Argi kutsadura: Gaua lapurtu digute


2006ko abenduaren 24an

Iruñeko planetariora bisita egiten duten haur askok, sabaian izarrak ikustean, ez dakite izar horiek zeruan ere badaudela. Planetarioan sortuak direla uste dute, eta han besterik ezin daitezkeela ikusi. Bigarren ustea ia zuzena da, Iruñeari eta beste edozein hiriri dagokionez behintzat: zeruko izar gehienak geure argiz estali ditugu. 90eko hamarkadan hasi zen argi kutsaduraz hitz egiten, eta gaur egun elkarte askok bihurtu dute kezka hori beren aldarri. Astronomia zaleek eta ekologistek, batik bat. Gaiak lotura zuzena dauka bien helburuekin, ikusiko dugunez.

Fernando Jauregui Planetarioko astrofisikariak eman digu bertara joaten diren umeen berri. Jauregui, zenbait kiderekin batera, argi kutsaduraren aurka lan gehien egiten duenetakoa da Euskal Herrian. Hala, Planetarioko web gunean (www.pamplonetario.org) informazio ugari aurkituko duzu argi kutsaduraz. «Haren definizio asko eman daiteke -dio Jaureguik- eta zabalduenetako bat hauxe da: gauez zeruak giza-ekintzaren ondorioz daukan distira».

Gauez argia eduki nahi badugu, argi kutsadura saihestezina da. Alternatiba bakarra guztiz ilunpean egotea litzateke, baina inor ez da halakorik eskatzen ari. «Helburua ez da hori, saihets daitekeen argiztapenaren aurka egitea baizik». Argi asko igortzen dugu alferrik zerura eta hori kenduta, argi kutsaduraren ondorioak nabarmen leunduko lirateke.

Gehiegizko argiztapenak arrazoi bi ditu. Batetik, argi-iturri asko desegokiak dira. Bestetik, asko ipintzen ditugu, eta potentzia handiegikoak. Lehenbizikoari dagokionez, farol edo kaleargi biribilak dira beharbada adibiderik ezagunenak, baina ez bakarrak. «Kaleargi mota ugarik argi asko bidaltzen dute zuzenean zerura, beren zeregina bete gabe. Guztiz alferreko argindarra da, guztiok ordaintzen ari garena eta gainera kutsadura sortzen duena».


Gure begiak badu muga bat

Badirudi gaua egun bihurtu nahi dugula, salatu du Jaureguik. Arazoaren bigarren alderdia argi gehiegi ipintzea da, beharrezkoa izan gabe. «Ez dauka ez hanka ez bururik hainbeste argiztatu nahiak. Gizakiok ondo hornituta gaude gauez jarduteko. Gure gaueko ikusmena oso ona da». Argi gehiago jartzeak ez du hura hobetuko, ondo ikusteko argi nahikoa dugun unetik.

Izan ere, gauez ondo ikusteko behar dugun argi kopurua sobera ezaguna da eta faktore fisiologikoen arabera neurtuta dago: «Begiak badaki argi kopurua neurtzen. Ninia zabaldu egiten da argi gutxi badago, eta asko dagoenean berriz, itxi. Gizakion gaueko ikusmena, hain zuzen, ninia guztiz zabalduta egoteko diseinatuta dago. Jakina, ez dira berdin pertsona zahar baten ninia eta haur batena. Azterketa batzuk egin dira, eta neurtu egin da zein argi kopurutik aurrera hasten den pertsona zahar baten ninia ixten. Hortik aurrerako guztia alferrikakoa da. Begia bera ari baita argi gehiago sartzea galarazten». Neurketa horiei men eginez, adituek aspaldi ezarrita dute zenbat argi behar den leku desberdinak argiztatzeko: merkatal guneak, etxe guneak, industrialdeak... Baina ez da beti muga errespetatzen.


Ondorioak

Argi kutsaduraren ondoriorik agerikoena, Fernando Jaureguiren esanetan, kulturala da. Eta estetikoa. Hiri inguruetan, zerua ia hutsik agertzen zaigu, oso izar gutxirekin alegia. Unibertsoak eskaintzen duen ikuskizun paregabea ari gara geure buruei ezkutatzen. Argi kutsadurak zeharo oztopatzen du astronomoen lana, eta horregatik eurak izan ziren -eta dira- aitzindariak hura salatzen.
Bada besterik. Dagoeneko ezaguna da gauez argi gehiegi egoteak zenbait animaliari egiten dien kaltea, intsektuei batik bat. Baina ez haiei bakarrik: hegazti eta ugaztunak ere ari dira gure argi faktura ordaintzen. Gure osasunari egiten dion kaltea aztertzen ari dira, halaber. Gaia berri samarra da, eta are berriagoak ikerketak, baina susmoa dago ondorioak naturaren eremu guztietan igartzen direla.
Gainera, alferrik igortzen dugun argia ekoizteak badu eraginik ingurumenean. Kalea argiztatzeko erabiltzen den argiaren %35-40 alferrikakoa da eta gure begiek baliatu ezin dezaketen argia sortzeko CO2 asko igortzen dugu atmosferara.


