Mira, 343ko abenduaren 6a. Liziako kosta mediterraneoko herri txiki batean (egun Demre izena du eta Turkian dago) Nikolas izeneko apezpikua hil zen, baina haren kondairak bizirik dirau.
Nikolas Patarako portu liziarrean jaio zen eta gazte zela kristau bihurtu zen. Lur santuetara bidaiatu ondoren, Liziara itzuli zen Mirako apezpiku izateko.
Nikolasen saindu ospea bere eskuzabaltasunari egozten zaio. Bere karitate ekintzarik ezagunena prostituziora behartutako hiru ahizpa laguntzea izan zen. Kondairaren arabera, Nikolasek urrezko txanponez betetako poltsak bota zituen ahizpen etxeko tximiniatik behera. Eta poltsa haietako bat sutondoan lehortzen utzitako galtzerdi baten barruan erori omen zen.
Hil zenean Miran bertan ehortzi zuten eta bere hilobia berehala gurtza gune bilakatu zen. Ez da gorde dokumenturik ofizialki kanonizatu zutela esaten duenik, baina herritarrek berehala hainbat talderen patroi izendatu zuten: presoena, epaileena, marinelena, piratena, birjinena, merkatariena eta karitate ekintzetan aritzen zirenena. 1087an marinel italiar batzuek haren hezurrak hartu eta Barira eraman zituzten. Bertan daude egun, hezurrak gordetzeko propio eraikitako San Nicola basilikan.
Erdi Aroan San Nikolasen gurtza Europa osoan zabaldu zen. Mirako apezpikua bere karguari zegokion jantzi gorriekin irudikatu ohi zuten eta gero eta sarriago bizar zuria ipini zuten Nikolasen erretratuetan. San Nikolasen gurtza apurka itzaltzen joan zen kontinente osoan, Herbehereetan ezik. Sinterklaas izenez ezagutzen zuten bertan. Holandarrek tradizioa itsasoz bestaldera eraman zuten New Amsterdam (egungo New York) kolonizatu zutenean, eta han Sinterklaas Santa Claus bilakatu zen urte gutxitan.
Gaur egun, Santa Claus oraindik gorriz janzten da eta bizar zuria du. Diote Gabon gauean tximiniatik behera jaisten dela sutondoan galtzerdiak zintzilik utzi dituzten haurrei opariak uzteko. Europako hainbat tokitan, Herbehereetan bereziki, San Nikolasen festa bere heriotzaren egunean ospatzen da, abenduaren 6an; haurrek zapatak euren logelako atean uzten dituzte sainduak frutaz, gozokiz eta bestelako opariz bete ditzan.
Mendebaldean milioika haurrek gorriz jantzitako bizarduna existitzen dela sinesten dute. Baina eszeptikoak ez dira gutxi, Vatikanoa haien artean. 1969an Paulo VI.a Aita Sainduak San Nikolasen eguna egutegi katolikotik kentzea erabaki zuen, Nikolasen bizitza eta ekintzen inguruko dokumentazio gabezia zela eta. Baina horrek Santa Clausen irudia ez du ahuldu, Coca Colak Vatikanoak baino eragin handiagoa duen garaiotan.
Arrastoak
![]() |
|
||||
2067 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa