Ander Altuna2006-12-24 |
«Etortzen direnean ez dute begiradarik. Begiratuan antzematen zaie zein egoeratan dauden, begien mintzoak ez dakielako gezurretan. Etxera itzulitakoan, begiek dir-dir egiten diete, eta begiradan dakizu bizitzen hasiko direla, bizipoza berreskuratu dutela». Ines Artetxe Gizakien Lurrako boluntarioak horrela deskribatu du Afrikatik iristen diren haur gaixoen sentipena.
1960an Edmond Kaiserrek Terre des hommes sortu zuen Suitzan, pertsona babesgabe, zapaldu eta ahulen alde egiteko. Kaiser Aljeriako gerran izan zen berriemaile eta zuzenean ikusi eta sentitu zuen bertako umeen egoera lazgarria: kaleetan barrena harat eta honat, gaixotasun larriak jota kale erdian botata... Ekintzaile sena zuen eta bere jaioterrira itzulitakoan, laguntza eske hasi zen, Bizitzarako bidaia ekimena abian jartzeko asmoz. Medikuekin eta gobernuekin hitz egin zuen eta apurka-apurka aurreneko haurrak iristen hasi ziren. Urteen poderioz, egitasmoa Europako beste lurralde batzuetara hedatu da; hala nola, Euskal Herrira.
«Funtsean, ekimena haurrentzako elikadura eta osasun programa zabal baten azkeneko zatia da», diosku Jon Olaizola Gizakien Lurrako EAEko arduradun nagusiak. «Osasun eta elikadura egitasmo horren barruan, muturreko elikadura urritasunak jota dauden familiak zaintzen dira. Ezer baino lehen, umearen larritasun egoera aztertzen da eta ondoren, lehenbailehen senda dadin saiatzen gara, osaketa programen bitartez». Baina horietako egoera larri ugari behar bezalako informazioa jasoz gero saihestu zitezkeen. Horregatik, umea bere onera etortzen den bitartean, haurraren gurasoei jakin beharren berri ematen diete. «Informazio eza oso arriskutsua da eta gurasoak egin beharreko guztiaz ohartarazten ditugu, haurra kalera itzulitakoan berriro gaixotu ez dadin».
Lubna, hil ala biziko egoeran
Petri San Miguel gasteiztarra da eta zazpi urte daramatza Gizakien Lurrarekin harrera ama bezala kolaboratzen. Tarte horretan, lau neskatila hartu ditu etxean. «GKEa kate luze bat bezalakoa da, non lantalde luze baten beharra ezinbestekoa den katea hautsi ez dadin. Gu kate horren zati bat baino ez gara». Boluntario honek argi dauka kate horretan noiz hasten den bere funtzioa: «Behin umea hona etortzen denean, orduan hartzen dugu haren ardura gure gain».
Ines Artetxe boluntarioak ere urtebete inguru darama egitasmo horrekin lanean eta dagoeneko sei ume zaindu ditu Gurutzetako ospitalean. «Umeak babesturik egon daitezen ahalegintzen gara, uneoro beraiekin egoten, ez daitezen inoiz bakarrik sentitu». Boluntarioen lana eta harrerako gurasoena ez da bera; boluntarioak ospitalean baino ez dira egoten eta harrerako aita-amak ere joaten diren arren -medikuekin eta bertako jendearekin hitz egitera-, zaintza lanak ez dagozkie beraiei.
Oro har, umeak berehala egokitzen dira bizimodu berrira. Zenbat eta txikiagoak izan orduan eta errazago egokitzen dira. Salbuespenak salbuespen, bizimodu guztiz normala egiten dute, beste umeen antzera. Hori bai, haur hauek ez doaz eskolara, denbora luzea ematen dute ospitalean eta zaila izango lukete eskolara maiztasunez joatea. Boluntarioek irakurtzen, zenbatzen eta halakoetan erakusten diete.
Senegaldik Suitzara
Haurraren espedientea lehendabizi Suitzara bidaltzen da, bertan baitago Gizakien Lurraren egoitza nagusia. Han aztertu eta erabakitzen da haurrari non egingo zaion ebakuntza. Haurraren patologiak eta gaixotasun horri aurre egiteko ospitale aproposenak baldintzatu eta zehazten du nora eraman gaixoa. Behin erabakia hartu eta gero, dagokion herrialdeko GKEaren ordezkaritzarekin hitz egiten da. Leku aldatzea Suitzako fundaziok ordaintzen badu ere, ospitaletako lana doakoa da, bai ebakuntza eta baita egonaldia ere. Hala ere, GKEak zenbait gasturi aurre egin behar die eta horretarako diru laguntzak lortzen ahalegintzen dira modu batera edo bestera. Protesiren baten edo halako zerbaiten beharra izanez gero, GKEak berak egiten dio aurre gastu horri. Ekitaldiak ere antolatzen dira dirua lortzeko eta bazkideak emandako dirua ere lagungarria da.
Hona iristen diren umeen osasun egoerak hiru mailatan ezartzen dituzte: larri, oso larri edo hil ala biziko egoeran. Familia oso pobreek eta Afrikan bertan sendatu ezin diren patologiak dituzten haurrek izan ohi dute lehentasuna. Nolanahi ere, egitasmoak ezin ditu denak lagundu. Ezinezkoa da, adibidez, transplantea behar duen edo minbizia duen norbait ekartzea. Sendatzeko benetako aukerak izan behar ditu. Kasua oso kezkagarria denean, haurra gune espezializatu batera eramaten dute, herrialde horretako Osasun Ministerioarekin hitz egin ostean. «Gobernuak haurrentzako zehazturiko azpiegiturak sortzearen beharraz konbentzitzen saiatzen gara», azaldu du Olaizolak. Baina toki askotan ez dago haurrak bakarrik tratatuko dituen inor, batzuetan gune eta pertsona kualifikatuak helduentzako baino ez direlako. Hori dela medio, aldez aurretik sinatutako akordio baten bitartez, GKEak azpiegitura horiek sortuko dituela adosten da. «Normalean, ospitale publikoetan garatzen dira haurrentzako azpiegitura horiek; umeentzako bereziki prestatzen diren oheak, esaterako. GKEko kideak baino ez dira egoten haurrekin eta hauen ardura bertako langileek hartzen dute. Horra joaten dira muturreko egoeran aurkitzen diren haurrak, lehenbailehen artatzeko premia dutenak.
Batez ere, kardiologia arazoekin
Hasieran, Gasteizko Txagorritxu ospitalean burutzen ziren ebakuntzak, errehabilitazio saioak eta osaketa. Gero, Bizkaira ere heldu zen egitasmoa eta orain gutxi beste talde bat eratu da Gipuzkoan. Bizkaiko Gurutzetako ospitaleak, esaterako, lau urte inguru daramatza egitasmoan parte hartzen eta urtean sei bat ume artatzen dituzte. Jose Ignazio Aramendi ospitale honetako bihotzeko kirurgi burua da: «Bihotzeko kirurgian bost zirujau, hiru kardiologo eta hainbat pediatra gara. Lehenik eta behin, diagnostikoa osatzen dugu. Espedientea bidaltzen digute, baina bigarren diagnostiko bat egiten zaie hemen». Gehienak ebakuntza xumek dira, baina egon dira konplikazioak. Bakan batzuek bigarren edota hirugarren ebakuntza behar izan dute. «Gure xedea erabateko osaketa lortzea da. Agian ebakuntza batean ez dugu gaitza guztiz sendatzea lortzen. Hobe da berriz ebakuntza egin eta guztiz osatzea eta ez ebakuntza bakarra egin eta bere horretan itzultzea etxera».
Errehabilitazioaren unea
Agurra, latza denentzat
San Miguelen aldean, Artetxeri ez zaio horren eramanezina egiten. «Jakina gogorra dela, baina, aldi berean, badakigu etxera doazela, onik eta zoriontsu, eta horrek tristura ordezkatzen dit neuri. Oso gaixo etortzen dira, zutik jartzeko gai ere ez direla eta etxera joateko moduan daudela ikustea benetan pozgarria da».
Tirriki-tarraka. Isilpean. Horrela dihardu Gizakien Lurra GKEak. Hitz jario hutsak ez ditu arazoak konpontzen, baina eguneroko ekintzek bai. Egitasmoa giza kate luze batek eginiko eguneroko lanaren emaitza da eta eguneroko lan horren helburua ez da makala: bizitzaren aldeko bidaia eskaintzen dute.
Bizitzarako bidaia egitasmoaren baitan, hiru kolaborazio maila daude. Batetik, elkartasun kideak bereizten dira. Kide hauen diru laguntzei esker fundazioaren egitasmoek behar adinako sostengua izaten dute aurrera egiteko. Bestetik, boluntarioek osatzen duten taldea dago. Hauek GKEaren euskarri sendoa dira eta ospitaleetara iristen diren haurren zaintzaz arduratzen dira, haurrak ez daitezen inoiz bakarrik sentitu. Txandakatze lanak egiten dituzte boluntarioen artean. Pilar Artetxe boluntarioarentzat, «harrerako ama izateko hainbat ezaugarri behar dira. Denbora, haurraz arduratuko den familia bat eta erabateko dedikazioa. Ni, esaterako, bakarrik bizi naiz eta jubilatua nago. Ezingo nuke haur baten ardura nire gain hartu eta horregatik boluntarioa naiz». Hauena ez da soilik zaintze lana, baita haurraren euskarri izatea ere. Kontuan izan behar da ume hauek euren etxetik milaka kilometrora aurkitzen direla eta medikuen laguntzaz gain, babesa eman behar zaie uneoro, berotasuna. Kirurgia ebakuntza bat ez da samurra beraientzat.
Azkenik, familia edo harrerako aita-amak daude. Jende honek haurra zaintzeko ardura hartzen du ospitaletik ateratzeko moduan dagoenean. Umearen familia ordezkatzen du denboraldi baterako.
- Hartutako haur kopurua: 1999az geroztik, 52 haur etorri dira guztira eta horietako zortziri bigarren ebakuntza egin zaie. Txagorritxuko ospitalera (Araba) guztira 16 iritsi dira; Gurutzetako ospitalera (Bizkaia) 33 eta aurten beste bi iristekoak dira; Basurtoko ospitalera (Bizkaia) beste 2; eta iaz proiektuarekin bat egin zuen Donostiakora bakarra, baina urtea amaitu aurretik beste bat iritsiko da.
- Patologia ohikoenak: kardiopatiak, erredurak, traumatologiak, sexu anbiguotasuna, uzki malformazioak, masail aurpegietako arazoak.
- Zerbitzuak: Txagorritxun traumatologia arazoak artatzen dira; Donostian, masail aurpegietako arazoak; eta Gurutzetan, kardiopatiak eta gainontzeko gaixotasunak.
- Haurren jatorria: Maroko, Mauritania, Senegal, Benin, Togo, Ginea, Madagaskar, Kongo.