artikulu nagusira itzuli
Juan Manuel Negrete, analista politikoa: «Mexiko Gerra Zibilean dagoela esan daiteke»
Juan Manuel Negrete Guadalajarako (Mexiko) Unibertsitate Publikoko Filosofia irakaslea da eta Mexikoko politikagintza gertutik jarraitzen du. Analista politiko ezaguna da bere herrialdean, eta Konbentzio Nazional Demokratikoko kide. Azaroaren 20an, Andres Manuel López Obradorrek bere gobernua aurkeztu zuen ekitaldian parte hartu zuen.
Zer nolako iritzia duzu Mexikok bizi duen egoera politikoari buruz?
Uztailaren 2ko hauteskundeak iruzur lotsagabea izan ziren, eta horren ondorioak sufritzen ari gara. Herriak ezin du horrelako iruzurrik onartu. Guk «txingurriaren iruzurra» deitu diogu. Alegia, hautesleku bakoitzeko hiruzpalau bozka aldatu edo trukatu zituzten. Kontua da Mexikon dauden milaka hauteslekuak kontuan hartuz gero milaka bozka aldatu zituztela, eta horrek, noski, azken emaitza baldintzatu zuen. Bozkak nola aldatu daitezkeen galdetzen digute askotan kazetariek. Oso erraza da. Hauteslekuak zaintzen dituzten funtzionario gehientsuenak PRI eta PAN alderdietako militanteak dira, eta beraien lana ez du inork kontrolatzen.
Beraz, zure iritziz Felipe Calderónen gobernuak ba al du zilegitasunik?
Gure herrialdean ditugun arazoak ez dira iruzur honekin hasi. Aurreko mendearen erdialdetik, Mexiko zuzendu duten agintariek ez dute zuzen jokatu. Hilketak, errepresio bortitzak, giza eskubideen urraketak, neoliberalismoaren bultzada... Mexikoko errepublika aspaldi dago usteldua, eta ustelkeria horri aurre egiteko sortu dugu Konbentzio Nazional Demokratikoa. Ezkerreko agente eta mugimendu politikoak bildu gara Konbentzioan, eta alderdi politiko ofizial baten babesa dugu: Iraultza Demokratikoaren Alderdia (PRD). Konbentzioko kideek ez dugu Felipe Calderón Mexikoko presidente bezala onartzen, eta sortu berria den López Obradorren gobernu legitimoa babesten dugu.
Zer nolako gobernua izango da López Obradorrena? Nola gauzatu ahal izango ditu bere ekimenak?
Mexikok bi presidente izango ditu, eta egoera zail hori kudeatzen jakin beharko dugu. Dena den, ez da Mexikon horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia. XIX. mendean, esate baterako, Miguel Miramon kontserbadorea eta Benito Juarez liberala presidente izan ziren aldi berean hiru urtez (1858-1861). López Obrador mugimendu iraultzaile bat zuzenduko duen presidente erreboltaria izango da. Errepublikan barrena ibiliko da jendearen babesa eskatuz, eta dagokion kargua eskuratu arte ez da geldituko.
Gizartean zer nolako babesa jaso du Konbentzio Nazional Demokratikoak?
Milioika mexikar daude gure atzean. 14 miloi bozka baino gehiago jaso zituen PRDk, eta Konbentzio Nazional Demokratikoa babesten dutenak askoz gehiago dira. Halaber, gizartea bitan zatitua dagoela onartu behar da. López Obradorren aldekoak batetik, eta Calderónen aldekoak bestetik. Batzuen eta besteen arteko istiluak gero eta gehiago dira. Mexiko Gerra Zibilean dagoela esan daiteke. Gerra Zibil baketsua da, baina gerra azken batean.
Nola ikusten dituzu hurrengo hilabeteak? Zein da Konbentzio Nazional Demokratikoaren gidaritzapean sortu den ekimenaren etorkizuna?
30 urtetik gora daramatzat Mexikoko politika bertatik bertara jarraitzen. Esan daiteke, beraz, perspektiba pixka bat badudala. Alegia, jarraian esango dudan hau ez dut esateagatik esango. Nik uste dut prozesu honetan indarkeria handitzen ari dela. Orain dozena bat urte Chiapasko indigenen iraultza izan zen, une hauetan Oaxacako irakasleak ari dira... Mexikon indarkeria giroa handitzen ari da, eta zaila da indarkeria giro hau gelditzea. Mexikarrak ez dira europarrak bezala, oso pertsona oldarkorrak dira, eta ez dute gogoetarako tarte handiegirik hartzen. Beraz, ez asmatzea espero dut, baina hurrengo hilabeteetarako indarkeria aurreikusten dut.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.