekin, horrekin dagoela lotuta, agian, ipuingintzaren estimazio eskasa.
Zer-nolako eragina du gure literaturak -eta literaturak orokorrean- zure ipuingintzan?
Handia: idazten dugunaren bigarren iturria irakurtzen duguna da. Bigarrena, edo lehenengoa, egia esateko. Gure literaturari dagokionean, eta labur aritzeko, Atxaga, Montoia, Garzia, Linazasoro eta Lizarralde aipatuko nizkizuke, batez ere. Kanpokoetatik zerrenda luzexeagoa izango litzateke, baina hona izen batzuk: Borges, Cortázar, Calvino, Txekhov, Carver, Wolff, Aldecoa, Dick... ez naiz oso originala, badakit. Eta azken urteotan irakurri ditudan ipuingileen artean, biziki interesgarriak iruditu zaizkit, esaterako, Kjell Askildsen norvegiarra, Jhumpa Lahiri estatubatuarra eta Alejandro Dolina argentinarra, kanpokoen artean; eta Eider Rodriguez eta Uxue Apaolaza, hemengoen artean.
Norentzat idazten duzu?
Argi daukadan gauza ia bakarra da ez dudala niretzat idazten, ez nagusiki behintzat: besteentzat idazten dut. Beste horiek nortzuk diren, ordea, ez daukat horren argi. Uste dut anbiziotsuak izan behar dugula eta gure garaikide guztientzat idatzi, edo gure garaikide guztientzat idazten ariko bagina bezala behintzat, are gurea bezalako hizkuntza txiki batean ari garelarik ere, agonismoaren zamari ihes egiteko alegia. Baina, tira, gero badakigu zer dagoen.
Gure bizitza -edo errealitatea- kasualitatearen menpe edo ondorio ote da?
Literaturak, eta batik bat narratibak, asko galduko lukete kasualitatea existituko ez balitz: kontakizunaren mekanismoei eragiteko tresna paregabe bat gabe geratuko ginateke.
Ironia, halaber, berebiziko bitartekoa duzu.
Niretzat errealitatea desmuntatzeko lanabesetako bat da ironia. Egungo mundua hain da terriblea, hain dago etengabe onartzen ditugun gezurrez josita, ezen niretzat begirada ironiko hori ia ezinbestekoa baita. Ez ipuin guztietan, baina bai askotan. Egia da ironiaren erabilerarekin kontuz ibili behar dela, tragedia edo epika ez bezala bigarren mailako baliabidea delako, beste zerbait handiagoan oinarritzen delako beti ironia; Adam Zagajewski poeta poloniarrak aditzera ematen duen bezala, «horman oso arrakala probetxugarriak irekitzen ditu ironiak, baina ez balego hormarik ezereza zulatu beharko luke». Eta arrazoia dauka, apika. Baina kontua da nik horma hor ikusten dudala beti, ez dut oso hurbil sumatzen hormaren desagertzea, eta, ondorioz, bertan arrakalak egiteko pizgarria izaten jarraitzen dudala. Oraingoz behintzat.
Molestatzen al dizu, esaterako, etorkizunean ea eleberririk idatziko ote duzun galdetzeak?
Ez, ez nau molestatzen. Baina, era berean, lasaitasun osoz erantzungo dizut ziurrenik ez dela egongo etorkizunean nobela mardulik. Eta ausentzia horrek ez nauela gehiegi kezkatzen.
Pilar Iparragirre
Hogeita bost urte kalean. Bete al dira Aizu! estreinakoz kaleratu zeneko ametsak?
1981eko abendu urrun hartan Aizu!-ren 0 zenbakia kaleratu zutenek, Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia ikasten ari ziren zenbait ikaslek, argiro bota zuten euren xede nagusia: Euskal Herri euskalduna lortzeko euskararen irakaskuntza bultzatzea eta euskara ikasleei behar bezalako lan tresnak eskaintzea. Harrezkero mende laurdena joan da, eta halaxe egin du bere bidea Aizu!-k 25 urtez, euskara ikasleentzako lan tresna erabilgarria izan nahian. Hala ere, agidanez, orduko premiek bere horretan diraute, Euskal Herri euskaldunik ez baitugu antzematen. Tukan zaharrak esango zukeen moduan, noiz arte jarraituko dugu horrela?
Nolanahi ere, 25 urte daramatza bizirik aldizkariak. Bada ospatzeko arrazoia, ez da hala?
Bai, ez dira asko urteurren hori betetzera ailegatzen diren argitalpenak. Baina ez espero aparteko ospakizunik. Ez dugu jai erraldoirik egingo. Nahiago izan dugu urte hauetan guztietan Aizu!-ri hatsa eman diotenak omentzea, eta horretarako prestatu dugu ale berezia, igarotako 25 urteen ispilu.
Mende laurdena denbora da. Bitarte horretan jende asko pasa al da Aizu!-tik?
Ia laurehun lagun langile! Baina ale berezi hau egiterakoan ez gara haietaz bakarrik gogoratu, AEKren aldizkaria aspalditik irakurtzen duten milaka ikasle sufritu ere oso kontuan eduki ditugu. Horiek gogoratu nahi ditugu bereziki urteurren honetan, izan zirelako baikara, eta garelako izango baitira. Zorionak, eta eskerrik asko guztioi!
------------------------------------------------------------------------
Aizu! ale berezia
Batzuen artean
AEK
86 orrialde
2,80 euro
Aizu! : 25 urte oinarrizko euskara plazaratzen
Hogeita bost urte ditu jada AEKren aldizkariak, eta abenduko ale berezia plazaratu dute urteurren hori ospatzeko asmoarekin, 25 urtez Aizu!-n azaldutako 25 azal, gertakari, elkarrizketa, AEKomeria, komiki, iragarki, liburu eta egileen zerrenda hautatua eskainiz. Aukeraketa latza izan omen da. Jakina, potoloa izanda ere, ale bakar batean ezin jaso hainbeste denboran jorratu dituzten lan guztiak. Hori bai, agertzen dituztenak bere garaian argitaratu ziren bezalaxe daude, berdin-berdin, zuzentzaileari eta Euskaltzaindiaren azken arauei erreparatu gabe, besteak beste orduan arauak beste batzuk zirelako. Batzuetan kopetilun, besteetan ausart, askotan umoretsu, beti aurpegia emanez azaltzen da Aizu! urtez urte. 1981ean Durangoko Liburu eta Disko Azokan bere aurkezpena egin zuenetik, 25 urtez zuzendaritzan, erredakzio taldean, talde grafikoan, kolaboratzaile gisa, marrazkiak egiten, maketazio kontuetan, zabalkuntzan edo publizitatean Aizu!-ren «errudunak» nortzuk izan diren banan-banan adierazi arte. Tartean, makina bat kontu serio zein arin: kultura, gizarte arazoak, euskara, artea, nazioartea, Euskal Herriko polizi kopuruaren etengabekogorakada, intsumisioa...