Merke eta erraz konpontzekoa

Konponbidea erraza eta merkea da, Jaureguiren iritziz: argiteria egokia ipini, neurri egokian. «Arazoa da kaleargi bat edo bestea jartzeko erabakia norberaren esku dagoela, eta gehienetan estetikarekin zerikusia duten irizpideak gailentzen direla». Horregatik, arautzea da irtenbidea, eta xede horrekin ebatzi zen, iazko azaroan, lege bat Nafarroan: gaueko ingurumena babesteko argiteriaren antolaketari buruzkoa. Otsailaren 14tik dago indarrean, eta abuztu erdirako behar zuen prest araudiak, baina Gobernuak ez du oraindik burutu.

Espainiako Estatuan argi kutsadurari buruzko hirugarren legea izan zen Nafarroakoa -lau daude gaur egun-. Katalunia izan zen aitzindari, eta hango legean oinarrituta egin zuten hemengoa. Bizkaiko Astronomia Elkarteko Eduardo Rodriguezek dioenez, Katalunian legea sortzen parte hartu zutenak aurka ageri dira orain, bertako agintariek uste baino araudi bigunagoa egin zutelako. Ikusiko da Nafarroan zer gertatzen den. EAEn, berriz, ez dago ezer udal-ordenantza batzuetatik landa eta momentuz ez da erkidegoan legerik egingo, Rodriguezek esan duenez.

Argi kutsadurari erraz eta merke egin badakioke aurre, zergatik ez da egiten? «Ez daukat erantzun garbirik, susmoak baino ez», aitortu du Fernando Jaureguik. «Kaleko argiztapena gai labaina da. Jende gehienak oraindik pentsatzen du zenbat eta argi gehiago hobeto ikusiko dugula, eta aurreratuagoak izango garela. Politikariak ez dira ausartzen ideia horri aurka egiten».

Bilbotik 60 izar baino ez
90eko hamarkadan hasi zen argi kutsaduraz hitz egiten. AEBetako talde ekologista batzuek, baina batez ere astronomia zaleek, salatu zuten arazoa. Gero, kezka Europara zabaldu zen. Bizkaiko Astronomia Elkarteko Eduardo Rodriguezek dio astronomoek plazaratu zutela gaia, eta gero beste esparru batzutara zabaldu zela. Gaur egun, astronomia elkarte guztien agendan dago argi kutsadura, eta bakoitzak bere ahalmenaren arabera ekiten dio haren aurkako borrokari.

Rodriguez Leioan bizi da, Bilboko erdigunetik oso kilometro gutxira. Teleskopioa dauka etxean, baina alferrikako lana izango litzateke bere leihotik zeruari begira jartzea. «20 urte daramatzat hemen bizitzen eta denbora horretan, igarri egin dut gero eta kutsadura handiagoa dagoela». Rodriguezek dioskunez, Bizkaiko Astronomia Elkarteko kide batzuek -bera baino zaharragoak eta bizitza osoa Bilbo inguruan eman dutenak- oraindik gogoratzen dute Bilboko bazter auzo batzuetatik Esnebidea ikus zitekeela. Orain ezinezkoa da.

Rodriguezek dio Bilbo Handitik, gaur egun, 50-60 izar, ilargia eta planeta batzuk ikus daitezkeela zeruan. Hutsaren hurrengoa. Eta hori, oskarbi bada. «Hilean behin-edo behaketa publikoak antolatzen ditugu Etxebarria parkean, nahi duen edonor hurrera dadin». Erosotasunagatik egiten dute Bilbon, baina ezer gutxi ikus daiteke bertatik. Bistan da. «Behaketa serioagoak egiteko, gutxienez Salbadako mendizerraraino joan behar dugu, Bilbotik 40 kilometrora». Han ere hiriko argiak igartzen dira ordea.

Behar bezalako behaketa egin nahi dutenean, Rodriguez eta elkarteko gainerako kideak askoz urrunago joan behar dira, Gaztelako mesetara. Zamora, Soria... «Oraindik ere zeru benetan iluna duten lekuak topa daitezke han. 2.000 edo 3.000 izar ikus daitezke beharbada, eta baita zeruko beste objektu batzuk ere: galaxiak, nebulosak...».

Argi kutsadura Iberiar Penintsulan
Mapa honek Iberiar Penintsulako argi kutsaduraren berri ematen digu. Hona hemen kolore bakoitzaren esangura:

- Beltza: guztiz zeru garbia. Dagoeneko itsaso zabalean besterik ezin da ikusi.

- Grisa: zenita garbi dago oraindik, baina horizontea, norabideren batean ala bestean, kutsatuta. Beraz, arriskua dago laster garbi izateari uzteko.

- Urdina: zeru-uztai osoan zehar argitasun artifiziala antzematen da.

- Berdea: argitasun artifizialak naturalak besteko indarra dauka.

- Horia: argitasun artifiziala naturalaren bi halako da.

- Laranja: urte osoan ilbetea edukitzea bezala. Esnebidea ikustea ia ezinezkoa da.

- Gorria: Esnebidea guztiz desagertu da eta ehun izar baino ezin dira ikusi eguraldi onaz. Ikusmen eskotopikoaren mugara hurbiltzen ari gara -hau da, begia gaueko ikusmenera egokitzen den mugara-.

- Zuria: ikusmen eskotopikoa ez da posible. Izar gutxi batzuk (distiratsuenak) eta planetak besterik ezin dira ikusi. Argitasuna gaueko zeruak berez daukanaren 27 halako da.


ASTEKARIA
2006ko abenduaren 24a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude