Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-12-17 -- 2067.zenb

Txapeldun berriak sortutako ikusmina

Beñat Gaztelumendi

Bapatean Bizkaia. Halaxe dio aurtengo Bizkaiko bertsolari txapelketako leloak. Aurtengo txapelketak badu berezitasunik aurrekoek izan ez dutena: azken sei edizioetako txapeldunak falta dira, Unai Iturriaga (1994ko eta 1996ko txapelduna) eta Igor Elorza (1998an, 2000n, 2002an eta 2004an nagusitu zen). Horregatik, «Aldaketaren txapelketa» izenez ere bataiatu dute aurtengo edizioa, nahiz eta bi izen horiek kenduta finalean arituko diren bertsolarien artean bi nobedade baino ez dauden: Onintza Enbeita eta Ibon Ajuria. Igor Elorzak Berriari eskainitako elkarrizketan zioenez, orain arte finalean sartzearekin konformatu izan direnek beste helburu batzuk izango dituzte, eta ikuskizuna bizia izango da.


Bertsolari eta epaileetan aldaketak

Baina, finalistez gain txapelketen bilakaera erakusten duten datuak bertsolarien adinari dagozkionak dira. Aurten bertsolari gehienak hogeita bost urte ingurukoak izan dira. Lau bertsolari baino ez dira hogeita hamar urtetik gorakoak: Iratxe Ibarra, Juanjo Respaldiza, Eneko Abasolo «Abarkas» eta Mikel Galarza. Hogei urte edo gutxiagokoak, berriz, hiru baino ez daude (Itxaso Paya, Peru Vidal eta Olatz Ibarluzea). Horrek esan nahi du bertsolari belaunaldi batek hartu duela plaza Bizkaian. Xabier Payak Anbotoko haizorratza bere blog-ean (www.bizkaie.biz webgunean ikusgai) dioenez, bere ustez parte-hartzaileen artean lau-bost aurpegi berri baino ez daude, gainerakoak aurreko txapelketan baino bi urte zaharragoak dira. Horrek azken urte hauetan bertsolaritzaren garapenean izan den fenomeno bat du oinarrian, hau da, bere garaian oso belaunaldi gazte bat indarrez sartu zen oholtzan, eta gaur egun beraiek dira txapelketan agintzen dutenak.
Aldaketa nabarmenagoa da epaimahaikoa, bi aurpegi berri egongo baitira aurten Bizkaiko finalean: Iñaki Aurrekoetxea eta Gaizka Amondarain. Alegia, zortzi epailetik bi aurten egongo dira lehen aldiz Euskalduna Jauregian.


Finaleko sarrerak agortuta

Baina, aldaketarik gertatu al da saioetara joaten den entzulegoaren artean? Badirudi baietz, aurten jende asko hurbildu baita txapelketako saio guztietara. Lehenengo fasean, 250 lagun joan ziren Zamudiora, Sestaoko aretoak itxura polita hartu zuen, Arrigorriaga eta Igorren aretoak bete egin ziren eta 500dik gora lagun bertaratu ziren Aulestira. Finalaurrekoetan, berriz, kopuruek gora egin zuten. Gernikakoan 700 entzulek gozatu zuten saioarekin, Getxon 500 lagun sartu ziren aretora eta beste askok kanpoan ipini zen pantaila erraldoiaren bidez jarraitu behar izan zuten saioa. Azkenik, Durangoko finalaurrekoan frontoiak oso itxura polita hartu zuen. Hori gutxi balitz, finalerako sarrerak azken finalaurrekoa jokatu baino lehen agortu ziren, aurten ere Euskalduna bete egingo dela ziurtatuz. Dirudienez, Elorzak bertsolariei buruz zioena gertatzen zaio publikoari ere, hau da, betiko biak ez egonda irabazlegaien zerrendak gora egin du nabarmen, eta ikusmin handia eragin du horrek.

Eta bertsolariek ez dute huts egin. Txapelketa gehienetan bakarkako lanak nabarmendu ohi dira, baina aurtengo honetan ofizioka ere bikain aritu dira, zortziko txikian batez ere. Ariketa honetan bertsolariak bizi aritu dira, eta aipagarria da gaiak lantzerakoan bertsolariek ez dietela inolako mugarik eta taburik ipini euren buruei. Hala, Gernikako saioan Estiballesek eta Artzak xehetasunik ezkutatu gabe hitz egin zuten komunean dauden bi pertsonen paperean; Iratxe Ibarrak ez zuen lotsarik izan amona baten larruan Onintza Enbeita suhiltzaileari bere grinak agertzeko. Honek entzulearekiko konplizitatea handitu du nolabait, eta alde horretatik, aldaketa bat ez, baina, eboluzio bat agertu du bertsolariak azken urteotan.

Aldaketa edo eboluzioa? Bizkaiko Txapelketa hau aldaketaren txapelketa al da benetan, edo, eboluzio baten maila bat gehiago ote da? Zaila da erantzuna, baina Euskaldunak txapeldunaren aldaketaren auzia argituko du behintzat.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan