Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-12-24 -- 2068.zenb

Iñaki Zubeldia

Martineta ibaietako hegaztia da, martin arrantzale izenez ere ezaguna. Euskal Herriko txoririk koloretsu eta politenetakoa da erlejalearekin (abejaruco) eta urretxoriarekin (oropéndola) batera. Eta, zorionez, gure ibaietan dabil berriro ere arrainek gure ibaiak biziberritu dituztelako. Aurreko artikulu batean Anuntxi Aranak ironiaz galdetzen zuen inork ikusi al duen lertxunik lertsun baten azpian. Lertxun hori zurzuriaren familiako zuhaitz mota bat da eta zuhaitzetan pausatzen ez omen den lertsuna hegazti bat, kurrilo izenez ere ezaguna. Baina, gartzari ere lertxuna esaten zaio eta hau bai pausatzen dela ibai ondoko haltza, zume, sahats eta zurzurietan. Ez dakit lertxunik baden Oria ibaiaren ertzetan.

Gure ibaiak, esan bezala, biziberritzen ari dira eta fauna aberatsa berreskuratzen. Eta niri harridura gehien sortzen eta itxaropena pizten didan hegaztia martineta da: txori moztaka eta pottoloa, mokoluzea eta isats motza, baina bizia eta izutia. Bere gainaldeko kolore urdin berdexkak metalizatua dirudi eta azpiko laranja horixkak kontrapuntu dotorea ezartzen dio. Lertxunarekin edo gartzarekin lehiatu behar du eta negu aldean ubarroiekin ere bai, bere eguneroko ogia -barka, arraina- eskuratuko badu. Hala ere trebea da, arrainen zain pazientzia handiz egon ondoren, hauek harrapatzen eta irensten.

Hegazti txiki bezain harrigarri eta dotore hau ia galtzear egon zen Euskal Herrian, gure ibaiak aparrez, azidoz eta zikinkeriaz beteta joaten ziren garaian. Baina, orain berriro indarrez agertu da eta gure ibai bazterrak alaitu eta guri itxaropena piztu digu. Zergatik itxaropena piztu? Ia desagertuta egotetik bizi-bizi egotera pasatu delako eta bere kolore urdin-berdexka horrekin itxaropenaren kolorea adierazten digulako. Hegazti herabe eta ahul itxurako hori horrela berpiztu baldin bada, gure Euskal Herria ez al da indar handiagoz berpiztuko eta munduko herrialde zapalduen artean ez al du itxaropena eta solidaritatea piztuko?

Martinetak itxaron egiten du abagune egokia tokatu arte, zain egoten da gorputz osoa eta begiak erne jarrita, toki batean egokierarik ez bazaio suertatzen beste batera joaten da aukera berri baten bila... baina hori dena isilik egiten du, bizkor eta tentuz hegan eginez, inor konturatu gabe. Horregatik da zaila martineta ikusten, zuhurtasun eta diskrezio handiz ibiltzen delako. Euskaldunok ere kapaz izango ote gara abagune hau aprobetxatzeko eta martinetaren zuhurtziarekin eta diskrezioarekin jokatzeko?

Iñaki Barcena

Afrikan bildu dira aurten munduko gobernuak aldaketa klimatikoaren politikak adosteko. Duela ia 25 urte berton, Nairobin (Kenya), Brundtland izeneko batzordeak garapena eta ingurugiroaren izenean politika berriak diseinatzeko enkargua hartu zuen eta «garapen iraunkorraren» bataio ofiziala eman zuten. 2006an fruituak apalagoak izan dira eta 2012tik haratago hartu behar diren konpromisoak airean gelditu dira, data, kopuru eta akordio zehatzik gabe.

Aldaketa klimatikoaren eraginak bistakoak dira. Cambridgeko N. Stern, Blairen aholkulariak egindako txostenaren arabera kalte ekonomikoak II. Mundu Gerrakoekin konpara daitezke, baina herrialde aberastuen gobernariek bestaldera begira jarraitzen dute. Inork ez du hazkunde ekonomikoa kolokan ipini nahi, eta duela hamarkada bat baino lehenagotik predikatzen duten hazkunde ekonomikoa eta galera ekologikoen arteko banaketa ez da inondik ikusten. Aitzitik CO2ko isurketak BPGren gainetik hazi dira, Espainian edo EAEn kasu.

Eta hazkunde horrek Afrika eta beste herrialde pobretuekiko zor ekologikoa handitzen du. Eguratsa guztiona bada, ezin dugu erabili gurea bakarrik balitz bezala. Horrek zor ekologiko erraldoi bat sortzen digu. Karbonoaren isurketengatik eta baita ere biopirateria, hots, herri indigena eta nekazal komunitateen ezagutza genetiko eta medikuntza erremedio tradizionaletatik egiten ari den desjabetze eta pribatizatzeagatik, edota gure jarduera ekonomikoekin euren ekosistemetan uzten ditugun kalte ekologikoengatik eta azkenik hondakin toxiko eta arriskutsuen esportazioagatik. Lau zutabe nagusi hauek sartzen dira gaur egun zor ekologikoaren baitan. Kalkulu arrunt batean, batez besteko prezioak erabiliz, urtero pilatutako 3.000 milioi CO2 tona bider 20 dolar, urteko 60 mila milioi dolar zor diegu herrialde txiroei atmosferaren gehiegizko erabilpenagatik. Kanpo zorra baino askoz gehiago.

Zor hori ez da hain erraz kitatzen, eta ondo deritzogu Eusko Jaurlaritzak Wangari Mathai Kenyako Nobel Sariaren Fundazioari 36.000 zuhaitzen landaketarekin lagundu nahi izatea, baina hori ezin da erabili Gasteizko gobernuaren ardura klimatikoa gutxiagotzeko. Ez da zilegi.Euskal Yren propaganda ofizialean iruzurra egiten den moduan, egunean errepidetatik 1.000 kamioi aterako dituztela diotenean. Jadanik 11.000 dabiltza eta euren kalkuluen arabera obrak bukatu baino lehen 16.000 izango baitira. Non dago isurketen murrizketa? AHTk aldaketa klimatikoa larrituko du eta gure zor ekologikoa ere.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan