Onintza Irureta
Korrika 15
Martxoaren 22an hasiko da Bizkaiko Karrantzan eta apirilaren 1ean bukatuko da Iruńean, 2.000 kilometrotik gora eginda. Aurten Korrika 15ek Euskal Emakumea omenduko du euskararen eta euskal kulturaren mantentze, berreskurapen eta etorkizunean izan duen egitekoagatik.
Sinadura bilketa Zaraitzu eta Erronkarin
Zaraitzuko Xardoki eta Erronkariko Kebenko elkarteek sinadura bilketa abiatu dute, Euskararen Legea aldatzeko eta bailara horietako 24 udal eremu euskaldunean sartzeko eskatzeko. Urtarrilaren amaiera arte luzatuko da kanpaina eta ondoren, bildutako sinadurak Nafarroako Parlamentura igorriko dituzte.
UEMAk batzarrik ez
Abenduaren 16an, Zestoan (Gipuzkoa) batzar nagusia egitekoa zen UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Ez zuten batzarrik egin quorumik ez zegoelako -26 lagun baino ez ziren bertaratu-. Ez da lehenengo aldia arrazoi beragatik batzarra egin gabe geratu dela; Alegian beste hainbeste gertatu zen uztailean. Abenduaren 16ko batzarrean lau gai zituzten hitz egiteko: lehendakari berria aukeratzea, Alegiako Udalak UEMAn sartzeko egindako eskaria aztertzea, urteko balantzea eta 2007ko egitasmoak.
Zientzia eta Teknologiaren corpusa
EHUko IXA taldeak eta Elhuyar Fundazioak osatu dute euskara ikertzeko hizkuntza baliabide hori. Euskarazko lehenengo corpus espezializatua da. 1990 eta 2002. urte artean argitaratutako zientziaren eta teknologiaren alorreko lanak hartu dituzte kontuan corpusa osatzeko eta zortzi milioi hitz ditu. Corpusa
www.ztcorpusa.net web gunean kontsulta daiteke.
Azterketa kuantitatibotik kualitatibora
Unesco Etxeak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egin dute hitzarmena. Herritarrei galdetuko diete zein iritzi duten elebakartasunaz, elebitasunaz eta eleaniztasunaz. Ikerketaren ardura Unesco Etxeko hizkuntzalari talde batek izango du.
Xabier Letona
Poza da Egunkaria auzian fiskalaren jarrera berria ezagutzean azaleratutako lehenbiziko sentipena. Eta amorrua bigarren. Hori izan da oro har erreakzioetan ikusi dena. Zorionez, ezpata burutik aldentzean, poza samur gailentzen zaio amorruari, pertsonaren inteligentziaren eremuko erreakzioa da. Egia da oraindik ez dagoela dena esanda, ezta pentsatu ere, baina asko bai. Balantzak epaiketarantz joko duen ala ez, gainera, di-da batean ezagutuko da.
Ondo da, baina zergatik jarrera aldaketa orain? Justizia ohartu da, ala ohartarazi dute? Eta dagoeneko, bistan da ezin dela inozokeriekin ibili, bultzada politikoaren hipotesia gailentzeko tartea besterik ez da geratzen. Oraindik, ordea, Auzitegi Nazionaleko lasterketa osoa amaitzea falta da eta, hemen, azken unera arte ez da jakiterik lehia zertan bukatuko den, hori ere ikasitakoen artean dago; PPren mundua ez dago geldi.
Baina fiskaltzaren neurri horrekin ez zaio Egunkaria auziari bakarrik begiratu. Argi gorriak piztuta dituen bake prozesuari auziari beste begiratu zaio. Ez da dudarik berri ona dela keinu jokoetarako, eta hobe litzatekeela, gisa honetako beste neurri batzuk gabonetako giroan Euskal Herriratuko balira. Estatuaren aldetik -berdin da bere zein boteretan- mugimendu zentzuzkoren bat egiteko ordua ere bazen. Une garrantzitsuan etorri da gainera, udazkenaren bukaeran, ETAk hitz egindako epeetako baten bukaeran.
Argi da honek bakarrik ez duela argi gorria berde bihurtuko, baina urratsak ikusten diren bakoitzean esperantza pizten da han-hemenka. Orain artekoak ikusita, logikoena litzateke pentsatzea prozesu honek, hasieran iragarri bezala eta Txema Monterok iragarritakoaren aurka, luze joko duela. Egia da Espainiako Gobernuak ez duela mugimendu handirik egin, aitzitik, irudituko luke elkarrizketa giroaren aurka aritu dela, baina hala ere, euskal gizartean nekez ulertuko litzateke prozesuaren etenik. Arrazoi nagusi bategatik, bakea desio delako eta gatazka bortitzaren itzulerarik ez delako nahi. Hori, nahiz eta jakin, orain arte Espainiako Gobernuak -behintzat publikoki- ezer gutxi jarri duela prozesua elikatzeko.
Poza emango luke jakitea, epaile batek atxilotuen komisaldegiko pasarte osoa bideoz hartzeko agindu izanak tortura ezabatzen lagundu duela. Amorrua emango luke jakitea epaile hori bera zela, hoztasun handienaren jabe, torturak txikitutako dozenaka lagunei deklarazioa hartzen zien. Eta tortura desagertzeko bidean jarriko balitz, berriz ere poza gailenduko litzaioke amorruari.
Bada bideoaren kontu honetan bake prozesurako seinale onik ikusten duenik, hau torturaren amaieraren hasiera bada, hori gatazka honek bereak eman dituelako dela pentsatzen duenik.
Juan Mari Arregi
Eusko Jaurlaritzako arduradunek, lehendakaria buru dutela, etengabe esaten digute herriaren nahia eta elkarrizketa bermatu behar dela. Eta, hala ere, esatea eta etsenplu ematea bi gauza dira. Orain baino lehen, ikusi ahal izan dugu nola ulertzen duten Ibarretxek zioen «egunsentira arteko elkarrizketa» hura eta herriaren nahia errespetatzea. Lemoiz, Itoitz eta Boroa herriaren nahia eta elkarrizketa kontuan hartu ez izanaren adibide lotsagarriak dira. Orain AHT egingo zela esan zutenetik, bera egiteak sorrarazi duen gatazkaren aurrean gaude, azken asteotan areagotu egin baita lanak hasi direlako. Lanok hasita, Eusko Jaurlaritzak «informazio» prozesua abian jarri du. Berandu, gaizki eta informazioa manipulatuz. Bitartean, aspaldidanik AHTren kontra daudenak gero eta gehiago dira eta aldez aurretik gizartean eztabaidagai izan dadin eskatzen dute. Dagoeneko hainbat herrik jasan dituzte eraginak eta gehiengoa haren kontra azaldu da herri kontsultan. Herri manifestazioak astero egiten dira. Gobernuaren erantzun bakarra errepresioa eta informazioaren manipulazioa eta intoxikazioa izan da. AHTren kontra daudenak eskubide osoa dute beren ikuspuntuak azaltzeko eta ekologian, gizartean, nekazaritzan, ekonomian eta lurraldean dituen eraginei eta kostuei buruzko herri eztabaida eskatzeko. Eta horretarako lanak geldi daitezen eskatzen dute. Ibarretxeren Gobernuak, orain arte, ez du aukera hau eman eta bere erabakia inposatu du. Aldez aurretiko inolako eztabaidarik gabe. Hau ez da etsenplu ona ematea.
Patxi Gaztelumendik Gaztelumendi.org-en Durangoko Azokaz esanak: «Euskal esaten diogu eta erdarazko liburuak zenbatu dituzue? '100 razones para dejar de ser espańol' dio Jose Mari Esparzak liburuan, baina oraindik espainolen hizkuntzan mintzo zaigu, Euskal liburu eta disko azokan. Arrazoi bat gehiago beharko du oraindik, euskalduna izateko (...) Euskara gutxiengo izaten ari da, euskal liburu eta disko azokan ere. Eta ez da ezer pasatzen, ez dago krisi berbarik horregatik».
Xabier Andonegik erabili.com-en esanak: «Zer gertatu behar da euskaraz 'googleatu' existitzeko? Euskarak aspaldi sortu zuen aditzak garatzeko sistema (...) Bidea badugu, beraz; iturria da auzia (...) Euskaldunak 'atzo honako hau googleatu nuen' esateko, lehenago gure artean gazteleraz zabaldu behar da 'ayer googleé lo siguiente'. Bai, gazteleraz esan behar dugu hori lehenago, gaztelera baita euskarak duen ia iturri bakarra».